Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Sistema de reintegro de medicamentos de los afiliados al Servicio de Asistencia Sanitaria, Uso Especial.
Exp: 11/7/F, 11/8/F, 11/9/F y 11/10/F
Nº: 58
Funtzio publikoa
2011ko urtarrilaren 11n, Osasun Laguntzarako Erabilera Bereziko Zerbitzuari afiliatutako lau funtzionario jubilaturen lau kexa-idazki aurkeztu ziren erakunde honetan, sendagaien gastua itzultzeko sistemari buruzkoak.
Kexa-egileek beren idazkietan azaltzen dute gizarte segurantzako beren izen berekoen antzeko prestazioak dauzkatela, salbu eta sendagaien gastuaren aurrerapenari dagokionez.
Adierazten dute Osasun Laguntzarako Erabilera Bereziko Zerbitzuan afiliatuta daudenek sendagaien prezioa farmazian erosten duten unean ordaindu behar dutela. Sendagaien gastu horien zenbatekoaren itzulketa, berriz, hiruhilekoa pasatzen denean egiten da, eta itzulketaren ordainketan, gainera, bi hilabete bitarteko atzerapenak gertatzen dira, itzulketa eskatzeko idazkiak aurkezten direnetik hasita. Horrela, baieztatzen dutenaren arabera, hiruhilekoaren hasieran erosten dituzten sendagaiak ez zaizkie ordaintzen bost hilabete iragan arte.
Uste dute egoera hori zuzengabea dela, eta eskatzen dute jubilatuen eta pentsiodunen aldeko ordainketa-sistema zuzen dadila. Iradokitzen dute farmazialarien elkargoarekin hitzarmen berezi bat egin dadila, egoera horri konponbidea emate aldera.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari.
2011ko otsailaren 14an, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari eskatutako txostena iritsi zen.
Nafarroako administrazio publikoen montepioei atxikitako funtzionarioen osasun laguntzarako zerbitzuaren prestazioak Osasun Laguntzaren Zerbitzuari buruzko Erregelamenduan daude araututa. Erregelamendu hori, izan ere, Foru Diputazioaren 1973ko abuztuaren 24ko Erabakiaren bidez eta abuztuaren 19ko 186/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen; izan ere, azken foru dekretu horren bidez, Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen Osasun Laguntzarako Erabilera Bereziko Zerbitzuaren tarifak gaurkotu ziren, hari atxikita dauden funtzionarioentzat.
Aipatutako abuztuaren 19ko 186/2002 Foru Dekretuak, gainera, beharrezko neurri batzuk sartu zituen, zerbitzua arrazionalizatzeko eta hobetzeko, hain zuzen ere Osasun Laguntzarako Erabilera Bereziko Zerbitzua egungo errealitateari egokitzeko eta haren kudeaketa hobea bideratzeko.
Horri dagokionez, foru dekretu horren 4. artikuluak, honakoa ezartzen du: Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak behar diren zuzemenak eginen ditu, Farmazialarien Elkargo Ofizialarekin botiken gastuak itzultzeko sistema bat ezartzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoaren antzekoa
.
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak bere txostenean baieztatzen du 2002an eta 2003an, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak zenbait kudeaketa eta lan egin zituela eta hain bitartez analizatu zituela zein aukera zeuden Osasun Laguntzarako Erabilera Bereziko Zerbitzuari afiliatuta zeuden funtzionarioentzat farmazia-gastuak itzultzeko sistema bat ezartzeko, hain zuzen ere Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ezarritakoaren arantzekoa. Alabaina, azterketa horretatik ondorioztatu zen sistema hori gauzatzeko garrantzi handiko aldaketak egin behar zirela eta aldaketa horiek eragina izanen luketela bai Foru Komunitateko Administrazioarengan, bai sistemako onuradunengan. Gainera, hitzarmeneko harremanak ezin ziren Farmazialarien Elkargo Ofizialarekin gauzatu; zian ere, Farmazia Laguntzari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, harreman hori zuzenean eta banaka ezarri beharrekoa zen farmazia bakoitzeko titularrekin.
Hori guztia dela eta, eta aurreikuspen sistema horren “iraungitzeko” izaera kontuan izanda, bai eta haren onuradunen kopuru gero eta txikiagoa, txostenean baieztatzen den bezala, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak ondorioztatu zuen ez zuela lehentasunezkotzat jotzen farmazia-gastuen itzulketa-sistema aldatzea.
Azaldutakoa dela eta, ondorioztatzen da ezen Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak, Osasun Laguntzarako Erabilera Bereziko Sistemako afiliatuen farmazia-gastuen itzulketa-sistemaren aldaketari dagokionez, behar diren kudeaketak egin direla Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin ezarritakoaren antzeko sistema bat itzaltzeko kudeaketak egin direla, farmazia-prestazioaren itzulketari dagokionez, baina ezin izan dela lortu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin ezarritakoaren antzeko sistema bat hitzartzeko helburua bete, zeren eta hitzarmen hori ezin baita Farmazialarien Elkargo Ofizialaren bitartez gauzatu, hain zuzen ere dauden farmazia guzti-guztiekin hitzartu behar delako.
Horrenbestez, ezin da jo Administrazioak abuztuaren 19ko 186/2002 Foru Dekretuko 4. artikuluan ezarritakoa hautsi duenik.
Osasun prestazioen ordainketari dagokionez, Osasun Laguntzarako Erabilera Bereziko Sistemako afiliatuentzat ezarritako sistema orokorra da erosten dituzten sendagaien zenbatekoa hiruhilekoz behin ordaintzea, kasuko hiruhilekoa amaitu denean. Hileko osasun gastuek 300,51 euroko kopurua gainditzen duten kasuak salbuespen izanen dira; izan ere, halakoetan, abuztuaren 19ko 186/2002 Foru Dekretuko 3. artikuluan ezarri bezala –hartan Osasun Laguntzarako Erabilera Bereziko Zerbitzurako tarifak gaurkotzen dira– hilerokoa izanen da gastuak itzultzeko modalitatea.
Kexa-egileek adierazten dute hiruhilekoka ordaintzen diren prestazioen ordainketarako sistema orokorrean bi hilabete bitarteko atzerapenak gertatzen dira.
Herritzarrentzako zerbitzua da Administrazio Publikoaren izaeraren funtsa osatzen duten oinarrizko printzipioetako bat, zeinak, horrenbestez, Administrazioaren jarduera ororen buruan egon behar baitu. Printzipio hori betetzeko, bai eta herritarrek beren gaien administrazio egokia izateko duten eskubidea betetzeko –berariaz jasota dago hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 7. artikuluan–, beharrezkoa da Administrazioak eraginkortasunez, efizientziaz eta azkartasunez joka dezan.
Horrenbestez, bidezkoa da gomendatzea ezen Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak behar diren neurriak ezar ditzala Osasun Laguntzarako Erabilera Bereziko Zerbitzuko afiliatuen osasun-prestazioen ordainketa-epeak gutxitzeko, bereziki langile jubilatuen kasuan, gaitasun ekonomiko txikiagoa baitute.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoratzea legez eraginkortasunez, azkartasunez eta efizientziaz jokatzeko betebeharra duela eta herritarrek beren gaien administrazio egokia lortzeko duten eskubidea bermatu behar duela.
Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea behar diren neurriak har ditzala Osasun Laguntzarako Erabilera Bereziko Zerbitzuko afiliatuen osasun gastuen itzulketarako epeak gutxitzeko, bereziki langile jubilatuen kasuan.
Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia