Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

54/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexa ebazten duena.

2011 martxoa 24

Osasuna

Gaia: Peligro de suspensión de la asistencia sanitaria de un menor de edad

Exp: 11/68/S

: 54

Osasuna

AURREKARIAK

  1. 2011ko otsailaren 2an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurka, haur ukraniar baten osasun laguntza eteteko arriskua zela eta.

    Eskatzen zuen haurrari tratamendua ematen jarraitzeko eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak hura finantzatzen jarraitzeko.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Osasun Departamentuari.

  3. 2011ko martxoaren 15ean, eskatutako informazioa sartu zen gure erakundean.

AZTERKETA

  1. Osasun Departamentuak ezagutzera eman duenaren arabera, [?] haurrak osasun laguntza jasotzen jarraitzen du, eta itxura guztien arabera, laguntza hori jasotzen jarraituko du harik eta tratamendua bukatzen duen arte. Horrenbestez, aztertu beharreko gaia soilik da ea osasun laguntzaren kostu ekonomikoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ordaindu behar duen edo, bestela, [?]-k eta [?]-k osaturiko familia kexa-egileak ordaindu behar duen.
  2. Gai hori erabakitzeko honako legeetan ezarritakoari erreparatu beharko zaio:

    Urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoa, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzkoa eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzkoa. Izan ere, haren 12. artikulua atzerritarrek osasun laguntza jasotzeko duten eskubidea finkatzen du, eta 3. idatz-zatian, honakoa dio: Espainian dauden atzerritarrek osasun laguntzarako eskubidea dute, hemezortzi urtetik beherakoak badira, espainiarren baldintza berberetan.

    B. Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzko azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legea. 11. artikuluak, osasun laguntzarako eskubidearen titularrak identifikatzen ditu, eta 1. idatz-zatian honakoa ezartzen du: Osasun laguntza publikoak, estaldura unibertsalekoak, Nafarroako Foru Komunitateko udaletan bizi diren pertsona guztiak hartzen ditu. Halaber, Nafarroako udaletan bizi diren etorkinak ere hartzen ditu, zein den ere haien lege nahiz administrazio egoera. , eta 3. idatz-zatian honakoa zehazten du: “Halaber, osasun laguntza publikoa ziurtatuko zaie artikulu honetako 1. eta 2. idatz-zatietan jasota ez dauden adingabeei eta emakume haurdunei.

  3. Transkribatutako legeen arabera, ondorioztatzen da Espainian bizi diren haur atzerritarrek eskubidea dutela osasun laguntza publikoa jasotzeko, soilik adingabeak izateagatik eta Espainian bizitzen egoteagatik, eta Nafarroan bizitokia dutenek, gainera, eskubide hori dute edozein dela ere daukaten lege egoera edo egoera administratiboa. Eskubide horrek bere baitan biltzen du emandako osasun laguntzaren kostua bera eman duen osasun sistema publikoak finantzatzea.

    Aurrekoa suposatuta, eta aztergai dugun kasuari aplikatuta, ondorioztatzen da, halaber, [?] haurra, osasun laguntza jasotzen unean Nafarroan bizi zenak, eskubidea duela osasun laguntza hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eman eta finantzatu diezaion.

    Zenbait paper edo agiri izapidetu gabe egoteak, txostenean adierazitakoaren arabera, inongo eraginik ez du eskubide horretan. Hau da, banakako osasun txartela eman ez izanak –azken batean izapide administratibo hutsa da hori– ez du baliogabetzen edo neutralizatzen edo ez du eraginik gabe uzten osasun laguntza osoa eta doakoa jasotzeko eskubide hori, zeinaren prestazioa nagusitu behar baita.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Osasun Departamentuari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari gogoraraztea Nafarroan bizi diren adingabeei osasun laguntza emateko legezko betebeharra duela.

  2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari gomendatzea [?] haurrari osasun laguntza osoa eman diezaiola Nafarroan bizi den bitartean; osasun laguntza hori, gainera, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak finantzatu beharko du guztiz.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari ebazpen honen onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

  4. Ebazpen hau interesdunari eta Osasun Departamentuari jakinaraztea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia