Partekatu edukia
Justizia
Gaia: Negligencia profesional de abogado asignado en turno de oficio
Exp: 11/125/J
Nº: 61
Justizia
2011ko otsailaren 28an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez salatzen zuen ofizioko txandaren bitartez esleitu zioten abokatu kolegiatu baten lanbide-jarduketa, zabarkeriazkoa eta bere eskubideen urratzailea iruditu zitzaiolako.
Azaltzen du 2010eko maiatzaren 10ean, ofizioko abokatu bat esleitu ziotela, lan egiten zuen enpresaren aurkako demanda bat aurkez zezan, bidegabeki kaleratu eta lansariak ordaindu ez zizkiotelako.
Baieztatzen du kolegiatuak kasua guztiz eta erabat albo batera utzi zuela, eta interesduna hartu ere ez zuela egin, eta behin eta berriz egin zizkion deiei ere ez ziela erantzun. Adierazten du arreta falta horren aurrean, Iruñeko Abokatuen Elkargora jo zuela, gaia birbideratze aldera, baina izapide hori alferrekoa izan zela.
Adierazten du berriki Iruñeko Epaitegien Dekanotzak ziurtagiria eman zuela, jasota uzte aldera adierazitako demanda ez zela Lan arloko Epaitegian aurkeztu.
Kexa-egileak argudiatzen du kaleratzea argi eta garbi bidegabea zela (horri dagokionez, baieztatzen du beraren antzeko egoeran zeuden enpresa bereko beste hamabost langilek kalte-ordainak kobratu zituztela), eta ekintza prozesala erabil ez izanak kalte handiak eraginak zizkiola arlo pertsonalean (bizi zeneko pisuko maizter-botaketa eta adjudikatua zuen babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratzeko exijitzen zitzaion abalari ezin aurre egitea).
Azaltzen du Iruñeko Abokatuen Elkargora jo zuela egoera salatzeko, uste baitzuen, Elkargoak duen erantzukizun zibileko aseguruaren bidez, nozitutakoarengatiko kalte-ordainak ordaindu beharko zizkiotela.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu nion Iruñeko Abokatuen Elkargoari.
Kexa-egileak salatzen du bere eskubide eta interesak defendatzeko ofizioko txandan esleitu zioten legelariak izandako jokabidea, lan izaerako zerbitzuak eman zizkion enpresarekin zeukan auzi bat zela eta.
Elkargokidearen lanbide-zabarkeriatzat jotzen duenean oinarrituta, haren jokabidea salatzeaz gainera, kexa-egileak eskatzen du eragindako kalte eta galerengatiko ordain ekonomikoa eman diezaioten, eta jotzen du Iruñeko Abokatuen Elkargoa dela kalte-ordain horretaz arduratu behar dena. Asmo hori zehaztuta dago erakunde honetan aurkeztutako kexan, baina agertzen da, baita ere –nahiz eta modu ez hain zehatz batean, aitortu behar denez– Elkargoari berari 2011ko otsailaren 18an aurkeztutako idazkian, non honako esaten baitu: aurrez azaldutakoan oinarrituta, eragindako kalteengatik, erantzukizun zibileko aseguruari erreklamazio bat egin nahi zaio
.
Aurrekoa gorabehera, interesdunaren idazkiak eta Iruñeko Abokatuen Elkargoaren txostena ikusita, bai gogorarazi beharra dago azken horrek ondare erantzukizuna izan dezakeela Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legeak ezarritakoaren esparruan elkargokideek garatutako jarduera dela eta.
Lege horren 26. artikuluak ezartzen du ezen, doako laguntza juridikoaren zerbitzuen funtzionamenduari dagokionez, abokatuen eta prokuradoreen elkargoak lotuta daudela Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak administrazio publikoentzat ezarritako ondare-erantzukizuneko printzipio berekin.
Lege-agindu hori Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onetsi zuen uztailaren 25eko 996/2003 Errege Dekretuko 34. artikuluak osatu zuen; izan ere, hartan ezartzen da doako laguntza juridikoko elkargo-zerbitzuen funtzionamendua dela-eta eragindako kalteak Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legen jasotako ondare-erantzukizunari buruzko arau eta printzipio orokorren arabera ordainduko direla, eta espedientearen izapidetzeari dagokionez, Ondare erantzukizunaren arloan administrazio publikoen prozedurak onetsi zituen martxoaren 26ko 429/1993 Errege Dekretuan ezarritakora bidaltzen du, eta funtsezko eta prozedurazko zenbait zehaztapen ere sartzen ditu.
Aurreko xedapen normatiboak direla eta, ondorioztatu beharra dago doako laguntza juridikoaren zerbitzua ematearen arloan, ez dela prima facie baztertu behar abokatuen elkargoen ondare erantzukizuna (kasu honetan, Iruñeko Abokatuen Elkargoarena); izan ere, administrazio publiko gisa dihardute legeak araututako zerbitzu hori ematerakoan.
Xedapen horiek jotzen dute administrazio publikoen ondare-erantzukizunari buruzko 30/1992 Legeko 139. artikuluak eta ondokoek ezarritakora, bai eta legezkoa arau hori ardazten duten printzipio orokorren betetzera ere; izan ere, printzipio horien artean pro actione deitutako printzipioa dago, zeinak, beste adierazpen batzuez gainera, berekin baitakar herritarren idazkiak interpretatzea haien eskubideentzat aldekoena den zentzuan, eta, baita haiek berriz kalifikatzera ere, haien izaeraren arabera, beharrezkoa balitz.
Adierazitako gogoetak kasuari aplikatuta, erakunde honek uste du gomendagarria dela Iruñeko Abokatuen Elkargoak, kasuaren inguruabarrei eta kexa-egileari esleitu zioten profesionalaren jokabideari erreparatuta, aztertu eta sakontasunez balora dezala bere ondare-erantzukizuna aitortzeko aukera.
Adierazi dugun bezala, egia da kexa–egileak Iruñeko Abokatuen Elkargoan aurkeztutako idazkia ez dela zehatza, kalifikazio juridikoari dagokionez, baina ulertu beharra dago, era berean, horixe dela Días jaunaren borondatea elkargo horretara jo zuzenean, eta legelariaren zabarkeriazko jokabidea jotzen duenean eta eragin dizkion kalteetan oinarrituta, adierazten du “erantzukizun zibileko aseguruari erreklamazio bat egin nahi diola”. Eta, azkenik, adierazi beharra dago administrazio publikoen ondare-erantzukizuneko prozedurak ofizioz ere abiarazi ahal direla, hori gomendatzen duen elementurik baldin badago.
Horren guztiaren ondorioz, erakunde honek ezin du iritzirik eman salatutako lanbide-zabarkeriari buruz (alabaina, horri dagokionez, badirudi garrantzirik baduela legelariak Elkargoaren errekerimenduei erantzun ere egin ez izatea), eta ezin du, ondorioztatu, ezta ere Iruñeko Abokatuen Elkargoak ondare-erantzukizuna duenik. Alabaina, herritarren eskubideak aldezteko eta haien babes-maila hobetzeko eginkizunaz baliatuta, jotzen du komenigarria dela iradokitzea aukera hori sakontasunez aztertu eta balora dadila, adierazitako arrazoiak direla eta.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Iruñeko Abokatuen Elkargoari gogoraraztea Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legeko 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko legezko betebeharra duela, eta legezko betebeharra duela, halaber, erreklamazio-egileen idazkiak kalifikatu eta izapidetzeko haien xedeari eta egiazko izaerari erreparatuta.
Iruñeko Abokatuen Elkargoari iradokitzea kasu zehatz honetan, legelariaren jokabidea dela-eta ondorioztatzen denaren arabera eta interesdunari ustez eragin zaizkion kalte eta galeren arabera, sakontasunez aztertu eta baloratu dezala Elkargoak ondare-erantzukizuna izateko aukera, eta herritarrari dagokiona helaraz diezaiola.
Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Abokatuen Elkargoari legezko betebeharren gogorarazpen honen eta iradokizun honen onarpenari buruz eta haiek dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, haiek ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia