Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

30/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexa ebazten duena.

2011 otsaila 07

Función Pública

Gaia: Impago de días de vacaciones no disfrutados por baja médica

Exp: 10/928/F

: 30

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 2010eko abenduaren 14an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurka, gozatu gabeko opor-egunen kontzeptuan zegokion zenbateko bat ez ordaintzeagatik eta gai horri buruz aurkeztutako bi errekurtso ez ebazteagatik.

    Azaltzen du Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari atxikitako artxiboko arduradun lanpostuan ari zela, aldi baterako kontratu administratibo batekin, 2009ko azaroaren 12an lan-istripu bat izan zuela, in itinere, eta, hori zela-eta lanerako ezintasun iraunkorrean gertatu zela.

    Baieztatzen duen bezala, egun batzuk beranduago, (azaroaren 23an), aipatutako lanpostua betetzeko hautapen prozesua amaiturik, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Orokorrari komunikazio bat igorri zion kasuko funtzionarioa lanean hasi behar zela jakinarazteko, eta, horrenbestez, haren kontratuaren amaiaraztearen berri emateko, hain zuzen ere 2009ko abenduaren 6an. Hala eta guztiz ere, aldi baterako baja-egoeran zegoenez, indarreko arauetan aldi baterako ezgaitasun egoeretarako ezarritako kopuruak ordaintzen jarraitu zizkioten.

    Baieztatzen du senda-agiria lortu ondoren (2010eko urtarrilaren 28an), berehala jakinarazi ziola inguruabar hori Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari, hartzekoen amaierako likidazioa egin zezan. Gainera, egiaztatu ondoren ezen lanerako baja gertatzeko unean oraindik ere 2009ko lau opor-egun hartzeko zituela, 2010eko apirilaren 20an, idazki bat aurkeztu zuen, non kontzeptu horrengatik zegokiona ordaintzeko eskatzen baitzuen.

    Adierazten zuen 2010eko ekainaren 8an, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren 1459/2010 Ebazpenaren bitartez, ordainsarien likidazioa jakinarazi ziotela, aipatutako lau opor-egun horien ordainketa jaso gabe. Interesduna likidazioarekin ados ez zegoenez, aipatutako hutsarengatik, azaltzen du 2010eko uztailaren 5ean behar den gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuela.

    Azaltzen du 2010eko abuztuaren 4an, Funtzio Publikoaren zuzendari kudeatzailearen 1972/2010 Ebazpena jakinarazi ziotela; haren bidez, izan ere, ezetsi egiten zen, orduan berariaz, apirilaren 20ko eskaria. Erabaki horrekin ados ez zegoenez, zeren eta uste baitzuen hartan likidazioari buruzko aurreko ebazpenaren aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoan ageri ziren akats berak zeudela, interesdunak, 2010eko irailaren 3an, gora jotzeko beste errekurtso bat aurkeztu zuen.

    Hala eta guztiz ere, kexan azaltzen zuen bezala, ez lehengo gora jotzeko errekurtsoa (likidazio ekintzaren aurka aurkeztutakoa, lau opor-egunak ez ordaintzeagatik), ez bigarrena (apirilaren 20ko bere eskaria berariaz ezesteko ebazpenaren aurka aurkeztutakoa) ez ziren ebatzi, nahiz eta legez ezarritako epeak nahikoa eta sobra iragan.

    Sortutako gatazkaren funtsari dagokionez, bere alde aipatzen du Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiaren 2009ko urtarrilaren 20ko epaitik heldu den doktrina jurisprudentziala.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zitzaion Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari.

     

  3. 2011ko urtarrilaren 13an, eskatutako informazioa sartu zen gure erakundean, eta eragin horietarako, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren urtarrilaren 11ko 3/2011 Foru Aginduaren kopia bat igorri zioten, non gora jotzeko errekurtsoak ebazten baitziren, haiek ezetsiz hain zuzen ere.

AZTERKETA

  1. Kexa-egileak salatzen du, alde batetik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak ez zuela bete errekurtsoak arau indardunetan ezarritakoaren arabera ebazteko legezko betebeharra, zeren eta, behin legezko epeak iraganik, ez baitzitzaien erantzuna eman.

    Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako Arartekoari aitortzen dio Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna.

    Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Betebehar hori epe zehatz batean bete beharra dago. Gora jotzeko errekurtsoen kasuan, hain zuzen ere, hiru hilabetekoa da epe hori, aipatutako legeko 115.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

    Ezarritako epean berariaz ebazteko eta jakinarazteko betebehar hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean berretsi zen. Izan ere, 7. artikuluan aitortzen da herritarrek administrazio egokia izateko eskubidea, horren barne dela administrazioak espresuki emandako ebazpena legez ezarritako epean lortzeko eskubidea. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan ere, betebehar hori Administrazioaren Jardunbide Egokiaren Kodean berretsita dago, hain zuzen ere administrazio horren eta herritarren artean ezartzen diren harremanak gidatzen dituen horretan. Kode hori Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren urtarrilaren 25eko 46/2010 Foru Aginduaren bitartez onetsi zen.

    Orain aztergai dugun kasuan, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak ez du legezko betebehar hori bete, zeren eta aipatutako errekurtsoak ebazteko foru agindua berandu eman baitzen.

    Horrenbestez, erakunde honek behar diren legezko betebeharren gogorarazpena egin behar dio Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, behar diren neurriak ezar ditzan langileen arloko errekurtsoak legez ezarritako epean ebazteko, arestian aipatutako lege-xedapenetan ezarri bezala eta legegileak herritarrei administrazio egokirako aitortzen dien eskubideak exijitzen duen bezala.

  2. Kexan azaltzen den sakoneko gaia da zehaztea ea interesdunak, zeinak Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Orokorrean zerbitzuak eman baitzituen, aldi baterako administrazio araubideko lan kontratuarekin (2009ko abenduaren 6an amaitu zen) eskubidea ote duen sortu zituen eta lan istripu baten ondorioz aldi baterako lan-ezgaitasuneko egoeran egoteagatik gozatu ez zituen opor-egunei dagokien konpentsazio ekonomikoa jasotzeko.

    Espedientean ageri da (Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren Idazkaritza Tekniko Orokorraren idazkia), ezen kexa-egileak, 2009ko azaroaren 12an, in itinere erako lan istripu bat izan zuela, eta horregatik ezin izan zituela urte hartan zegozkion opor-egun guztiak hartu, eta oraindik ere, kontratua amaitzeko datan, lau opor-egun zituela hartzeko.

    Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak uste du ez dela bidezkoa eskatutako konpentsazioa ordaintzea. Horri dagokionez, 3/2011 Foru Aginduak, Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenei buruzko Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretua aipatzen duenak –araubide administratiboan kontratatutako langileei ere aplikatzekoa zaie–, bosgarren oinarrian baieztatzen du oporraldi ordainduak urtekoak direla. Horrek, aztertutako aldian, suposatzen du opor-egunez gozatzeko eskubidea 2009ko abenduaren 6an amaitzen zela, hain zuzen ere kontratua amaitu zen egunean. Gainera, foru aginduak dio arauek soilik aurreikusten duela konpentsazio ekonomikoa opor-egunak zerbitzuaren premiengatik ukatzen direnean, eta ez bestelako kasuetan –esate baterako, lanerako ezgaitasun egoera batean–. Halaber, ebazpen ekintzak aipatzen ditu oporraldien araubideko aldi baterako ezgaitasunari buruzko arauzko aurreikuspenak.

    Arau horiek aztertuta, Administrazioak ulertzen du asmo hori otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren aurkakoa dela eta, horrenbestez, hura baiesteak administrazio xedapen orokorrak indarrik gabe ezin uzteari buruzko printzipioa urratuko lukeela.Amaitzeko (seigarren oinarria), foru aginduak baieztatzen du Europar Batasunaren Justizia Auzitegiaren epaian jasotako doktrina, errekurtso-egileak aipatzen duena, ezin dela aztertutako kasuan aplikatu. Horri dagokionez, adierazten du doktrina hori ezartzen dela planteatutakoez bestelako egitatezko egoera batzuen harira, eta haietan aplikatzekoak diren arauak funtzionarioen araubideari bereziki atxikitako harremanen esparruaz kanpokoak direla.

  3. Europar Batasuneko Auzitegiaren 2009ko urtarrilaren 20ko epaiak deklaratzen du, besteak beste, ezen 2003/88 Zuzentarauaren 7. artikuluko 1. idatz-zatia interpretatu behar dela xedapen edo jokabide nazional jakin batzuen aurkakoa izatearen zentzuan; izan ere, jokabide edo praktika horiek aurreikusten dute ezen, lan harremanaren amaieran, ez zaiola inolako ordain ekonomikorik ordainduko gozatu gabeko urteko opor ordainduen kontzeptuan urteko oporren edo/eta luzapenaren aldiko sortzapenaren aldi guztian edo haren zati batean gaixotasunarengatiko baja-egoeran egon den langileari. Ordain ekonomiko hori kalkulatzeko, halaber, determinanteak dira langilearen ohiko ordainsariak, zeinei eutsi behar baitzaie urteko opor ordainduei dagokien atsedeneko aldian.

    Deklarazio horretara iristeko, auzitegiaren abiapuntua da jotzea urteko opor ordainduez gozatzeko eskubidea Europako erkidegoko zuzenbide sozialaren printzipio bat dela, garrantzi berezia duena, eta langile guztiei aitortu behar zaiela, edozein dela ere daukan osasun egoera. Hori dela eta, jotzen du urteko opor ordainduetarako eskubidea ez dela amaitzen urteko oporrak edo/eta zuzenbide nazionalak finkaturiko luzapeneko aldia sortzeko aldiaren amaieran, langilea gaixotasunaren ondoriozko bajan egon denean sortzapenaren aldi guztian edo haren zati batean, eta egiazki 2033/88 Zuzentarauak aitortzen dion eskubide horretaz baliatzeko aukerarik izan ez duenean.

    Premisa horietatik abiatuta, Europar Batasuneko Auzitegiak ulertzen du ezen, behin lan harremana amaitu denean, ezinezkoa denez urteko opor ordaindu batzuez modu eraginkorrean gozatu eta saihesteko ezintasun horren ondorioz langilea aipatutako eskubideaz gozatzeaz gabeturik gelditzea, baita diruaren ikuspuntutik ere, 2003/88 Zuzentarauko 7. artikuluko 2. idatz-zatiak aurreikusten duela langileak eskubidea izanen duela kalte-ordain ekonomiko bat jasotzeko, hain zuzen ere langilearen ohiko ordainsariaren arabera kalkulatutakoa.

  4. Jurisprudentziaren doktrina horri dagokionez, nabarmendu beharra dago, hemen interesatzen zaigunari begira, hark gainditzen dituela bera ekarri duten kalteak planteatzen direneko kasu zehatzak. Horixe gogorarazten du Auzitegi Nagusiak, 2009ko ekainaren 24ko eta 2010eko otsailaren 4ko epaietan, hauxe baieztatzen duenean: egiazki, Europako Erkidegoetako Auzitegiaren 20/01/09 epaiak aztertzen dituen kasuak ez datoz zehazki bat gure kasuan eztabaidatutakoarekin. Baina gogorarazi beharra dago Europako Erkidegoetako Auzitegiaren baieztapenek gainditzen dutela epaiaz aurreko gaia planteatzen deneko kasu zehatza, zeren eta ez baita ahaztu behar auzitegiak ez duela inongo auzirik ebazten; izan ere, auzitegiaren eskumena denez (...), xede du Europako Zuzenbidearen xedapen guztien interpretazio uniforme bat bermatzea, kide diren estatu guztietan, eta, horrenbestez, auzitegi horrek egiten duen gauza bakarra da haren hitzetatik eta izpiritutatik ondorioztatu kasuko arauen esanahia.

    Hori dela eta, epaian jasotako doktrina aplikatzekoa den ala ez erabakitzeari begira, ez du inongo garrantzirik oraingo kexaren xede den kasuaren inguruabarrak epaia ekarri zuten inguruabarrekin bat ez etortzeak.

    Bestalde, zehaztu beharra dago planteatutako epaiaz aurretiko gaiei erantzuten dien epaian interpretatzen den Europako araua 2003/888/CE Zuzentaraua dela, azaroaren 4koa, eta hark 1.3 artikuluan adierazten duela, arau orokor gisa, jardueraren sektore guztiei, pribatuei zein publikoei, aplikatuko zaiela. Hori dela eta, funtzionarioen esparruan dagoen lotura bereziaren egoera eta arauaren berariazkotasuna ere ez dira nahikoa arrazoi hartan deklaratutakoa alde batera uzteko.

  5. Erakunde honek, horrenbestez, jotzen du Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak bete egin behar duela Europako Erkidegoetako Auzitegiaren aipatutako epaian jasotako doktrina jurisprudentziala, Europako Zuzenbidea interpretatzen baitu, eta Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen araubidea ezartzen duen erregelamenduzko araudiaren interpretazioak eta aplikazioak ezin dutela ekarri harekin kontraesanean dagoen emaitzarik. Horixe agintzen du Europako Zuzenbidearen lehentasunaren printzipioak, bai eta eskubide eta askatasunen norainokoa nazioarteko itun eta akordioen arabera interpretatzeko Konstituzioak ezarritako betebeharra ere (Konstituzioko 10.2 artikulua).

    Doktrina hori lagungarri gertatzen da urteko opor ordainduetarako eskubidearen norainokoa mugatu eta definitzeko; izan ere, eskubide horixe da Konstituzioko 40.2 artikuluan aipatzen dena eta Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategineko 36. artikuluan jaso zena.

    Horretan, ez dago izaera orokorreko xedapen administratiboak (kasu honetan, opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua) indargabetzeko ezintasun berekiaren printzipioaren inongo urratzerik , baizik eta antolamendu juridikoaren interpretazio sistematiko bat, zeinak, oro har, Administrazio Publikoa lotzen baitu hura bere osotasunean betetzera, antolamendu horrek zuzenbidearen iturrien lehentasun-ordena dela-eta ezarritakoaren arabera.

  6. Kasuari doktrina aplikatuta, atzematen dugu kexa-egileak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin duen zerbitzu-harremana –aldi baterako kontratua– 2009ko abenduaren 6an amaitu zela, eta une hartan, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Orokorrak adierazi bezala, interesdunak ezin izan zituela gozatu bazegozkion lau opor-egun, ezgaitasunarengatiko bajan zegoelako, lan istripu baten ondorioz, 2009ko azaroaren 12tik.

    Kontratua amaitzeko datan, erakunde honen iritziz, opor ordainduez gozatzeko eskubidea ez zegoen amaiturik, errekurtsoa ebatzi zuen foru aginduan baieztatu zen bezala, zeren eta, hartaz modu arruntean baliatzea ezinezkoa zenez, ordain ekonomikoaren bidetik gauzatu behar baitzen.

    Horrenbestez, bidezkoa da Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea interesdunari ordain diezaiola eskatutako konpentsazio ekonomikoa, horren aurkako konponbidea emateak urteko opor ordainduez gozatzeko eskubidea urratzen duen jokabidea izanen bailitzateke.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea herritarrek aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoak ebazteko legezko betebeharra duela, eta ebazpen-egintzak jakinarazi egin behar dituela, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeak aurreikusitako hiru hilabeteko epean, eta behar diren neurriak ezarri behar dituela herritarrek beren gaien administrazio egokia lortzeko eskubidea eraginkor bihurtzeko.

     

  2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea kexa-egileak bere kontratuaren amaiera dela-eta eskatzen duen ordain ekonomikoa ordain dezan, hain zuzen ere aldi baterako ezgaitasun baten ondorioz baja egoeran egoteagatik gozatzerik izan ez zituen opor-egunei dagokiena, betiere jaso ohi zituen ordainsariei dagokien neurrian.

     

  3. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

     

  4. Interesdunari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia