Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

242/2009 Ebazpena, abenduaren 1ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena. Horren bidez, Atarrabiako Udalari gomendatzen dio Administrazio Publikoaren ondare-erantzukizunaren prozedura izapide dezan.

2009 abendua 01

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: Responsabilidad patrimonial por el fallecimiento de un menor

Exp: AO_22_09 (ofiziozko jarduna))

: 242

Zerbitzu publikoak

AURREKARIAK

  1. Erakunde honek, 2009ko urriaren 16an, uztailaren 3ko 2/200 Foru Legeko 18.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, espediente bat abiarazi zuen, ofizioz, Atarrabian entzierroaren hesiak kentzeko lanetan ari zen ibilgailu batek harrapatuta adingabe bat hil ondoren. Gertakariak zenbait hedabidetan eman ziren argitara.

  2. Espedientea irekita, Atarrabiako Udalari eskatu zitzaion gertatutakoari eta inguruabarrei buruzko txosten bat bidal zezan, gai horrekin lotuta artxibo administratiboetan izan daitekeen dokumentazioarekin batera.
  3. 2009ko azaroaren 9an jaso zen herri horretako alkateak sinatutako txostena. Bertan, honakoa ageri da jasota:

    “Aipatu istripuaren inguruabarrak aztertuta ikusi da erantzukizun zibil eta penalak egon litezkeela, eta, hortaz, Iruñeko 2. Instrukzioko Epaitegiak 4677/2009 zenbakiko aldez aurreko eginbideak abiarazi ditu.

    Aipatu gertakariak aztertuta ikus daiteke ezen, zantzuen arabera, erantzukizun zibil eta penalak egotz lekizkiekeela gertakarien arduradun gisa azaltzen direnei. Hori horrela, eta autoak une honetan instrukzio fasean daudenez gero, jo ezazu jurisdikzio-egoitzara, duintasun osoz ordezkatzen duzun erakundeari uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 18.1 artikuluak esleitzen dion ikuskatze-eginkizuna behar bezala baliatzeko behar dituzun xehetasun guztiak lortze aldera”.

AZTERKETA

  1. Administrazio Publikoaren ondare-erantzukizuna, bere zerbitzuen funtzionamendutik heldu dena, Konstituzioaren 9. eta 106. artikuluetan jasota dago. Konstituzioko 106. artikuluko bigarren idatz-zatiak ondokoa dio: “Partikularrek, legeak ezarritako moduan, eskubidea izanen dute kalte-ordaina jasotzeko beren ondasun eta eskubideetan jasandako lesio ororengatik, ezinbesteak eragindako kasuetan salbu, lesio hori zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorio izanez gero”.

    Konstituzioaren manua garatuz, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26eko 30/1992 Legeko 139. artikuluak eskubidearen aitortza berresten du, eta ezartzen du eskubide hori sortuko dela baldin eta lesioa zerbitzu publikoen jarduera on edo txarraren ondorioz sortu bada.

    Administrazio Publikoaren ondare-erantzukizuneko sistema, konstituziogileak eta legegileak taxutua, izaera objektibokoa da. Halatan, horren oinarrian dago biktimaren ondarearen eta eskubideen babesa eta bermea, kaltea jasan duen pertsonak bilatu ez duen, nahi izan ez duen eta merezi ez duen kalte ororen aurrean, baldin eta, betiere, ekintza administratibo baten ondoriozkoa bada. Administrazioaren erantzukizunak zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz jasandako kalte orori egin behar dio aurre, albo batera utzita zein izan den eragilearen borondatea eta are aurreikuspena, baita kaltea eragin duen ekintza legezkoa bada ere edo funtzionamendu irregular orotarik kanpo ageri bada ere, ordaindu beharreko kaltea eragin duen ekintzaren zilegitasuna edo zilegitasun eza gorabehera (Auzitegi Gorenaren 1997ko abenduaren 19ko epaia). Jurisprudentziak errepikatu bezala, aski da emaitza kaltegarri bat izatea, benetako kaltea eragiten duena, ekonomikoki ebaluagarria eta banakakoa, pertsona bati edo pertsona talde bati dagokienez, kalte-ordaina eman beharra izateko, eta ez da bestelako baldintzarik behar ekintzaren eta kaltearen arteko kausalitateaz gainera, administrazioaren jardunaren erregulartasuna edo irregulartasuna gorabehera.

  2. Toki entitateen esparruan, Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 54. artikuluak honakoa ezartzen du: “Toki entitateek zuzenean erantzunen dute partikularrei, beren ondasun eta eskubideetan, zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz edo agintari, funtzionario edo agenteen jardueraren ondorioz, eragindako kalte-galerengatik, administrazio-erantzukizunari buruzko lege orokorretan ezarritako moduan.” Toki entitateen antolamendu, funtzionamendu eta araubide juridikoari buruzko Erregelamendua onetsi zuen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 223. artikuluak, berriz, honakoa: “Toki entitateek zuzenean erantzunen dute partikularrei, beren ondasun eta eskubideetan, zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz edo agintari, funtzionario edo agenteen jardueraren ondorioz, eragindako kalte-galerengatik, administrazio-erantzukizunari buruzko lege orokorretan ezarritako moduan.”

    Nafarroako toki entitateei dagokienez, Toki Administrazioko erakundeen eta entitateen ondare-erantzukizuna Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 317.3 artikuluan berdintsu jasota dago.

  3. Aipatu arauei jarraituz, Toki Administrazioaren ondare-erantzukizuna erantzukizun zuzen eta objektiboa da, eta hartatik ondorioztatzen da kalte-ordainak eman behar izatea partikularrek beren ondasun eta eskubideetan zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz eragindako lesioengatik, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

    Aipatutako lesioak kalte erreal eta uneko bat eragindakoa izan beharko du, hain zuzen ere ekonomikoki ebaluagarria dena eta indibidualizaturik dagoena, pertsona bati edo pertsona talde bati dagokienez, eta zuzenbidearen aurkakoa izan beharko du; hau da, kaltetuak ez du hura jasateko betebehar juridikoa izanen. Kaltea, gainera, Administrazioari egozteko modukoa izanen da, administrazio-jardunaren kausa-eragina erlazio batean, edo, kasua bada, Administrazioari exijitzekoa zaion jarduera egin ez izanaren ondorioa.

    Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna erantzukizun objektiboa da; hau da, modu independentean atzeman beharko da, jardun administratiboan errua dagoen ala ez dagoen alde batera utzita.

    Auzitegi Gorenaren epai askotan –esate baterako 2006ko ekainaren 27koan (RJ 2006/4752)– jasota ageri da “partikularrek Estatuaren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, pairatu duten edozein lesio dela kausa, betiere zerbitzu publikoen funtzionamendu on edo txarraren ondorioz; eta kaltea efektiboa izanen da, ekonomikoki ebaluagarria eta banakakoa. Jurisprudentziak zehaztu du, halaber (1992ko martxoaren 24ko epaia, RJ 1992,3386; 1993ko urriaren 5eko epaia, RJ 1993,7192; eta 1995eko martxoaren 2ko eta 22ko epaiak, RJ 1995,1996, guztiak ez aipatzearren), Administrazioaren ondare-erantzukizuna egoteko honako baldintzak bete behar direla:

    1. Kalte-galeraren errealitate efektiboa, ekonomikoki ebaluagarria eta banakakoa, pertsona bati edo pertsona talde bati dagokienez.
    2. Erreklamazio-egileak ondarean pairatutako kaltea edo lesioa zerbitzu publikoen funtzionamendu on edo txarraren ondoriozkoa izatea, kausa-ondorioa erlazio batean, kausaren loturaren aldaketan eragin dezaketen elementu arrotzik izan gabe.
    3. Ezinbestekorik ez gertatzea.
    4. Erreklamazio-egileak ez izatea bere jokabidearengatik berarengatik kaltea jasateko betebehar juridikoa".
  4. Espediente honen kasuan (adingabe baten heriotza, entzierroaren hesiak erretiratzeko lanetan parte hartzen ari zen ibilgailu batek harrapatuta), agerikoa da behar diren baldintzak betetzen direla Administrazio Publikoaren ondare-erantzukizuna aitortzeko, zeren eta zoritxarreko gertakaria Udalaren titulartasunaren menpeko zerbitzu publiko bat ematearen ondorioz gertatu baitzen, Udalak berak egina izan nahiz Udalaren kontura egina izan.

    Igorri zaigun txostenean adierazten da, arestikoa ukatu gabe, Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiak eginbideak abiarazi dituela, erantzukizun penal eta zibil subjektiboak ekartzeko aztarnak badaudela ikusita. Eginbide horiek abiarazi izana, berriz, ez da oztopo, arestian aipatutako administrazio-prozedurari buruzko legediarekin bat, Administrazioaren ondare-erantzukizuna aitortzeko.

    Zigor-prozesuaren eta ondare-erantzukizuna aitortzeko administrazio-prozeduraren independentzia ezarri du, arau orokor gisa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 146.2 artikuluak, zeinak ondokoa ezartzen baitu: “Herri-administrazioetako langileei zigor-erantzukizuna eskatzeak ez du etendurarik sortuko ondarezko erantzukizuna aitortzeko prozeduretan, ez bada beharrezkoa, lehendabizi, zigor-jurisdikzioan egitateak zehaztea ondarezko erantzukizuna finkatzeko”.

    Manu horri dagokionez, doktrinak (GONZÁLEZ PEREZ, GONZÁLEZ NAVARRO) adierazi du ezen “zigor-prozedura abiarazi izana edo Administrazio Publikoaren zerbitzuko langileen zigor-erantzukizuna eskatzeko eginbideak abiarazi izana ez dela eragozpen izanen administrazio-prozedurak aurrera jarrai dezan, Administrazioari exijitze aldera bere agenteen jardunetik heldu den ustezko delituaren ondare-erantzukizuna... Kalte-ordaina horretarako ezarritako prozedurei jarraikiz ordainduko da, eta egiaztatuko da ondare-lesioa zerbitzu publikoari egotz dakiokeen ala ez, albo batera utzita egintza edo ez-egitea delitu diren ala ez, non eta ez den beharrezkoa zigor-jurisdikzioan egitateak zehaztea ondarezko erantzukizuna finkatzeko, baina salbuespena izango litzateke.”

    Bi prozedura horien independentzia, arau orokor gisa ezarria, horien jatorrian dauden printzipioen ondorio da: adierazi bezala, ondare-erantzukizunaren jatorria objektiboa da; izan ere, hortik heldu den erantzukizun zibil eta penala ezartzeko beharrezkoa da, jakina den bezala, eragilearen doloa edo errua.

    Ondorio bera atera daiteke Zigor Kodeko 121. artikuluak ezarritakoa aztertuz gero, hauxe ezartzen baitu: “Estatuak, autonomia erkidegoak, probintziak, uharteak, udalerriak eta gainerako herri-erakundeek, kasuan-kasuan, erantzukizun subsidiarioa dute, doloz edo erruz egindako erantzule penalek eragiten dituzten kalteengatik, baldin eta erantzule horiek beren kargu edo funtzioetan diharduten agintaritza, agintaritzaren agente eta kontratudunak, edota funtzionario publikoak badira, betiere, lesioa euren esku utzitako zerbitzu publikoen jardunbidearen zuzeneko ondorioa denean. Horrek ez dio kalterik egingo zerbitzu horien ohiko edo ez-ohiko jardunbidearen ondoriozko ondare-erantzukizunari; erantzukizun hori galda daiteke administrazio-prozedurari buruzko arauen arabera, baina ezin izango da inoiz ere kalte-ordaina bi aldiz eman”.

  5. Horrenbestez, Erakunde honen iritziz, Instrukzio Epaitegiak aurretiazko eginbideak izapidetu izana ez da oztopo Administrazio Publikoaren ondare-erantzukizuneko administrazio-prozedura abiarazteko eta izapidetzeko, hildako adingabearen familiari kalte-ordain bat emateari begira.

    Prozedura hori, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26eko 30/1992 Legeko 142. artikuluarekin bat, ofizioz nahiz interesdunek eskatuta has daiteke.

    Hortaz, kasuaren inguruabarrei eta arestiko arrazoibideei jarraikiz, gure gomendioa da izapidetu eta ebatzi dadila Administrazio Publikoaren ondare-erantzukizuneko kasuko prozedura, agerikoa baita Udalaren titulartasunaren menpeko zerbitzu publiko bat ematearen ondorioz gertatu zela heriotza (albo batera utzita, berriz diogu, egon litezkeen bestelako erantzukizun pertsonalak).

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Atarrabiako Udalari gomendatzea ezen, aztertutako kasuari dagokionez, Administrazio Publikoaren ondare-erantzukizunaren behar den prozedura izapide dezan, baita ofizioz ere, eta hildako adingabearen familiari aitor diezaion Zuzenbidearen arabera dagokion kalte-ordaina.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Atarrabiako Udalari gomendio hau onartu duela eta gomendioa betetze aldera zer neurri hartuko dituen adierazteko, edo, bestela, gomendioa ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Atarrabiako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia