Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

56/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?]-k aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 martxoa 24

Gizarte ongizatea

Gaia: Inexistencia de cuidadores para cuidar a menores en centro de urgencias para atención de mujeres maltratadas

Exp: 11/131/B

: 56

Gizarte ongizatea

AURREKARIAK

  1. 2011ko otsailaren 28an, [?]-k aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundera. tratu txarrak jasandako emakumeentzako zentro bateko gabeziei buruzkoa da idazkia.

    Azaltzen du tratu txarrak jasandako emakumeentzako larrialdietako zentroak ez duela oinarrizko laguntzako prestaketarik adingabeentzat, beren amei laguntzeko, bikotekidearen eraso bat pairatu ondoren, bertara doazenentzat hain zuzen.

    Kexa-egileak ulertzen du zentro horretako egonaldian, adingabearentzako zaintza eta laguntza ama bakoitzaren erantzukizuna dela. Alabaina, salatzen du kasu jakin batzuetan amentzat oso zail suertatzen dela lana eta familia bateragarri egitea; hori dela eta, bere ustez, beharrezkoa da langile batzuk egotea adingabeen zaintzaz arduratzeko, amak lan egiten duen bitartean.

    Zehazki, aipatzen du 7:30etatik 11:30era lan egiten duen ama baten kasua, lehen aita baitzen adingabeak ikastetxera eramaten zituena. Erasoaren ondoren, eta udaltzaingoaren bidezko esku-hartzearen ondoren, larrialdietako zentrora joatea gomendatu zioten. Alabaina, behin zento horretara joan zenean, egiaztatu zuen bertan ez zegoela adingabeak ohetik jaikiarazi, haiei gosaria eman eta haiek ikastetxera eramateko langilerik. Hori dela eta, aukera egin behar izan zuen: lanera joan ala seme-alabak zaindu.

    Hori dela eta, jotzen du ezinbestekoa dela larrialdietako zentroak gutxieneko eta behar adinako bitartekoak izan ditzala adingabeei arreta egiteko zaintzaile bat egon dadin, beharrezkoa den kasuetan, are gehiago emakumeak familiaren laguntza-sarerik ez duen kasuetan.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari.

  3. 2011ko martxoaren 17an, eskatutako informazioa sartu zen gure erakundean.

AZTERKETA

  1. Indarkeria Sexistaren Aurkako Neurri Integralak hartzeari buruzko uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legeak, 18.bis artikuluan, zehazten du abegi etxeak edo larrialdietarako pisu edo zentroak familia etxea abandonatzea erabaki edo babesik gabe egon eta indarkeria sexistaren biktima diren emakumeentzako eta haien karguko adingabeentzako abegi baliabideak direla. Artikulu bereko hirugarren eta bosgarren idatz-zatietan esaten da bi baliabide zentro horietan diziplina anitzeko taldeak arituko direla lanean, eta talde horiek laguntza emozional eta psikologikoa eman, egin beharreko kudeaketari buruz aholkatu eta etengabeko lagun egitea eskainiko dutela biktima bertan dagoen bitartean, eta bermatu beharko dutela bertan profesionalak izanen direla hartutako emakume eta adingabeei beharrezkoa duten konpainia egiteko eta esku hartzeko hogeita lau orduz.

    Bestalde, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa ezarri zuen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak adierazten du larrialdietako zerbitzua prestazio bermatua dela, eta haren onuradunak izanen direla generoko indarkeriaren biktimak, bakarrik daudenak nahiz seme-alaba adingabeekin daudenak.

  2. Kexa-egileak bere idazkian salatzen du larrialdietako zentroak ez duela zaintzailerik adingabeei arreta egiteko tratu txarrak jasandako emakumeak familiaren laguntza-sarerik ez duenean eta lana eta familia bateragarri egiteko zailtasunak dituenean.

    Igorritako txostenean esaten da larrialdietako zentroan gizarte langile bat eta zenbait hezitzaile daudela, eta adingabeak uneoro kontuan hartzen direla generoko indarkeriaren biktima den pertsonaren harrera- eta orientazio-prozesuan. Gehitzen du harrera-baliabiderako sarbideak ez duela berekin ekartzen errelebo bat egitea amak haren batera dauden adingabeekiko dauzkan erantzukizunetan, eta bera dela zaintzaren, heziketaren eta arretaren guraso-eginkizunak betetzen dituena, betiere zentroko talde teknikoaren gainbegiratzearekin, erabiltzailearen egoera pertsonalak hori eskatzen baldin badu.

  3. Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeko 14. artikuluak ezarri zuen Nafarroako Arartekoak haurren eta nerabeen eskubideak babesteaz arduratu behar duela, eta horretarako behar diren neurriak hartu behar dituela.

    Erakunde honen iritziz, generoko indarkeriaren arloan erakundeek emandako erantzunean, beti bereizketa bat egon da emakumeari baliabideak eta arreta ematearen eta haurrei baliabideak eta arreta ematearen artean. Emakumearentzako babesean nahiz adingabeentzako babesean azpimarra jartzeak zail egiten du batzuen zein besteen beharrak asetzeko egin beharreko lana. Bereizketa hori deuseztatu egin beharko litzateke dauden baliabideak egoki koordinatuz. Horrela, emakume bat indarkeria sexistaren biktimentzako prestazioez baliatzen den unean, automatikoki adingabeei laguntza emateko baliabideak jarri beharko lirateke abian, zeren eta, kasu askotan, adingabe horiek amak pairatu duen indarkeria ikusi baitute eta are beraiek pairatu ere, eta, horrexegatik, haiek ere laguntza integrala jaso behar dute, jasandako kalteak gutxitze aldera.

    Hori dela eta, erakunde honek uste du komenigarria dela Familia, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuari iradokitzea ezen, egoerak hori eskatzen duen bitartean, generoko indarkeriaren biktima izan diren seme-alaba adingabeei eskatzen duten laguntza integral eta berariazkoa eman diezaiela, langileen bitartez nahiz egokitzat jotzen diren beste baliabide batzuen bitartez, horrela biktima izan diren amei behar den laguntza emanez familia eta lana bateragarri egin ahal ditzaten.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari iradokitzea ezen, egoerak hori eskatzen duen bitartean, generoko indarkeriaren biktima izan diren seme-alaba adingabeei eskatzen duten laguntza integral eta berariazkoa eman diezaiela, langileen bitartez nahiz egokitzat jotzen diren beste baliabide batzuen bitartez, horrela biktima izan diren amei behar den laguntza emanez familia eta lana bateragarri egin ahal ditzaten.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari ebazpen honen onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

  3. Ebazpen hau interesdunari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari jakinaraztea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia