Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

55/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 apirila 05

Ogasuna

Gaia: Disconformidad con Impuesto de Sucesiones y Donaciones

Exp: 10/947/H

: 55

Ogasuna

AURREKARIAK

  1. 2011ko apirilaren 21ean, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat azaltzen zuen Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren aurka, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga dela eta eginiko jarduketa batzuk direla eta.

    Azaltzen zuen auzia planteatu zela Nafarroako Zerga Ogasunari Iruñeko Lehen Auzialdiko 6. Epaitegiaren martxoaren 30eko 301/2009 autoa aurkeztearen ondorioz. Izan ere, haren bidez transakzio judizial bat homologatzen da, hain zuzen ere kexa-egilearen [?] amaren testamentua aurkatzeko prozeduran erdietsitakoa. Aurkapen hori interesdunaren eskariz ireki zen, haren anai-arreben aurka.

    Interesdunak adierazten du auto judizial horren ondorioz, Nafarroako Zerga Ogasunak zenbait likidazio-egintza eta ordainketa-gutun igorri zizkiola, guztira 13.000 euro baino gehiago egiten zutenak, Zerga Ogasunak jotzen baitzuen zeharkako dohaintza bat gertatuta zela.

    Kexa-egileak adierazten du, halaber, egintza horien aurkako errekurtsoa aurkeztua zela, eta Nafarroako Zerga Ogasunak egintza horiek exekutatuak zituela. Egoera horrek kalteak eragiten zizkion bere lanbide jardueran, zeren eta bezeroek exijitzen baitiote Ogasun Publikoarekiko betebehar guztietan egunean egotea.

    Adierazten du oinordetzaren zati bat amarengandik jaso zuela, aipatutako autoaren edukian ezarritakoaren arabera, eta ez, inolaz ere, anai-arreben dohaintza baten bitartez, Administrazioak ulertu duen bezala.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Ekonomia eta Ogasun Departamentuari.

  3. 2011ko otsailaren 7an, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak igorritako txosten bat jaso genuen erakunde honetan.

AZTERKETA

  1. Espediente administratiboan egintza ugari badago ere, eta gisa desberdinetakoak badira ere, kexaren xedea den gai zehatza da ea jo daitekeen haren egileak –[?] jaunak– anai-arrebengandik zeharkako dohaintza bat jaso zuela. Izan ere, ondorio horrek berarekin ekarriko luke zergapetzeko modukoa den egitate bat gertatua zela, hain zuzen ere Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren Testu Bategina onesten duen abenduaren 16ko 250!2002 Legegintzako Foru Dekretuko 8.b) artikuluan aurreikusitakoa (ondasunak eta eskubideak dohaintza bidez edo beste edozein bide juridikoren bidez dohainik jasotzea, inter vivos gisan).

    Horixe jo zuen Nafarroako Zerga Ogasunak 2009ko bere jarduketetan, eta interesdunak aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoaren erantzunean aipatutako testu bategineko 14.b) artikuluan ezarritakoa aipatu zen. Izan ere, artikulu horrek ezartzen du zerga hori ordaindu beharko dutela, zergadun gisa, dohaintzaren hartzaileak edo dohaintzaren onura hartzen duenek, dohaintzetan eta bizidunen arteko gainerako irabazizko eskurapen parekideetan, eta aipatzen du interesduna zuzen hartu dela zeharkako dohaintzetan ezarritako subjektu pasibotzat.

  2. Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko Testu Bategineko 2. artikuluak ezartzen du ezen, zergaren esparrua ikuspuntu zibiletik mugatzen duten erakundeen kalifikazio juridikorako, kontuan hartu behar direla lege zibiletan ezarri zirenak eta, bereziki, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bilduman, martxoaren 1eko 1/1973 Legean onetsitakoan, ezarri zena.

    Horrenbestez, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibileko Bildumako 148. legean eta hurrengoetan ezarritakoa aplikatu beharra dago, Kode Zibileko 618. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin lotuta. Nahitaez abiapuntutzat hartu beharra dago dohaintza (zuzenean nahiz zeharka egin) liberaltasuneko ekintza bat dela, eta haren indarrez pertsona batek dohain ematen diola gauza bat beste pertsona bati, eta azken horrek onartu egiten duela. Horri dagokionez, Auzitegi Gorenaren 1999ko otsailaren 25eko epaiak adierazitakoari jarraituz, adieraz daiteke dohaintza ondasun baten gaineko eskubidea –erabiltzeko ekintza– eskualdatzeko ekintza bat dela, doakoa, eta dohaintza-hartzaileari exijitzen diola liberaltasuneko ekintza efektiboa ezartzeko asmoa, horrexek baitihardu erabileraren arrazoi gisa; hori guztia dohaintza-hartzailearen nahitaezko onarpenarekin bukatzen da.

    Liberaltasun hutsezko ekintza baten aurrean gaude, beraz, doako ondare-eskuratze bat baita, hartzaileari mesede egiten diona eta hura aberasten duena; eta haren arrazoiari dagokionez ondareak gisa horretan eskualdatzen dituenari ere erreparatu behar zaio (Auzitegi Gorenaren 1995eko uztailaren 17ko epaia).

    Ideia horretan sakonduz, Auzitegi Gorenak, 1975eko urtarrilaren 7ko epaian, adierazi zuen dohaintzaren arrazoia liberaltasun hutsak osatzen duela, halako moduz non dohaintza-hartzailearen aberastea kontratuaren funtsezko xedea baita; eta doakotasuna kontratuaren alderdi objektibo bat baldin bada, era berean eta ikuspegi subjektibo batetik, dohaintza-egileak besteari onura egiteko asmoari korrelatiboki hartzailearengan ondare-atribuzioa liberaltasun-tituluan onartzeko animusa egokitu beharko zaio, zeren eta arrazoian ados ez egoteak kontratua bururaino eramatea eragotziko bailuke. Eragin horietarako, ezarritako doktrina gogorarazi beharra dago (...); izan ere, ekintza dohaintza-hartzailearentzat doakoa ez denean eta bi aldeen interesak determinatzen duenean, eta ez alde baten liberaltasunak, dohaintza gisa kalifikatzeko ezinbestekoak diren betekizunak falta ditu.

    Azkenik, Auzitegi Gorenak adierazi du, era berean 1992ko urriaren 20ko eta 1997ko azaroaren 12ko epaietan) animus donandi delakoa ezin dela ustezkoa izan.

  3. Hemen aztergai dugun kasuan, kexa-egileak salatu du Administrazioak epaitegiak emandako autoan, hasi zuen testamendu-inpugnazioaren prozedura judizialaren harira, ikusten duela zeharkako dohaintza bat izan dela. Termino hori, hain zuzen ere, berraztertzeko errekurtsoa ezesteko 2010eko apirilaren 28ko ekintzan erabiltzen da.

    Aipatutako autoak bide judizialean homologatzen du kexa-egileak, demanda-egileak eta haien anai-arrebek erdietsitako akordio transakzionala; izan ere, horiek guztiak demandakideak baitira guztien ama [?] andreak testamendua inpugnatu zuenetik.

    Transakzioa Kode Zibileko 1809. artikuluan eta hurrengoetan ageri da araututa, eta hura kontratu gisa definitzen da; hain zuzen ere kontratu bat da non aldeek, bakoitzak gauzaren bat emanez, aginduz edo atxikiz, auzi bat sortzea saihesten baitute edo hasitako auzi bati amaiera ematen baitiote.

    Ulertu behar da transakzio kontratuak, arau horren arabera, erreferentzia egiten diola elkarrentzako prestazio eta sakrifizioen bitartez etorkizunean gertatzekoak diren auziak (timor litis) eta aldeek harreman juridiko bati buruz dauzkaten zalantzak ere deuseztatzeko erabilera hitzarmen orori; izan ere, harreman horrek, hitzarmenaren bitartez, egituraketa egiazko, zehatz eta loteslea hartzen du (Auzitegi Gorenaren 1991ko maiatzaren 16ko eta 1997ko urriaren 13ko epaiak).

    Jurisprudentziak, bestalde, ulertu du ez dela beharrezkoa parekidetasunik edo bestelako berdintasunik egotea aldeek transakzio kontratuetan elkarri egiten dizkioten kontzesioetan, eta ez dela exijitzen, ezta ere, kontzesio horiek beti ekonomikoak izatea, zeren eta eduki soilik morala ere izan baitezakete (Auzitegi Gorenaren 2001eko ekainaren 30eko epaia).

    Kontzepzio legal eta jurisprudentzial horren arabera, doktrinak jo du transakzio-kontratua honelakoa dela: aldebikoa, sinalagmatikoa (betebeharrak elkarrentzat direlako), kostubidezkoa (hori prestazioak elkarrentzat izateko ezinbestekoa delako) eta kausala (haren xedea baita gatazka bat saihestea elkarri uko batzuk eginez).

  4. Dohaintza- eta transakzio-kontratuei buruzko arestiko kontzepzioak eta espedientean ageri diren egitateak oinarri hartuta, erakunde honek ez du atzeman horietako lehenak exijitzen duen liberaltasunezko eta doakotasunezko elementurik. Hori dela eta, ez du jotzen kexa-egileari exijitu behar zaionik dohaintza-hartzaile gisa zerga ordaintzea (ezertan kendu gabe, argi dago, hori egin behar izatea, dagokion kopuruan, hildako amaren ondasunen eta eskubideen mortis causa ondorengotza-tituluaren bidez).

    Kexa-egilearen ondasun eta eskubideak esleitzerakoan izandako gehiegikeria, hasieran aintzat hartutakoarekin alderatuta, prozedura judizial baten baitan gertatu zen. Prozedura hori amaitu zen kausa-egilearen testamentuaren gainean zegoen gatazka-egoerari amaiera eman zion akordio transakzional bat homologatuz. Hori dela eta, aurkakoa frogatzen ez bada eta espediente administratiboan hala motibatzen ez bada, ezin da atzeman inter vivos gisako doako eskualdaketarik –hau da, dohaintza zuzenekorik nahiz zeharkakorik– izan denik.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuari gogoraraztea legez ez diela dohaintzen gaineko zerga aplikatu behar dohaintzaren izaera juridikoa ez duten ekintzei.

  2. Ekonomia eta Ogasun Departamentuari gomendatzea eraginik gabe utz dezala kexa-egilea zeharkako dohaintza baten subjektu pasibotzat jotzeko ekintza, ezertan kendu gabe bere amaren herentzia mortis causa eskuratzean kausadunaren kontzeptuan ordaindu beharko dituen zergak.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Ekonomia eta Ogasun Departamentuari gomendio honen gogorarazpenaren onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

  4. Ebazpen hau jakinaraztea interesdunari eta Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia