Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Deficiencias en el servicio de atención temprana en Bortziriak, por necesidad de acudir a Pamplona para tratamiento de fisioterapia
Exp: 10/955/B y 10/956/B
Nº: 45
Gizarte Ongizatea
2010eko abenduaren 22an, [?] andreak –Bortzirietan arreta goiztiarraren zerbitzua jasotzen duten haurren gurasoak ordezkatuz– eta [?] jaunak –Etxalarko alkatea eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakaria– aurkeztutako idazki bana sartu ziren gure erakundean. Haien bitartez, kexa bat aurkezten zuten aipatutako zerbitzuari buruz.
Zehazki, kexa-egileek azaltzen zuten ez daudela ados aipatutako arreta goiztiarraren zerbitzua behar duten haurrek, fisioterapiako prestazioa jasotzeko, Iruñeraino joan behar izatearekin.
Horri dagokionez, baieztatzen dute Bortzirietan, logopedia eta estimulazio prestazioetako zerbitzuak ANFASek ematen dituela, haurrak bertatik atera behar gabe. Alabaina, fisioterapiako prestazioa jaso ahal izateko, familiek Iruñeraino joan behar izaten dute. Inguruabar hori, azaltzen dutenez, praktikan, zenbait eragozpen dakartza berarekin:
Saio kopurua gutxitzea edo zerbitzua ematearen ordez gurasoek jarraitu beharreko jarraibide batzuk ematea.
Joan-etorriengatiko kostu ekonomikoak. Lehenago horretarako ematen ziren laguntzak desagertu egin dira, gainera.
Errepideko joan-etorriek berez dauzkaten arriskuak.
Adierazitako arazoengatik edo beste batzuengatik, familia batzuek tratamendua uztea edo etetea, hura hartzera joateko biderik ez izateagatik, eta, horrenbestez, ukitutako adingabeak kalteturik ateratzea.
Adierazten dute ezen, indarreko arauen arabera, arreta goiztiarreko zerbitzuak bermaturik egon behar duela eta modu deszentralizatuan eskaini behar dela. Halakorik, ordea, ez da gertatzen Bortzirietako familietan.
Interesdunek zenbait proposamen egiten dituzte, beren ustez arazoa gutxitu dezaketenak, eta eskatzen dute, nolanahi ere, eskualdeko haurren fisioterapia-arretako premiak hurbileko ingurunean ase daitezela, lege indardunetatik ondorioztatzen den gisan eta Nafarroako beste eskualde batzuetan egiten den bezala.
2011ko urtarrilaren 19an, Osasun Departamentuak igorritako txostena sartu zen. Hartan, izan ere, honakoa ageri da jasota:
“Tafalla, Altsasu, Elizondo, Lesaka, Zangoza, Lodosa eta San Adriango Errehabilitazioko unitate periferikoek hurrengo zerbitzuak ematen dituzte:
Artikulazio txikietako eskeleto-giharretako patologien errehabilitazioa, traumatologiako espezialistek deribatutakoa.
Errehabilitazioko unitate periferikoek ez dute eginen exijitutako kalitate-maila jasoa bermatzerik ez dagoen prozedurarik edo teknikarik. Hori dela eta, unitate horietan ez da haurren errehabilitaziorik eginen, ez eta helduen beste errehabilitazio batzuk ere; esate baterako, arlo hauetako tratamenduak: gernu-ihesa, anputazioak, errehabilitazio neurologikoa, disfoniak edo mastektomia egindako gaixoen linfedemak.
Kexa-egileek adierazten dute Bortzirietan hiru urte baino gutxiago izan eta arreta goiztiarraren zerbitzua –eta, horren barrenean, fisioterapiako tratamendua– behar duten haur guztiek ezin dutela halakorik jaso beren ingurune hurbilean.
Gabezia hori dela eta, ukitutako haurrek beren adskripzio administratiboko eskualdetik kanpo joan behar izaten dute, eta joan-etorri horiek nahastea dakarkie bai haiei, bai haien familiei.
Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zuen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak, bere prestazioen artean, 0-3 urteko haurrentzako arreta goiztiarraren zerbitzua aurreikusten du (I. eranskineko D letrako 4. idatz-zatia).
Prestazio hori “bermatutakoa” da eta, horrenbestez, Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legeko 19.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, herritarraren eskubide subjektibotzat hartu beharra dago, gizarte zerbitzuen zorroan bertan ezarritako moduan.
Zorroak 0 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzendutako baliabide hori definitzen du esanez zerbitzuak estimulazio eta errehabilitazio programak eskaintzen dituela mugimendu, zentzumen, ezagutza eta komunikazio garapeneko arazoak dituzten edo edukitzeko arriskua duten 0tik 3 urtera bitarteko haurren beharrei erantzuna emateko.
Zerbitzu horrek jasotzen dituen prestazioen artean, zerbitzuaren intentsitateari buruzko atalean jasotzen den bezala, fisioterapiarena ageri da.
Bestalde, urriaren 16ko 317/2009 Foru Aginduak xehetasun gehiagorekin arautzen du arreta goiztiarraren zerbitzua, eta ulertzen du hura dela 0 eta 3 urte bitarteko haurrei, familiari eta inguruneari zuzenduta dauden ekintzen multzoa, garapenean arazoak dituzten edo horiek izateko arriskua duten haurren beharrizanei ahalik eta lasterren erantzuteko helburua duena (...). Arretak prebentzio, terapia, habilitazio eta errehabilitazio arloetan banaka eta/edo taldeka egiten den esku-hartzea barne hartzen du, haurrari zein haren familia eta gizarte inguruneari zuzenduta dagoena. Tartean dauden sektoreen (osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak) jarduerak integratu eta koordinatuko ditu, eta arreta integrala garatzeko berariazko baliabideak sortuko” (1. artikulua).
Aurrekoa ikusita, egia izanik ere arreta goiztiarraren zerbitzua behar den kasu guzti-guztietan ez dela fisioterapiako prestaziorik beharko (kasu bakoitzeko inguruabarren araberakoa izanen da hori), egia da, era berean, azken hori haren zati bat dela, eta hark izaera orokor eta diziplina anitzekoa dela.
Planteatzen den kontua ez da, halere, zein den zerbitzuaren edukia edo norainokoa, baizik eta haren prestazioa non ematen den (zehazki, arreta goiztiarraren zerbitzuaren esparruan jasotzen diren fisioterapiako tratamenduak non ematen diren).
Horri dagokionez, adierazi beharra dago ezen Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak, sortzen duen sistemaren printzipio gidarien artean, hurbiltasunarena eta deszentralizazioarena aipatzen dituela [5. artikuluko h) letra]. Horri dagokionez, bilatu nahi da gizarte zerbitzuak, beren izaera eta ezaugarriak kontuan izanda, pertsonei hurbilena den esparruan ematea. Printzipio programatiko bat da hori, zeinak aurrez ezer determinatzen ez duen arren, administrazio publikoaren jarduna gidatu behar baitu bere zerbitzuak ezartzeko orduan.
Printzipioen esparruan ere eta orientabide-eginkizun bera duela, gogorarazi beharra dago Konstituzioak berak, 130.2 artikuluan, ezartzen duela botere publikoek tratamendu berezia eman behar diela mendiko eskualdeei, guztien bizimodu-maila parekatze aldera.
Arreta goiztiarraren zerbitzua arautzen duen urriaren 16ko 317/2009 Foru Aginduak, halaber, deszentralizazioaren printzipioa ezartzen du [4. artikuluko g) letra], honakoa adierazten baitu: “haur garapenaren eta arreta goiztiarreko zerbitzuek familiaren etxearen erreferentziazko eremutik hurbil egon beharko dute; zerbitzuak irisgarriak izanen dira, eta familien beharrizanen arabera antolatuko dira”. Horrenbestez, berretsi egiten da zerbitzua herritarrarengana hurbiltzeko helburua.
Gizarte zerbitzuen zorroari zehaztasun handiagoa ematen dio, beraz. Arreta goiztiarraren zerbitzua bermaturiko prestazioa dela ezarri ondoren eta haren xedea, onuradunak eta eskuratzeko baldintzak adierazi ondoren, honakoa esaten du:
g) Arreta emateko tokiak: Iruña eta Iruñerria, Iparraldea, Altsasu, Tafalla, Lizarra, Zangoza eta Tutera
.
Iparraldea esaten dugunean, hemen interesatzen zaigunari begira eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak eginiko txostenetik ondorioztatzen denez, honako eskualdeaz ari gara: Bortziriak, Doneztebe, Elizondo eta Leitza.
Hori dela eta, gizarte zerbitzuen zorroaren arabera, arreta goiztiarraren zerbitzua –orokorrean hartuta, barne hartzen dituen prestazio guztiekin– adierazitako tokietan eman beharra dago.
Horrenbestez, erakunde honek uste du Bortzirietako haurrek, arreta goiztiarraren zerbitzuaren erabiltzaile izan eta fisioterapia saioak behar dituztenek, bermaturik daukatela haiek beren ingurune hurbilean jasotzeko eskubidea.
Hala eta guztiz ere, horrek ez du esan nahi zerbitzua eman behar denik zehazki gizarte zerbitzuen prestazioa lurraldean antolatzeko oinarrizko barrutietako bakoitzean, baina bai gutxienez ere gizarte zerbitzuen zorroan aurreikusitako moduan; izan ere, horrek –berriz diogu– arreta emateko toki gisa “Iparraldea” deitzen duena aurreikusten du, eta horren barrenean arestian adierazitako herriak sartzen dira.
Prestazio hori behar duten erabiltzaileen kopuru gutxi-asko handia egoteak antolamendu aldetiko konponbide edo aukerak justifika ditzake (egitura egonkor bat sortzea, prestazioa langileen aldi baterako kontratazioaren bitartez, lurraldeko beste toki batzuetan diharduten fisioterapeutak bertaratzea edo egokitzat jo daitezkeen beste batzuk), baina ez du eraginik izan behar tratamendua ingurune hurbilean hartzeko eskubidean, Foru Komunitateko Administrazioak berak bere gizarte zerbitzuen zorroan beran egituratu duenez.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatzea behar diren neurriak har ditzala arreta goiztiarraren zerbitzua erabiltzaile diren Bortzirietako haurrek, fisioterapiako prestazioa behar dutenek, aukera izan dezaten hura ahal den hurbilen hartzeko eta, nolanahi ere, gizarte zerbitzu orokorren zorroan aipatzen den Iparraldeko eremuaren barruan.
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari bi hilabeteko epea ematea gomendio hau onartzen duen ala ez informatzeko eta hura dela-eta hartu behar dituen neurriak adierazteko, edo, bestela, gomendioa ez onartzeko arrazoiei buruz informatzeko, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia