Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

41/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?]-k aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 otsaila 25

Ogasuna

Gaia: No le reconocen deduccción por persona asistida

Exp: 11/26/H

: 41

Ogasuna

AURREKARIAK

  1. 2011ko urtarrilaren 18an, [?]-k kexa bat aurkeztu zuen erakunde honetan Nafarroako Zerga Ogasunaren aurka, 2008ko PFEZaren likidazio-ekintza bat zela eta.

    Kexan azaltzen du Nafarroako Zerga Ogasunak egindako autolikidazioa aldatu zuela, zeren eta jo baitzuen ez zuela justifikatu Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak emandako ziurtagiriaren bitartez bere aita, [?], pertsona lagundua zela. Horri dagokionez, baieztatzen du Nafarroako Zerga Ogasunak ondorioztatu zuela ezin zuela aplikatu 2.200 euroko kenkaria, kexa-egilea erreferentziako aldian bere aitarekin bizi izateari zegokiona.

    Adierazten du 2008ko PFEZaren aitorpenarekin batera aurkeztutako dokumentazioan egiaztatu zuela, inolako zalantzarik gabe, bere aitak mendetasun handia zuela, 2. mailakoa (daitekeen handiena), 2007ko apirilaren 22tik aurrerako ondorioekin, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Nafarroako Mendetasun Agentziak emandako dokumentuaren bitartez.

    Interesdunak jotzen du aplikatutako kenkaria errefusatzea zuzengabea dela, eta horren alde dio nolabaiteko kontraesan edo deskoordinazio bat dagoela zerga-arauetan ea gizarte zerbitzuen arauetan erabiltzen den nomenklaturan edo terminologian, gutxienez ere 2008ko ekitaldiko autolikidazioa egiteko unean (2009ko apiriletik ekainera). Horri buruz, argudiatzen du pertsona lagunduaren terminoa Hirugarren adinekoen laguntza premia neurtzeko metodo ofiziala onetsi zuen apirilaren 6ko 126/1998 Foru Dekretuan erabiltzen zela, baina terminologia eta nomenklatura hori inplizituki indarrik gabe geratu zela Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko 39/2006 Legearen bitartez, eta, berariaz, indarrik gabe geratu zela urtarrilaren 19ko 6/2009 Foru Dekretuaren bitartez.

    Hori dela eta, baieztatzen du autolikidazioa egin eta behar zen dokumentazioa aurkezteko unean, ez zegoela jada pertsona lagunduaren kalifikaziorik, bai ordea mendetasuna duen pertsonarena, maila eta gradu desberdinetan, Mendetasunari buruzko Legearen eta hura garatzeko foru arauen arabera. Hori dela eta, adierazten du zergadunari ezin zaiola exijitu PFEZaren aitorpena egiteko unean indarreko arauetan ez zegoen eta gizarte zerbitzuen arloko organo eskudunek ematen ez zuten ziurtagiri bat.

    Hala eta guztiz ere, berriz dio erantsitako ziurtagiria indarreko arauetan aurreikusitako mendetasun-gradu eta mailarik handiena egiaztatzen duela, 2007ko apirilaren 22tik aurrerako eraginekin, eta, horrenbestez baliozkotzat eman behar dela. Gainera, gehitzen du aurreko zerga-ekitaldian ziurtagiri bera aurkeztua zuela, eta ez ziotela inolako eragozpenik jarri, eta ez ziotela, ezta ere, aurkeztutakoaz bestelako ziurtagiririk eskatu.

    Ondorio gisa, adierazten du autolikidazioa egiteko unean, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak jada ez zuela pertsona lagunduaren ziurtagirik ematen; bai, ordea, mendetasuna zuen pertsonarena. Horrenbestez, zergadunak exijitzekoa zitzaiona bete egin zuen. Adierazten du nolako zuzengabetasun handia den kenkari fiskala kentzea mendetasun handiaren, 2. mailakoaren, izaera ziurtatutakoari, arrazoi guztiz hutsal eta herritarrari ezin egotz dakiokeen batengatik, zeren eta arazoaren funtsa Nafarroako Zerga Ogasunak exijitzen dituen ziurtagirien eta Nafarroako Mendetasun Agentziak ematen dituen ziurtagirien terminologiaren arteko deskoordinazioa baita.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraituz, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Ekonomia eta Ogasun Departamentuari.

    2011ko otsailaren 7an, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren txostena jaso genuen erakunde honetan.

AZTERKETA

  1. Kexa-egileak adierazten du ez dagoela ados Nafarroako Zerga Ogasunak aukerarik ez ematearekin 2008ko ekitaldiko PFEZaren zerga-oinarrian kenkari bat aplikatzeko pertsona lagunduagatiko gutxieneko familiarraren kontzeptuan, bere aitarekin batera bizitzeagatik. Espedientean ageri den bezala, kexa-egilearen aita –zeina 2009ko otsailaren 8an hil baitzen– % 89ko minusbaliotasuna zuen, eta mendetasun handia, 2. mailakoa, aitortua zuen, kexa-egileak bere adierazpenean erantsitako agirietan egiaztatu zen bezala.

    Kexa-egileak bere harridura adierazten du, zeren eta dokumentu horiek bai balio izan zitzaizkion aurreko ekitaldian (2007an) gutxieneko familiarrarengatiko kenkaria aplikatzeko. Horren arrazoia izan zen, Administrazioak emandako txostenetik ondorioztatzen den bezala, ekitaldi horretan kenkaria minusbaliotasuna duen pertsonarekin bizi izateari dagokion modalitateari egotzi zitzaiola. Modalitate hori, ordea, minusbaliotasun duen pertsona horren errenten mailak baldintzatzen du, eta pertsona lagunduarekin batera bizitzeaz beste aukera baten gisara egituratuta dago.

    2008an ezinezkoa zenez lehenengo kenkari modalitatea aplikatzea, ezgaitasuna zuen pertsonari egoztekoa zitzaion errenta-mailarengatik, bigarren modalitatea (pertsona lagunduarekin batera bizitzea) aplikatzeko aukerari buruzko auzia planteatzen da.

  2. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legeko Testu Bategineko 55.4.1.d) artikuluak, 2008ko zergaldian indarrean sartu zen testuaren arabera, honakoa ezarri zuen: Subjektu pasiboak urtean 2.200 euro murriztu ahalko ditu pertsona lagundutzat jotzen den ahaide bakoitzeko, Gizarte Ongizate, Familia, Gazteria eta Kirol Departamentuak horretarako ezarri dituen irizpide eta baremoen arabera, eta aipatutako subjektu pasiboarekin bizi bada. Pertsona lagundua dela justifikatu egin beharko da Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak ekitaldi bakoitzean emandako ziurtagiriaren bidez.
  3. Onura fiskal hori, adierazi den bezala, aukerakoa da eta bateraezina da minusbaliotasuna duten pertsonekin batera bizitzen dutenentzat aurreikusitakoarekin, hain zuzen ere aurreko ekitaldian (2007) aplikatutakoarekin.

    Nabarmena dirudi kenkari horrekin laguntza bat (uler bedi zentzu zabalean) eman nahi zaiela beren aurrekoekin batera bizi diren subjektu pasiboei, baldin eta adineko pertsona horiek beren eguneroko bizitzan hirugarrenen laguntza behar badute. Pizgarri fiskalaren xedea adierazitakoa denez, egoera egiaztatzeko moduari dagokionez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren agiri bat aurkeztea eskatzen da, lagunduaren izaera ziurtatzeko.

  4. Pertsona lagunduaren kalifikazioa, Hirugarren adinekoen laguntza premia neurtzeko metodo ofiziala onesten zuen apirilaren 6ko 126/1998 Foru Dekretuan arautu zen. Bai arau hori, zeina gizarte zerbitzuen arlo arauen eraginetarako egin baitzen (eta, haren zioen azalpenean egiazta daitekeen bezala, funtsean zerbitzuen kudeaketari eta zentro gerontologikoetako egonaldietarako laguntzei dagokie), bai hartan jasotako balorazio-metodoa –delta testa– ukituta gertatu ziren eta neurri batean baztertuta geratu ziren mendetasunaren sistema abian jartzearekin eta, bereziki, estatu mailan, apirilaren 20ko 504/2007 Errege Dekretua onestearekin, azken hori mendetasuna baloratzeko tresna bilakatu baitzen, irismen handiagoarekin.

    Eta adierazitako ukipenaren eta baztertze-eraginaren erakusgarria da apirilaren 6ko 126/1998 Foru Dekretua indarrik gabe geratu zela Mendekotasuna baloratu eta aitortzeko eta Mendekotasuna duten pertsonendako Banakakoaren Arreta Programa prestatzeko prozedurak arautzen dituen urtarrilaren 19ko 6/2008 Foru Dekretuaren bitartez.

  5. Adierazitako kasuan, interesdunaren aitari, zeina 2009ko otsailean hil baitzen, mendekotasun handia aitortu zioten, 2. mailakoa, 2007ko apirilaren 22tik aurrerako eraginekin, eta Administrazioak hori jasota bazuen.

    Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko 39/2006 Legeak, 26. artikuluan, mendetasun handiaren egoera definitzen du, hain zuzen ere honakoa esanez: Pertsonak laguntza behar du eguneroko bizitzako oinarrizko hainbat jarduera aurrera eramateko, egunean hainbat aldiz, eta autonomia fisiko, mental, intelektual edo sentsoriala erabat galdu duenez, beste pertsona batek lagundu behar dio nahitaez eta etengabe, edo laguntza orokorra behar du autonomia pertsonalik ezaren ondorioz.

    Erakunde honen iritziz, 2. mailako mendetasun handia (mendetasun sistemako balorazio gardurik handiena) aitortua duen pertsona batek beste pertsona baten laguntza behar du eguneroko jarduketak egin ahal izateko, eta, horrenbestez, lagunduaren izaera dauka.

    126/1998 Foru Dekretuaren arabera emandako ziurtagiria ez edukitzeak (arau horrek pertsona “balioduna” eta pertsona “lagundua” bereizten ditu) ez luke kexa-egilearen asmoa aintzat hartzea eragotzi beharko, antolamendu juridikoaren interpretazio logiko eta sistematikoa eginez, herritarra bere eskubideez baliatu ahal izatearen aldekoa.

    Horrenbestez, erakunde honek ondorioztatzen du ezen, planteatutako kasuan, inguruabarrei eta arloari buruzkoa arauetan izandako arauen bilakaerari erreparatuta, substantiboa dena formazkoa denaren gainetik jarri beharra dagoela, eta arauaren interpretazio zorrotzegia saihestu beharra dagoela, zeren eta bidegabeko emaitza bat baitakar. Hau da, lehentasuna eman behar zaio interesdunaren errealitateari, alegia, bere egoerarengatik eta adinarengatik, 2008ko ekitaldian, pertsona lagundutzat hartua izateko baldintzak betetzen zituela –horixe islatzen baitu zeuzkan mendetasun gradua eta maila–, auzitan jarritako kenkari fiskalaren eraginetarako, 126/1998 Foru Dekretuan adierazitakoaren araberako ziurtagiri bat aurkeztearen formazko egitatearen gainetik.

    Ondorio horrek babesa dauka, gure irizpidearen arabera, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 16.1 artikuluan (tributu arauak Zuzenbidean onarturik dauden printzipioen arabera interpretatuko dira) eta 16.4 artikuluan (araua interpretatzean zalantzarik baldin badago, tributudunari onuragarrien gertatzen zaion irizpidea aplikatuko da). Artikulu horiek, berriz, lotuta daude Kode Zibileko 3.1 artikuluan ezarritakoarekin (Arauak euren hitzez-hitzezko esanguraren arabera interpretatuko dira, betiere, testuinguruari, aurrekariei, eta arau horiek aplikatu behar diren garaiko gizarte-errealitateari lotuta, eta, batik bat, arauen espiritua eta xedea kontuan hartuta).

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari gomendatzea ezen bidea eman diezaiola kexa-egileari 2008ko ekitaldiko PFEZaren zerga-oinarrian kasuko kenkaria aplikatzeko, aldi hartan familiako pertsona lagundu batekin batera bizi baitzen.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Ekonomia eta Ogasun Departamentuari gomendio honen onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

  3. [?]-ri eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik aurkeztu.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia