Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

33/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoaren, [?] jaunak aurkeztutako kexa ebazten duena.

2011 otsaila 10

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Tardanza municipal en resolver los permisos de los desfiles de los olentzeros

Exp: 10/949/D

: 33

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. Aurtengo abenduaren 21ean, [?] jaunak kexa-idazki bat aurkeztu du, Iruñeko auzoetako batzorde eta koordinadora batzuen izenean. Kexa Iruñeko Udalaren aurkakoa zen, Olentzeroren desfileak egiteko udal baimenetarako eskariei erantzuten berandutzeagatik.

    Azaltzen du 2010eko azaroaren 19an, Iruñeko Udalean erregistratu zituztela 2010eko “Olentzero-jaiak” ospatzeko behar diren udal baimenetarako eskaria egiteko behar ziren eskabideak. Izan ere, Olentzeroren desfileak, auzo batzuetan, abenduaren 23an egiten dira eta beste batzuetan, berriz, abenduaren 24an. Halaber, Olentzero-jaien aurreko ekitaldi batzuk egiteko eskaria ere egin zuten.

    Adierazten du abenduaren 21ean soilik Alde Zaharreko “Olentzero-jaiari” buruzko eskabideari baizik ez zitzaiola erantzuna emana. Aipatutako egunean, udalak “Olentzeroren” desfileetarako baimena emateko nahiz ukatzeko ebazpena eman gabe zegoen, gainerako eskabideei zegokienez.

    Gehitzen du udala Donibane, Sanduzelai, Rotxapea, Txantrea, Azpilagaña, Etxabakoitz, Mendillorri eta Arrosadia auzoetako jai-batzordeen eskariei erantzuten berandutzeak oso zail bihurtzen duela bi edo hiru egunean koordinatzea halako desfileetan parte hartzen duten dantzariak, fanfarreak, karrozak, astoak, ardiak, zaldi txikia, malabaristak eta abar luzea bat.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraituz, azaldutako gaiei buruzko txosten bat eskatu genion Iruñeko Udalari.

  3. 2011ko otsailaren 8an, eskatutako informazioa sartu zen gure erakundean. Hartan, udalak honakoa azaltzen du hitzez hitz:

Ikuskizun publikoak baimentzeko baldintzak arautzen dituen martxoaren 8ko 44/1990 Foru Dekretuak, 9.2 artikuluan, honakoa ezartzen du: “Organo eskudunak, kasuan kasu egokitzat jotzen diren azterlan eta txostenak aztertu ondoren, baimena emanen du edo ukatuko du, gutxienez ere ospakizuna egitekoa den eguna baino 2 egun lehenago”.

Zentzu berean, Olentzero-jaien antolatzaileek berek, 2010eko azaroaren 20an, larunbatez, emaniko prentsaurrekoan, eskatu zuten udalak gutxienez ere 2 eguneko denboraz erantzun ziezaiela.

Eskatutako desfileak egiteko baimenen jakinarazpenak, kasuen erdietan, abenduaren 21ean egin ziren, eta beste erdietan, abenduaren 22an, guztiak ere Olentzero-jaiak egin baino bi edo hiru egun lehenago (abenduaren 24an ospatzen dira gehienak), salbu eta Arrosadiako kasuan, hartan jai-batzordeari ezezkoa eman baitzitzaion eskatutakoa egiteko.

AZTERKETA

  1. Kexa-egileak salatzen du “Olentzero-jaiak” antolatzeko udalari aurkeztu zizkioten baimen-eskariei, abenduaren 21ean, oraindik ere ez zaiela erantzunik eman, kasuan kasuko ekitaldiak antolatzeko denbora materialik ia ez dagoenean, zeren eta ekitaldiak abenduaren 23an eta 24an baitira egitekoak.
  2. Erakunde honen irizpidearen arabera, kexa-egilearen salaketa justifikatuta dago, zeren eta nekez antola baitaitezke “Olentzeroren” desfileak, parte-hartzaileak koordinatuz, borondatezko lankidetzarako konpromisoak formalizatuz edo behar diren kontratuak eta abar eginez, soilik bi edo hiru eguneko epearekin.

    1978ko Konstituzioak azpimarra berezia egin du kultur aniztasunaren aitorpena egiterakoan eta agintari publikoei agintzean sustatu, zaindu eta erraz dezatela herritarrek kultur bizitzan parte har dezatela. Horren erakusgarri dira 3., 9.2, 44., 46., 48., 148.1 eta 149.2. artikuluak.

    Konstituzioko 9.2 artikulua oso argia da horri dagokionez: “Botere publikoei dagokie bideak jartzea norbanakoen nahiz taldeen askatasuna eta berdintasuna bene-benetakoak izan daitezen; askatasun eta berdintasun xede hori galarazten edo osotara garatzea zailtzen duten oztopoak kentzera, eta herritar guztiei aukera egokia ematera bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialean parte hartzeko”.

    Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak ere Nafarroako toki entitate horien betebeharra jasotzen du, herritarrek bizitza kulturalean eta sozialean parte har dezaten errazteari dagokionez. 92.1 artikulua da horri buruzkoa, eta honakoa ezartzen du: “Nafarroako toki entitateek ahal den informaziorik zabalena eskainiko dute bere jardunaz eta herritar guztiek herriko bizitzan parte hartzea erraztuko dute”.

    Konstituzioaren eta legearen agindu horiek beraiekin dakarten emaitza praktikoa, kasu honi dagokionez, honakoa da: Iruñeko Udalari 2010eko azaroaren 19an eskabide bat aurkezten baldin bazaio urtero-urtero abenduaren 23an eta 24an ospatzen diren ekitaldiak eta desfileak antolatzeko, eskabide horren ebazpena eta erantzuna ezin da egon udal jakinarazpena haiek ospatu baino bi egun lehenago emateko baldintzaren pean.

    Arestian aipatutako martxoaren 8ko 44/1990 Foru Dekretua gutxieneko bi eguneko aurrerapenari buruzkoa da, baina ez du agintzen bi egun lehenago erantzuteko. Hori dela eta, herritarrek kultur bizitzan parte har dezaten errazteko Konstituzioak ezarritako betebeharrak gomendagarri egiten du jada ezagutzen diren ekitaldien aurrean eta haiek direla-eta urtero egiten diren eskarien aurrean, herritarrei lehenbailehen erantzutea, foru dekretu batek ezarritako azken unera arte itxaron behar izan gabe jakinarazpena egiteko.

  3. Bestalde, aipatutako Espainiako Konstituzioak kezka erakusten du aniztasun politiko, sozial eta kulturalarekin lotutako eta ibilera publikoko tokietan egin behar diren jarduera mota guztiekin lotutako adierazpen askatasuna, biltzeko askatasuna eta manifestazioak egiteko askatasuna gauzatu ahal izan daitezen, eta ezartzen du nahikoa dela agintariei aldez aurretik horren berri ematea, eta agintariek haiek debekatu ahal izanen dituztela soilik ordena publikoa nahastarazteko arrazoi oinarridunak tartean direnean.

    Konstituzioa gainerako antolamendu juridikoaren gainetik egoteak (Konstituzioaren 9.1 artikulua) berekin ekartzen du ulertzea, ibilera publikoko tokietan egitekoak diren kultur manifestazioen kasuetan –eta halakoa da Olentzero-jaia–, nahikoa izanen dela bizilagunek agintariei aurrez egin beharrekoaren berri ematea, behar den denborarekin, toki administrazioak ordena publikoa antolatu eta babestu ahal izan dezan.

    Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legeak horri buruz jasotzen dituen aurreikuspenak ezin dira muturreraino eraman, Konstituzioak agintari eskudunei “aurrez berri emate” gisa jasotzen duena administrazioaren baimen bihurtzeko, are gutxiago kultur manifestazio bat egiteko oinarrizko eskubideaz baliatu ahal izateko kasu batean, hain zuzen ere Konstituzioak aitortutako eta babestutako eskubide bat baita hori.

    Martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legeko 1.2 artikuluak bere aplikazio esparrutik kanpo uzten ditu, hain zuzen ere, “Konstituzioak aitortutako oinarrizko eskubideez baliatuz egiten diren jarduerak”, besteak beste ibilera publikoko tokietan –eta halakoak dira hiri bateko kaleak– manifestazio politiko, kultural, sindikal, erlijioso edo sozialak egiteari doazkionak. Manifestaziorako oinarrizko eskubide hori ez zaie soilik mugatzen eduki politiko eta aldarrikapenezkoei; izan ere, eduki kulturalak eta adierazpenekoak ere babesten baititu.

    Baina, alde batera utzita erakunde honek dauzkan zalantzak, “Olentzero-jaia”, hiriko kaleetan barna ibiltzearen egungo kontzepzioaren arabera, kultur manifestazioa den aldetik, aipatutako foru legearen menpe egon behar izateari dagokionez, eta, horrenbestez hartarako udalaren “berariazko baimen administratiboa” lortu behar izateari dagokionez, bide publikoetan egiten denean (martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legeko 7. artikulua), egia da ezen, Espainiako Konstituzioaren eraginez, eta hark botere publikoentzat herritarren parte-hartzea errazteko dakarren betebeharraren eraginez, Administrazioak herritarrek haiek ospatzeko eskubide publiko eta kolektiboen gauzatzean izan dezakeen esku-hartzeak ahal den txikiena, proportzionatuena eta eraginkor eta azkarrena izan behar duela.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari gomendatzea auzoetako jai batzordeek “Olentzero-jai” tradizionalen inguruan aurkezten dituzten eskabideak ebatz ditzala, eta behar diren erantzuna jakinaraz dezala, behar den denborarekin, hiriko kaleetan zehar egin behar diren ekitaldiak eta desfileak behar den moduan antolatu ahal daitezen, ezertan ere kendu gabe ordena publikoa zaindu behar izatea, Konstituzioko 21.2 artikuluan aipatzen den bezala.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Interesdunari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia