Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

69/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexa ebazten duena.

2011 apirila 26

Enplegu publikorako sarbidea

Gaia: Disconformidad con tener que inscribirse a través de internet en una convocatoria de personal

Exp: 11/216/F

: 69

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 2011ko martxoaren 21ean, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen deialdi batean ezin izena emateari buruz, internet ez edukitzeagatik.

    Azaltzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko lanpostu batzuk oposizio bidez betetzeko deialdi batean bere burua aurkeztu nahi zuela eta, Nafarroako Erregistro Orokorrera jo zuela, izen-ematea izapidetzeko. Izena emateko eskabide-orria eta ordainketa-orria eskatu zuenean, adierazi zioten halakorik ez zutela, eta izena eman nahi bazuen, internet bidez egin behar zuela.

    Erantzun horren aurrean, interesdunak erreklamazio-orri bat eskatu zuen, zeren eta ez baitu ez ordenagailurik, ez internetik. Arreta eman zion langileak Arrieta kaleko 11. zenbakian dauden bulego batzuetara joateko esan zion. Behin helbide horretara joan zenean, egiaztatu zuen han inolako bulegorik ez zegoela.

    Interesdunak dio bazterturik sentitzen dela ez ordenagailurik, ez internetik ez duelako, eta bere iritziz Administrazioak horren premia duenari izena emateko orriak eta ordainketa egiteko orria ere eskuratu beharko lizkiokeela.

  2. Kexa jasota, erakunde honek Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura jo zuen eta eskatu zion azaldutako gaiari buruzko informazioa emateko.

     

  3. 2011ko apirilaren 12an, eskatutako informazioa jaso genuen.

AZTERKETA

  1. Administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren eskumena da foru lege horretan herritarrei aitortutako eskubideen eraginkortasuna zaintzea, eskubide horiek urratzeagatik gertatzen diren kexei erantzutea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta haren erakunde autonomoei iradokizunak eta proposamenak egitea bere lege arau-emailean ezarritako moduan eta, orobat, ezarritako ondorioekin.
  2. Kexa-egileak adierazten du ez dagoela ados nahitaez bide telematikoak erabili behar izatearekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileentzako deialdi batean izena eman ahal izateko. Bere iritziz, nahitaezkotasun hori baztertzailea da berak bezala ordenagailurik eta interneterako sarbiderik ez duten pertsonentzat.

    Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak, bere aldetik, argudiatzen du deialdiak berak ezartzen duela izena emateko eskabide-orria eta ordainketa-orria internet bidez lortu behar direla, eta ez dagoela inolako bazterketarik interneterako sarbiderik ez duten pertsonentzat, zeren eta herritarrentzako arreta bulegoetara joan baitaitezke eta bulego horietan izena emateko behar diren izapideak eginen baitizkiete.

  3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko 11/2007 Foru Legearen xedea da herritarren zerbitzuko administrazio elektroniko eraginkorra ezar dadin sustatzea, teknologiaren aurrerapenen arabera onargarritzat hartzen diren teknika eta bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak pixkanaka sartuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde publikoetako prozedura administratiboen tramitazioan eta kanpoko nahiz barruko harremanetan.

    Foru lege horretako 2. eta 22. artikuluetan adierazten da bide elektronikoen ezarpena pixkanaka eginen dela eta aldez aurretik prozedura administratibo elektronikoak onetsi beharko direla eta baliabide elektroniko horiek aplikatzeko egokiak diren neurriak ezarriko direla.

    3. artikuluak debekatzen du prozedura administratibo elektronikoak berekin ekar dezala herritarrei aitortutako eskubideak kendu, murriztu edo era desegokian baldintzatzea; eskubide horien artean dago Administraziora jo ahal izatea, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 70. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

    4. artikuluak aitortzen du herritarrek eskubidea dutela baztertuak ez izateko Administrazioak onesten dituen prozedura administratiboen erabilpenaren ondorioz. Halaber, lege-arau horrek aitortzen du herritarrek eskubidea dutela administrazio publikoei eskaerak egin, eskaerei eta ekintzei ekin, akatsak zuzendu, alegazioak aurkeztu eta administrazio-ekintzen kontrako erreklamazio eta errekurtsoak aurkezteko.

    Halaber, alde batek eskatuta bide elektronikoen bitartezko prozedura administratiboaren barruan, 23. artikuluak azpimarratzen du bide elektronikoen bitartezko prozedura administratibora libreki erabiltzeko eskubidea dagoela, eta adierazten du legez interesdunaren izanera duen edozein pertsona fisikok edo juridikok hasi eta izapidetu ahalko duela prozedura administratibo bat Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan eta haren erakunde autonomoetan eta haiei dagokienez.

    Aurrez azaldutako horretatik ondorioztatzen da ezen, alde batek eskatuta hasitako prozedura administratiboetan, herritarrek bide elektronikoak erabiltzeko aukera borondatezkoa dela (23. artikuluan, legegileak “ahalko du” aditza erabiltzen du). Hau da, administrazio elektronikoa erabiltzea, printzipio orokor gisa, herritarraren eskubide bat da, eta herritarrak nahi badu hartaz baliatu ahalko da, eta herritarrarentzako betebehar bat izanen da soilik legeak hori modu ezin argiagoan adierazten duenean.

  4. Aurrekoa gorabehera, prozedura administratibo elektronikoen borondatezkotasunaren printzipio orokor hori salbuespen bilakatu ahal da legearen arabera kasu jakin batzuetan eta baldintza egoki batzuetan. Horrela, apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeko 23.2 artikuluak honakoa ezartzen du: “foru dekretu edo agindu bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezarri ahalko du, justifikatuz gero, prozedura administratibo elektroniko jakin batzuk bete beharra edo harekin edo haren erakunde publikoekin bitarteko elektronikoak soilik erabiliz komunikatu beharra, interesdunak, lanbideagatik, gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik edo beste arrazoi batzuengatik, behar diren baliabide teknologikoak erabili eta eskura izateko aukera bermaturik duten pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen taldeak direnean”.

    Horrenbestez, egia bada ere bide elektronikoen erabilpena, printzipio orokor gisa, borondatezkoa dela herritarrentzat, legeak onartzen du kasu jakin batzuetan, Administrazioak nahitaezkotasuna ezarri ahal izatea izapide jakin batzuk soilik bide telematikoaz egin daitezen. Baina, nolanahi ere, nahitaezkotasun horren ezarpena foru dekretu edo foru agindu bidez ezarri beharko da, formari dagokionez, eta modu justifikatuan, funtsari dagokionez; hau da, Administrazioak berariaz adierazi beharko du prozedura administratibo elektronikoa erabiltzeko betebehar horren zergatia.

    Zalantzarik gabe, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak funtzio publikoan sartzeko (edo bere zerbitzurako langileak kontratatzeko) hautapen prozesu batean parte hartzeko prozedura bakar gisa prozedura administratibo elektronikoa ezarri nahi baldin badu, hori egin dezake, legeak horretarako baimena ematen baitio. Baina erabaki hori hartzen baldin badu, apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeko 23.2 artikuluak ezartzen dizkion betekizun eta baldintzei lotu beharko zaie.

    Funtzio publikoan sartzeko bide elektroniko eta telematikoen erabilpen hori legezkoa eta ez-baztertzailea izan dadin, Administrazioak erabaki hori hartzeko arrazoiak justifikatu beharko ditu, foru administrazioaren zerbitzuko funtzionario publikoak edo kontratupekoak izan nahi dutenen aurrean.

    Erabaki hori legearen arabera hartzen baldin bada, behar adinako justifikazio objektibo eta arrazoituak emanez, erakunde honen ustez ez da funtzio publikoan sartzeko bazterketarik gertatuko, halakorik gertatzea Konstituzioaren 23.2 artikuluaren aurkakoa izanen bailitzateke.

  5. Lehendakaritza Departamentuak erakunde honi igorritako txostenean adierazten dio deialdia bera dela ezartzen duena eskabide-ereduak eta ordainketa-gutunak internet bidez lortu ahalko direla. Hala eta guztiz ere, gauzak horrela adieraztea da aitortzea betebehar hori ez dela foru dekretu edo foru agindu bidez ezarri, nahiz eta Administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko Foru Legeko 23.2 artikuluak hori exijitzen duen. Horri gehitu behar zaio ezen, maila hierarkiko apalagoa izateaz gainera, deialdi batek, bere izate bereziarengatik, ezin dituela zehaztu eskabideen izapidetzea bide telematikoen bidez egiteko arrazoiak.

    Azken batean, aztergai dugun kasuan, ez dago jasota departamentuak bete dituenik foru legeak ezartzen dituen baldintzak, gutxienekotzat eta nahitaezkotzat ezartzeko prozedura administratibo elektronikoaren erabilpena, prozedura tradizionalaren erabilpenaren ordez.

  6. Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren bulegoko langileek kexa-egileari emandako helbideari dagokionez, akats bat izan zen, Administrazioak igorritako txostenean aitortzen duen bezala, hain zuzen ere langile publiko batek, tamalez, eginiko akats bat. Hori dela eta, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak herritarrari barkamena eskatzen dio.

Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea legez foru dekretu bidez nahiz foru agindu bidez ezarri behar dituela soilik bide elektronikoen bitartez eginen diren prozedura administratiboak, eta herritarrarentzako betebehar hori justifikatzeko arrazoiak eman behar dituela.

     

  2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari iradokitzea ezen, uste baldin badu langileak hautatzeko prozesu baterako izen-ematea eta dokumentazioa bide elektronikoak erabiliz aurkeztu behar direla, betebehar hori foru dekretuz edo foru aginduz ezar dezala, eta departamentu horri gomendatzea foru dekretu edo foru agindu hori onesten eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen ez den bitartean, funtzio publikoan edo langileen kontratazioan sartzeko hautapen prozesuetan parte hartzeko behar diren eskabideak eta gainerako dokumentazioa bide ez-elektronikoez aurkeztea ere onar dezala.

     

  3. Bi hilabeteko epea ematea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen honen eta gomendio honen onarpenari buruz eta haiek direla-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, haiek ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

     

  4. Ebazpen hau jakinaraztea interesdunari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia