Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Falta de respuesta a escritos solicitando la instalación de semáforos en pasos peatonales en Sarriguren
Exp: 11/6/D
Nº: 24
Eskubideen sustapena
2011ko urtarrilaren 11n, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Eguesibarko Udalaren aurka, 2010eko irailaren 2an udaleko erregistroan aurkeztutako eskabide bati ez erantzuteagatik. Izan ere, eskabide horretan eskatzen zuen Sarrigurengo Erresumaren etorbidean semaforoak jar daitezela.
Azaltzen du ikusi dituen eta pairatu dituen harrapaketa-arriskuko egoerek kezkatuta, ibilgailuek etorbide horretan hartzen duten abiadura dela eta, aipatutako eskabidearen bidez udalari eskatu ziola semaforoak jar zitzala Sarrigurengo Erresumaren etorbidean.
Gehitzen du udalak ez diola idazkiari erantzun.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, Eguesibarko Udalari txosten bat egiteko eskatu zitzaion 2011ko urtarrilaren 17an.
2011ko urtarrilaren 28an, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean. Hartan adierazten da gaur egun udala aztertzen ari dela egokia den Nafarroako Erresumaren etorbidean semaforoak jartzea, ea horri buruzko informazioa helarazi zaiola jada kexa-egileari.
Azaldu den bezala, kexa-egileak salatu du ez zaiola erantzunik eman 2010eko irailaren 2an Eguesibarko Udalari aurkeztutako idazki bati.
Horri dagokionez, udalak jakitera eman du azkenean interesdunari erantzun diola, gaiari buruzko informazioa emanez.
Horri dagokionez, adierazi beharra dago Administrazio Publikora hari zerbait egin dezan eskatzeko idatziz jotzen duen herritar orok eskubidea duela, gutxienez ere, bide beretik erantzun bat jasotzeko, alde batera erantzun hori baiezko edo ezezkoa den. Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso zen eta barneko antolamendu juridikoan sartu zen eskubidea baita. Eta hala ondorioztatzen da, zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ere; izan ere, lege horrek aurkeztutako eskabide guztiak ebazteko betebeharra jasotzen du.
Horri berari buruz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluak ezartzen du toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak –haien eskumenekoak direnak– ebatzi eta jakinarazi behar dituztela.
Azken finean, Administrazioa legez behartuta dago eskabide guztiei erantzutera, idatziz normalean, eta epearen barruan betiere. Berandu emandako erantzunek, esate baterako honek, nahitaez eman beharrekoak badira ere, ez dute bermatzen herritarrak erantzuna garaiz jasotzeko duen eskubidea.
Gaiaren sakoneko aldeari dagokionez, hau da, Sarrigurengo Nafarroako Erresumaren etorbidean semaforoak jartzea komeni ote den, udalak jakitera eman du haiek jartzea komeni den ala ez aztertzen ari dela. Hori dela eta, jo daiteke gaia konpontzeko bidean dagoela. Hau da, behin udalak ezagutu dituenean herritarrak eginiko eskaera eta erantzunik ez jasotzeagatik aurkeztu duen kexa, bai eta Nafarroako Arartekoak interesdunari erantzun dakion abiarazi duen jarduera, Eguesibarko Udalari dagokio erabakitzea Nafarroako Erresumaren etorbidean semaforoak jartzea komeni den ala ez, horretarako aitortua daukan autonomiaren arabera.
Hori ezertan ere kendu gabe, bai iradoki daiteke semaforoak jartzea komeni izateari buruzko azterlan hori egiazkoa izan dadila eta haren emaitza ahal bezain laster jakitera eman dakiela bai interesdunari, bai erakunde honi.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Eguesibarko Udalari gogoraraztea legez behartua dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei –besteak beste, kexa-idazkian aipatutakoari– erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan.
Eguesibarko Udalari iradokitzea azter dezala komenigarria ote den Sarrigurengo Nafarroako Erresumaren etorbidean semaforoak jartzea, eta gai horri buruzko hartutako erabakia jakinaraz diezaiela kexa-egileari eta erakunde honi. Hori guztia hurrengo atalean adierazitako epean.
Bi hilabeteko epea ematea Eguesibarko Udalari gogorarazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia