Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

43/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexa ebazten duena.

2011 martxoa 03

Gizarte ongizatea

Gaia: Los servicios Sociales le informan la Imposibilidad de acceder a prestación de renta básica por residir en el mismo domicilo que su hermana, y computarle su ingresos, sin tener en cuenta que existen menores de edad y podrían ser otro núcleo familiar.

Exp: 11/39/B

: 43

Gizarte ongizatea

AURREKARIAK

  1. 2011ko urtarrilaren 20an, [?] andreak kexa bat aurkeztu zuen erakunde onetan, oinarrizko errentaren prestazioa ezin jasotzeari buruz.

    Azaltzen du bi urteko seme bat duela, eta 425 euro kobratzen dituela langabeziarengatiko subsidioa dela eta. Aipatzen du kexa aurkezteko unean, dibortziatzeko izapideak egiten ari zela, eta etxebizitzarik ez zuenez, ahizparen etxera joan zela bizitzera.

    Adierazten du 2011ko urtarrilaren 19an Barañaingo gizarte zerbitzuetara joan zela oinarrizko errentaren prestazioa eskatzera. Bertan esan zioten alabarekin batera bizi zenez, haren diru-sarrerak ere kontuan hartu behar zituztela eta, horrenbestez, ez zeukala prestaziorako eskubiderik. Halaber, adierazi zioten bera bere semearekin bakarrik bizi izan balitz, prestazio horretarako eskubidea izanen zukeela.

    Interesdunak adierazten du bere diru-sarrerek eta bere ahizparenek 900 euro egiten dutela batera, eta haiekin sei pertsonen beharrak ase behar dituztela, tartean hiru adingabe daudela. Azkenik, berriz dio inguruabarrak direla medio dagoela bizitzen bere ahizparekin.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zien Barañaingo Udalari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari.

  3. 2011ko otsailaren 14an, Barañaingo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren txostena jaso genuen erakunde honetan.

  4. Otsailaren 25ean, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak igorritako txostena sartu zen gure erakundean.

AZTERKETA

  1. Kexa-egileak adierazten du ez dagoela ados bere ahizparen diru-sarrerak kontuan hartzearekin oinarrizko errentaren prestazioa eskuratu ahal izateko. Uste du bere ahizparekin bizitzeko erabakia bizi dituen inguruabarren ondorioa izan dela: langabeziarengatiko subsidioa jasotzen du, dibortziatzeko izapideak egiten ari da, bi urteko seme bat dauka eta ez du bizitzeko tokirik.

    Barañaingo Udaleko gizarte zerbitzuek adierazi dute bizikidetasuneko egoera ikusita, ahizparen diru-sarrerak kontuan hartu behar dituztela (ahizparenak soilik, koinatuarenak ez), eta ahizparen soldata ikusita ez dela bidezkoa prestazioa eskatzea. Argudiatzen du, halaber, bi familia-oinarrien kontsiderazioa “bestelako inguruabar batzuk” gertatzen direnean baloratu ohi dela, adingabeak egoteaz gainera.

  2. Oinarrizko errenta arautzen duen apirilaren 19ko 120/1999 Foru Dekretuak 2. artikuluan ezartzen du ezen, orokorrean, unitate hartzailea familia unitatea izanen dela, eta familia unitateak honakoak biltzen dituela: eskatzailea eta, hala tokatzen bada, harekin ezkontide gisa edo eite bereko maitasun harreman batean bizi diren pertsonak, zein ere den haien orientazio sexuala edo odolbidezko ahaidetasuna bigarren graduraino eta afinitate bidezkoa lehen graduraino.

    2. artikuluko hirugarren idatz-zatian ezartzen da ezen, salbuespenez, zilegi izanen dela familia unitate berean bi oinarrizko errenta jasotzea, baldin eta adingabeak dituzten bi familia-oinarri badaude familia unitatean, betiere familia-oinarritzat ulertuta eskatzailea eta bere ezkontidea edo berarekin eite bereko maitasun harreman batean bizi den pertsona, lege-esparruan ezarritakoaren arabera, eta haiekin batera bizi diren seme-alabak.

    Aurrekotik ondorioztatzen da, alde batetik, orokorrean prestazioa jasotzen duen unitatea familia unitatea dela, eta, bestetik, salbuespenez, adingabeak dituzten bi familia-oinarri daudenean, bi oinarrizko errenta eman ahalko direla.

  3. Planteatutako kasuan, ikusten dugu etxebizitza berean bizi direla kexa-egilea eta bere semea, eta haren ahizpa, ahizparen senarra eta azken horien seme-alabak bizi direla. Hala eta guztiz ere, bizikidetasuneko egoera hori abagunekoa da, kexa-egileak gaur egin bizi dituen inguruabarren ondorioa: langabeziarengatiko subsidioa jasotzen du, dibortziatzeko izapideak egiten ari da, bi urteko seme bat dauka eta ez du bizitzeko tokirik.

    Erakunde honen iritziz, kasu honetan argi bereizi beharreko bi familia-oinarri badaude: bata, kexa-egileak eta bere semeak osatzen dutena; eta bestea, interesdunaren ahizpak, bere senarrak eta beraien seme-alabek osatutakoa. Erakunde honen iritziz, halaber, ahizpa interesdunaren familia unitate berekoa dela ulertzeak eta haren diru-sarrerak kontuan hartzeak suposatuko luke ahizpak, bere senarrak eta beraien seme-alabek osatzen duten beste familia-oinarria haustea.

    Hori dela eta, aldi baterako egoera bat denez, non interesdunak ez baitu inongo interesik etxebizitza horretan geratzeko, zeren eta bertara bizitzera joateko erabakiaren arrazoia gaur egun pairatzen dituen inguruabarrak baitira, erakunde honek uste du jo beharra dagoela interesdunak eta bere semeak, kasu jakin honetan, eta oinarrizko errentaren prestazioaren ondorioetarako, familia-oinarri bereizia direla.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Barañaingo Udalari eta Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatzea ezen, oinarrizko errentaren prestazioaren ondorioetarako, interesduna eta bere semea ahizparenetik bereizitako familia-oinarri baten gisara har ditzatela.

  2. Bi hilabeteko epea ematea gomendio honen onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezaten, edo, kasua bada, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezaten, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

  3. Interesdunari, Barañaingo Udalari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia