Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

51/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexa ebazten duena.

2011 martxoa 15

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Corte de suministro de luz a su vivienda por impago de un tercero, promotor y propietario del resto de las viviendas del bloque residencial

Exp: 11/77/U

: 51

Etxebizitza

AURREKARIAK

  1. 2011ko otsailaren 4an, [?] jaunak kexa-idazki bat aurkeztu zuen Agoizko Udalaren aurka, aurkeztutako salaketa bati ez erantzuteagatik, eta Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aurka, higiezinen promotore baten jokabideen aurrean ezer ere egin ez duelako; izan ere, promotore horren eraginez, bere etxebizitzan, eraiki berriko etxebizitzen bloke batean dagoenean, non oraindik bera beste inor ez baita bizi, ezinezkoa da bizitzea.

    Azaltzen du 2010eko abenduaren 31n, salaketa bat aurkeztu ziola Agoizko Udalari, bizi zuen babesgabetasuneko egoerarengatik; izan ere, bera bakarrik bizi deneko blokeari argi-hornidura eten diote, promotore horrek, zeina eraikineko jabea baita, fakturak ordaintzen ez dituelako. Bada, kexa-egilearen esanetan, udalak ez dio idazki horri erantzun.

    Halaber, Foru Komunitateko Administrazioari dagokionez, aipatzen du 2010eko abenduaren 31n salaketa bat aurkeztu zuela Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, aurreko idatz-zatian adierazitako arrazoiak direla-eta bizi duen abandonu-egoerarengatik. Departamentuaren erantzunak babesgabetasuna eragin dio, zeren eta departamentuak erantzun baitio ez duela esku hartzeko ahalmenik.

    Adierazten du argirik gabe ez dutela funtzionatzen berokuntza eta ura emateko galdarek, igogailua ez dabilela, ezin dituela telekomunikazioak eskuratu, eskaileran argirik ez duela eta ezin dela ez trastelekuetara, ez garajera sartu.

    Gehitzen du eraikina oso egoera txarrean dagoela, kanpoko paretak eta merkataritza-erabileretarako etxabeetan sartzeko atea eraitsi dituztelako.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, gaiari buruzko txosten bana eskatu genien Agoizko Udalari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari.

  3. 2011ko otsailaren 24an, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostena sartu zen.

  4. 2011ko martxoaren 2an, Agoizko Udalaren txostena jaso genuen erakunde honetan.

AZTERKETA

  1. Kexa-egileak salatu du udalak ez diola erantzun 2010eko abenduaren 31n aurkeztutako eskabideari, eta bere etxebizitzan bizitzerik ez duela, etxebizitza kokatuta dagoen eraikinean energia elektrikoaren hornidurarik ez dagoelako.
  2. Udalak 2010eko abenduaren 31n aurkeztutako eskabideari ez erantzuteari dagokionez, esan beharra dago udala oraindik ere erantzuteko legezko epearen barruan dagoela (hiru hilabetekoa da).

    Erakunde honetara igorritako txostenean, ebazpen honetan hitzez hitz transkribatuta datorrenean, erantzun zehatza ematen zaio eskabide horretan planteatutakoari. Hala eta guztiz ere, txosten hori kexa-egileari ebazpen bidez jakinarazi izateak ez du ordezten interesdunak bere eskabideak planteatutakoari erantzun espresa ematek Administrazioak daukan betebeharra.

  3. Kexaren sakoneko aldeari dagokionez, honako gogoetak egin behar ditugu:

    Kexa-egileari, zeina etxebizitza baten titularra baita, etxebizitza hori bizigarritzat definitzeko oinarrizko elementu bat kendu zaio –alegia, igogailuak, ur beroak, berokuntzak, garajeko ateak, telekomunikazioek, eskailerako argiteriak eta abarrek funtzionatzek beharrezkoa den energia elektrikoa–. Eta horretarako arrazoia da higiezinaren promotoreak, zeina eraikineko gainerako etxebizitzen jabea baita, erabaki duela argiaren ordainagiriak ez ordaintzea; izan ere, horren ondorioz, hornidura ematen duen enpresak, hartzekoduna denak, korronte elektrikoa moztu dio.

    Inguruabar horrek, udalak dioen bezala, partikularren arteko harremanen esparruaren barrukotzat jo badaiteke ere, ezaugarri berezi batzuk badauzka, zeinek bidea eman eta gomendatu ere egiten baitute Administrazio Publikoak esku har dezan herritarren interesak eta eskubideak babesteko; besteak beste, etxebizitza duina izateko eskubidea babesteko. Izan ere, etxebizitzen eraikineko promotoreak, zeina aldi berean etxebizitza gehienen jabea baita, erabaki bat hartu du, eta erabaki horren ondorioz eraikinari energia elektrikoa eten diote, eta, horrekin, kalte larria eragin diote etxebizitzetako baten jabeari, alegia, eraikinean bizi den pertsona bakarrari, bere etxebizitzan ezin baita bizi. Horrek suposatzen du hirigintzaren arloko legediak finkaturiko hirigintza-betebehar bat ez betetzea, hain zuzen ere eraikin eta eraikuntzen jabeei haiek bizitzeko baldintzetan mantentzeko ezarritako betebeharra.

    Izan ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 87.1 b) artikuluak legezko betebehar bat ezartzen die era guztietako eraikinen jabeei, hain zuzen ere haiek segurtasuneko, osasungarritasuneko, apaintasuneko eta bizigarritasuneko baldintzetan mantentzekoa, baldintza horiek berrezartzeko behar diren lanak eginez, bai eta behar diren eta ondasunaren erabileraren eta ezaugarrien arabera exijitzekoak diren zerbitzuak ematekoa ere. Igogailurik edo eskailerak argiztatzeko modurik ez edukitzeak, ur berorik edo berogailurik ez edukitzeak, telekomunikaziorik edo garajerik ez izateak eta abarrek bizitzeko ezgai bihurtzen ditu eraikineko etxebizitza guztiak, besteak beste, kexa-egilearen etxebizitza. Errealitate hori ezin zaio kexa-egileari egotzi, zeina etxebizitzen multzo osoan norbait bizi den etxebizitza bakarraren bizi baita, baizik eta higiezinen promotorea eta eraikineko gainerako etxebizitzen jabea denari. Eta eraikinaren bizigarritasunerako, ezinbestez, hornidura elektrikoa, ur beroa, argi komuna eta abarrekoak berreskuratu behar dira.

    [?] kaleko hemeretzi etxebizitzaren jabe gisa higiezinen promotoreak dauzkan betebeharren ez betetzearena aurrean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak ahalmena ematen dio Agoizko Udalari behar diren exekuzio-aginduak eman ditzan, promotoreari eraikin osoko bizigarritasun baldintzak berrezartzeko dagozkion betebeharrak betetzeko behar diren egintzak eginarazteko. Kasu honetan, bidezko hirigintza jarduketa da udalak agindu bat eman dezala gainerako etxebizitzen jabea den promotoreak behar diren jarduketak egin ditzan (elektrizitatearen horniduraz arduratzen den enpresari zor diona ordaintzea), eraikinean berriz ere argia egon dadin eta, horrenbestez, kexa-egilearen etxebizitzak bizigarritasun baldintzak bete ditzan.

    Udalaren aginduaren balizko betetzeak ahalmena ematen dio udalari exekuzio subsidiariora jotzeko edo isun hertsatzaileak eta bidezko izan daitezkeen zehapenak ezartzeko.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Agoizko Udalari gogoraraztea legez ziurtatu beharra daukala lursailen eta eraikinen promotore eta jabeek haiek segurtasun, osasungarritasun eta bizigarritasun baldintzetan mantentzen dituztela eta behar diren lanak egiten dituztela baldintza horiek zaintzeko edo berrezartzeko, bai eta haiei etxebizitza-erabilera dela-eta exijitzekoak diren zerbitzuak emateko ere.

  2. Agoizko Udalari gomendatzea [?] kaleko hemeretzi etxebizitzetako sustatzaile eta jabeari agindu diezaiola behar diren jarduketak egin ditzala eraikineko argiteria eta, horrenbestez, behar diren bizigarritasun baldintzak berrezartzeko.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Agoizko Udalari ebazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer neurri hartu behar dituen jakinaraz, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan, aipatutako legeko bigarren idatz-zatian ezarritako terminoetan.

  4. Ebazpen hau interesdunari eta Agoizko Udalari jakinaraztea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia