Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

52/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak, [?] ordezkatuz, aurkeztutako kexa ebazten duena.

2011 martxoa 21

Energia eta ingurumena

Gaia: Denegación o insuficiente respuesta a solicitud de información ambiental

Exp: 11/75/M

: 52

Ingurumena

AURREKARIAK

  1. 2011ko otsailaren 3an, [?] jaunak, [?] ordezkatuz, aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundera. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren aurka, ingurumenaren arloko informazio-eskari bat zela-eta izan zuen jokabidearengatik.

    Azaltzen du 2010eko irailaren 20an, ingurumenaren arloko informazio-eskari bat aurkeztu zuela (doc. 2010/461338), horretarako eskubidea arautzen duen 27/2006 Legean ezarritakoaren babesean. Eskabidean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 20ko 351/2010 Foru Aginduan sarturiko espezieei buruz eginiko azterlanen kopia bat eskatzen zuen.

    Kexa-egileak jotzen du ingurumenaren arloko informazioa jasotzeko eskubidea ez zela behar bezala bete. Horri dagokionez, adierazten du jaso duen gauza bakarra dela posta elektronikoko mezu bat, zeinean adierazten baitiote departamentuak jotzen duela informazioaren bolumenarengatik eta konplexutasunarengatik ez dela bidezkoa informazio hori guztia hilabeteko epean ematea. Posta elektronikoko mezu horretan, gainera, adierazten diote honakoei buruzkoak direla bidali ahal dizkioten azterlanak: koipua, etxe txolarrea, arabazozo beltza eta etxeko haitz-usoa.

    Adierazten du eginkizun horretan ari diren funtzionarioek ez luketela zailtasun handirik izan beharko eskatutako informazioak bidaltzeko, zeren eta gaurkotasuneko gaiak baitira, hain zuzen ere Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan lantzen ari direnak.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

  3. 2011ko martxoaren 2an, eskatutako informazioa sartu zen gure erakundean.

AZTERKETA

  1. Kexa-egileak baieztatzen du ezen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ez duela jokatu uztailaren 18ko 27/2006 Legean ezarritakoaren arabera; izan ere, lege horrek informaziorako eskubidea, parte-hartze publikorako eskubidea eta ingurumenaren arloko justiziarako eskubidea arautzen ditu.

    Zehazki, jotzen du [?]-k ingurumen arloko informaziorako daukan eskubidea urratua zela, entitate honek 2010eko irailaren 20an aurkeztu zuen eskabidearen izapidetzeari dagokionez. Eskabidean, izan ere, 351/2010 Foru Aginduan sarturiko espezieei buruz eginiko lanen eta azterlanen kopia bat eskatzen zuen: sator arrunta (Talpa europaea), arratoi arrunta (Rattus norvegicus), arratoi beltza (Rattus rattus), etxe sagua (Mus musculus), satagina (Apodemus sylvaticus), lursagu mediterraneoa (Microtus duodecimcostatus), landa lursagua (Microtus arvalis), ekialdeko ur arratoia (Arvícola terrestres), arratoi musketaduna (Ondatra zibethicus), koipua (Myocastor coypus), etxe txolarrea (Passer domesticus), arabazozo pikarta (Sturnus vulgaris), arabazozo beltza (Sturnus unicolor), etxeko haitz usoa (Columba livia) y usapal turkiarra (Strptopelia decaocto).

    Eskabide hori aurkeztuta, hilabete beranduago (2010eko urriaren 20an), kexa-egileari posta elektronikoko mezu bat igorri zitzaion Informazioaren eta Ingurumen Hezkuntzaren Ataletik, non aipatzen baitzen ezinezkoa zela haren eskaria hilabeteko epean betetzea, eta iragartzen zitzaion espezie jakin batzuei buruzko azterlanak berehala igorriko zizkiola, hain zuzen ere une horretara arte eginikoak (Myocastor coypus, Passer domesticus, Sturnus unicolor eta Columba livia).

    Gero, Administrazio Publikoaren txostenean adierazten den bezala, urtarrilaren 13an, arestian transkribatutako erantzuna igorri zitzaion [?]-i.

  2. Uztailaren 18ko 27/2006 Legeak aitortzen du herritarrek eskubidea dutela agintari publikoen eskuetan dagoen edo haren izenean bera duten ingurumenaren arloko informazioa eskuratzeko [1.1..a artikulua].

    Ingurumenaren arloko informaziotzat jotzen da, eragin horietarako, idatzizko, ikusizko, soinuzko, euskarri elektronikoko edo beste edozein euskarritako informazio oro, zenbait gairi buruzkoa –besteak beste, ingurumenaren elementuak: airea eta atmosfera, ura, lurzorua, paisaiak eta espazio naturalak, horren barrenean direla hezeguneak eta itsas eremuak eta kostaldekoak, dibertsitate biologikoa eta haren osagaiak, horren barnean direla genetikoko aldarazitako organismoak eta elementu horien elkarreragin– [2.3a) artikulua].

    Ingurumenaren arloko informazioa eskuratzeari dagokionez, 27/2006 Legeko 3.1 artikuluak aitortzen du, besteak beste, interes jakin bat deklaratzeko beharrik gabe bertara sartzeko eskubidea bera alde batera utzita, eskatutako informazioa 10. artikuluan ezarritako gehieneko epeetan jasotzeko eskubidea eta informazioa hautatutako moduan edo formatuetan jasotzeko eskubidea, hain zuzen ere 11. artikuluan aurreikusitako moduan. Halaber, aitortzen du eskubidea dagoela ezagutzeko informazioa jasotze aldera, kasua bada, exijitzekoak diren tasen eta prezioen zerrenda bat.

  3. Eskubidearen prozedurazko aldeari dagokionez (10. artikulua), legeak xedatzen du honako eskariak ebazteko eskuduna den agintaritza publikoak eskatutako ingurumen informazioa emanen duela edo, bestela, eskatzaileari ahal bezain laster ezagutzera emanen diola hura ez emateko arrazoiak, kontuan izanda eskatzaileak zehaztutako egutegia, betiere berandunez ondoren zehaztutako epeetan:
    1. Hilabeteko epean (...), gehienez ere, orokorrean.
    2. Bi hilabeteko epean (...), baldin eta informazioaren bolumena eta konplexutasuna hainbestekoak badira, non ezinezko gertatzen baita arestian adierazitako epea betetzea. Kasu horretan, eskatzaileari informazioa eman beharko zaio, gehienez ere hilabeteko epean, epe horren luzapenei buruz, bai eta haiek justifikatzeko arrazoiei buruz ere.

      Erakunde honek atzematen duenaren arabera, lege-agindu horiek ez ditu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak behar bezala bete. Horri dagokionez, ingurumenaren arloko informazio-eskaria aurkeztu eta hilabete beranduago igorritako posta elektronikoko mezuan, ezagutzera eman zen ezin izanen zela informazioa epe arruntean eman, eta hori ezinezko izateko arrazoia ere eman zen (eskatutakoaren bolumena eta konplexutasuna), baina ez zen informaziorik eman epearen luzapenei buruz. Gainera, azkenean igorritako erantzuna, txostenean aipatzen den bezala, 2011ko urtarrilaren 13an igorri zen, eta data horrek gainditzen du eskaria epe arruntean ebazten ez den kasuetarako legez ezarritako epea (kasu honetan, epea, luzapena aplikatu eta ondorengoa, 2010eko azaroaren 20an amaitzen zen).

  4. Ezin da, ezta ere, jo eskatzaileari emandako erantzuna eskariaren edukiari egokitzen zaionik. Izan ere, eskarian, zenbait espezieri buruz eginiko “lanen eta azterlanen kopia bat” eskatzen zen, eta urtarrilaren 13ko idazkian, arestian transkribatutakoan, berriz, gaiari buruzko informazio labur bat baizik ez da ematen, ondorio gisa.

    Baldin eta kexa-egileari interesatzen bazaio egin diren azterlanen kopia bat edukitzea, erakunde honek uste du ezen, printzipioz, kontrakoa justifikatzen ez den bitartean, eskubidea du informazio hori eskatutako moduan jasotzeko. Hori, halere, ez da eragozpena kasua bada emandako zerbitzuarengatik tasa bat exijitzeko. Alderdi hori aipatutako lege-arauan ere jasota dago [3.1.g) artikulua].

    Esandakoa nabarmentzeko beste ezertarako ez bada ere –arestian esan dugu ingurumenarena arloko informazioa eskuratzeko eskubideak ez duela eskatzen interes jakin bat kreditatu behar izatea–, esan beharra dago entitate eskatzaileak, bere izaeragatik, jarduera-esparruagatik eta sorkuntzako xedearengatik biltzen dituela, gainera, uztailaren 26ko 27/2006 Legeko 2.2 eta 23. artikuluei jarraituz, “interesdunaren” izaera eta ingurumenaren arloko gaietan herri ekintza gauzatzeko behar diren baldintzak. Horrek toki kualifikatua ematen dio esparru honetan, eta exijitzen du Administrazio Publikoak diligentzia bereziaz arta ditzala ingurumenaren arloko informazioa eskuratzeko egiten dituen eskariak, kontuan izanda nolako lotura estua dagoen azken eskubide horretaz baliatzearen eta aipatutako ekintza prozesalaren artean.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari gogoraraztea legez ingurumenaren arloko informazioa eskuratzeko eskabideak izapidetu behar dituela 27/2006 Legean ezarritakoa arauen arabera, eta bereziki ezarritako gehieneko epeetan ebatzi beharra daukala eta erantzuna eskariaren edukiari egokitu behar duela.

  2. Landa Grapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari gomendatzea [?]-ri eskatu dituen eta departamentu horren edo haren izenean haiek dauzkaten beste subjektu batzuen eskura dauden azterlanen kopia bat eman diezaiola.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ebazpen honen onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

  4. Ebazpen hau jakinaraztea kexa-egileari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia