Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

2010eko apirilaren 28ko 79/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, Iruñeko [?] kaleko [?] zenbakiko etxebizitzen jabekideen elkargoko lehendakariak eginiko kexari buruzkoa.

2010 maiatza 14

Gizarte ongizatea

Gaia: Problemas de convivencia generados por personas en estancias subvencionadas por la Administración

Exp: 09/819/B

: 79

Gizarte ongizatea

AURREKARIAK

  1. 2009ko azaroaren 26an, Iruñeko [?] kaleko [?] zenbakiko etxebizitzetako jabekideen elkargoko lehendakariak izenpetutako idazki bat sartu zen. Haren bidez, kexa bat agertzen du jabekide horiek pairatzen dituzten bizikidetasun arazoengatik; hain zuzen ere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak diruz lagundutako zerbitzu bat hartzen duten pertsonek sortzen dituzte arazo horiek.

    Kexan azaltzen da adierazitako atariko 6.a ezker etxebizitzan, janariak, afariak eta, oro har, ostatua eskaintzen zaizkiela espetxetik heldu eta gizarteratzen ari diren pertsonei. Jabekideen elkargoak badaki Nafarroako Gobernuak ematen dituen diru-laguntza batzuk jasotzen direla zerbitzu horiengatik.

    Kexa-idazkian deskribatzen da ezen ez “pentsioko” erabiltzaileek, ez jabeek ez dituztela betetzen auzokideen elkargo batean nagusitu behar diren higieneko eta heziketako gutxieneko arauak (honakoak aipatzen dira, adibidez: eraikineko eskaileretan txiza egitea, jan eta hondarrak eremu komunetan botatzea, erre eta zigarro-mutxikinak eremu komunetan botatzea, beste zabor-hondakin batzuk toki desegokietan uztea...).

    Idazkian salatzen da, halaber, eraikineko elementu komunen aurkako erasoak behin eta berriz gertatzen direla; bestalde, bizilagunek pairatzen duten segurtasun ezeko egoera dela-eta daukaten kezka adierazten da. Egoera hori etxebizitza horretan ematen diren zerbitzuen erabiltzaileek sortzen dute, batzuetan drogen edo alkoholaren eraginaren menpe daudela.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari.

  3. Eskatutako txostena jaso ondoren, honakoa ageri dela atzeman dugu:
    1. “Lehenbizi, eta ezer baino lehen, kexaren arabera erreferentziako etxebizitzan bizi diren pertsona horiek espetxetik gizarteratutako pertsonak izateari dagokionez, garrantzitsua da nabarmentzea departamentu honek, hain zuzen ere profil hori duten pertsonei laguntza bermatze aldera, hitzarmen bat izenpetua duela Salhaketa Elkartearekin, eta hitzarmen horretan sartzen dela bi etxebizitzaren kudeaketa: bata Iruñean, egonaldi luzeetarako eta hirugarren graduan egon eta zigorrak bete arren bizitokirik ez duten pertsonentzat; eta bestea Barañainen, espetxeko baimen-aldietan presoen bizitokia izaten dena.

      Bi baliabide horiek, zeinek ez baitute batere zerikusirik kexa eragin duen etxebizitzarekin, elkarte horretako hezitzaileek artatzen dituzte, eta Gizarte Ongizateko Departamentuko Gizarteratzearen Zerbitzuak gainbegiratzen dituzte. Haien funtzionamenduari buruzko ebaluazioa egokia da.

    2. Dirudienez, aztertzen ari garen kexa eragiten duen [?] kaleko etxebizitzaren arazoa besterik da; izan ere, hartan, buru-gaixotasuneko arazoak dauzkaten pertsonak bizi dira, eta haien jarraipena eta gainbegiratzea buru-osasuneko zentroei dagokie. Egoera hori jada beste batzuetan ere analizatu izan dugu erakunde horrek eskatuta.

      Zehazki, erreferentziako etxebizitzan bizi dira, dirudienez, departamentu horrek gizarteratzeko ematen dituen laguntza ekonomikoak jasotzen dituzten hiru pertsona. Laguntza horiek, izan ere, zenbateko aldakorra dute, onuradunaren errenta-mailaren araberakoa, eta bilatzen dute pertsona horiek beren inguru hurbilekoenean integratzea eta onartuak izatea, haiei erraztasunak emanez beren ingurunean egoteko, gizartean eta erkidegoan integratzeko eta, ahal dela, instituzioetan sartzea saihesteko.

      Laguntza horren ordainketak ez du suposatzen, printzipioz, departamentuak pertsona horiei lagun egitea; izan ere, erabiltzailea sozializatzeko eta hari autonomia emateko euskarri bat baizik ez da.

      Hala eta guztiz ere, dakizun bezala, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak asmoa dauka bere buruari emateko horrelako gaixoak hurbilagotik artatzeko baliabideak, horrekin, ahal den neurrian, aztertutako kexa eragiten duten egoerak saihestuz.

      Horri dagokionez, berriki emandako erantzun batean jakinarazi genizun bezala, departamentu honek, pilotu-esperientzia gisa, laguntza duen etxebizitza bat ezarria du, non hezitzaile baten zuzeneko arreta eta departamentuaren beraren gainbegiratzea badauden, esku-hartze soziokomunitarioko talde baten bitartez.

      Baliabide hori erabiltzeko gai direla baloratutako lau pertsonak etxebizitza horretan osatu hartu dute, eta aipatutako laguntza daukate.

      Bestalde, departamentua behar diren jarduketak burutzen ari da laguntza duten etxebizitza gehiago ezartzeko betiere buru-osasuneko zentroetako gizarte-langileen laguntzarekin.

      Azkenik, buru-osasuneko arazoak dauzkaten erabiltzaileak artatzeko baliabide gehiago edukitzeko xede berarekin, gaur egun egoitza-etxe bat eraikitzen ari da Sarrigurengo udal barrutian, 25 pertsona ingururentzat, eta espero da jada 2010eko udan bertan lanean hasi ahal izatea.

      Era berean, hemendik gutxira kontratu bat adjudikatuko da, Iruñean egoitza-etxe bat eraikitzeko; egoitza-etxe berri horretan, izan ere, errehabilitazio psikosozialeko zentro bat egonen da, buru-nahaste larriak dituzten pertsonentzat.

AZTERKETA

  1. Beste ezer baino lehen, kexaren edukia ikusita eta erakunde honek planteatutako gaian esku-hartzeko dauzkan aukerak kokatzeko asmoz, zehaztu beharra dago ez dela erakunde honen eginkizuna herritarren jokabideak ezagutzea; izan ere, bere ikuskapen lana Nafarroako administrazio publikoen jardunean zentratu beharra dauka, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarri bezala.

    Hori dela eta, ulertu beharra dago ebazpen honetan arrazoitutakoak ez duela ezertan ere kentzen interesdunek ordenamendu juridiko pribatuko tresnetara jotzeko daukaten eskubidea, eta, zehazkiago, Jabetza Horizontalari buruzko Legera, bertan auzokideen arteko arazoei aurre egiteko bideak jasotzen baitira. Horri dagokionez, lege-arau horrek berak etxebizitzako jabeari eta bertan bizi denari debekatzen die estatutuetan debekatutako jarduerak edo jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri edo arriskutsuei buruzko xedapen orokorren aurkakoak garatzea. Kasua bada, erkidegoko lehendakariak, bere ekimenez edo beste edozein jabe edo bizikideren ekimenez, ahalmena dauka debekatutako jarduerak egiten dituenari eskatzeko jarduera horiek bertan behera utz ditzan, ohartaraziz hala egin ezean judizialki bidezkoak diren ekintzak abiaraziko direla.

  2. Aurrekoa –hau da, ordenamendu juridikoak bizikideen arteko harremanen garapen normala bermatzeko eskaintzen dituen tresnak erabiltzeko aukera– alde batera utzita, erakunde honek erabaki behar duena da ea gizarte zerbitzuen arloko legediak Administrazio Publikoari eskatzen dion pertsona horiei ematen zaien arretaz besteko erantzunen bat eskaintzea.

    Gaia, egiazki, ez da berria, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak igorritako txostenean bertan adierazi denez, zeren eta espedienteak jasotzen duen arazoa erakunde honek aurretik izapidetutako beste espediente batzuetakoaren antzekoa baita.

    Espediente horietan jada esan genuenez, gure abiapuntuak izan behar du Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen xedea, zeina baita gizarte zerbitzuen sistema itxuratzea, halako moduan non bermatuko baita ematen diren zerbitzuak pertsonen autonomia, duintasuna eta bizi kalitatea ziurtatuko dituzten baldintzan onenetan ematen direla (1.2 artikulua).

    Gizarte zerbitzuen printzipio gidarien artean (5. artikulua), kexaren edukiari dagokionez, erantzukizun publikoarena eta kalitatearena nabarmendu behar dira. Lehenbizikoak ezartzen du botere publikoek gizarte zerbitzuen eskuragarritasuna bermatu beharko dutela, sistemaren funtzionamendurako eta koordinaziorako beharrezkoak diren giza baliabideak eta bitarteko tekniko eta finantzarioak arautuz eta jarriz. Bigarrenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa behartzen du gizarte zerbitzuen sisteman gutxieneko kalitate-estandar batzuk bermatzera eta estandar horien hobekuntza sustatzera. Printzipio horrekin lotuta, ezartzen du hartzaileek kalitatezko zerbitzuak jasotzeko eskubidea dutela.

    Horrekin bat, foru legeak Administrazioak esku hartzeko araubide bat aurreikusten du (65. artikulua eta hurrengoak) inolako gizarte zerbitzuak emateari dagokionez. Horrekin, izan ere, prestazio egokiak egonen direla bermatu nahi da. Horretarako, Administrazio Publikoari erregulatzeko, ikuskatzeko eta baimentzeko ahalmenak aitortzen zaizkie.

    Azken batean, printzipio orokorra argia da: legegilearen helburua da kalitatezko gizarte zerbitzuak egon daitezela, eta horrek exijitzen du haiek direla-eta esku-hartze administratiboko ahalmenez baliatzea. Horren guztiaren xedea da herritarrek azkenean jasotzen dituzten prestazioak baldintza ezin hobeetan ematea; hau da, haien premietarako egokiak izatea.

  3. Hemen aztergai dugun kasuan, gizarte zerbitzuen laguntzaren hartzaileak diren pertsona batzuk topatu ditugu, hain zuzen ere haiengan berariazko arazo batzuk biltzen direlako, laguntza horiek behar izatea eragiten dietenak (kasu honetan, buru-gaixotasuna eta errenta-maila txikia duten pertsonak dira).

    Aurrekoa suposatuta, emandako prestazioa ostatu bat bilatzeko diru-laguntza ekonomikoa da, baina emandako zerbitzua Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren kontrol-esparruaz kanpokoa dela jotzen da, emandako txostenetik ondorioztatzen denez, hartan azaltzen baita laguntzaren ordainketak ez dakarrela berekin, printzipioz, departamentuak lagun egitea, baizik eta euskarri bat dela sozializatzeko eta autonomia lortzeko.

    Adierazi dugun bezala, erakunde honen iritziz jokabide hori ez da bateragarria foru legeak gizarte zerbitzuak direla-eta ezartzen duen kalitate printzipioarekin. Argi dirudi pertsona horiek ostatu hutsa baino zerbait gehiago behar dutela; hau da, gizarte zerbitzuen sisteman integraturiko zerbitzu bat behar dutela, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak baimendu eta zaindutako zerbitzu bat hain zuzen.

  4. Erakunde hau konturatuta dago Administrazioak laguntza horiek ematerakoan duen asmoa dela pertsona horiei beren bizi garapenerako funtsezko ondasun bat ematea. Alabaina, beste batzuetan esan izan duen bezala, horrek ezin du berekin ekarri sistemaren baliabide “paraleloak” finkatzea, zeren eta horiek ez baitute bermatzen legegileak exijitzen duen kalitateko gutxienekoak.

    Horrekin ez dugu esan nahi pertsona horiek edo antzeko arazoak dauzkaten beste batzuk gainerako herritarrengandik urrundu edo bereizi behar direnik, ezta gutxiagorik ere, baina argi dago beren premietarako egokia den zerbitzu bat jaso behar dutela, Administrazioak gainbegiratuta; hau da, baimentzeko eta ikuskatzeko ahalmenen menpeko zerbitzu bat.

    Erakunde honek badaki Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentua urratsak egiten ari dela espediente honetan ageri dena bezalako arazoei konponbidea emateko, eta baliabide gehiago jarri nahi dituela. Hala eta guztiz ere, arazo horiek beren horretan irauten duten bitartean, kexa ontzat eman eta bidezkoa den gomendioa egin beharrean gaude.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatzea ezen, azaldutako arazoak direla eta, bere ahalmenez balia dadin eta orain arteko jokabidea eten dezan, eta, kasua bada, interesdunei gizarte zerbitzuen sisteman integraturiko baliabide bat eman diezaien, hain zuzen ere administrazioaren zaintzapeko baliabide bat.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendio hori onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Kexa-egileari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia