Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

46/2010 Ebazpena, martxoaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena. Horren bidez, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gomendatzen dio egin beharreko jarduketak egin ditzan, Goizueta-Aranoko Laguntza Jarraituko Gunean epe egoki batean ziurtatze aldera osasun-laguntza.

2010 martxoa 04

Osasuna

Gaia: Atención sanitaria en un tiempo adecuado en el Punto de Atención Continuada de Goizueta y Arano

Exp: AO 23/09

: 46

Osasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko urriaren 23an, erakunde honek ofizioz abiarazi zuen jarduketa bat, Goizuetan eta Aranon 2009ko irailean izandako gertakarien karietara, ustez osasun arloko baliabide gutxiegi egon baitzen gas-leherketa batean zauritutako gizon bat artatzeko eta infartu baten ondotik hil zen emakume bat artatzeko.

  2. Osasun Departamentuari txostena eskatu genion, eta 2009ko abenduaren 17an Departamentuaren 2009ko azaroaren 10eko idazkia jaso genuen erakunde honetan; hartan, informazioa eman zigun ofiziozko jarduketa hau abiaraztea ekarri zuten Goizuetako eta Aranoko gertakari haiei buruz.

Txostenean, Leitzako oinarrizko osasun eskualdean, eta, zehazki, Goizueta-Aranoko Laguntza Jarraituko Gunean, 2008an eta 2009an izandako zenbait gorabehera azaltzen dira; txostenak dioenez, 2009ko azaroaren 16tik hona, Laguntza Jarraituko Gune hori irekita dago aste osoan, eta sendagile eta erizain lokalizatua daude bertan.

Halere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak isil-gordeko informazio-espediente bat abiarazi duela jakin izan dut, eta espedientea izapidetzen ari denez gero, erakunde honi eman beharreko erantzuna atzeratzeko eskatu du, harik eta isil-gordeko informazio hori itxi arte, lortutako informazioa aztertuta atera daitezkeen ondorioak erantzunari erantsi ahal izate aldera.

Erakunde honen 2009ko abenduaren 23ko idazkiaren bidez, informazio guztia igortzeko epea isil-gordeko informazioa bukatu arte luzatu zen.

Azkenik, 2010eko martxoaren 1ean Osasuneko kontseilariaren idazkia jaso zen erakunde honetan. Harekin batera igorri zuen Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendariaren 2009ko abenduaren 21eko 128/2009 ebazpena, zeinaren bidez deklaratzen baita ez zela administrazioko arau-hausterik gertatu eta abiarazitako prozedura largesten baita.

Largespena erabakitzeko arrazoia da, instrukzio-egilearen txostenaren arabera, detektatutako beharrizanen araberakoak zirela mobilizatutako baliabideak; osasun arloko langileen esku-hartzea zuzena, baina hobetzeko modukoa, izan zela, eta esku-hartzearen azken emaitza saihestezina izan zela kasu batean, eta bestean ez zuela eraginik izan zaurituaren egoeran.

AZTERKETA

  1. Espedientean jasota dagoen informazioaren arabera, ofiziozko jarduketa hau abiaraztea ekarri zuten gertakarietan osasun-laguntza epe egokian eman ez izateko arrazoi nagusia izan zatekeen 2008ko uztailetik aitzina guardiako sendagilea kendu izana Goizuetako Laguntza Jarraituko Gunetik. Guardiako sendagilea kentzean, Goizuetan eta Aranon astean bost egunez egonen zen sendagilea –astelehenetik ostiralera, goizeko zortzietatik arratsaldeko hirurak bitarte–, eta gainontzeko denboran osasun-laguntzaile tekniko baten ardura izanen zen osasun-laguntza. Halatan, osasun-laguntzak sendagile bat egotea eskatzen duenean, sendagilea Leitzako Laguntza Jarraituko Gunetik bertaratu behar zen, hau da, ordu erdi luze behar zuen Goizuetaraino joateko, eta ordubete Aranoraino joateko. Bertaratzeko denbora hori ez litzateke bat etorriko larrialdiak artatzeko ezarritako isokronekin, ez baitu ziurtatzen larrialdi medikoetan exijitu beharreko kalitatearekin eta denborarekin emanen dela laguntza.

    Bestalde, kasu askotan –bi hauetan ere bai– ikusi da helikoptero medikalizatu bat erabiltzea aukera ona dela joan-etorri luzeegietarako (egunez eta egoera klimatologiko jakin batzuetan soilik erabil daiteke).

    Egoera hori eta izan litezkeen gabeziak konpontze aldera, Osasun Departamentuak adierazi digu Goizueta-Aranoko Laguntza Jarraituko gunea, 2009ko azaroaren 16tik hona, aste osoan dagoela irekita, eta sendagile eta erizain lokalizatua daudela bertan.

    Azkenik, isil-gordeko informazio espedientea bukatuta, Osasun Departamentuak uste du detektatutako beharrizanen araberakoak zirela mobilizatutako baliabideak; osasun arloko langileen esku-hartzea zuzena, baina hobetzeko modukoa, izan zela, eta esku-hartzearen azken emaitza saihestezina izan zela kasu batean, eta bestean ez zuela eraginik izan zaurituaren egoeran.

  2. Hori guztia ikusita, ondoko bi premisa hauek jar daitezke:

    1. Osasun arloko langileen esku-hartzea zuzena izan zen laguntzaren ikuspuntutik, hau da, behar bezalako arretaz jardun zuten.
    2. Halere, bertaratzeko erabili zuten denbora hori ez zen bat etorri larrialdiak artatzeko ezarritako isokronekin, ez baitu ziurtatzen larrialdi medikoetan exijitu beharreko kalitatearekin eta denborarekin emanen dela laguntza.

      Bi premisa horiek onartuta, ondokoa ondoriozta daiteke: osasun arloko profesionalek ez baldin bazuten huts egin, une hartako laguntza-sistemak huts egin zuen, eta huts egin zuen, hain zuzen ere, bitarteko egokirik ez zegoelako, segur aski Goizuetako Laguntza Jarraituko Guneko guardiako sendagilea kendu izanaren eraginez. Orain, gabezia hori konpondu nahi da, aste osoan jarrita sendagile eta erizain lokalizatua bertan.

      Baina, erakunde honen iritziz, kasu urgenteetan, beharbada, guardia lokalizatua ez da nahiko epe egokian erantzuteko gerta daitezkeen larrialdietako laguntza-beharrizanei.

  3. Horrenbestez, ofiziozko jarduketa hau abiaraztea ekarri zuten gertakariak berriz gerta ez daitezen eta eskualdeko bizilagunei eta egoiliarrei eska daitekeen gutxieneko kalitatezko osasun-laguntzarako eskubidea uneoro ziurtatze aldera –aldez aurretik ezarritako gehienezko atzerapen-denbora betetzea barne–, ematen du guztiz gomendatzekoa dela Osasun Departamentuak lanean jarrai dezan Laguntza Jarraituko Gune horri behar diren giza baliabideak eta baliabide teknikoak emateko, exijitzekoak diren denboran eta kalitatearekin ziurtatu ahal izate aldera larrialdi medikoetako laguntza.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Osasun Departamentuari gomendatzea egin beharreko jarduketak egin ditzan, Goizuetako Laguntza Jarraituko Guneko osasun-laguntzako sistemak bizilagunei ziurtatze aldera, baita asteburuetan ere, exijitzekoak diren denboran eta kalitatearekin, larrialdi medikoetako laguntza.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari gomendio hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ez dela zilegi honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia