Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Ruidos procedentes de bajera alquilada a jóvenes
Exp: 11/85/M
Nº: 49
Ingurumena
2011ko otsailaren 7an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen bere etxebizitzan, Iruñeko [?] kalean, pairatzen dituen zaratengatik eta eragozpenengatik.
Azaltzen du bere etxebizitzaren azpian hogei bat gazteri alokatutako etxabe bat badagoela, eta gazte horiek zarata handia egin eta atsedena eragozten dutela, bereziki asteburuetan.
Baieztatzen du lokalak ez duela intsonorizazio eta isolamendu egokirik, eta sarrerako atea hondaturik dagoela; hori dela eta, zarata handia sortzen da bertan. Gainera, adierazten du espaloian pilatzen den zikinkeriaren berri eman izan duela, bai eta tarteka gazteek hartatik pasatzea oztopatzen dutela.
Adierazten du behin baino gehiagotan gazteekin hitz egin izan duela, eta ez duela inongo emaitzarik lortu, eta, gainera, lokaleko jabeak ez duela laguntzarik eman nahi gaiari konponbidea emate aldera.
Azaltzen du, halaber, Udaltzaingoari abisua eman diola eta, gainera, Iruñeko Udalean idatzizko eskabide bat erregistratu duela, pairatzen duen egoera salatzeko eta neurriak har daitezen eskatzeko.
Bere ustez, arauetan hutsune bat dago gazteek erabiltzen dituzten gisa horretako etxabeei dagokienez, eta, gainera, erlatiboki nahiko zail suertatzen pairatutako zarata maila egiaztatzea, jarraitua ez delako, nahiz eta etxeetan atsedena eragozteko nahiko gertatu.
2011ko otsailaren 23an, martxoaren 2an eta martxoaren 4an Iruñeko Udalak igorritako idazki batzuk jaso ditugu.
Otsailaren 23ko idazkian, Herritarren Segurtasunaren Alorrak ezagutzera ematen du bost polizia-jarduera izan direla aztergai dugun gaiaren harira.
Martxoaren 2ko idazkiaren bitartez, Garapen Iraunkorraren Alorrak ezagutzera eman du ez dutela kasuarekin lotutako inongo sonometria positiborik jaso. Hori dela eta, ez dute une honetara, organo administratibo horrek ez du neurri zuzentzaile edo zehatzailerik ezarri.
2011ko martxoaren 4an, [?] Alorrak emaniko txostena jaso dugu.
Interesdunak kexa azaltzen du bere etxebizitzan pairatzen duen zaratarengatik, hain zuzen ere haren azpiko lokal-etxabe batean bildu ohi den gazte-talde batek sorrarazitakoarengatik. Adierazten du etxabeak ez dituela biltzen erabilera horretarako behar diren baldintzak, eta horrek bere eskubideetan eragina duela.
Espedientetik ondorioztatzen denaren arabera –funtsean, Iruñeko Udaletik egindakotik– udalak zenbait jarduketa egin ditu kasu zehatz honen harira (bere garaian, etxabea aldi baterako prezintatu; baldintza jakin batzuekin erabiltzeko baimena eman; sarrerako atea konpontzeko edo ordezteko errekerimendua) eta aztertzen ari da, norainoko zabalago batez, neurri gehiago hartzeko horrelako lokalen funtzionamenduan eta erabileran gertatzen diren arazoei konponbidea emateko.
Erakunde honek, hasteko, gogorarazi behar du jurisprudentziak behin eta berriz adierazi duenez, etxebizitzaren esparruan modu jarraituan zaratak eta eragozpenak pairatu behar izateak konstituzio-eskubideen gozamenean eragin dezakeela; esate baterako: osotasun fisiko eta moralerako eskubidea; osasuna babestua izateko eskubidea; intimitaterako eskubidea eta etxearen bortxaezintasunerako eskubidea.
Horri dagokionez, paradigmatikoa da Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 23ko 16/2004 epaia, zeinak aitortzen baitu horrek oinarrizko eskubideetan eragina izan dezakeela; izan ere, honakoa adierazten du: Gaur egungo gizartean, zarata faktore psikopatogenoa eta herritarren bizi kalitatearen etengabeko asaldu iturria izan daiteke. Horixe adierazten dute, bederen, Osasunerako Mundu Erakundeak inguruneko zarataren gainean finkatutako zuzentarauek (nabarmendu beharrik ere ez dago OMEk erreferente zientifiko gisa duen balioa). Bertan, luzaroan zarata maila handiaren eraginpean izateak pertsonen osasunean dituen eraginak azaleratzen dira (entzumen urritasuna, ahozko hizkuntza ulertzeko zailtasunak, lo nahasmendua, neurosia, hipertentsioa eta iskemia), baita jokabide sozialean dituenak ere (batik bat, elkartasunezko jarrera murriztea eta joera oldarkorragoa)
.
Gazte-talde batzuek etxabeak topagune eta aisiarako gune gisa erabiltzea fenomeno nahiko berria da, edo, gutxienez ere, azken urte hauetan dimentsio handiagoa hartu duena. Egiazki, zalantzarik gabe erabilera horrek, halako etxabe batean bil daitezkeen pertsonen kopuruarengatik eta aisialdiaz gozatzen egotearen berarengatik, auzo-lagunen arteko ohiko
harreman batean gerta daitezkeenak baino eragozpen handiagoak sor ditzake.
Toki entitateek errealitate horren aurrean sentiberak izan behar dute, eta osasun publikoaren arloko beren eskumenaz baliatu beha dute eta esku hartu behar dute zaratak eta eragozpenak sor ditzaketen jardueren aurrean. Horretarako, beharrezkoa bada, neurri berriak ezarri beharko dituzte, herritar batzuen eta besteen eskubideak arrazoiz uztarrarazteko, eta behar diren tresnez hornitu behar dira xede hori lortzeko. Nolanahi ere, konstituzio-garrantzi berezia eman beharko zaie aurreko gogoetan aipatu diren eskubideei.
Zarataren arloan esku-hartze administratiboa egiteko ahalmena berariaz ezarrita dator Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean; izan ere, lege-arau horrek, gainera, gaitasuna ematen die udalei, beharrezkotzat jotzen badute, arloari buruzko ordenantzak onesteko (Zaratari buruzko Legeko 18. eta 6. artikuluak).
Uztailaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuak ere –pertsonei eragozpenak sortzen dizkieten edo osasunerako arriskutsuak diren jarduerei aplikatzekoa denak– ahalmena ematen die udalei egiaztatutako zarata maila kasuz kasu arintzeko edo deuseztatzeko.
Administrazioak esku hartzeko daukan ahalmena, zaratari buruzko legedian aipatzen dena, azken buruan, toki araubideko legediak, orokorrean, interes orokorra duten jarduerak eta zerbitzuak eta hirugarrenen eskubideak uztartzeko ematen duen ahalmenaren berariazko adierazpen bat da (Toki Araubideko Oinarriei buruzko Legeko 84. artikulua eta hurrengoak eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 179. artikulua eta hurrengoak). Bada, ahalmen horrek ekar dezake jarduera horiek garatzeko baldintza batzuk ezartzeko aukera.
Aurreko xedapenak, legezkoak zein erregelamenduzkoak, erakunde honen iritziz behar adinako esparru bat osatzen dute kexan salatutakoa bezalako jarduerekin edo erabilerekin lotutako neurriak legitimatzeko, direla prebentzio-neurriak, direla sortutako zarata, indarreko arauetan aurreikusitako immisio-mailen arabera gehiegizkoa den kasuetan erreakzionatzeko neurriak, hain zuzen ere zarata horrek bizi-lagunen eskubideak kaltetu ditzakeenean.
Testuinguru honetan, kontuan izanda kexa eragin dutenen antzeko kasuetan lokal-etxabeak aisiarako erabiltzean normalean bizi-lagunen arteko ohiko harreman batean onartzekoak direnak baino zarata eta eragozpen handiagoak sor daitezkeela, erakunde honek Iruñeko Udalari gogorarazten dio eraginkortasunez jokatu behar duela herritarrek beren etxebizitzetan bakea izateko eta atsedena hartu ahal izateko oinarrizko eskubideak ziurtatze aldera, eta iradokitzen dio lokalen erabilera horretarako baldintza gisa ezar dezala gutxieneko isolamendu akustikoa edukitzea, teknikoki zehaztutako mailan, bizi-lagunek gehiegizko edo bidegabeko zaratak pairatu behar izan ez ditzaten.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Iruñeko Udalari gogoratzea legezko betebeharra duela eraginkortasunez jarduteko, herritarrek beren etxebizitzetan bakean egon daitezen eta atsedena har dezaten, aisiarako erabiltzen diren lokal-etxabeak erabiltzeak eragindako bidegabeko zaratak eta eragozpenak saihestuz.
Iruñeko Udalari iradokitzea gazte-taldeek lokal-etxabeak aisiarako gune gisa erabiltzeko baldintza gisa ezar dezala aurrez isolamendu akustikoko maila bat egiaztatzea, teknikoki egokitzat jotzen den mailan, bizi-lagunek gehiegizko mailak ez jasateko daukaten eskubidea bermatze aldera.
Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari iradokizun honen onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia