Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

44/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexa ebazten duena.

2011 martxoa 03

Gizarte ongizatea

Gaia: Retraso en resolución de renta básica

Exp: 10/892/B

: 44

Gizarte ongizatea

AURREKARIAK

  1. 2010eko azaroaren 25ean, [?] andreak aurkeztutako kexa-idazki bat sartu zen gure erakundean. Oinarrizko errentaren inguruko espediente bat ebazten geroratzeari buruzkoa zen kexa.

    Kexa-idazkian azaltzen zuen irailean oinarrizko errentaren prestazioa berriztatzeko eskatu zuela. Alabaina, kexa aurkeztu den egunera arte, ez du eskabide horren inguruko ebazpenik lortu.

    Adierazten du egoera ekonomiko desesperatuan dagoela, zeren eta mantendu beharreko bi urteko seme bat bai baitu, eta ez baitu hari jaten emateko edo beroa emateko arroparik erosteko baliabiderik. Gainera, aipatzen du bizi den etxearen alokairua ordaindu beharrean aurkitzen dela, eta beldur dela errenta ez ordaintzeagatik etxetik botako ote duten, eta, horrenbestez, oinarrizko errenta presaz ordain diezaiotela eskatzen du.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zitzaion Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari.

    2011ko urtarrilaren 12an jaso genuen Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari eskatutako txostena, non ondokoa esaten baita hitzez hitz:

    “[?] andrearen familia unitateak oinarrizko errenta jaso izan du 2009ko urriaren 1etik 2010eko apirilaren 30era arte; hain zuzen ere, hileko 759,96 euro.

    Gaur egun, oinarrizko errentari buruzko aipatutako espedientea ([?] zenbakia duena) baloratzeko fasean dago, [?] andreak prestazioa berritzeko behar den dokumentazioa aurkezteko zain.

    Aipatutako dokumentazioa eskatu izan zaio zeren eta egiaztatutzat jotzen baitu [?] andreak bere Gizarteratze Akordioan hartutako konpromisoak bete dituela, eta, gainera jo delako beharrezkoa izanen litzatekeela haren egiazko bizitokia zein den egiaztatzea.”

  3. 2011ko urtarrilaren 7an, [?] andreak beste idazki bat aurkeztu zuen erakunde honetan, gizarte zerbitzuek emandako laguntzari buruzkoa, hain zuzen ere oinarrizko errentaren izapidetzea dela eta.

    Adierazten zuen ezen, langabezian eta diru-sarrerarik gabe egotearen ondorioz, alokairuko zenbait hilabete zor dituela, eta ez duela behar adina elikagai bere semea elikatzeko. Hori dela eta, bere antzinako bizitokiari zegokion gizarte langileak gomendatuta, behar zen dokumentazio guztia bildu zuen oinarrizko errentaren izapidetzea betetzeko hartarako epea amaitu baino hilabete lehenago, eta zita bat eskatu zuen [?] auzoko unitateko gizarte langilearekin, zeina baita oraingo bizitokiaren arabera dagokiona. Hala eta guztiz ere, ezin izan zioten arretarik eman hilabete iragan arte. Zita horretan, eskatu zuen presaz izapide zezatela bere eskaria, baina gizarte langileak adierazi zuen hori ezinezkoa zela.

    Gehitzen du bere egoera ahula dela eta, aldi honetan behin baino gehiagotan zita bat eskatu duela gizarte langilearekin, baina ez duela halakorik ematea lortu. Bere oinarrizko errentaren eskabidearen izapidetzearen egoerari buruzko albisterik ez zuenez, gizarte zerbitzuetara jo zuen, eta haietan, bere espedientea aurkitzeko zailtasun batzuk izan ondoren, jakinarazi zioten bere egoera ebaluatu gabe zegoela.

    2011ko urtarrilean, prestazioa ez ziotenez ordaintzen, berriz ere jo zuen [?] auzoko unitatera, gizarte langileak arta zezan. Administrazioko langileek adierazi zioten beste gizarte langile bat esleitua ziotela eta, hark arta zezan, beharrezkoa zela aldez aurretik zita eskatzea, eta zita eman ahal izanen ziotela goizenez lau asteren bururako. Erantzun horren aurrean, eta zeukan etsipenezko egoeraren aurrean, arren eskatu zuen bere espedientea ezagutzeko, eta informatu zioten ordenagailuan ageri zenaren arabera, bere egoera ebaluatzen ari zirela, eta beharrezkoa zela dokumentazio gehiago aurkez zezan.

    Halaber, informatu zioten behin dokumentazio hori aurkeztuta, hogei egun iraunen zirela espedientea ebatzi arte.

    Kexa-egileak aipatzen du ezen, eskabidea aurkezteko unean, adierazi ziotela baldintza guztiak betetzen zituela, eta ez zuela dokumentazio gehiagorik aurkezteko beharrik. Gehitzen du bere egoera dramatikoa dela, eta dokumentazio hori behar zela jakin izan balu, eskabidearekin batera aurkeztu eginen zuela.

  4. Aipatutako idazkia jasota, Iruñeko Udalera jo zuen erakunde honek, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko.

    2010eko otsailaren 8an, udalaren txostena sartu zen erakunde honetan, eta bertan honakoa azaltzen da:

    “2010eko irailaren 15ean, [?] andrea [?] auzoko unitatean artatu zuten, oinarrizko errentaren prestazioa berriztatzeko. Prestazio hori, dauden arau desberdinen arabera, bera bukatzen den hilabete berean berritu beharra dago, eta ez [?] andreak dioen bezala, hilabete lehenago.

    Kasu honetan, [?] andreak prestazio hori irailaren 30era arte emana zeukan; horrenbestez, hil horretan bertan berritu behar zen. Bestalde, elkarrizketa berean, eta interesdunak adierazitako egoeraren aurrean, gizarte-jantokira joateko aukera ere eskaintzen zaio.

    Oinarrizko errenta presako izaeraz [?] entitatearen bitartez aurrez ordaintzeko aukera soilik gauza daiteke Gizarte Gaietako Zuzendaritza Nagusiak prestazioari onespena eman ondoren. Alderdi hori [?] andreari 2010eko abenduaren 1ean azaldu zitzaion, egun horretan joan baitzen [?] auzoko unitatera arestian aipatutako prestazioaren izapidetzearen egoerari buruz galdetzera.

    Gero, 2011ko urtarrilaren 7an, Gizarte Gaietako Zuzendaritza Nagusiak, espedienteari buruzko kontsulta egin eta hura baloratu ondoren, eta erakunde horri aitortzen zaizkion ahalmenen barruan, [?] andreari dokumentazio gehigarria eskatu zioten, gizarteratze akordioa betetzen ari dela ziurta dezan. Dokumentazio hori lau egun beranduago aurkeztu zuen auzoko unitatean, eta fax bidez igorri zuen gizarteratze atalera.

    [?] andrearen zailtasun egoerak bere horretan zirauela ikusita, 2011ko urtarrilaren 11n, presako elkarrizketa bat egin zen (aurretiaz zita eskatu gabe) auzoko unitatean. Berriz ere jakinarazi zitzaion bere espedientea kasuko erakundearen balorazioaren zain zegoela.

    Urtarrilaren 13an, [?]k balorazio positiboa eman ondoren, auzoko unitateak prestazioa aldez aurretik ordaintzeko eskatu zuen, horretarako hitzartutako entitatearen bitartez, alegia, [?]-ren bitartez.

    Bestalde, eta [?]andreak bizi dueneko zailtasun egoeraren xehetasunezko jarraipena egite aldera eta, kasua bada, beste baliabide, prestazio edo/eta zerbitzu batzuk aplikatu ahal izateko, beste elkarrizketa baterako zita emana dauka erreferentziako auzoko unitatean, hain zuzen ere otsailaren 11n.

    Aurrez azaldutako horretatik ondorioztatzen da erreferentziako auzoko unitatetik eginiko esku-hartzea zuzena izan dela, eta hau bezalako egoeretan erabili ohi diren bideak erabili izan direla.

    Gizarte Ongizatearen eta Kirolaren arloan eta erreferentziako auzo unitateak [?] andrearen eskura daude, berriz ere, gizarte zerbitzuen arloan behar izan dezakeen edozein orientabide edo/eta aholku jaso nahi badu ere.

AZTERKETA

  1. Kexaren xedea bikoitza da; haren funtsa da, alde batetik, Iruñeko gizarte zerbitzuek kexa-egileari eman dioten arreta, eta, bestetik, oinarrizko errenta berriztatzeko eskabideari eman beharreko ebazpenean geroratzea.
  2. Lehenengo gaiari dagokionez –hau da, [?] andreak [?]-ko auzoko unitatean jasotako arretari dagokionez–, Iruñeko Udalak bere txostenean dio ezen [?] andrea 2010eko irailaren 15ean artatu zutela [?]-ko auzoko unitatean, oinarrizko errentaren prestazioa berritze aldera. Interesdunak azaldutako egoeraren aurrean, gizarte jantokira joateko aukera ere eskaini zitzaion.

    Halaber, azaltzen da, 2010eko abenduaren 1ean, kexa-egileari azaldu zitzaiola aukera zuela oinarrizko errentaren prestazioaren ordainketa aurrez jasotzeko, [?] entitatearen bitartez, presako izaeraz, baina hori gauza zezakeela soilik Gizarte Gaietako Zuzendaritza Nagusiko [?]-k prestazio horri onespena eman ondoren.

    Kexa-egilea [?]-ko auzoko unitatean artatu zuten 2011ko urtarrilaren 7an eta 11n, eta 2011ko urtarrilaren 13an oinarrizko errentaren prestazioa aurrez ordaintzeari ekin zitzaion, [?] entitatearen bitartez, behin [?]-ren aldeko balorazioa lortu ondoren.

    Gainera, Iruñeko Udalak dioen bezala, [?] andreak pairatzen duen zailtasuneko egoeraren jarraipen xehea egite aldera, eta, kasua bazen, beste baliabide edo prestazio batzuk aplikatu ahal izateko, 2011ko otsailaren 11rako bere auzoko unitatean elkarrizketa bat egiteko zita bat eman zitzaion.

    Horrenbestez, emandako informazioa ikusita, ezin dugu jo Iruñeko Udaleko zerbitzuek emandako tratua okerra izan denik edo oinarrizko gizarte zerbitzuaren (kasu honetan, [?]-ko auzoko unitatea) aholku- edo orientabide-eginkizuna modu desegokian gauzatu denik.

    Hala eta guztiz ere, [?]-ko auzoko unitatearen jardueran kexa-egilearen premiak artatu badira ere, [?] andrearen idazkitik ondorioztatzen da ez zeukala horrelako kasuetan behar den konfiantza, eta ez zuela sentitzen, ezta ere, gizarte zerbitzuek bere arazorako egon zitezkeen konponbide guztiak eskaini zizkiotenik.

    Gizarte zerbitzuen esku-hartze zuzenaz gainera, noski, eta [?] andrearen premia egoeretan beharrezko diren bideak jarraitzeaz gainera, deseagarria litzateke zerbitzua ematen duten profesionalen eta bertara jotzen duten herritarren arteko erlazioa ahal den arinena izan dadila, ahal den guztian saihesteko gaizki-ulertuak gertatzea edo herritarrak sentitzea bere premia larriko egoeran inoren laguntzarik ez duela.

  3. Aztertzekoa den bigarren gaia datza kasuko oinarrizko errenta –kexa-egileak eskatutakoa– berriztatzeko ebazpenean gertaturiko geroratzean.

    Antolamendu juridikoak herritarrei aitortzen die administrazio publikoei aurkezten dizkieten idazki edo eskabideen erantzuna jasotzeko eskubidea, eta, gainera, erantzun hori legez ezarritako epeen barruan jasotzeko eskubidea.

    Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko 15/2004 Foru Legeko 7. artikuluak jasotzen du herritarrek eskubidea dutela beren gaiak zuzen administra daitezen, horren barne dela, zehazki, Administrazioaren ebazpen espresa jasotzeko eskubidea, hain zuzen ere legez aurreikusitako epearen barruan.

    Zehazki, oinarrizko errentaren prestazioaren eskabideak ebazteko epeari dagokionez, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak –gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten du– eta apirilaren 18ko 120/1999 Foru Dekretuak –oinarrizko errenta arautzen du– ezartzen dute arlo honetan eskuduna den organoak arrazoiz ebatziko duela eta eskatzaileari berrogeita bost eguneko epean kasuko ebazpena jakinaraziko diola, zehazki eskabidea oinarrizko gizarte zerbitzuan aurkezten denetik kontatzen hasita.

    Kexa-egileak 2010eko irailean eskatu zuen oinarrizko errentaren berriztatzea. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak, bere txostenean, 2011ko urtarrilaren 13an, adierazi zuen, [?] andrearen oinarrizko errentaren espedientea baloratzeko fasean zegoela. Are gehiago, 2011ko urtarrilaren 7an, Gizarte Gaietako Zuzendaritza Nagusiak interesdunari dokumentazio gehigarria eskatu zion, eta interesdunak lau egun beranduago aurkeztu zituen dokumentu horiek [?]-ko auzoko unitatean.

    Horrenbestez, [?] andreari dokumentazio gehigarria eskatu zitzaion unean, oinarrizko errentaren berriztatzeari buruzko eskariaren baloraziorako, jada berrogeita bost egun iraganak ziren arauetan ebazpena emateko finkaturiko epetik, hain zuzen ere prestazioa emateko ala ezesteko.

    Oinarrizko errenta prestazio publiko bat da, baliabide ekonomikorik ez duten etxeei premia oinarrizkoenetan eta premia larrienetan laguntzeko balio duena. Horrenbestez, erakunde honek uste du behar diren neurriak ezarri behar direla espedienteen ebazpena ahal bezain azkar izapide dadin.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoraraztea legez herritarrek aurkezten dizkioten oinarrizko errentaren prestazio-eskabide guztiak ebatzi behar dituela arau indardunetan ezarritako epean, eta, zehatzago, kexa-egileak eskatutako prestazioaren berritze-eskariari erantzun behar diola.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari ebazpen honen onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

  3. Ebazpen hau jakinaraztea interesdunari, Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari, eta adieraztea honen kontra ezin dela errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia