Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

64/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 apirila 13

Energia eta ingurumena

Gaia: Ruidos ocasionados por los jóvenes y la música de locales, bares y discotecas en el barrio de San Juan

Exp: 11/185/M

: 64

Ingurumena

AURREKARIAK

  1. 2011ko martxoaren 14an, [?] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa egiten zuen udalaren aurka, Donibane auzoan sortutako zaratengatik.

    Kexa-idazkian, honakoa azaltzen zuen:

    1. Iruñeko Udala toleratzen ari da gauez zuzeneko rock kontzertuak egin daitezela lokal oso txikietan, baimenik gabe, bai eta bizilagunen etxeetan ere. Horiek guztiak Donibane auzoan.

    2. Gazteen koadrilek zalaparta handia sortzen dute gau osoan, Usungo Monasterioa kalearen ondoko plazako eserlekuetan. Oihuak goizeko zazpietan areagotzen dira, beste gazte batzuk [?] establezimendutik ateratzen direnean.

    3. Egunsentian, berriz, gaueko zikinkeria kentzeko behin eta berriz bere zarata sorrarekin eta atzera martxako txistu hotsekin pasatzen den makina ekortzaileari tokatzen zaio.
  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, idazki bat igorri nion Iruñeko Udalera, kexan planteaturiko gaiari buruz informa zezan.

    2011ko apirilaren 7an, udalari eskatutako txostena jaso genuen.

AZTERKETA

  1. Kasu honetan udalak eginiko jarduketak aitortuz ere, udalak emandako txostenean aipatzen denaren arabera, erakunde honek badaki, orokorrean, salatutako egitateak egia direla, zeren eta “Iruñeko gazte giroko esparru” nagusietako bati buruzkoak baitira. Erakunde honetan, azkeneko urte hauetan, oraingoaren antzeko salaketak eta kexak aurkeztu izan dira. Azken batean, Usungo Monasterioa kalean eta ondokoetan maiz gauez zarata gehiegi egoten da, aisialdiko gazteentzako jarduera batzuetatik heldutakoa.
  2. Aurrekoa suposatuta, gogorarazi behar da Auzitegi Konstituzionalak ere argi eta garbi esan duela zaratek urratu egiten dituztela intimitaterako, osotasun fisikorako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubide oinarrizkoak –119/2001 zenbakiko epaia, besteak beste–, eta ezarri duela ezen partikular batek arlo honetan beste bati sortutako lesioak Konstituzioaren babesa eragin dezakeela baldin eta administrazio eskudunak ez badu behar bezala jardun (culpa in vigilando).

    Gehiegizko zaratek, nahiz eta legezko jarduerek sortuak izan, legezko izateari uzten diote maila jakin batzuk gainditzen dituztenean, eta gainditze hori dela-medio kanpoko eraso asaldatzaile bihurtzen dira, eta kaltetuak ez du haiek pairatzeko betebeharrik. Immisio horiek oso kaltegarriak dira pertsonari bere etxebizitzan eragiten diotenean, eta etxeko intimitaterako oinarrizko eskubidearen aurkako eraso bat dira (Konstituzio Auzitegiaren 431/2003 epaia).

  3. Udalek funtsezko eginkizun bat dute herritarren eskubide horien babesean. Hala ondorioztatzen da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.f) eta h) artikuluetan esleitzen zaizkien eskumenetatik –lege hori Ingurumena babesteari eta osasungarritasun publikoaren arloko eskumenei buruzko apirilaren 21eko 11/1999 Legeaz aldatu zen–. Horri gehitu behar zaio lege bereko 84.1 b) artikuluan ezarritakoa –1955eko ekainaren 17ko dekretuaren bidez onetsitako Toki Korporazioetako Zerbitzuen Erregelamenduko 1.1 artikuluarekin lotuta dago hori–. Izan ere, biek ematen diete udalei administratuen jarduera pribatuetan esku hartzeko ahalmena, arestian aipatutako babes juridikoa jasotzen ahal duten ondasunak edo interesak babeste aldera.

    Nafarroako Foru Komunitateko araudiari dagokionez, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeko 34.1.b) artikuluak osasun publikoaren arloko eskumenak esleitzen dizkie udalei, horien artean zarataren nahiz bibrazioen osasun-kontrola.

    Organo administratiboen eskumenari ezin zaio uko egin (Administrazio eta Prozedura 30/1992 Legeko 12. artikulua), eta eskumen hori eraginkortasunez eta legea eta zuzenbidea guztiz betez gauzatu beharra dago, Konstituzioaren testuak berak ezarri bezala (Espainiako Konstituzioko 103. artikulua).

  4. Zarata mailei buruzko ordenantzak, Iruñeko Udalak 1975eko uztailaren 28an onetsitakoak, udalaren jarduera erregulatzen du, ingurumena babesteko zaratek eta bibrazioek eragindako perturbazioetatik (1. artikulua). 2. artikuluan honakoa ezartzen du: udal barrutiaren barrenean derrigor bete beharreko arauen pean geratzen dira (...) bizilagunei eragozpenak sortzen dizkieten zaratak edo bibrazioak eragiten dituzten jarduketak eta jokabideak.

    Halaber, aipatutako ordenantzako 18. artikuluak honakoa ezartzen du: Alkatetzak zehatu ahal izanen du edozein jokabide banakako nahiz kolektibo, bizilagunentzat zaratengatik nahiz bibrazioengatik perturbazio bat eragiten duena, perturbazio hori jokabide zibiko normal bat betez saihets baldin badaiteke.

    Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 139. artikuluaren arabera, toki entitateek arau-hausteen sailkapena finkatu ahal izango dute, baita zehapenak ezarri ere, kasuan kasuko ordenantzetan jasotako eginbeharrak, debekuak zein murrizpenak ez betetzeagatik. Eta oso larritzat jotzen du (apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 140.1.a) artikulua) Elkarbizitzaren nahasmendu nabarmena, hain zuzen beste pertsona batzuen lasaitasuna edo beren legezko eskubideez baliatzea larri, berehala eta zuzenean eragozten duenean... zein osasungarritasun edo apaindura publikoei eragiten dienean, baldin eta Herritarren Segurtasuna Babesteko otsailaren 21eko 1/1992 Legeko IV. kapituluan aurreikusitako jokaera motetan sartu ezin direnak badira.

  5. Horrenbestez, hau bezalako kasuetan, Iruñeko Udala, ukitutako jabetzen mugan (Usungo Monasterioa kaleko [?] eta [?] aretoekin mugakideak diren terrazetan edo balkoietan) kanpoko zarataren maila neurtzeko beharrean dago, bere eskumenez baliatuz eta betebeharrak betez, ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 6. artikuluko 1., 3., 4. eta 5. idatz-zatietan ezarri bezala. Eta kanpoko zarataren mailak ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 15., 16. eta 17. artikuluetan ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu (dBA-tan neurturik), zaratak eta bibrazioak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezarri zituen 135/1989 Foru Dekretuko VI. kapituluan, arau-hauste eta zehapenei buruzkoan, ezarritakoa aplikatuko da.

Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari gogoraraztea ingurumenaren arloko bere eskumenez eta erantzukizunez baliatzeko legezko betebeharra duela, bereziki bizilagunen etxeko intimitaterako eskubidea urratzen duten gehiegizko zaraten aurka, eta bidezkoak diren neurketak egin eta, kasua bada, mugak eta zehapenak ezarri behar dituela.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari legezko betebeharren gogorarazpen hau onartzeari buruz informa dezan, eta jakinaraz dezan horri buruz zein neurri hartu behar dituen, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiei buruzko informa dezan, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  3. Ebazpen hau interesdunari eta Iruñeko Udalari jakinaraztea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia