Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Imposibilidad de compatibilizar ayuda domiciliaria y prestación residencial durante el tiempo de tramitación del expediente.
Exp: 10/765/B
Nº: 7
Gizarte ongizatea
2010eko urriaren 7an, [?] andreak, bere ama [?] andrea ordezkatuz, aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen mendekotasunaren arloko bi prestazio ondoz ondo ezin jasotzeari buruz.
Kexa-idazkian azaltzen zuen bere ama [?] andreak mendekotasunaren baldintza aitortua duela 2009ko irailetik. Atarrabiako Oinarrizko Gizarte Zerbitzura joan zenean banakakoaren arreta programa bat presta ziezaioten, adierazi zuen interesa zuela egoitza-toki itundu bat edukitzeko. Hala eta guztiz ere, kontuan izanda hori zenbait hilabetez gerora zitekeela eta andre horri arreta berehala emateko premiaren aurrean, kexa-egileak eskatu zuen bitartean etxean zainketak hartzeko laguntza ekonomiko bat eman ziezaiotela.
Adierazitakoaren arabera Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan jakitera eman zioten ezin zela haren asmoa bete eta, horrenbestez, ezin zela laguntza-eskaria eskatutako moduan izapidetu. Horri dagokionez, adierazi zioten ezen, mendekotasunaren arloko legedien arabera, bi prestazioak bateraezinak direla, eta, orduan, ezin izanen zituela biak eskatu banakakoaren arreta programa egiteko garaian.
Kexa-egileak adierazten du ezen, adierazitako irizpidearen arabera, gaiari buruz galdetu ziola Nafarroako Mendekotasunaren Agentzian prestazio horiek kudeatzen dituen atalari, eta han berretsi ziotela oinarrizko gizarte zerbitzuan azaldutakoa, berriz ere argumentua izaki bi prestazioak bateraezinak direla.
Interesdunak dio ezen, ikusita itundutako egoitza-toki batean sartzea geroratzen ari zela, 2010eko apirilean, bide pribatu batetik, toki bat lortu zuela Artaxoako egoitzan (gero, urte bereko ekainean, toki itundu bat eman zitzaion zentro berean).
Kexa adierazten zuen zeren eta, menpekotasuna aitortu ziotenetik eta banakakoaren arreta programa egin zenetik egoitzan sartu zen arte, etxeko laguntza zerbitzua kontratatu behar izan zuelako, eta ezin izan zuelako laguntza-eskaririk izapidetu, bi prestazio mota horiek bateraezinak izateagatik.
2010eko azaroaren 26an, Atarrabiako Udalak igorritako txostena sartu zen gure erakundean. Hartan, izan ere, honakoa ageri da jasota:
“2010eko urtarrilaren 21ean, [?] andreak, bere ama [?] andrea ordezkatuz, Atarrabia, Ezkabarte eta Olaibarko Oinarrizko Gizarte zerbitzura joan zen, banakakoaren arreta programa hautatzeko.
Fase horretara iritsi baino lehenago, pertsona horrek balorazio bat eskatua zion Nafarroako Mendekotasun Agentziari Atarrabiako osasun etxearen bitartez, azken hori baitzen familiari aholkua ematen ari zitzaiona.
Adierazi beharra dago mendekotasuna dela-eta, Atarrabiako Udala eskuduna dela soilik udalaren etxeko laguntza zerbitzuari dagokionez; gainerako prestazio eta zerbitzuak Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak dira, Gizarte Gaietako Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Mendekotasun Agentziaren bitartez.
Atarrabiako Oinarrizko Gizarte Zerbitzura joan zenean, eta banakakoaren arreta programaren bitartez, [?] andreak, mendekotasuna duen pertsona den aldetik, eskubide gisa dauzkan aukera guztiak sortu ziren. Haren alabak bere interesa adierazi eta egoitza-toki itundu bat hautatu zuen.
Jakinarazi zitzaion ezinezkoa dela nahi dituen bi prestazioak (familia inguruneko zainketetarako laguntza ekonomikoa eta egoitza-laguntza iraunkorrerako laguntza ekonomikoa) batera jasotzea, eta hori Nafarroako Mendekotasun Agentziaren irizpide bat dela, bi prestazioen bateragarritasunari buruzkoa.
Adierazten du zenbat denbora daraman amaren zainketaz arduratzen, horrek familia osorako dakarren zama, are gehiago bi seme-alaba txiki eta seme nerabe bat izanez gero, eta adierazten du zein zailtasun dauzkan familia, lana eta eguneko 24 orduetan arreta behar duen pertsona bati beharrezko zainketak ematea bateragarri egiteko.
Mendekotasuna duen pertsona 2009ko irailaren 18tik zegoen baloratuta, eta 2010eko ekainera arte, Nafarroako Mendekotasun Agentziak ez zion toki itundua eman.
Mendekotasuna duen pertsonari balorazioa egin zitzaionetik eskatutako zerbitzua jaso zuen arte, ia hamar hilabete iragan ziren. Familia horrek etxeko laguntza zerbitzu bat kontratatu behar izan zuen, horretarako inongo prestaziorik jaso gabe; ez dirudi hori arrazoizkoa denik eta zalantzak sortzen digu alderdi bati dagokionez, alegia, noiztik sortzen den mendekotasuna duen pertsonaren eskubidea, mendekotasunaren balorazioa egiten zaionetik ala banakakoaren arreta programa egiten zaionetik.
Arrazoizkoa iruditzen zaigu herritarraren kexa, eta horrelaxe adierazten diogu Nafarroako Arartekoari”.
2011ko abenduaren 7an jaso genuen Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari eskatutako txostena, non ondokoa esaten baita hitzez hitz:
“Idazkian azaltzen duen bezala, [?] andreak, zeinak 2009tik aitortutako mendekotasun-gradu bat baitu, Atarrabiako Oinarrizko Gizarte Zerbitzura jo zuen, banakakoaren arreta programa bat egin ziezaioten, hain zuzen ere bere egoerarako baliabide egokiak eskuratu ahal izateko.
[?] aipatzen du adierazia duela egoitza-toki iraunkor bat eskuratzeko daukan interesa. Horri dagokionez, adierazi zuen familia-ingurunean zainketak jasotzeko prestazio ekonomiko bat jaso nahi zuela, egoitza toki hori eman bitartean. Alabaina, bai Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, bai Prestazioak Koordinatzeko Atalak, zeinak banakakoaren arreta programa izapidetzen baitu, adierazi zioten ezin zela programa berean bi aukera horien alde egin, bi prestazioak bateraezinak zirelako.
Horri dagokionez, gogorarazi beharra dago banakakoaren arreta programaren kontzeptua Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean araututa dagoela, hain zuzen ere 29. artikuluan; izan ere, honakoa ezartzen baitu: “...premia duen pertsonarentzat egokienak diren aukerak zehaztuko dira, dauden zerbitzu eta prestazio ekonomikoen artetik, betiere mendetasun gradua eta maila erabaki duen ebazpena oinarri hartuta; dena den, aldez aurretik onuradunari kontsultatu beharko zaio, edo bere familiari edo ordezkatzen duten erakundeei, eta onuradunak aukeratu beharko du, hala behar duen kasuetan.”
Banakakoaren arreta programaren izapidetzean agerian geratu zen, eta horrelaxe adierazi zuen interesdunak bere errekurtsoan, esku-hartzerik egokiena egoitza-arreta iraunkorra izanen litzatekeela.
Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroan eta Mendetasuna baloratu ea aitortzeko eta mendekotasuna duten pertsonendako banakakoaren arreta programa prestatzeko prozedurak arautzen dituen otsailaren 9ko 6/2009 Foru Dekretuan ezarritako epeen arabera, Nafarroako Mendekotasun Agentziak 2009ko irailaren izapidetu zuen eskaera eta banakakoaren arreta programa ebatzi zuen.
2010eko apirilean, interesdunak, modu pribatuan, Artaxoako Egoitzan sartu zen. Arrazoi horrengatik, zerbitzuari lotutako prestazio bat ordaindu zitzaion, egun horretatik aurrerakoa.
Aurreraxeago, hain zuzen ere 2010eko uztailaren 6an, hartuta duen toki hori bera itunpean jarri zen.
Gainera, interesdunak eskatuta, Nafarroako Mendekotasun Agentziak, aurtengo urrian, baiezkoa eman zion [?] andrea egoitzaz aldatzeari, hain zuzen ere itunpeko toki batera.
Ulertzen dugu interesduna, [?] andrea, egoki artatu dela mendetasuna dela eta dauden prestazioei dagokienez. Banakakoaren arreta programetan ahaleginak egiten dira erabiltzailearentzat egokienak diren zerbitzu edo/eta prestazioak konbinatzeko, betiere daukan mendetasun egoeraren arabera, gizarte egoeraren arabera eta egoera ekonomikoaren arabera; eta horixe da, noski, eskuartean dugun kasuan jarraitutako irizpidea”.
Islatu den bezala, kexa-egileak, bere ama ordezkatuz –2009ko irailetik dauka amak mendetasuna aitortua– adierazi du ez dagoela ados banakakoaren arreta programa izapidetzeko garaian aukerarik ez ematearekin sisteman dauden bi prestazio bata bestearen ondotik jasotzeko.
Horri dagokionez, jotzen du ezen, bere amaren egoerari erreparatuta, egokiena dela egoitza-toki itundu batera sartzea (horixe izan zen hautatu zuen aukera). Hala eta guztiz ere, interesdunak badaki zerbitzu publiko hori ematea geroratu egin daitekeela, eta, horregatik, nahi izan zuen bitartean familia inguruneko zainketetarako laguntza ekonomiko bat eman ziezaiotela.
Haren eskaera modu horretara izapidetzeari ezezkoa eman ziotenez, interesdunak zenbait hilabetez etxeko laguntza hartu behar izan zuen, horretarako inongo laguntzarik jaso gabe.
Egoera hori 2010eko apirilera arte iraun zuen. Izan ere, data hartan, modu pribatuan, Artaxoako egoitza batera sartu zen. Eragin-data horrekin –2010eko apirilekoa–, interesduna sistemako prestazioak jasotzen hasi zen (egoitza arretaren zerbitzuari lotutako prestazioa aurrena eta itunpeko egoitza zerbitzua gero, 2010eko uztailetik aurrera).
Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak banakakoaren arreta programa arautzen du, eta honakoa ezartzen du: “...premia duen pertsonarentzat egokienak diren aukerak zehaztuko dira, dauden zerbitzu eta prestazio ekonomikoen artetik, betiere mendetasun-gradua eta -maila erabaki duen ebazpena oinarri hartuta; dena den, aldez aurretik onuradunari kontsultatu beharko zaio, edo bere familiari edo ordezkatzen duten erakundeei, eta onuradunak aukeratu beharko du, hala behar duen kasuetan.”
Egoitza toki itundu bat eta familia inguruneko zainketetarako laguntza ekonomikoa (kexa-egileak eskatu zituen prestazioak dira), egiazki, bateraezinak dira. Alabaina, bateraezintasun hori sistemako prestazio bat eta bestea batera jasotzeari dagokiola ulertu beharra dago.
Funtsezko inongo arrazoirik ez dago prestazio horiek ondoz ondotik jaso ahal ez izateko, eta kasu batzuetan –eta ez gutxitan, gainera– horixe gertatzen da (etxean arreta jaso eta laguntzak jasotzen dituzten pertsona mendekoak, gero, egoera pertsonalaren eta familiarraren bilakaera naturalaren ondorioz egoitza batean sartzen direnak). Halako kasuetan, egoitza-zerbitzura sartzeko unea erabakigarria izanen da aurreko prestazioari amaiera emateko eta berria zabaltzeko, bateraezinak baitira (horrenbestez, bateraezintasun hori ez da baliarazi behar banakakoaren arreta programaren berrikuspenean, prestazioa aldatu aurrekoan).
Hemen aztertzen ari garen kasuaren berezitasuna heldu da, planteamendu hori, lehenengo aldiz, banakakoaren arreta programaren unean egitetik, halako moduz non interesdunak nahi duena baita egoitza toki batera sartzea (horretarako eskubidea baitu) eta, bitartean, toki horretara sartzerik ez duen bitartean, familia ingurunean zaindua izateko laguntza bat jasotzea (horretarako ere, eskubidea baitu). Eta asmo hori, noski, ezin da irrazionaltzat jo, zeren eta lehenengo prestazioa toki libreak egotearen menpe egon baitaiteke (gainera, hurbiltasunaren printzipioa nagusitu daiteke, hain zuzen ere Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Foru Legeak finkatutakoa) eta, azken batean, zerbitzu publiko bat eskuratzeko eskubidearen aitorpenaren menpe ere bai, eta azken hori, espedienteak erakusten duen bezala, denboran luzatu egin daitekeen zerbait da.
Nafarroako Mendekotasun Agentziaren interpretazioa, zeinaren indarrez ezin baita eskabide bat termino horietan aurkeztu, gure iritziz zorrotzegia da, zeren eta, arestian esan dugun bezala, bi prestazioen bateraezintasuna bi prestazioak une berean gertatzeari baitagokio, eta ez ondoz ondoko uneetan gertatzeari. Eta, gainera, interpretazio horrek, amaieran, emaitza desberdinak dakartza funtsean eta materialki berdinak diren kasuetan, arestian alderaketa egiteko adierazi dugun bezala (mendetasuna duen pertsona batek hasieran etxean arreta emateko laguntza bat lortzen du eta banakakoaren arreta programa berrikusi ondoren, egoitza batera sartzen da).
Erakunde honek ez du aurkitu banakakoaren arreta programa eskatutakoaren arabera izapidetzearen aurka dagoenik legegilea (programa horretan xede nagusi bat eta aldi baterako beste bat dagoela). Alderantziz baizik: bilatzen dena da unean uneko konponbide egokienak aurkitzea mendetasun egoeran dauden pertsonen eskubideak eraginkor bihurtzeko, eta horrek, gure iritziz, malgutasun-tarte bat ekarri behar du berekin, arreta-proposamen egokienak egiteko garaian.
Egitateak gertatu ziren egunetan (mendetasun egoeraren aitorpena 2009ko irailekoa da), sistemako prestazioen eragin ekonomikoak data horretara arte ekartzen ziren –aurrekoa diogu zeren eta egoera hori aldatu egin baita 2010eko ekainaren 1etik aurrera–.
Aitorpen hori egiteko garaian, interesdunak sistemako bi prestazioetarako eskubidea zeukan, eta, horrenbestez, zuzenbidezkoa iruditzen zaigu familia inguruneko zainketetarako laguntza ekonomikoa aitor dakion, 2009ko irailetik hasi eta 2010eko apirilera bitarteko erakinekin, azken data horretan egoitza pribatu batean sartu baitzen, eta une horretatik aurrera sistemako beste prestazio batzuk sartu baitziren jokoan (egoitza arretaren zerbitzuari lotutako laguntza ekonomikoa 2010eko uztailera arte eta egoitza-arretarako toki itundua ematea egun horretatik aurrera).
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari iradokitzea azter dezala behar diren neurriak hartzea banakakoaren arreta programa prestatzen denean xede nagusia eta aldi baterako beste xede batzuk artikulatu ahal daitezen, zeren eta suposatzen baita xede nagusi hori, bereziki zerbitzu baten emakida den kasuetan, denboran luzatu egin daitekeela.
Departamentu horri gogoraraztea ezen, aztertutako kasu zehatzean, haren inguruabarrak direla eta, kexa-egilearen amari eman diezaiola daukan mendetasun egoerari egokituko zitzaion familia inguruneko zainketetarako laguntza, dagokion zenbatekoan eta egoeraren aitorpena egin zenetik hasi (2009ko irailean) eta egoitza arretarako zerbitzuarekin lotutako prestazioa eragina izaten hasi zen arte (2010eko apirilean).
Bi hilabeteko epea ematea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogorarazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia