Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Rotulación de las calles de Alsasua
Exp: 10/961/C
Nº: 31
Elebitasuna
2010eko abenduaren 27an, [?] jaunak, [?] elkarteko lehendakari gisa, idazki bat aurkeztu zuen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Altsasuko Udalaren aurka, herri horretako kaleetako errotulazio berria dela eta.
Azaltzen du kale-izendegian egin diren aldaketen ondorioz, honakoa dela errotulazio berria duten 99 kaleen egungo egoera: 18 kale ele bitan daude eta gainerako 81ek soilik euskarazko errotulua daukate.
Azaltzen du Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 16. artikuluak eremu euskaldunerako exijitzen duela euskara eta gaztelania erabiltzea hiri-bideetako errotulu guztietan. Hori dela eta, eskatzen du kale guztietako errotuluak ele bitan egon daitezela.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Altsasuko Udalari.
“Udal honek eginiko jarduketen ardatza –erantsitako txostenean zehazten dira jarduketa horiek– izan da herriko kale batzuen izena honako irizpideen arabera egokitzea:
Grafiei dagozkien zuzenketak.
Nafarroako toponimia ofizialean ageri diren izenak.
Bestelako aldaketak (itzulpenen bidez nahiz euskarazko izenen bidez eginak).
Aitzitik, ez da inolako aldaketarik egin kaleetako errotulazioan, lehengo berean jarraitzen baitu. Aldaketa hori egiten denean, errotulazioa ele bitan egin beharko da, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 16. artikuluak ezartzen duen bezala. Baina horrek ez du esan nahi kaleen izendapen ofiziala nahitaez ele bitan izan behar denik, hori ez baitute zalantzan jarri kexa egin dutenek.”
Alkatetzaren idazki horrekin batera, herriko kale-izendegiari buruzko txostena ageri da. Honakoa da txosten horren edukia:
“2010eko otsailean, Altsasuko Udalak proposamen bat eskatu zion Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuari, euskaraz jartzeko herriko kale-izendegiko izenak. Eskariarekin batera, kaleetako xaflen errotuluen zerrenda bat eskuratu zitzaion (zerrenda hori Altsasuko Udaltzaingoak egin zuen 2010eko urtarrilean), mankomunitateak erreferentzia gisa erabil zezan zerrenda berria prestatzerakoan; halaber, jakinarazi zion Euskal Herrian Euskaraz taldeak udalari eskatua ziola kaleetako izenak euskaraz jar zitzan.
Alabaina, argitu beharra dago 2010ean ez zela inongo xaflaren errotulaziorik aldatu. Horrenbestez, Udaltzaingoak aurkeztutako zerrendaren arabera, egun Altsasuko kale eta plazen izenak ondoren zehaztuko dugun moduan ageri dira:
(…)
Hala eta guztiz ere, zure eskaria ikusita, informazio gehigarria eman nahiko genizuke, lagungarria izanen zaizulakoan.
Hasieran aipatzen den bezala, Altsasuko Udalak proposamen bat eskatu zion Euskara Zerbitzuari, kale-izendegia euskaraz jartzeko. Zerbitzu horrek Nafarroako Gobernuko Itzulpen Zerbitzuaren aholkua eskatu zuen proposamena lantzeko. Proposamenean jasotako izenetako batzuk Nafarroako Gobernuko toponimia ofizialetik hartutakoak ziren.
Horrela, 2010eko ekainaren 16an, proposamen bat aurkeztu zitzaion, bi zerrendarekin, Altsasuko Udaleko Euskara Batzordeari. Zerrenda bat udal erregistroko izenei buruzkoa zen, eta bestea, berriz, kale eta plazetako xafletako errotulazioari buruzkoa. Proposamen horietan, bi alderdi bereizi behar dira:
Bide mota: “kalea”, “plaza”, “etorbidea” bezalako izen arruntak.
Argitu beharra dago bide motak (“kalea”, “plaza”, “etorbidea”...) gaztelaniaz erregistroko aplikazio informatikotik lortzen direla.
Bestalde, 2010-06-16ko Batzordean honako aldaketak proposatu ziren udal erregistroko izen berezietarako: grafiari dagozkion zuzenketak, Nafarroako toponimia ofizialean jasotako izenak, bestelako aldaketak (itzulpenen nahiz euskarazko izenen bidezkoak) eta aldaketarik gabeko izenak.
(…)
Euskara Batzordean bigarren zerrenda bat aurkeztu zen ekainaren 16an, kaleetako xaflen errotulazioa aldatzeko izenekin. Erakutsi berri ditugun zerrendako izenak udaltzaingoak aurkeztutako zerrendaren ondoan jarri ziren, eta bide motak soilik euskaraz ageri ziren (hori nabarmendu egin zen aurkezpenean emandako azalpenetan).
Batzordekideek bi zerrendak onetsi zituzten –udal erregistrokoa eta kaleen errotulazioari zegokiona–. Baina esan beharra dago ez zegoela epe motzean xaflak aldatzeko aurreikuspenik, zeren eta Altsasuko Udalak ez baitzuen xafla berriak erosteko aurrekonturik.
Altsasuko Gobernu Batzarrak, 2010eko uztailaren 26an eginiko bilkuran, proposaturiko bi zerrendak onetsi zituen, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen udal erregistroko kaleen aldaketei buruzko jakinarazpena. Ez zen egokitzat jo epe hori abuztuan zehar gertatzea, eta, horrenbestez, argitalpena atzeratu egin zen, eta 20 egun balioduneko epea irailaren 24an amaitu zen (egunkarietan ere argitaratu zen). Inork ere ez zuen alegaziorik aurkeztu.presentzia
Alegazioetarako epea amaiturik, zerrenda NIEra igorri zuen erregistroko langileak eta NIEk behar ziren aldaketak egin zituen. Erregistroko aldaketak nolabaiteko kezka eragin zuten udalean eta, horrenbestez, gaia berriz ere Gobernu Batzordera eraman zen, eta bigarren aldiz onetsi zen.
2010eko abenduaren 14an, Euskara Batzordearen bigarren bilkura egin zen. Ezker Batuko ordezkariak bilkura hartan adierazi zuen ez zuela zuzen ulertu aurreko batzordean kale-izendegia zela-eta eginiko proposamena, eta udalari eskatua ziola gaia berriz aztertzeko. Ordurako, Altsasuko Udalak 2.000 euroko kopurua adjudikatua zion euskara arloari. Euskara Batzordeko buruak adjudikazio horren berri eman zuen 2010-12-14ko bilkura horretan, eta proposatu zuen diru-kopuru horretako zati batekin xafla berri batzuk erosteko. Baina bi kidek eskatuta, ez zen inongo erabakirik hartu, zeren eta erabakia gaia argitu arteraino atzeratu baitzen.
Horrenbestez, 2010ean ez da kaleetako xaflen inongo errotulaziorik aldatu, eta Udaltzaingoak 2010eko urtarrilean aurkeztutako zerrendan jasota ageri zen bezalaxe geratu da.
Betebehar horiek, zeinek toki entitateentzat heldu baitira Euskarari buruzko Foru Legeko transkribatu dugun 16. artikuluko aginduaren edukitik, ez dira oztopo udalak Espainiako Konstituzioko 137. eta 140. artikuluek aitortzen dizkien autonomia baliatzeko; izan ere, autonomia hori toki araubideko legedian garatuta dago; autonomia hori aitortuta dago udalek beren interesak kudea ditzaten, eta interes horien artean kale, plaza, eremu publiko eta tokiak identifikatu eta antolatzearekin lotutakoak.
Konstituzioak aitortzen duen autonomia administratibotik heldu da udalek duten ahalmena, bai kale, etorbide, plaza, eremu publiko, zeharkale, eremu, paraje, poligono, auzo eta abar izendatzekoa, bai lehendik onetsitako izenak aldatu edo ordeztekoa.
Horrela, bere autonomiaren arabera, udalek izen berriak ezarri ahal dituzte beren hiribide eta tokietarako eta bide eta toki horien ohiko izenei eutsi edo haiek alda ditzakete, beren borondatearen arabera, zeina baita bertako bizilagunen borondatearen isla. Eta izen horiei eustean edo haiek aldatzean, euskarazko jatorria dutenak Euskaltzaindiak ezarritako arauen arabera egokitu ahal dituzte (Euskaltzaindia baita kontsultarako erakunde ofiziala arau linguistikoak ezartzearen ondorioetarako, Euskarari buruzko Foru Legeko 3.3 artikuluak ezarri bezala) edo, bestela, onentzat jotzen dituzten irizpide teknikoen arabera. Horretan, udalak ez dira bereizten, bide batez esanda, Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak eremu euskaldunean egin dutenetik, eremu horretako herriak berak izendatzerakoan (esate baterako, Lesaka, Etxalar, Igantzi, Bakaiku eta abar), Euskarari buruzko Foru Legeak indarra hartu ondoren, herri horiek izendatzeko modu ofizial eta bakarra euskarazkoa baita; erabaki hori, gainera, bat dator Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeko 14.2 artikuluarekin, zeinak honakoa ezartzen baitu:“Udalerrien izena, ondorio guztietarako, gaztelaniazkoa, bakoitzaren autonomia-erkidegoan ofiziala den beste edozein espainiar hizkuntzatakoa edo bietakoa izan daiteke”.
Hau da, herriko hiri bideak eta tokiak izendatzerakoan, eremu euskalduneko udal batek autonomia osoa dauka honako hautuak egiteko: egungo izenei eustea, horiek aldatzea euskaren arau ofizialei egokitzeko (zeren eta hizkuntza hori ofiziala baita eremu horretan, gaztelania bezalaxe), egungo izendapenak aldatzea haien izena egungo euskal lexikoaren arabera gaurkotzeko edo, are gehiago, izen berriak sartzea (euskal gramatikari edo gaztelaniazko gramatikari egokitzeko, nahi den bezala). Eta horren emaitza den izendapena euskarazkoa nahiz gaztelaniazkoa izan daiteke, zeren eta berdin egokitzen baitzaio legeari euskara gaztelaniarekin batera koofiziala den eremu batean kale batek soilik “Gurdilatz” edo “Irumendigibel” (euskal gramatikaren arabera) izena edukitzea (gaztelaniazko itzulpenik gabe), edo “San Juan” edo “San Pedro” izena edukitzea, soilik gaztelaniaz emana eta euskararako itzulpenik gabe.
Alabaina, Euskarari buruzko Foru Legeko 16. artikuluak muga bat ezartzen du eremu euskaldunean hiri bideak euskaraz izendatzeko autonomia horretarako. Horren arabera, izan ere, ohiko izendapenak errespetatu behar dira, baina horrek ez du esan nahi udalak aukerarik ez duenik toki horri izendapen berria emateko, euskarazko izen berri bat ezarriz, aurrekoaz bestelakoa.
Hemen legeak bermatzen duena da ezen, bide eta tokietako errotuluetan ageri den izen berriarekin batera, kale edo toki horren ohiko izenak edo izen tradizionalak agertu beharko duela (aurrekoa), halako moduz non bidea emanen baitie guzti-guztiei hura identifikatzeko, hizkuntza koofizial baten erabilerarik heldu diren nahasteak saihesteko, batez ere kale, auzo eta abarren izenak aldatzen diren kasuetan. Horrenbestez, izen berria euskaraz egon daiteke, baina, harekin batera, errotulazioak ohiko izenaren aipamena islatu beharko du. Interpretazio hori egin ezean, udal bati eragotziko litzaioke kaleen izena aldatzea, soilik hizkuntza koofizial bat erabiltzeagatik, eta ez dirudi hori guztiz logikoa denik edo Konstituzioak aitortzen duen udal autonomia errespetatzen duenik.
Parajeak: Basomutur; Gazteluberri; Martinsagasti; Sorozarreta.
Kaleak: Amandrea; Ameztia; Aminanespila; Aralar; Auzobide; Burunda; Erkunden; Intxaurrondo; Lapurbide; Larrainbide; Maibelo; San Juan; Txiki Polita; Urbasa; Urdiain; Zubeztia; Zubiberri.
Auzoak: Ibarmusu; Zuntaipe.
Plazak: Iortia.
Bideak: Beikolar; Lezalde.
Zeharkalea: Beikolar.
Etxe-multzoak: San Pedro A; San Pedro B; San Pedro D.
Industrialdeak: Itsasia
Bigarren gogoetan adierazitakoaren arabera, ez litzateke, ezta ere, Euskarari buruzko Foru Legeko 16. artikulua urratuko, ez eta erabilitako izen tradizionala ere, Altsasuko Udalak hiri bide baterako proposatzen duen izen berria gaztelaniaz erabiltzen zen bera denean, nahiz eta hura orain idazteko soilik euskarazko gramatika erabili. Horrelako kasuetan, haututako izen ofiziala, aipatutako 16. artikuluaren eraginetarako, euskal gramatikaren arauen arabera idazten dena izanen da, eta ez da gaztelaniazko grafiara nahitaez itzuli beharko.
Halako kasuetan, nabarmena da udalak, bere udal autonomia baliatuz, nahi duela kasuko bideak edo tokiak izen jakin bat izatea bere barrutian ofizialak diren eta indarrean dauden bi hizkuntzetako batean, Nafarroako Parlamentuak edo Nafarroako Gobernuak, esate baterako, herri jakin bat modu bakar eta esklusiboz, euskararen arabera, “Lesaka” izena hautatu dutenean erabili duten “ratio legis” beraren ondorioz; izan ere, izen hori da, Espainia osorako, herri horren izen ofiziala, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeko 14. 2 artikuluari jarraituz. Are gehiago, hiri bideetako izena finkatzeko eskumena udalaren eskumen baten gisara aitortzen da, modu berariazkoago batean, Euskarari buruzko Foru Legeko 8.2 artikuluan.
Horixe izanen litzateke hurrengo izenen kasua, “kale-izendegian” proposatutako aldaketen arabera (esan beharra daukagu, 2010eko abenduaren 30ean udalerrian bertatik bertara eginiko ikuskatze baten arabera, kexan aipatzen diren kaleen izenen errotuluek oraindik ere jarraitzen zutela izaten kexa eragin zuen udal proposamenaren aurrekoak):
Parajeak: Aizbarrena (lehenago, Aitzbarrena); Kapitansoro Ulaiar (lehenago, Capitansoro Ulayar); Errekalde (lehenago, Errecalde); Errotatxiki (lehenago, Errotachiqui); Gurdilatz (lehenago, Gurdilaz); Irumendigibel (lehenago, Irumendiguibel); Mendixurbe (lehenago, Mendisurbe); Mugeta Dermau (lehenago, Mugueta Dermau); Ulaiar (lehenago, Ulayar).
Kaleak: Alzania (lehenago, Altzania); Amaia (lehenago, Amaya); Andia (lehenago, Sierra de Andía); Arkangoa (lehenago, Arcangoa/Arkangoa); Zelai (lehenago, Celai); Gartzia Ximenez (lehenago, Garcia Ximenez); Santo Kristobarren (lehenago, Santokristobarren); Zelaitxiki (lehenago, Zelai Txiki); Zelandi (lehenago, Celandi/Zelandi); José María Ezcurra (Jose Maria Ezkurra).
Plazak: Baratzako bidea (lehenago, Baratzako bide); Tomas Zumalakarregi (lehenago, Tomás Zumalacárregui).
Ez dugu atzeman, ezta ere, Euskarari buruzko Foru Legeko 16. artikulua urratu denik, puntu edo moduren batean hiri bidearen edo tokiaren ohiko izena aldatzeagatik, desberdintasun txiki batzuekin, udalaren arabera bere euskarazko jatorriari hobeki erantzuten dion moduari egokitzeko (modu hori, gainera, bilakatzen joan da denborarekin) edo euskarari hobeki egokitzeko, bere irizpidearen arabera, betiere aurreko izenaren eta gaurko izenaren artean antzekotasun onargarri bati eutsita, herritarra nahas ez dadin eta arrazoizko modu batean ondoriozta ahal dezan identifikatu beharreko kale edo espazioa izena aldatu aurreko bera dela. Hau da, lehenago erabiltzen zen ohiko izena egokitu daiteke, baina aldaketa horren emaitza den izenetik zailtasunik gabe ondorioztatu ahalko da “betiko” izenarekin identifikatzen zen toki bera identifikatzen dela.
Horixe izanen litzateke, erakunde honen iritziz, izen hauen kasua:
Parajeak: Urritutxo (lehenago, Urritutxu).
Kaleak: Erburu (lehango, Erburua); Idartzagain (lehenago, Idertzagain); Soldadubide (lehenago, Soldaubide).
Auzoak: Beikolar (lehenago, Baicolar).
Errepideak: Madril-Irun (lehenago, Madrid-Irun).
Euskarari buruzko Foru Legearen arabera egokitasun arazo handiagoa atzematen den izenak aztertzen hasi baino lehen, zehaztapen bat egin beharra dago hiri bideei berez dagozkien izenei buruz, hau da, ez kasuko hiri bidea edo tokia banaka identifikatzeko erabiltzen den izen bereizi eta bakarrari buruz, baizik eta hiri bidearen klasea edo mota identifikatzeko izenari buruz; esate baterako, “kalea”, “bidea”, “etorbidea”, “zeharkalea”, “errepidea”, “parajea”, “parkea”, eta haiekin batera “auzoa” edo “industrialdea”. Horrelako kasuetan, mota generiko horiek izendatzeko proposatzen den euskarazko izenarekin batera, nahitaez gaztelaniazko izena agertu beharko da, halako moduz non soilik euskaraz edo soilik gaztelaniaz agertuko balira, Euskarari buruzko Foru Legeko 16. artikulua urratuko bailitzateke, bai eta herritarrek hiri bide bakoitzaren mota gaztelaniaz edo euskaraz duten izena jakiteko eskubidea ere.
Esate baterako, “calle Mendixurbe kalea” erabili beharko litzateke, edo bestela “calle/kalea Mendixurbe”. Hau da, errotulu berean kalea/calle, etorbidea/avenida, bidea/camino, zeharbidea/travesía, aldapa/cuesta, errepidea/carretera,
industrialdea/polígono industrial eta abar agertu beharko lirateke, bi hizkuntzetan eta ez soilik batean.
Beste izendapen batzuk badaude, erakunde honen ustez ele bitan agertu beharko liratekeenak. Jada esan dugu udalak izen berri bat erabaki dezakeela, euskal gramatikaren arabera, lehendik izen bat daukan kale edo toki bat izendatzeko. Baina izen berri hori berria baldin bada hizkuntzaren berarengatik eta aurrekoaz bestelakoa baldin bada (esate baterako, Juanmarizubi kalea), udalak, Euskarari buruzko Foru Legeko 16. artikuluak ezarritakoaren ondorioz, ohiko izena errespetatu beharko du (adibide berean, calle Puente Seco), herritar interesdunek bataiatu berri den tokia identifikatu ahal dezaten. Horrelako kasuetan, kalearen eta tokiaren izena eta errotulazioa euskaraz eta gaztelaniaz agertuko dira, udalak egokitzat jotzen duen hurrenkeran, baina betiere ohiko izena errespetatuz. Legeak berak ere ez du bi izenen artean korrelaziorik izatea eskatzen, baina bai “ohiko izena errespetatzea”. Horrenbestez, izen berriak aurrekoarenaz bestelako esanahi bat izan dezake (jarritako adibidean gertatzen den bezala).
Horixe izanen litzateke, erakunde honen iritziz, udalak proposatu dituen honako izenen kasua (agertu beharko liratekeen modua ematen dugu, baina udalak hurrenkera bat nahiz bestea erabaki dezake:
Aldegoitia kalea/calle Aldautia;
Araba kalea/calle Alava;
Arkurutzetapi/Arcucetazpi;
Bake kalea/calle de la Paz;
Beheko Benta kalea/calle Venta Abajo;
Egubera kalea/calle Solana;
Erlategi kalea/calle Erlatai;
Ermitako kalea/calle de la Ermita;
Errotondoa kalea/calle Errotaondo;
Ferialdeko kalea/calle del Ferial;
Foru plaza/plaza de los Fueros;
Gasteizko etorbidea/avenida de Vitoria;
Geltoki kalea/calle de la Estación;
Gipuzkoa kalea/calle Guipúzcoa;
Gurutze Santuaren kalea/calle Santa Cruz;
Intsaustia zeharbidea/travesía de Inchostia;
Iruñeko etorbidea/avenida de Pamplona;
Juanmarizubi kalea/calle Puente Seco;
Kabaldeko bidea/camino de la Cava;
Kanpoko Iturri/Campoguiturri;
Larrezabal/Larresal;
Nafarroa kalea/calle Navarra;
Otadiko Kristo Santuaren plaza/plaza del Santo Cristo;
Pilotajoko zeharbidea/travesía del Frontón;
Teileriako aldapa/calle Texeria.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Altsasuko Udalari gomendatzea zazpigarren atalean aipatzen diren hiri bideak ele bitan izendatu eta errotula ditzan, Euskarari buruzko Foru Legeko 16. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Bi hilabeteko epea ematea Altsasuko Udalari gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia