Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Ruidos y molestias provenientes de la actividad de un bar sito próximo a su domicilio
Exp: 11/140/M
Nº: 71
Ingurumena
2011ko otsailaren 28an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen bere etxebizitzetan pairatzen dituen zaratengatik eta eragozpenengatik. Zarata eta eragozpen horiek etxebizitzen beheko aldean dagoen taberna batetik heldu dira ([?]).
Kexa-egileak adierazitakoaren arabera, erakunde honetara jo baino lehen, gai berari buruz, zenbait idazki eta erreklamazio aurkeztuak zizkion ukitutako jabeen elkargoak, 2008tik, Zizur Nagusiko Udalari, hain zuzen ere pairatutako zarata salatzeko; gainera, egindako sonometrien bitartez frogatzen zen zarata hori. Haien bitartez, azken batean, eskatzen zuten beren eskubideak babesteko neurriak har zitezela (isolamendu akustikoa, ixteko ordutegia eta abar). Horri dagokionez, 2008ko azaroaren 2an udalak eskatuta egindako txosten tekniko batean, baieztatzen zen zarata-afekzioak “oso modu nabarmenean” gainditzen zituela atseden-tokietan baimendutako gehieneko mailak, eta, neurri txikiagoan, zerbitzu-tokietan baimendutakoak, eta zenbait neurri zuzentzaile proposatzen ziren.
Hala eta guztiz ere, neurri bat edo beste ezarri arren –interesdunen esanetan nahikoak izan ez zirenak–, arazoak bere horretan iraun zuen eta salaketek aurrera jarraitu zuten.
Lokala itxita egon zen aldi baten ondoren, kexa-idazkian adierazitakoaren arabera, 2010eko erdialdean berriz ere jardunean hasi zen, udalak behar zen lizentzian eman ondoren.
Kexa-idazkian salatzen da, alde batetik, lizentzia hori eman izatea ukitutako bizilagunei entzunaldia eman ondoren, hain zuzen ere behar ziren alegazioak egin ahal zitzaten.
Halaber, baieztatzen da bidegabeko eta gehiegizko zaraten arazoa berriz gertatzen hasita zegoela, eta Udaltzaingoak jada zenbait sonometria positibo eginak zituela.
Baieztatzen da udalak ez dituela behar diren neurriak ezarri azaldutako arazoari konponbidea emateko. Egoera horrek, izan ere, lokalaren kokapenetik hurbilen dauden bizilagunen oinarrizko eskubideak urra ditzake.
2011ko martxoaren 28an, udal txostena sartu zen berriz ere gure erakundera. Haren bitartez, Zizur Nagusiko Udalak gaia dela-eta lokala ireki zenetik egindako jarduketen berri ematen da. Jarduketa horietako azkena izan da lokaleko titularrari zehapen-espediente bat zabaltzea, eta espediente horren amaiera gisa [?] euroko isuna ezartzea. Isun horren aurka errekurtsoa aurkeztu bazen ere, errekurtso hori ebazpen batez ezetsi zen.
Lokala berriz irekitzea dela-eta interesdunei entzunaldia ez emateari dagokionez, udalak dio izapide hori exijitzekoa dela jarduera sailkatu baterako lizentzia bat emateko, baina ez esku-aldatze kasuetan. Esku-aldatze hori, izan ere, 2010eko erdi parean gertatu zen.
Konstituzio Auzitegiko jurisprudentziak mugaturik utzi du zer konstituzio-eskubide ukitzen dituen pertsonen bizitzaren garapena nahasten duen faktore horrek (hain zuzen ere espedientean salatzen dena: zarata edo kutsadura akustikoa. Ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 45. artikulua) edo osasuna babesteko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 43. artikulua) inplikatzeaz gainera, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideak ukitzen ditu edo uki ditzake: esate baterako, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 15. artikulua), intimitaterako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.1 artikulua) eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.2 artikulua).
Besteak beste, Konstituzio Auzitegiaren 16/2004 epaiak eskubide horiek erasan direla aitortzen du. Bertan honakoa ezartzen da: Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 119/2004 epaian ezarritako doktrinatik abiatuta, adierazi behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideak eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak dimentsio positibo bat ere hartu dutela, nortasunaren garapen askeari dagokionez. Kontuan hartuta gure Konstituzioaren testuak ez dituela eskubide teoriko edo irudimenezko eskubide hutsak bermatzen, baizik eskubide erreal eta eraginkorrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 17ko 12/1994 epaia), ezinbestekoa da haien babesa bermatzea injerentzia tradizionalen aurrean ez ezik, teknologikoki aurreratuta dagoen gizartetik sortzen diren arriskuen aurrean ere. Errealitate berri horrekiko sentiberatasuna erakutsi da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean
.
Ondoren, epaiak honakoa gogorarazten du: Gaur egungo gizartean, zarata faktore psikopatogenoa eta herritarren bizi kalitatearen etengabeko asaldu iturria izan daiteke. Horixe adierazten dute, bederen, Osasunerako Mundu Erakundeak inguruneko zarataren gainean finkatutako zuzentarauek (nabarmendu beharrik ere ez dago OMEk erreferente zientifiko gisa duen balioa). Bertan, luzaroan zarata maila handiaren eraginpean izateak pertsonen osasunean dituen eraginak azaleratzen dira (entzumen urritasuna, ahozko hizkuntza ulertzeko zailtasunak, lo nahasmendua, neurosia, hipertentsioa eta iskemia), baita jokabide sozialean dituenak ere (batik bat, elkartasunezko jarrera murriztea eta joera oldarkorragoa)
.
Oinarri horien gainean, eta oinarrizko eskubideen interpretazioari eta zaintzari buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinara joaz, Konstituzio Auzitegiak honakoa baieztatzen du: “erabaki beharko dugu zarata maila handiak modu jarraituan pairatu behar izateak pertsonen osasuna arriskuan jartzen duenean, egoera horrek osotasun fisiko eta moralerako eskubidearen (Konstituzio Auzitegiaren 15. artikulua) urratzea inplikatu ahalko duela.Izan ere, egia izanik ere osasunerako arrisku edo kalte guztiek ez dutela beraiekin ekartzen Konstituzio Auzitegiaren 15. artikuluaren urratzea, botere publikoen ekintza edo omisio baten ondorioz pertsona batek jasan beharreko saturazio akustikoko mailak osasuna modu larrian eta berehalakoan arriskuan jartzeko atalasea gainditzen duenean, Espainiako Konstituzioko 15. artikuluan bermatutako eskubidea erasanda geratu ahalko da
.
Auzitegiak honakoa esanez jarraitzen du: Espainiako Konstituzioko 18. artikuluko eskubideei dagokienez, nabarmendu behar dugu Giza Eskubideen Europako Ituneko 8.1 artikuluak pertsona guztiek beren bizitza pribatua eta familiarra, bere bizilekua eta beren posta errespetatua izateko eskubidea aitortzen duen bitartean, Espainiako Konstituzioko 18. artikuluak berezko entitate berezitua aitortzen diela norberaren eta familiaren intimitaterako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubideei. Eskubide horietako lehenbizikoari dagokionez, nabarmendu behar dugu auzitegi honek zehaztu duela haren xedea pertsonen bizitzaren arlo bati dagokiola, hain zuzen ere besteren ezagutzatik nahiz hirugarrenen esku-sartzeetatik kanpo geratu behar dena, eta arlo horren mugapena nortasunaren garapen librearen arabera gauzatu behar dela. Irizpide horri jarraituz, ondorioztatu behar dugu arlo horietako bat bizilekuarena dela, horixe baita gizabanakoak, gizarteko usadio eta konbentzioetatik aske, bere askatasun intimoena gauzatzeko erabiltzen dutena (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: otsailaren 17ko 22/1984; urriaren 17ko 137/1985, eta maiatzaren 31ko 94/1999). Hori guztia gogoan edukita, honakoa ohartarazi behar dugu, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 119/2001 epaian adierazitakoari jarraituz: Inor objektiboki saihesgarritzat edo jasangaiztzat jo daitekeen zarata mailaren eraginpean badago luzaroan, norberak eta familiak etxebizitzan intimitatea izateko eskubideari ematen zaion babes berbera eskaini behar zaio, zaratak nortasuna askatasunez garatzea eragotzi edo larri oztopatzen badu, eta kaltea edo galera erakunde publikoen jardunaren edo utzikeriaren ondorioa bada eta, hortaz, gertatutako kaltea eurei egotz badakieke
.
Orain arte azaldutakoak balio du baieztatzeko kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideak erasan eta urra ditzakeela, eta urraketa hori gertatuko dela behar den babesa emateko eskumena duten administrazio publikoek jarrera pasiboa, omisiozkoa edo are eraginkortasunik gabea ere erakusten dutenean.
Administrazio publiko guztiek, beren eskumenen esparruari dagokien neurrian, herritarren konstituzio-eskubideak babestu beharko dituzte (Espainiako Konstituzioko 53.1 artikulua).
Aztergai dugun gaian, udalek funtsezko eginkizun bat betetzen dute herritarren oinarrizko eskubideak babestearen arloan. Halaxe ondorioztatzen da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak eta Toki Araubideko Oinarrien Legeak esleitutako eskumenetatik.
Hori dela eta, oraingoaren antzeko kasuetan, udalak jardueraren funtzionamendu-baldintzak zorrotz betearazteaz arduratu behar dira. Eta baldintza horien ez-betetzea gertatuz gero, erreakzionatu eta legezkotasuna berrezartzeko behar diren neurriak ezarri beharko dituzte, haiek, noski, proportzionaltasunaren eta eraginkortasunaren printzipioei egokituta, betiere arau-haustea egitea arau-hauslearentzat onuragarria izatea saihestuz.
Proportzionaltasunaren printzipioak exijitzen du arau-hausteen larritasunaren araberako neurriak hartzea, betiere intentsitatea edo jokabidea behin eta berriz gertatzea bezalako inguruabarrak kontuan hartuta. Eraginkortasunaren printzipioak arau-hausleari erantzun puntual eta bizkorra ematea exijitzen du, interes orokorra eta ukitutako herritarren eskubideak zaintzeari begira. Horri buruz, Auzitegi Konstituzionalak adierazia du berrezartzeko eskumen batez baliatzean berandu edo pasibotasunez jokatzea printzipio horren arau-hauste larria dela, eta herritarren eskubide eta interes legitimoetan eragina duela (Konstituzio Auzitegiaren irailaren 25eko 136/1995 epaia).
Kasu honetan, nahiz eta erakunde honek ez duen egiaztatu Zizur Nagusiko Udalak salatutako arazoaren aurrean omisiozko jarrera izan duenik guztiz –espedientean gaia dela-eta zenbait jarduketa egin direla jaso da– legezkotasuna berrezarri eta zehapenak ezartze aldera, adierazi beharra dago zarata dela-eta salatu den arazoa behin eta berriz pairatu dutela bizilagunek, eta azken urteetan zenbait sonometria positibo egin direla, eta 2008. urteren amaierako txosten batean esaten dela une eta toki batzuetan zarataren maila gehiegizkoa dela. Berriki, beste behin egiaztatu da zarata gehiegizkoa dela eta legez toleratzekoak diren mailak zabal gainditzen direla. Hori dela eta, zehapen espediente bat ere zabaldu da.
Horri dagokionez, bidezkoa da adieraztea bai Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak eta hura garatzen duen erregelamenduak, bai zaraten maila mugatzeari buruzko arauek zenbait zehapen aurreikusten dituztela. Zehazki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 77.2 artikuluak honako zehapenak aurreikusten ditu arau-hauste larrietan –baimendutako zarata-mailak 6 dB-tan baino gehiagotan gainditzen dutenak– ezarri ahal izateko: a) 200.000 euro bitarteko isuna; b) instalazioak aldi batez, erabat edo partzialki ixtea, gehienez ere bi urtez; c) instalazioak behin betiko ixtea, osotara nahiz zati batean; d) jarduera garatzeko gaitasuna kentzea, gehienez urtebetez.
Bestalde, Zaratak edo bibrazioak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezarri zituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 21. artikuluak ezarri zuen foru dekretu horretan jasotako xedapenak ez betetzeak berekin ekarriko duela honako jarduketak egitea:
Behar diren neurri zuzentzaileak ezartzeko betebeharra, kasu bakoitzean egiaztatutako gehiegizko zaraten edo bibrazioen maila deuseztatzeko.
Jarduera gauez etetea, arau-hauste larrien kasuan, eta jarduera guztiz etetea, oso arau-hauste larrien kasuan, baldin eta egiaztatutako akatsak zuzentzen ez badira.
Erakunde honek, aurreko gogoetak kontuan hartuta, Zizur Nagusiko Udalari gogorarazten dio salatutako lokaletik heldutako zaratak ukitutako bizilagunen konstituzio-eskubideak eraginkortasunez babesteko legezko betebeharra duela, eta horretarako behar diren neurriak ezarri behar dituela.
Zehazki, egokitzat jotzen dituen beste neurri batzuk ezertan kendu gabe, gomendatzen diogu egiazta dezala lokaleko isolamendu akustikoaren maila, eta, nolanahi ere, arau-hauste gehiago gertatuz gero, neurri zorrotzagoak har ditzala, baloratuz gauez jarduera eten dadila dekretatzeko aukera, edo hura aldi baterako ixtea ere, edo bestela, zarataren emisioarekin zuzenean lotutako ekipoak edo instalazioak ixtea.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Zizur Nagusiko Udalari gogoraraztea salatutako lokaletik heldutako zaratak ukitutako bizilagunen konstituzio-eskubideak eraginkortasunez babesteko legezko betebeharra duela, eta horretarako behar diren neurriak eta neurri proportzionatuak ezarri behar dituela.
Gomendatzea egiazta dezala lokaleko isolamendu akustikoaren maila, eta, arau-hauste gehiago gertatuz gero, neurri zorrotzagoak har ditzala, baloratuz gauez jarduera eten dadila dekretatzeko aukera, edo hura aldi baterako ixteko aukera ere, edo bestela, zarataren emisioarekin zuzenean lotutako ekipoak edo instalazioak ixteko aukera.
Bi hilabeteko epea ematea Zizur Nagusiko Udalari legezko betebeharren gogorarazpen honen eta gomendio honen onarpenari buruz eta haiek dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, haiek ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia