Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Falta de respuesta a solicitud de indemnización por accidente al subir a un autobús público en Pamplona
Exp: 11/118/O
Nº: 59
Zerbitzu publikoak
2011ko otsailaren 21ean, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetara. Horren bidez, kexa bat azaltzen zuen Iruñerriko Mankomunitatearen aurka, lineako autobus batera igotzerakoan izandako istripu baten ondoriozko kalteengatiko ordainaren eskariari ez erantzuteagatik.
Azaltzen du 2009ko urriaren 29an, Iruñean zegoela, Nafarroa Behereko Etorbidean dagoen autobus geltokian, Sarriguren aldera joaten den 18. lineako hiri autobusaren zain. Autobusa geltokira iritsi zenean, ez zen espaloira behar beste hurbildu, eta ezin izan zen hartara espaloitik igo. Autobusera igotzen saiatzen ari zenean, autobuseko eskaileraren eta espaloiaren arteko zuloan erori zen, eta kolpe handia jo zuen hankarekin ibilgailura igotzeko lehenengo mailarekin. Une hartan, bertan zeuden beste pertsona batzuek laguntza eman zioten, eta erorikoaren ondorioz lesio larria pairatu zuen ezkerreko hankan. [?] Ospitaleko Larrialdietako zerbitzura joan zen, eta egun hartatik eta 2010eko martxoaren 8ra arte bajan egon zen, eta erizainek zainketak egitera joan behar izan zen behin eta berriz. Azkenik, alta jaso bazuen ere, honako ondorioak geratu zitzaizkion: -lesio eritematosoa, petekia gisakoa, tibiaren gandorraren parean, 1/3 beheragokoa, lehenengo lesioak gehien ukitutako tokiarekin bat egiten duena; -tokiko tenperaturaren handitzea, eritema eta hanpadura, bai eta min arina ukituz gerotan; lehendik zeuden barizeek tamaina handiagoa hartua zuten.
Behin egitateak eta lesioak azalduta, kontatzen du Mankomunitateari haien berri eman ziela, eta hark jakinarazi ziola garraio-zerbitzuaren arduraduna [?] enpresa zela, eta hark egitateak [?] aseguru-enpresari ezagutzera emana zegoela.
Behin alta jasota, idatziz 3.724,50 euroko konpentsazio ekonomiko bat eskatu zuen. 2010eko urriaren 18an, erreklamazioa berretsi zuen, baina kexa aurkezteko egunean oraindik ere inongo kalte-ordainik jaso gabe zegoen, eta aurkeztutako idazki horien erantzuna ere jaso gabe zegoen.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakin ahal izateko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiei buruzko txosten bat eskatu zitzaion Iruñerriko Mankomunitateari.
Konstituzioko 106.2 artikuluak ezartzen du partikularrek, legeak ezarritako moduan, eskubidea izanen dutela kalte-ordaina jasotzeko beren ondasun eta eskubideetan jasandako lesio ororengatik, ezinbesteak eragindako kasuetan salbu, lesio hori zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorio izanez gero.
Konstituzioaren agindua garatzeko, Herri Administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 139. artikuluak eskubidearen aitorpena berresten du, eta zehazten du bera sortuko dela lesioa zerbitzu publikoen funtzionamendu normalaren edo ez-normalaren ondorioa denean.
Administrazio Publikoaren ondare-erantzukizunaren sistema, konstituzio-egileek eta legegileak diseinatutakoa jatorri objektibokoa da. Horrela, haren funtsa biktimaren ondarearen babesa eta bermea dira, bilatu gabeko, nahi gabeko eta ukituak jasateko betebehar juridikoa ez duen kalte ororen aurrean zaindua, ekintza administratiboaren emaitza den bitartean. Administrazioaren erantzukizunaren joera da zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioa den lesio oro estaltzea, betiere adierazpide hori ulertuta borondatezkotasun maila eta agentearen aurreikuspena bera zein diren alde batera utzita, nahiz eta jatorrizko egintza legez gauzatu eta funtzionamendu irregular orotatik kanpo enkoadratuta egon, alde batera utzita ordaindu beharreko lesioa eragiten duen egintza zilegi den edo ez den (guztien adibide gisa, Auzitegi Gorenaren 1997ko abenduaren 19ko epaia).
Jurisprudentziak behin eta berriz errepikatu duen bezala, nahikoa da kalte efektiboa eragiten duen kalte-emaitza bat gertatzea, ekonomikoki ebaluagarria eta indibidualizatua, pertsona bati edo pertsona-talde bati dagokiona, kalteak ordaintzeko betebeharra sortzeko, egintzaren eta kaltearen arteko kausalitate-erlazioaren baldintzaz beste baldintzarik eskatu gabe, alde batera utzita Administrazioaren jarduna erregularra izan den ala ez.
Horrenbestez, erantzukizun objektibo bat da edo emaitzazkoa
, eta hartan, izan ere, ez du garrantzirik Administrazioaren jarduna normala izan den ala ez den izan.
Hura deklaratzeko, esan dugun bezala, nahikoa da, haren ondorio zuzen gisa, kalte efektibo bat gertatu izatea, ekonomikoki ebaluagarria eta banakakoa, eta hura jasateko betebehar juridikoa ez edukitzea.
Erantzukizuna izateko behar diren egitateen probaren zama kalte-ordaina erreklamatzen duenari dagokio; eta, aitzitik, Administrazioaren bizkar uzten da zerbitzuaren funtzionamendu zuzena frogatzea edo indar nagusi bat edo inguruabar batzuk egotea, dolua edo biktimaren sufrimendu nahikoak badaudela demostratuko dutenak, kausalitatearen lotura hautsi dela jo ahal izateko.
Aztertu beharreko gaia, erreklamazioa ezestea determinatu zuena, da zerbitzu publikoaren eta eragindako kaltearen arteko behar den kausazko lotura egon zen ala ez zen egon. Iruñerriko Mankomunitateak erlazio hori ukatzen du. Ulertzen du gidariaren jokabidea, autobusa espaloira behar adina hurbildu ez zuenean, ez dela nahikoa garrantzitsua ulertzeko kausa-ondorioa erlazioaren konkurrentzia, zeina beharrezkoa baita Administrazioari erantzukizuna egozteko, kontuan izanda garraio publikoaren erabiltzaileei exijitzekoa zaizkien gutxieneko diligentzia eta arreta.
Kausazko loturaren existentziari buruz erabakitzeko, jurisprudentziak bi teoria dauzka: Horietako lehenak berekin dakar egitate edo baldintza guztiek, modu batera edo bestera, amaierako kalte-emaitza sortzen laguntzea (baldintzen baliokidetasunaren teoria). Bigarrenak baieztatzen du, kausazio egokiaren teoriaren arabera, egitate bat kaltearen kausatzat hartu ahal izateko, beharrezkoa da berez aproposa izatea hura sorrarazteko, esperientzia komunaren arabera; hau da, bereziki gai izatea lesio-eragina sorrarazteko. Ondorio fidagarri eta eztabaida ezinak lortzeak daukan zailtasunaren aurrean, bio teoriak batera erabiltzen dira, justiziaren terminoetan onargarria den emaitza bat lortzeko xedez, orokorrean onartzen diren balio-kontzeptuen arabera.
Kasu honetan, adierazitako egitateak, aldeek onartutakoak, eta gertatzen diren inguruabarrak ikusita, ezin da ulertu kausazko lotura hautsi denik eta ezin zaio lesionatuari egotzi autobusera igotzerakoan diligentzia faltaz edo arreta faltaz jokatu zuenik. Inguruabar berezi bat ere badago, zeina baita autobusa ez zela espaloira hurbildu, eta hori ezin da ohikotzat jo, eta urrun egote horixe izan zen erorikoa eta kexa-egileak pairatu zituen kalteak eragin zituena.
Horrela, bada, aurkeztutako datuak eta dokumentuak aztertuta, erakunde honek jotzen du kaltea eragin zuen istripua zuzenean eta objektiboki hiri garraio publikoaren ez-normaltzat jo beharreko funtzionamenduaren ondorio bat izan zela; izan ere, hainbesteraino izan zen ez-normala non erorikoa eragin baitzuen, eta kasu horretan horrek ez du hausten kexa-egilearen aldetik ustezko arreta-falta batek eraginen zuen kausazko lotura.
Horretatik guztitik ondorioztatzen da kausazko lotura bat izan zela eta, horrenbestez, Mankomunitatearen ondare-erantzukizun objektibo bat, eta kexa-egileak eskubidea zuela egiaztatutako kalteengatiko ordaina eskatzeko, Konstituzioko 126. artikuluak ezartzen duen bezala.
Azaldu den bezala, kexa-egileak salatzen du, halaber, Iruñerriko Mankomunitateak ez ziela erantzun kalte-ordaina eskatzeko aurkeztu zituen idazkiei.
Horri dagokionez, adierazi beharra dago Administrazio Publikora hari zerbait egin dezan eskatzeko idatziz jotzen duen herritar orok eskubidea duela, gutxienez ere, bide beretik erantzun bat jasotzeko, alde batera erantzun hori baiezko edo ezezkoa den. Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso zen eta barneko antolamendu juridikoan sartu zen eskubidea baita. Eta hala ondorioztatzen da, zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ere; izan ere, lege horrek aurkeztutako eskabide guztiak berariaz ebazteko betebeharra jasotzen du. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluak ezartzen du toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak –haien eskumenekoak direnak– ebatzi eta jakinarazi behar dituztela.
Are gehiago, adierazi beharra dago ezen, Zuzenbide Administratiboan, ez dagoela forma-askatasunik egintzak sortzeko moduari dagokionez. Izan ere, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen Legeak ezartzen du egintzak idatzizkoak izanen direla, egintza horien izaera dela-eta adierazpide egokiago bat exijitzen edo bideratzen ez den bitartean.
Azken batez, ahozko erantzunak edo jasota geratzeko aukerarik ematen ez duten beste modu batzuetakoak ez dira nahikoak, eta Iruñerriko Mankomunitatea behartuta dago eskabideei idatziz, berariaz eta formalki, erantzutera.
Aurreko guztia dela eta, foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Iruñerriko Mankomunitateari gogoraraztea konstituzioaren eta legeen arabera behartuta dagoela partikularrei kalte-ordainak ematera haiek edo haien onasun eta eskubideek, bere eskumeneko zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz, pairatzen dituzten lesioengatik.
Halaber, Iruñerriko Mankomunitateari gogoraraztea legez berariaz erantzun behar diela, behar diren epean eta moduan, herritarrek aurkeztutako eskabide eta eskariei erantzutera; besteak beste, kexa-egileak aurkeztutako eskabideei.
Iruñerriko Mankomunitateari gomendatzea kasu honetan ondare-erantzukizuna bere gain har dezan, eta kexa-egileari bidezkoa den kalte-ordaina ordain diezaion.
Bi hilabeteko epea ematea Iruñerriko Mankomunitateari ebazpen honen onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia