Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

74/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 maiatza 05

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de contestación a instancias solicitando el nombramiento en los Consejos Asesores Forestal y del Agua

Exp: 11/235/D

: 74

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2011ko martxoaren 28an, [?] jaunak, [?] ordezkatuz, aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundera. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, 2010eko irailaren 23an, aurkeztutako bi eskabideri ez erantzuteagatik; izan ere, eskabideetan eskatzen zen ingurumenaren defentsan diharduten entitate eta elkarteen ordezkariak izendatzeko Nafarroako Oihangintzaren Kontseilu Aholku-emailerako eta Nafarroako Uraren Kontseilurako.

    Kexa-egileak eskatzen zuen bi eskabideei erantzuteko eta elkarteen ordezkariak izendatzeko, ekainaren 3ko 275/2010 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituz.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari txosten bat egiteko eskatu zitzaion 2010eko maiatzaren 12an.

    2012ko apirilaren 28an Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eskatutako txostena igorri zuen.

AZTERKETA

  1. Azaldu den bezala, kexa-egileak salatzen du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ez ziela erantzun 2010eko irailaren 23an aurkeztutako bi eskabideei.

    Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ezer ere ez du aipatzen bere txostenean salaketa horri buruz. Hori dela eta, ulertu beharra dago ez diela behar den erantzuna eman bi eskabide horiei.

  2. Horri dagokionez, adierazi beharra dago Administrazio Publikora hari zerbait egin dezan eskatzeko idatziz jotzen duen herritar orok eskubidea duela, gutxienez ere, bide beretik erantzun bat jasotzeko, alde batera erantzun hori baiezko edo ezezkoa den. Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso baitzen eta barneko antolamendu juridikoan ere sartu baitzen. Zehazki, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren esparruari dagokionez, horixe ondorioztatzen da Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legetik –aurkeztutako eskabide guztien ebazpen espresa emateko betebeharra ezartzen du– eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren urtarrilaren 25eko 46/2010 Foru Agindutik –Nafarroako Foru Komunitateko Administraziorako Administrazio Jardunbide Egokiaren Kodea onesten du–.

    Azken finean, Administrazioa legez behartuta dago eskabide guztiei erantzutera, idatziz normalean, eta epearen barruan betiere.

  3. Gaiaren sakoneko aldeari dagokionez, hau da, ingurumenaren defentsan diharduten entitate eta elkarteen ordezkariak ez izendatzea Nafarroako Oihangintzaren Kontseilu Aholku-emailerako eta Nafarroako Uraren Kontseilurako, departamentuak besterik gabe esaten du Nafarroako Ingurumenaren Kontseiluko kideen azken izendapenetik ez zaiola kontseilu horren idazkaritzari jakinarazi Nafarroako Oihangintzaren Konseilu Aholku-emailerako eta Nafarroako Uraren Kontseilurako talde horien ordezkarien izendapen-proposamenik.

    Bada, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak Administrazioaren eta herritarren arteko harremanen buru-buruan egon behar duten hiru printzipio aipatzen dira (3.2 artikulua). Printzipio horietako batzuk erabat dira aplikatzekoak aztergai dugun kasuan, eta haiek direla eta legeak Administrazioari ezartzen dio bere jardunean, behar diren neurrien bitartez, eraginkortasunez jokatzeko betebeharra duela. Printzipio horiek, oro har, “jardunbide administratibo egokia” garatzea dute helburu. Horrela, aipa daiteke herritarrek arreta egokia jasotzeko eskubidea eta prozeduren ikuspuntutik administrazio egokia edukitzeko eskubidea. Eskubide horiek, korrelatiboki, organo administratiboen betebeharrak dakartzate; besteak beste, herritarrei beren eskubideez baliatzea eta beren betebeharrak betetzea errazteko betebeharra; hau da, haiei, Administrazioarekiko hartu-emanetan, informazioa eta laguntza emateko betebeharra.

    Printzipio horien aplikazioa dela eta, erakunde honen irizpidearen arabera, gomendagarria zen Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren Idazkaritzak ekimena hartu izana, entitate eta elkarteei eskatzeko aipatutako bi kontseiluen ordezkariak izenda zitzan, entitate eta elkarteek ekimen hori hartzearen zain egon beharrean. Bi kontseilu horiek osatuta egoteak suposatzen duen interes orokorra –herritarrek haietan duten ordezkaritza eraginkor eginez– dela-eta, Administrazioko organoek jarrera aktiboa eduki behar dute, beharrezkoa bada, interesdunen jardun ezari konponbidea emate aldera.

Aurreko guztia dela eta, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari gogoraraztea legez behartuta dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei, zehazki kexa-egileak aurkeztutako bi eskabideei, erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan.

  2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari gomendatzea Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren Idazkaritza premia dezala ahal den bezain laster jo dezan behar diren entitate eta elkarteei, Nafarroako Oihangintzaren Kontseilu Aholku-emailerako eta Nafarroako Uraren Kontseilurako ordezkariak izenda ditzaten eskatzeko.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen honen eta gomendio honen onarpenari buruz eta haiek direla-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, haiek ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

  4. Ebazpen hau jakinaraztea interesdunari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia