Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

50/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 martxoa 14

Euskara

Gaia: Convocatorias de oposiciones para plazas de puestos de trabajo al servicio de la Comunidad Foral de Navarra en las que no se valora el vascuence como mérito

Exp: 11/15/C

: 50

Elebitasuna

AURREKARIAK

  1. 2011ko urtarrilaren 13an, [?] andreak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lanpostu batzuk oposizio bidez betetzeko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako deialdi batzuk zirela eta.

    Kexa-idazkian azaltzen du 2010eko irailaren 29k 118. Nafarroako Aldizkari Ofizialean zenbait deialdi argitaratu zirela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko gizarte hezitzailea izateko bi lanpostu, artxiboetako erdi mailako teknikari izateko bi lanpostu eta nekazaritzako ingeniari teknikoa izateko zortzi lanpostu betetzeko. Deialdi horietan, ingelesaren ezagutza baloratzen zen, baina ez euskararena. Ingelesari buruzko proba borondatezkoa zen eta ez baztertzailea.

    Adierazten du, halaber, 2010eko urriaren 18ko 126. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko turismoko jardueretako ofizial izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia argitaratu zela, eta deialdi horretan ingelesez eta frantsesez jakitea baloratzen zela, baina ez euskaraz jakitea.

    Halaber, aipatzen du 2010eko azaroaren 3ko 134. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, deialdi bat argitaratu zela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko herri lanetako ingeniari tekniko izateko hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko. Deialdi horretan, halaber, ingelesaren ezagutza baloratzen zen, baina ez euskararena, nahiz eta lanpostuetako batek destinoa Irurtzunen eduki –eremu euskalduneko udal batean, beraz–.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari.

    2009ko ekainaren 8an, eskatutako txostena jaso genuen.

AZTERKETA

  1. Kexaren xedea zen zehaztea ea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lanpostuak oposizio bidez betetzeko deialdietan, kexa-egileak aipatzen dituen horietan, beharrezkoa zen ala ez euskararen ezagutza baloratzea, alde batera utzita Administrazioak beste hizkuntza batzuen ezagutza baloratzen duen ala ez, zeren eta euskarak araubide juridiko berekia eta berariazkoa baitauka.

    Horretarako, deialdietan eskaintzen diren lanpostuen destinoak bereizi beharko dira. Alde batetik daude eremu euskalduneko udaletan destinoa izanen duten lanpostuak eta, zehazkiago, Irurtzunen destinoa izanen duen herri lanetako ingeniari teknikoa izateko lanpostu bat. Bestalde, eremu euskalduneko udaletan destinoa izanen duten lanpostuak daude; honakoak, zehazki: gizarte hezitzailea izateko lanpostu bat, artxiboetako erdi mailako teknikaria izateko bi lanpostu, nekazaritzako ingeniari teknikoa izateko zortzi lanpostu, turismoko jardueretarako ofizial izateko bi lanpostu eta herri lanetako ingeniari teknikoa izateko lanpostu bat, guztiek ere destinoa Iruñean izanen dutenak; gizarte hezitzailea izateko lanpostu bat, destinoa Barañainen izanen duena; eta herri lanetako ingeniari teknikoko lanpostu bat, destinoa Lizarran izanen duena.

  2. Eremu euskaldunean destinoa izanen duten lanpostuetara sartzeari dagokionez, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 15. artikuluak honakoa ezarri zuen bere bigarren idatz-zatian:Administrazio bakoitzak, dagozkion eskumenen esparruan, zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta gainerakoentzat, kontutan hartzeko merezimendutzat hartuko da besteren artean.

    Ildo beretik, foru lege hori garatzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuak euskararen nahitaezko ezagutza eta balorazioa arautzen ditu, lanpostuetara sartzeari eta lanpostuak betetzeari dagokienez; honakoa ezartzen du, hain zuzen ere: Nafarroako administrazio publikoek, ebazpen arrazoituaren bidez, beren plantilla organikoetan adieraziko dute euskaraz jakitea zer lanpostu eskuratzeko izanen den nahitaezkoa, zereginen, Foru Dekretu honetako zehaztapenen eta eskariaren arabera; lanpostu horien zereginei dagokien jakite maila adierazi beharko da. Gero, hizkuntza eskakizun hori kasuan kasuko lan eskaintza publikoetan eta lanpostuen deialdietan adieraziko da.

    Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak legez nahitaez adierazi behar ditu bere plantilla organikoan, ebazpen ziodun baten bitartez, eremu euskalduneko zein lanpostutan den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta zeinetan baloratuko den merezimendu gisa.

    Gainera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duen ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuak, eremu euskaldunean euskaraz jakiteari emanen zaion trataerari buruzko 2. artikuluan, honakoa ezartzen du:

    Eremu euskalduneko herrietan aritzeko diren lanpostuetan sartzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa hartzeak merezimendu baremoaren gainerakoari esleitu zaion puntuazio osoarekiko ehuneko 6ko balorazioa izanen du, betiere plantilla organikoan nahitaezkotzat jo ez bada.

    Erakunde honen iritziz, foru dekretu hori, eremu euskaldunari dagokionez, lanpostuetara sartzeko eta lanpostuak betetzeko deialdi guztietan da aplikatzekoa, oposizioetako deialdiak izan nahiz oposizio-lehiaketetarako deialdiak izan, eta “merezimenduen baremoaren” aipamenak ez ditu foru dekretuaren eragin juridikoak mugatzen oposizio-lehiaketen modalitatera, zeren eta horrek berekin ekarriko bailuke Euskarari buruzko Foru Legeko 15. artikuluaren aurkako interpretazio bat egitea, foru lege horretan hautapen prozesu guztiak aipatzen baitira.

    Aztergai dugun kexan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko herri lanetako ingeniari teknikoa izateko hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia aipatzen da; izan ere, lanpostuetako baten destinoa Irurtzunen da, hain zuzen ere eremu euskalduneko udal batean, no euskarak hizkuntza ofizialaren izaera baitauka.

    Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantilla organikoak Irurtzungo lanpostu horretarako euskaraz jakitea merezimendu gisa ezarria dauka.

    Azaldutako araudia Irurtzunen destinoa izanen duen herri lanetako ingeniari teknikoaren lanpostuari aplikatuz gero, erakunde honek ondorioztatzen du beharrezkoa dela euskararen ezagutza merezimendu kualifikatu gisa baloratzea lanpostu horretara sartu ahal izateko.

  3. Destinoa eremu mistoan izanen duten lanpostuen deialdiei dagokienez, berriz, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, 17. artikuluan, euskara eremu mistoan erabiltzeari buruzkoan, honakoa ezarri zuen:

    “Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Administrazio Publikoei zuzentzeko.

    Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatu Administrazioek honako hau egin dezakete:

    1. Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zein lanpostutarako izanen den nahitaezko euskaraz jakitea zehaztu.
    2. Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskararen ezagupena merezimendutzat baloratu”.
    3. Aurreko arauaren testutik ondorioztatzen da Nafarroako administrazio publikoek beren buruari giza baliabide egokiak eta behar adinakoak eman beharko dizkiotela herritarrek administrazioetan euskara erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko.

Bere aldetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duen ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuak, 3. artikuluan, honakoa ezartzen du: Eremu euskalduneko herrietan aritzeko diren lanpostuetan sartzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa hartzeak merezimendu baremoaren gainerakoari esleitu zaion puntuazio osoarekiko ehuneko 6ko balorazioa izanen du, betiere plantilla organikoan nahitaezkotzat jo ez bada.

Eta arestian adierazi dugun bezala, foru dekretu horren 2. artikuluaren interpretazioan, “merezimenduen baremoaren” aipamena ezin da mugatu soilik oposizio-lehiaketetara, hautapen prozesu osoan aplikatzekoa baita. Bada, interpretazio hori bera aplikatu behar zaio eremu mistoari buruzko 3. artikuluari, zeren eta bataren eta bestearen testuak berdinak baitira.

Hori dela eta, eremu mistoko lanpostuetara sartzeko egiten diren prozesu guztietan, euskara merezimendu gisa baloratu beharra dago, erdiets daitekeen gehieneko puntuazioaren guztizkoaren % 3ko proportzioan.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea legez, destinoa eremu euskaldunean izanen duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko lanpostuetara sartzeko hautapen prozesu guztietan, euskararen ezagutza merezimendu kualifikatu gisa baloratzeko betebeharra duela, edo, hala ezarrita dagoenean, nahitaezko baldintza gisa ezartzeko betebeharra duela.

  2. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea Nafarroako Foru Komunitateko Administraziora sartzeko eremu mistorako deialdietan euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzeko betebeharra duela, nahitaezko baldintza ez denean, hain zuzen ere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duen ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

  3. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea ezen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko herri lanetako ingeniari teknikoa izateko hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian, Irurtzunen destinoa izanen duen lanpostuari dagokionez, euskararen ezagutza exijitu behar duela merezimendu kualifikatu gisa, plantilla organikoan ageri den bezala eta Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 15. artikulutik ondorioztatzen den bezala.

  4. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea ezen, kexa honen xede izan eta eremu mistoan destinoa duten lanpostuak oposizio bidez betetzeko deialdietan, euskara merezimendu gisa balora dezala, erdiets daitekeen gehieneko puntuazioaren guztizkoaren % 3ko proportzioan.

  5. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

  6. Ebazpen hau interesdunari eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari jakinaraztea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia