Partekatu edukia
Lana
Gaia: No le entregan la subvención que tenía concedida por realizar cursos de fomación para desempleados
Exp: 11/87/T
Nº: 53
Lana
Aurtengo otsailaren 8an, [?]-ren ordezkari [?]-k kexa-idazki bat aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren aurka, prestakuntzarako ekintza batzuetarako laguntza bat ukatzeagatik.
Azaltzen du Nafarroako Enplegu Zerbitzuak 2D eta 3D planoak diseinatu eta aldatzeari buruzko diruz lagundutako ikastaro bat eman zuela. Ikastaroa 2010eko ekainaren 1ean amaitu zen.
Adierazten du 2010eko azaroaren 23an, diru-laguntza jasotzeko behar zen dokumentazioa aurkeztu zutela eta 2011ko urtarrilaren 20an, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jakinarazi ziola, ezen, emandako ikastarotik ondorioztatutako gastuak egiazki ordaintzen eta justifikatzen laurogeita hamar egun baino gehiago luzatua zenez, 1.500 euro emanen zizkiotela, hasiera batean esleituta zeuzkan 26.324,40 euroko kopurua eman beharrean.
Kexa-egileak ordainketan gertaturiko geroratzea justifikatzen du enpresak likidezia falta zuela adieraziz; izan ere, zordun batzuek ez baitzizkioten zenbateko batzuk garaiz ordaindu. Ordainketa-ez horiek soilik enpresako bazkideengan izan zuten eragina; hau da, ezin izan zioten beren buruari ordaindu, baina hirugarrenei bai ordaindu zieten.
Gehitzen dute, beste ez-betetze batzuei zegokienez, jada behar zena justifikatu eta alegatu zutela, 2010eko otsailaren 3an, alegia, [?]-ren izenean (“[?]” enpresako bazkide berek daukaten beste enpresa bat) egindako bi fakturak prestatzaile baten akats bat izan zela, gastuetarako faktura egiterakoan izenaz tronpatu baitzen. Akats hori jada zuzendu egin zen, zuzendutako beste bi faktura egin baitziren.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari azaldutako gaiei buruz.
2011ko martxoaren 4an, kexa-egileak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 28ko [?]/2011 Ebazpenaren kopia bat aurkeztu zuen erakunde honetan. Haren bidez, laguntzaren zenbatekoa 2.200,20 euro direla ezartzen da, eta hasierako adjudikatutako 24.124,80 euroko zenbatekoa deuseztatzen da.
Emandako 2.200,20 euroko zenbatekoa honakoa da: hasierako 1.500 euro eta gertatutako akatsaren ondoren zuzendutako bi fakturei dagokien 700 euroko kopurua batzearen emaitza.
“[?]” enpresa onartua eta, halaber, 2D eta 3D planoak diseinatu eta aldatzeari buruzko ikastaro bat ematearen truke 26.325,00 euroko dirulaguntza baten onuraduna izan zen dirulaguntza publikoetarako deialdi batean. Deialdi hori arautzen duten oinarriak, 2010eko urtarrilaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen urtarrilaren 13ko [?]/2010 Ebazpenaren bitartez.
Deialdiko hamabosgarren oinarrian ezartzen da, departamentuaren txostenean adierazi bezala, hiru hilabeteko epean entitate onuradunak prestakuntza ikastaroak egin izateari buruzko egiaztagiriak aurkeztu beharko dituela. Halaber, deialdiak, ondorengo lerrokada batean, honakoa dio: Diru-laguntza justifikatzeko ezarritako epea atal honetan aipatzen diren agiriak aurkeztu gabe iraganik, organo eskudunak onuradunari eskatuko dio agiri hauek aurkez ditzala, 15 eguneko epean. Epe hori luzaezina izanen da. Bigarren epea bukaturik agiriak aurkezten ez badira, onuradunak diru-laguntza galduko du
.
Aztertzen ari garen kasuan, behin epea iraganda, hau da, 2010eko urriaren 1etik aurrera, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, deialdiko aurreikuspenak betez, [?] enpresari errekerimendua egin zion, hamabost eguneko epe luzaezinean prestakuntza ikastaroa egin izateari buruzko egiaztagiriak aurkezteko. Errekerimendu hori azaroaren 10ean egin zen, eta hamahiru egunen buruan, 2010eko azaroaren 23an, entitate onuradunak egiaztagiriak aurkeztu zituen.
Deialdiko oinarrietan ezartzen da dirulaguntza galduko dela justifikaziorik aurkezten ez denean, behin bigarren epe hori iraganda. Epe hori azaroaren 25ean amaitzen zen. Horrenbestez, a contrario sensu, dokumentazioa aurkeztu bazen –horixe gertatu baitzen bigarren epea amaitu baino lehen–, ezin da dirulaguntza galdu egiaztagiriak epez kanpo aurkezteagatik.
Azken batean, prestakuntza ikastaroa egin izateari buruzko egiaztagiria, bere eraginak izateko –hau da, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak dirulaguntza ordaintzeko– deialdiak egun balioduntzat jotako epearen barrenean aurkeztu zen.
Departamentuaren txostenean azaltzen da Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak soilik egindako gastutzat jotzen duela, dirulaguntzaren eraginetarako, dirulaguntzari buruzko arauetan zehaztutako justifikazio-aldia amaitu aurretik egiazki ordaindutakoa, eta, horrenbestez, ezin dela laguntzarik eman onuradunak 2010eko urriaren 1etik aurrera ordaindutakoengatik.
Alabaina, erakunde hau ez dago ados baieztapen horrekin, hain zuzen ere honakoarengatik:
Lehena. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak dirulaguntza emateko prozeduran aplikatu beharreko araudia, kexa honetan aipatzen den prestakuntza ekintzari dagokionez, honakoek osatzen dute: lehenbizi, deialdiko oinarriak, zeinek, arestian azaldu bezala, prestakuntza ikastaroa egin izateari buruzko egiaztagiriak emateko epea luzatzen baitu edo bigarren epe bat ematen baitu. Honakoa da epe hori: entitate onuradunak Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eginiko errekerimendua jasotzen duenetik errekerimenduaren ondorengo hamabosgarren egunera arte. [?] enpresak egiaztagiriak epe horren barrenean aurkeztu ditu, hain zuzen ere hamahirugarren egunean; hau da, enpresak justifikatu du 2010eko urriaren 18ko eta 26ko fakturen ordainketa bera egiteko epea amaitu aurrekoa dela, egindako errekerimendua eta gero; izan ere, 2010eko azaroaren 25era arteko epea zegoen.
Bigarrena. Departamentuaren txostenak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 28.2 artikuluaren edukiaren zati bat aipatzen du soilik, zeren eta erreferentzia osoa honakoa esanez hasten baita: Dirulaguntzen oinarri arautzaileetan kontrakorik espresuki xedatu ezean, egindako gastutzat honakoa joko da...
.
Kexaren xedea den kasuan, arestian azaldu dugun bezala, deialdiko oinarriek berariaz adierazten dute bigarren epe bat dagoela ordainketa hori justifikatzeko eta, horrenbestez, dirulaguntza jasotako prestakuntza ekintzaren gastuak ordaintzeko.
Gehitu daiteke [?] enpresak eginiko prestakuntza ekintza zuzena eta eraginkorra izan zela, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eginiko berrikuspenaren behin-behineko txostenean ageri den bezala, eta entitate onuradunari ekintza horrengatik gastu bat suposatu behar zaio, zeina, dirulaguntzarik jaso ezean, ezin izanen baitu bere gain hartu, zeren eta emandako dirulaguntzaren % 93ko murrizketa egin baitzaio.
Egiaztatu ahal dugun bezala, dirulaguntza murrizteko erabili diren argudioek formazko akatsak aipatzen dituzte, baina gisa horretako akatsei ezin zaie lotu dirulaguntzaren zenbatekoa 24.124,80 eurotan gutxitzea bezalako ondorio larririk; are gehiago, prestakuntza ekintza ahal den efizientziarik handienarekin egin denean, bilatutako emaitza guztiak lortu direnean eta [?] enpresak orain konpentsatzen ez zaizkion kostu batzuei aurre egin behar izan dienean.
Azken batean, erakunde honek egiaztatu du diruz lagundutako jarduera egin egin dela, aurreratutako kopurua jarduketa horretan gastatu dela eta, azkenik, dirulaguntzak bere xedea bete duela, nahiz eta egiaztagiriak ez ziren aurkeztu deialdiko oinarrietan emandako lehenengo epean, baizik eta oinarri horiexetan emandako bigarren epean.
Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuari gogoraraztea dirulaguntzak emateko jarduketak deialdi bakoitzeko oinarrietan ezarritakoei lotu behar dizkiela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari gomendatzea behar diren neurriak har ditzala Nafarroako Enplegu Zerbitzuak [?]-ri 24.124,80 euroko zenbatekoa ordain diezaion, horixe baita dagokiona, esleitu zitzaion dirulaguntza dela-eta ezarritako aurreikuspenak betetzeagatik.
Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen honen eta gomendio honen onarpenari buruz eta haiek direla-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, haiek ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.
Ebazpen hau jakinaraztea Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari eta [?]-ri, eta haiei adieraztea ezin dela honen aurkako errekurtsorik aurkeztu.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia