Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: En su centro de estudios se niegan a recogerle la documentación en solicitud de una beca
Exp: 11/249/E
Nº: 76
Hezkuntza
2011ko martxoaren 31n, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Hezkuntza Departamentuaren aurka, beka bat emateko eskabidean dokumentazioa sartzen ez uzteagatik.
Kexa-idazkian, honakoa azaltzen zuen:
Kexa-egilearen seme [?] saiatu zen –aurreko urtean arazorik gabe egin zuen bezala– 2010-2011 ikasturterako beka baten eskabideari zegokion dokumentazioa ikastetxeko bulegoetan aurkezten. Bada, erantzun zioten dokumentazioa ezin ziotela eskutik eskura hartu eta internet bidez aurkeztu behar zuela eskabidea. Semeak, ordea, ez du sarbide errazik bide telematikora.
Zenbait kontsulta egin ondoren, eta galdetuta zein erakundetan aurkeztu behar zuen bekaren eskabidea
, semea Donostian erroldatuta baitago, erantzun kontraesankorrak jaso zituen. Azkenean, Gipuzkoako Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak adierazi zion eskabidea Nafarroan aurkeztu eta ebatzi behar zuela, bertan egin behar baitzituen ikasketak.
Ikastetxeak dokumentazioa jasotzeari ezezkoa eman eta non aurkeztu behar zuen
galderari emandako erantzun kontraesankorrak jaso arte denbora dezente igaro zen, eta eskabideak aurkezteko epea amaitu zen, eta berez dagokion eta ikasketak egiten jarraitzeko beharrezko duen beka baten onuradun izatetik baztertuta geratu zen kexa-egilearen semea, kontuan izanda, gainera, beka jasotzeko baldintza guztiak bete egiten dituela.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, idazki bat igorri nion Hezkuntza Departamentura, kexan planteaturiko gaiari buruz informa zezan.
2011ko apirilaren 20an, departamentuari eskatutako txostena jaso genuen.
Kexaren mamia da Iruñeko ikastetxeko bateko idazkaritzak edo bulego administratiboak ezezkoa eman izana ikastetxeko ikasle [?] jaunak, ezarritako epean, aurkeztutako beka baterako eskabidearen dokumentazioa jasotzeari.
Ikastetxean adierazi zioten dokumentazioa ezin zutela eskutik eskura hartu, eta eskabidea internet bidez aurkeztu behar zuela. Ikastetxearen adierazpen hori ez dator bat ekainaren 29ko EDU 1782/2010 Aginduko 47.1 artikuluan ezarritakoarekin; izan ere, agindu horren bitartez ikasketetarako beka eta laguntza orokorren eta mugikortasunekoen deia egiten da, 2010-2011 ikasturterako, derrigorrezkoaren ondorengo ikasketak eta goi mailako ikasketa ez-unibertsitarioak egiten dituzten ikasleentzat. Bada, aipatutako 47.1 artikulu horrek honakoa ezartzen du: sinadura elektronikorik ez duten eta, horrenbestez, eskabide-eredua pdf fitxategian inprimatzen duten eskatzaileek, hura aurkeztuko dute beren sinadurarekin eta kontatzekoak diren familiako gainerako kideen sinadurarekin, eta harekin batera, 45. artikuluan deskribatutako dokumentazioa aurkeztuko dute, 2010-2011 ikasturtean ikasketak egin behar dituzten ikastetxeetan
.
Erakunde honen iritziz, ikastetxearen jarduketa ez zitzaion egokitu aplikatzekoa zen arauetan ezarritakoari, zeren eta ikasleak dokumentazioa aurkeztu zuen une beretik, aurreko urtean egina zuen bezala, bidezkoa izanen baitzen ikastetxeak, aurreko deialdian egin zuen bezala, hura izapidetu izatea, ekainaren 29ko EDU 1782/2010 Aginduan ezarritakoaren arabera, non hitzez hitz honakoa esaten baita: aipatutako eskabide ereduak behar bezala izapidetu beharko dituzte ikastetxe hartzaileek, eskatzaileen zerrenda izendun batekin, eta behin haietan edo haiekin batera datorren dokumentazioan atzeman daitezkeen akatsak zuzendu ondoren, haiek Hezkuntza Ministerioko zuzendaritza probintzialetara igorri beharko dituzte, edo, bestela, erkidegoetako organo baliokideari, hamabostean behin...
Kexa-idazkian erakusten da nolako babesgabetasunean dagoen ikasle bekadun bat, zeinak, ikastetxeak ikasteko bekaren eskabidearen dokumentazioa jasotzeari ezezkoa eman ondoren, ez baitaki zer egin behar duen, erakunde ofizialek emandako irizpideen –batzuetan okerren– menpean dagoelako. Ekainaren 29ko EDU 1782/2010 Aginduak inguruabar hori saihestu nahi du eta 48.2 artikuluan arautzen du bekadunen tutore baten izendatzea; izan ere, tutore horren ardura izanen da ikastetxeek artikulu horretan eta aurrekoan esleitzen zaizkien jarduketak zorrotz bete dezatela (bekak aurkezteko tokia eta ikastetxeen izapidetzea), eta, aldi berean, honako eginkizunak beteko ditu: hura ikastetxeko ikasleei eta haien senideei zabaltzea, eta informazioa ematea beka edo ikasteko laguntza horietakoren bat eskuratu ahal izateko jarraitu beharreko prozedurari buruz
.
Horrenbestez, ikastetxeari zegokion, beken tutorearen bitartez, laguntzen hartzaileei, bereziki [?] jaunari –zeren eta ikastetxeak berak uko egin baitzion dokumentazioa hartzeari–, beka eskuratzeko jarraitu beharreko prozedura azaltzea, are gehiago dokumentazioa hartzeari ezezkoa eman ondoren.
Ez da bete Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 9. artikuluan ezarritakoa –artikulu horrek arautzen du herritarrek Administrazioari idazkiak eta dokumentuak aurkezteko daukan eskubidea–; izan ere, ikastetxeko bulegoan ezezkoa eman zioten [?] jaunak beka bat jasotzeko aurkeztu zuen eskabidearen dokumentazioa hartzeari.
Ez dira bete, ezta ere, Derrigorrezkoaren ondorengo ikasketak eta goi mailako ikasketa ez-unibertsitarioak egiten dituzten ikasleentzako 2010-2011 ikasturterako ikasketetarako beka eta laguntza orokorren eta mugikortasuneko laguntzen deia egiten duen ekainaren 29ko EDU 1782/2010 Aginduko 47.1 eta 48.1 eta 2 artikuluetan ezarritakoa, aurreko ataletan adierazi dugun bezala.
Ez da errespetatu konfiantza legitimoaren printzipioa (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 2ko 15/2004 Foru Legeko 8. artikulua), zeren eta ez baitzaio orain arteko jokabide normal eta arruntari jarraitu, alegia, beka-eskabideen dokumentazioa jasotzea, aurreko ikasturtean egin zen bezala.
Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gomendatzea [?] jaunari ikasketetarako beka bat eman diezaion, edo, bestela, kalte-ordain gisa eman diezaiola 2010-2011 ikasturterako ikasketetarako beka moduan jaso ez duen diru-kopuruaren antzeko zenbateko bat.
Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hau onartzeari buruz informa dezan, eta jakinaraz dezan horri buruz zein neurri hartu behar dituen, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiei buruzko informa dezan, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia