Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

79/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexa ebazten duena.

2011 maiatza 17

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Denegación de licencia de primera ocupación por incumplimiento de requisitos no solicitados en la licencia de obras

Exp: 11/71/U

: 79

Hirigintza

AURREKARIAK

  1. Aurtengo otsailaren 3an, [?] jaunak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, lehen okupazioko lizentzia bati buruz.

    Azaltzen du orain dela lau urte [?] poligonoko [?] lur-zatian familia bakarreko etxebizitza bat eraikitzen hasi zela, eta horretarako behar ziren baimenak eskatu zituela. Adierazten du behin etxebizitza eraiki ondoren, Atezko Udalari lehen okupazioko lizentzia eskatu ziola. Eskaria egin zuenetik hiru hilabete iragan zirenean, udalak eskatu zion bere garaian obretarako lizentzian jaso ez ziren zenbait konturi konponbidea eman ziezaien, bai eta lurraren lagapen bat ordaintzeko ere.

    Zehazki, aipatzen du ez zela bidezkoa aprobetxamenduaren % 10 diru bidezko ordainketa bihurtzea, zeren eta obretarako lizentzian halakorik ez adierazteaz gainera, lagapen hori soilik egin baitaiteke lurzoruak exekuzio unitatetan sartzen direnean; kasu honetan, ordea, halakorik ez dago.

    Gehitzen du itxiturei buruzko eskakizunek ezin dutela baldintzatu lehen okupazioko lizentzia lortzea, zeren eta lizentzia hori eraikinari baitagokio. Are gehiago, itxitura horiek lur-zati mugakideen lerrokadura berean daude, eta 2006an egin ziren, obretarako behar zen lizentzia eskatu ondoren.

    Azkenik, eta biomasa-biltegiari dagokionez, jotzen du ez dela bidezkoa jabe mugakidearen baimena, zeren eta hiru metroko tartea gorde beharrarena soilik argi eta ikusmiren kasuan baita aplikatzekoa.

    Amaitzeko, interesdunak dio uneoro argitasunez jokatu duela, exijitzen zizkioten baldintzak betez, eta, horrenbestez, bere iritziz, udalaren jokabide abusuzkoa, partziala eta ez-zuzenbidezkoa izan dela.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Atezko Udalari.

  3. 2011ko martxoaren 30ean, espediente administratiboaren eta Atezko Udalaren txostenaren kopia jaso genituen erakunde honetan.

  4. Gero, interesdunak posta elektronikoko mezu bat igorri zion erakunde honi, non eskatzen baitzuen biomasa-biltegiari buruzko iritzirik ez emateko.

AZTERKETA

  1. Espediente honetan aztertu beharreko gaia dira Atezko Udalak [?]-ko [?] zenbakiko Alkatetzaren Ebazpenean eginiko errekerimenduak, [?]-n eraikitako etxebizitzaren lehen erabilerako lizentzia emateko eskatutakoak.
  2. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 189.1 artikuluak honakoa ezartzen du: Foru lege honen arabera bidezkoak diren gainerako hirigintza baimenak eta kasuan-kasuan aplikagarri diren lege berariazkoek finkatzen dituztenak gorabehera, egintza hauek dira aurretik lizentzia behar dutenak: (...) h) Eraikin eta instalazioen lehenbiziko erabilera edo okupazioa eta haien erabileraren aldaketa.

    Lehen okupazioko lizentziari dagokionez, jurisprudentziaren irizpide guztiz finkatutakoa da ezen haren xedea dela objektiboki egiaztatzea ea egindako eraikina obretarako lizentziari egokitzen zaion; hau da, egiaztatzea ea eraikitakoa obretarako lizentzia ematean ezarri ziren terminoak –proiektua eta zilegi diren baldintzak– bete diren. Lehen okupazioko lizentziaren xedea da, halaber, fiskalizatzea ea eraikina nahi den erabilerarako gaitu daitekeen, toki egokian egoteagatik eta behar diren segurtasuneko eta osasungarritasuneko baldintzak betetzeagatik (Auzitegi Gorenaren 1989ko martxoaren 9ko epaia –RJ/1989/1939–, besteak beste). Hala ere, ulertu beharra dago lizentzietarako boran baimendutako proiektuarekin alderatuta desbideratzeak edo gaindikinak baldin badaude, lehen okupazioko lizentzia ukatu egin beharko dela, nahiz eta eraikinak etxebizitza-erabilera izatea bideratzen duten segurtasuneko eta osasungarritasuneko baldintzak bildu (horixe deklaratu zuen Auzitegi Gorenak 2003ko azaroaren 8ko epaian –RJ/2003/8045–, lehen okupazioko lizentzia emateko behar ziren segurtasuneko eta osasungarritasuneko baldintzak betetzea nahikoa zela jo zuen epaia, kasazioan aurkatutakoa, deuseztatu zuenean. Nolanahi ere, araututako jarduketa administratibo bat da, egiaztatze hutsean oinarritutakoa.

    Ezezko moduan formulatuta, lehen okupazioko lizentziaren eginkizuna ez da obretarako lizentzia ematerakoan zehaztutako administrazio-jarduketa berrikustea. Lehen okupazioko lizentzia ez ematea obretarako lizentziaren legez kontrakotasuna aipatuz da azken horren berrikuspen bat egitea legeak horri buruz ezarritako formazko betekizun zorrotzak bete gabe.

    Auzitegi Gorenaren 2003ko azaroaren 8ko epaiak –RJ/2003/8045– doktrina hori batera bildu du, eta honakoa adierazi du:

    Eraikin baten lehen okupazioko lizentziak, 1976ko apirilaren 9ko Lurzoruari buruzko Legeko Testu Bategineko 178.1 artikuluan eta 1978ko uztailaren 23ko Hirigintza Diziplinari buruzko Erregelamenduko 1.10 artikuluetan exijitzen denak, helburu bikoitza dauka: batetik egiaztatzea ea eraikinak segurtasuneko eta osasungarritasuneko baldintza egokiak betetzen dituen eta hura ezarri nahi den erabilerarako gaitu ote daitekeen, eta, bestetik, egiaztatzea ea egindako obrak emandako obretarako lizentziaren errealitateari egokitzen zaion. Jurisprudentziak nabarmendu izan du nolako erlazioa dagoen lehen okupazioko lizentziaren eta obretarako lizentziaren artean, halako moduz non Administrazioa ezin baita hartaz aprobetxatu azken hori berrikusteko, obretarako lizentzia ematerakoan exijitu ez ziren mugak edo baldintzak ezarriz; eta administratua ere ezin da eraikina egiterakoan aldendu eman zitzaion obretarako lizentziaren terminoetatik, lehen okupazioko lizentzia desbideratze hori dela-eta ukatzen zaionean, defendatzeko eraikinaren xede izan behar ziren erabilerak planeamenduaren araberakoak direla (1998ko abenduaren 14ko epaia, 1999ko martxoaren 10eko epaia eta 2002ko maiatzaren 8ko epaia, beste askoren artean).

    Ildo berekoa da Auzitegi Gorenaren 2006ko otsailaren 1eko epaia –RJ/2006/2969–.

    Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 189.1 artikuluak argi bereizten du oin berriko, zabalpenetarako edo aldaketetarako obretarako lizentziaren eta eraikinen lehen erabilerarako edo lehen okupazioko lizentziaren artean. Lehenengoak bermatzen du egin beharreko obrak planaren araberakoak direla (eraikitzeko eskubidea), eta bigarrenak, berriz, egindakoa ordenamenduan aurreikusitako erabilerarako erabiltzen dela (eraikinerako eskubidea); eta bi eskubide horiek foru lege horren 97.1 artikuluan jasota daude. Horrenbestez, lizentzia desberdinak dira, udalak arau bidez eman behar dituenak eta ezin direnak erabili antolamendu juridikoak baterako zein besterako aurreikusi dituen helburuetarako.

    Hori dela eta, obretarako lizentzian berariaz aurreikusi ez diren eta baimendu ez diren obrak edo eraikinak egin direnean, ez da lehen okupazioko lizentziaren eginkizuna haiek legeztatzea. Halako kasuetan, lehen okupazioko lizentziaren eskaeraren aurretik, obren edo eraikinen gaindikinak legeztatzeko eskatu beharra dago, eta kasuko legeztatze espedientea ebatzi beharra dago; gainera, kasua bada, behar diren zuzenketak edo eraispenak ere exekutatu beharko dira, legeztatzerik ez dagoen obren kasuan. Jarduketa horiek guztiak egin ondoren, lehen okupazioko lizentzia eskatu eta eskuratu ahalko da (Auzitegi Gorenaren 1990eko apirilaren 17k epaia –RJ/1990/3645–).

  3. Lehen okupazioko lizentzia emateko udalak interesdunari egin dion lehenengo errekerimendua da hirigintza-aprobetxamenduaren % 10 diru bidez ordain dezan.

    Igorritako txostenean udalak dio Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 98. artikulutik ondorioztatzen dela hiri-lurzoru ez finkatuaren jabeen betebeharretako bat dela nahitaez eta dohainik Administrazio jarduleari lagatzea eremuaren aprobetxamenduaren % 10aren heineko lurzoru puxka.

    Horri dagokionez, adierazi beharra dago Atezko Ibarreko Hirigintzako Udal Plan Orokorra Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza kontseilariaren abuztuaren 11ko 146/2010 Foru Aginduaz onetsi zela eta 2011ko martxoaren 16ko 52. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zela. Horrenbestez, kexa eragin duten egitateak gertatu ziren unean, Atezko Udalak ez zeukan udal plan indardunik.

    Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko azaroaren 20ko 35/2002 Foru Legeko (LFOTU) bosgarren xedapen iragankorrak honakoa ezarri zuen: Udal plan orokorrik ez duten toki entitateetan eraikinen eraikuntza, zaharberritze edo eraispenek, fatxada eta bolumenen aldaketak barne, betiere beharrezkoa izanen dute, lizentzia eman aurretik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren administrazio-baimena, eta baimen hori foru lege honetako 117. artikuluan araututako prozeduraren arabera tramitatuko da.

    Bestalde, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeko 91. artikuluak ezarri zuen lurzorua sailkatzeko planeamendurik ez duten udalerrietan, hurrengo artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz hiri-lurzoruen sailean sartzen ez diren lurrak lurzoru urbanizaezinekoak izanen direla.

    Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeko 91. eta 92. artikuluei jarraituz, planeamendurik ez duten udaletan lurzorua hiri lurzorua ala lurzoru ez-urbanizagarria izanen da, eta etxebizitza bat eraikitzeko, nolanahi ere, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren baimena beharko da. Baimen hori izanen da hirigintza baldintzak ezartzen dituena.

    Kasu honetan, Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez, baimena eman zen familia bakarreko etxebizitza bat eraikitzeko.

    Nafarroako Gobernuaren baimenak berarekin dakar deklaratzea etxebizitza eraiki nahi den lurzorua hiru lurzorua dela, zeren eta, Lurraldearen Antolamenduari eta Etxebizitzari buruzko Foru Legeko 91. artikuluaren arabera, planeamendurik ez duten udaletako lurzoruak soilik hiri lurzoruak ala lurzoru ez-urbanizagarriak izan baitaitezke.

    Eta erakunde honen irizpidearen arabera, jo daiteke lurzoru hori ezin dela finkatu gabeko hiri lurzorutzat jo, zeren eta halako izateko beharrezkoa baita exekuzio-unitatetan sarturik egotea, jarduketa sistematiko batzuen bitartez lurzoru finkatuaren kategoria erdiets dezan. Eta egitateak gertatutako datan udal planik ez zuen udal batean, ezin da exekuzio unitaterik egon, zeren eta horiek soilik hirigintza planeamenduaren ondorioa baizik ezin baitira izan, planeamendu hori delako haietarako gaikuntza ematen duena, kasua bada, haiek sortu eta mugatzen duena, kasua bada, eta haien garapen-araubidea ezartzen duena.

    Egiazki, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeko 91. eta 92. artikuluetan ezarritako aplikatuz, hiri lurzorua da, zeren eta 92. artikuluko a) letran finkaturiko baldintzak betetzen baititu; hau da, hiri-tramaren atal bat den lur-zatia da.

    Ildo beretik, Nafarroako Administrazio Auzitegiak zenbait ebazpen eman izan ditu Atezko udalerrian etxebizitzak eraikitzeari buruz.

  4. Lur-zatiaren itxiturei dagokienez, udalak igorritako dokumentazioan jasota geri den bezala –zehazki udal arkitektoak 2010eko irailaren 28an eginiko txostenean–, lur-zatiaren itxiturak egitea ez da sartu lehen erabilerako lizentzia lortzeko baldintza gisa, zeren eta ulertu baita horietarako etxebizitza eraikitzeko lizentziaz beste bat behar dela, salbu eta errepidera jotzen duten itxituren kasuan, horiek Herri Lan Departamentuaren txostenean ezarritakoaren arabera egin behar baitira.

    Izan ere, dokumentazioa aztertu ondoren, bertan lehen erabilerarako lizentzia emateko baldintza gisa ageri da soili, ezinbestez hala behar baitu, Nafarroako Gobernuko Herri Lan Departamentuko [?]-ren txostenean ezarritako zehaztapenak betetzea; izan ere, haietan ezartzen da itxitura lur-berdinketaren ertzetik zortzi metrora jarri beharra dagoela, eta interesdunari hori ohartarazi zitzaiola lizentzia emateko unean.

    Horrenbestez, lehen okupazioko lizentzia lortu ahal izateko, Nafarroako Herri Lan Departaementuak ezarritako zehaztapenak bete beharko dira soilik.

Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Atezko Udalari gogoraraztea Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abendaren 20ko 35/2002 Foru Legea betetzeko legezko betebeharra duela.

  2. Atezko Udalari gomendatzea eraginik gabe utz dezan [?] jaunari egin zaion errekerimendua, lehen okupazioko lizentzia emateko aprobetxamenduaren % 10 diru bidez ordaintzeari buruzkoa.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Atezko Udalari legezko betebeharren gogorarazpen honen eta gomendio honen onarpenari buruz eta haiek direla-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, haiek ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

  4. Ebazpen hau interesdunari eta Atezko Udalari jakinaraztea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia