Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

62/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 apirila 13

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Retraso en entrega de documentación solicitada al Ayuntamiento de Larraga

Exp: 10/959/D

: 62

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2010eko abenduaren 23an, [?] jaunaren idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Larragako Udalaren aurka, dokumentazio jakin bat ez emateagatik.

    Azaltzen du 2010eko irailaren 30ean, dokumentazio jakin bat eskatu ziola Larragako Udalari “[?]” merkataritza entitatearen eratzeari eta funtzionamenduari buruz. Izan ere, Larragako Udala merkataritza entitate horren bazkidea da. Eskari hori, adierazitakoaren arabera, egin zen Nafarroako Administrazio Auzitegian aurkeztutako gora jotzeko errekurtso batean aurkeztutako dokumentazioan erantsi ahal izateko.

    Azaltzen du ezen, dokumentazio hori emateko epea iraganda, 2010eko azaroan berriz ere eskaera egin zuela, entitate horretako idazkari jaunarekin izandako telefono bidezko elkarrizketa batean; idazkariak, interesdunak esandakoaren arabera, hitzez adierazi zion eskaera aztertua zutela eta handik gutxira eskatutako dokumentazioa helaraziko ziotela.

    Interesdunak baieztatzen du ordutik berriz ere saiatu izan dela telefonoz idazkari jaunarekin hitz egiten, baina ezin izan duela lortu.

    Eskatutako dokumentazioa eman ez zaionez eta kontuan izanda eskaera egin zuenetik iragan den denbora, [?] jaunak erakunde honetan salatu zuen Larragako Udalaren jokabidea.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean ezarritakoaren babesean, Larragako Udalari eskatu genion aipatutako gaiari buruz informa zezan. Hori eskatu genion, hain zuzen ere, 2010eko abenduaren 28ko idazkiaren bitartez, eta aipatutako foru legeko 24.1 artikuluan ezarritako hamabost eguneko epea eman genion.

  3. Eskatutako informazioa jaso ez dugunez, Larragako Udalari 2011ko otsailaren 9an jakinarazitako idazkiaren bitartez, berriz ere eskari bera egin genion, eta gogoratu genion erakunde honi laguntzeko leggezko betebeharra duela. Beste hamar eguneko epea eman genion eskatutako txostena bidaltzeko.

  4. 2011ko martxoaren 15ean, Larragako alkate andreak izenpetutako idazki bat jaso zen gure erakundean.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak berak 26. artikuluan xedatzen duenez, “botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari lehentasunez eta presaz haren ikerketa eta ikusketetan”.

    Erakundeek elkarri laguntza emateko betebehar hori –aipatutako foru legeko IV. eta V. kapituluetako zenbait arautan aipatzen dena– berezkoa dute botereen banaketaren printzipioak, bai eta Nafarroako Arartekoak Nafarroako administrazio publikoen jarduerekiko duen ikuskapen funtzioa arautzen duten printzipioek ere, eta berarekin dakar, eginkizun horren pean dauden entitateentzat, legegileak ezarritako epeetan erantzun behar izatea herritarrek aurkeztutako kexak direla-eta eginiko informazio eskariei.

    Legegileak administrazio publikoei ezarritako betebehar bat da hori, herritarrek Arartekoak ordezkatzen duen eskubideen erakunde-bermeaz baliatzeko duten eskubidea eraginkor bihurtzeko, haren ezaugarri diren arintasunarekin eta malgutasunarekin, eta betebehar hori ez betetzeak zenbait ondorio ekar ditzake berarekin. Ondorio horiek Nafarroako Arartekoari buruzko Foru Legean bertan eta Zigor Kodean aurreikusita daude. Azken arau horrek, izan ere, bere 502.2 artikuluan, sailkatzen ditu Arartekoak edo autonomia erkidegoetako organo baliokideek eskatutako txostenak bidaltzeari ezezkoa emateko edo horretan geroratzeko kasuak.

    Hemen aztertzen ari garen espedientean, erakunde honek 2010eko abenduaren 28an egin zion informazio eskaria, eta 2011ko otsailaren 9an jakinarazitako idatziaren bitartez berretsi zen eskari hori. 2011ko martxoaren 15era arte, ordea, ez zen inolako erantzunik jaso, hau da, bi hilabete eta erdi geroago.

    Horrenbestez, bidezkoa da Larragako Udalari gogoraraztea erakunde honekin lankidetzan –presaz eta lehentasunez– jarduteko duen legezko betebeharra.

  2. Kexaren edukiari dagokionez, berriz, nahitaez abiapuntutzat hartu beharra dago hura Larragako Udalaren aurka aurkeztu zela dokumentazio jakin bat eskuratzeko eskaerari ez erantzuteagatik; dokumentazioa toki entitate horrek parte hartzen duen merkataritza-entitate baten eratzeari eta funtzionamenduari buruzkoa zen (merkataritza-entitatea udal horrek eta Izarbeibarko Mankomunitateak sortu zuten).

    Erakunde honek izapidetutako espedientean ikuskatzen ari den administrazio publikoa, horrenbestez, Larragako Udala da, zeren eta kexa-egileak ulertzen baitu ez duela bete bere eskariari erantzuteko betebeharra.

    Larragako Udalak emaniko erantzuna ikusita, zehaztu beharra dago ez dela erakunde honen eginkizuna aipatutako merkataritza-sozietateari buruzko informazioa lortzea, baizik eta udalak herritar baten dokumentazio-eskaera baten aurrean izan duen jokabidea ikuskatzea. Horrenbestez, erakunde honek jasotako txostenak, berandu iristeaz gainera, ez dio erantzuten kexaren xedeari, zeina baita Larragako Udalak ezer ez egitea [?] jaunak eginiko dokumentazio-eskaeraren aurrean.

  3. Aurrekoa ezarri ondoren, adierazi beharra dago administrazio prozeduraren funtsezko araua dela berariaz ebatzi behar direla –eta ondoren ebazpen hori jakinarazi–, herritarrek aurkeztutako eskaera guzti-guztiak (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua).

    Arau hori behin eta berriz errepikatu izan da Nafarroako toki administrazioaren esparruari dagokionez; esaten baterako, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, non honakoa ezartzen baita: “Nafarroako toki entitateak behartuta egonen dira haien eskumenak diren arloetan aurkezten dizkioten eskaera guztiak ebatzi eta ebaztera”·(318.1 artikulua), eta “toki erakunde eta entitateek beren eskumen gabezia aitortu beharko dute, agintariek hori eskatzen ez badiete ere, ezagutzea egokitzen ez zaizkien gaiei buruzko erabakiak eskatzen zaizkienean” (329. artikulua).

    Ebazteko eta jakinarazteko betebeharra herritarrek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidearen korrelatiboa da; azken hori Europar Batasunaren esparruan ezarri zen eta barne ordenamenduko arauetan berariaz sartu da gero.

    Horrenbestez, kexa-egileak Larragako Udalari aurkeztutako kexaren antzeko eskaeretan, udal horrek hura berariaz ebazteko betebeharra dauka eta hartutako erabakia interesdunari jakinarazteko betebeharra ere bai, erantzuna edonolakoa dela ere. Horri dagokionez, abstraktuan, aukera bat baino gehiago daude:

    1. Larragako Udalak uste baldin badu kexa-egileak eskubidea duela eskatu duen dokumentazioa eskuratzeko (eta, egiazki, aldez aurretik, ez dugu inongo oztoporik aurkitzen dokumentazio hori udalaren eskuetan baldin badago eta aipatutako merkataritza-entitatea eratzeko espediente administratiboaren atal bat baldin bada), eman egin beharko dio.

    2. Baldin eta Larragako Udalak uste badu kexa-egileak ez duela eskubiderik dokumentazio hori eskuratzeko, eskaria berariaz ezetsi beharko du eta erantzunaren zioak eman beharko ditu (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 54. artikulua).

    3. Eta, azkenik, toki entitateak uste baldin badu ez duela eskumenik egindako eskaerari buruz erabakitzeko, horixe adierazi beharko dio eta jakinarazi beharko dio berariaz herritarrari, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko arestian aipatutako artikuluan exijitzen den bezala, administrazio-prozedurari buruzko legediko dagozkion arauekin bat etorriz.

  4. Nolanahi ere, jokabide juridikoaren aurkakoa dena da egindako eskaera berariaz ez ebaztea.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Larragako Udalari gogoraraztea erakunde honi presaz eta lehentasunez laguntza emateko legezko betebeharra daukala, eta informazio-eskariei Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean ezarritako epeetan erantzun behar diela.

  2. Larragako Udalari gogoraraztea kexa-egileak eginiko dokumentazio-eskaera berariaz ebatzi behar duela, eta hartzen duen erabakia jakinarazi egin behar diola, dokumentazio emanez, edo, hala ez bada, hura ez emateko zioak edo gaiari buruzko eskumen gabeziaren zioak azalduz.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Larragako Udalari ebazpen honen onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

  4. Ebazpen hau interesdunari eta Larragako Udalari jakinaraztea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia