Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

20/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexa ebazten duena.

2011 urtarrila 28

Función Pública

Gaia: Reconocimiento de antigüedad a profesores de religión

Exp: 10/939/F

: 20

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 2010eko abenduaren 17an, [?] andreak –[?] sindikatu independentearen ordezkari gisa– aurkeztutako idazkia sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Hezkuntza Departamentuaren aurka, erlijio irakasleek 2000ko iraila baino lehen lan egindako urteak ez aitortzeari buruz, antzinatasunaren eraginetarako.

    Kexan azaltzen zuen ezen, 2010eko urtarrilaren 19an, idazki bat aurkeztu zuela Hezkuntza Departamentuan, eta hartan eskatzen zuela erlijio irakasleen antzinatasuna aitortzearen ondorioetarako, baliozkotzat jo ditzala ikastetxeetako zuzendarien ziurtagiriak, 2000ko irailaren 1a baino lehenago ikastetxean lan egindako urteei buruzkoak. Alabaina, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak, otsailaren 15eko 289/2010 Ebazpenaren bitartez, eskaria ezetsi zuen, eta, aldi berean, departamentuko idazkaritza teknikora jotzeko gomendatzen zion, horixe baitzen Hezkuntza Departamentuaren eskuetan dauden datuei buruzko ziurtagiriak emateko organo eskuduna.

    Adierazten du ezen, 2010eko martxoaren 11n, idazki bat zuzendu ziola idazkaritza tekniko orokorrari, eta haren bidez eskatzen ziola ezen, erlijio irakasleek emandako zerbitzuak aitortze aldera eta 2000ko iraila baino lehen emandako zerbitzuei buruzko idatzizko kontraturik ez dagoenez, haiek ziurtatu eta aitor zitzala interesdunak eskatzen bazuen eta egindako irakasle-prestazioa adierazteko dokumentazioa aurkezten bazuen. Idazkian adierazten zuen ezen, beste autonomia erkidego batzuetan egin den bezala, balioa eman behar zitzaiela froga jakin batzuei –esate baterako, Artzapezpikutzaren ziurtagiriak, ikastetxeen aktak eta abar–, 2000ko iraila baino lehenago egiaz emandako zerbitzuak kreditatzeko balio baitute.

    Adierazten zuen, halaber, kexa aurkezteko garaian, oraindik ere ez zuela idazkiaren erantzunik jaso.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari, gaiari buruzko informazioa eman zezan.

     

  3. 2011ko urtarrilaren 26an, eskatutako informazioa iritsi zen gure erakundera eta bertan honakoa azaltzen da:

“[?] andreak, [?] sindikatu independentearen ordezkari gisa, 2010eko urtarrilaren 19an Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzendutako idazki bat aurkeztu zuen. Idazki haren bidez eskatzen zuen, hain zuzen ere, baliozkotzat jo zitezela ikastetxeetako zuzendarien ziurtagiriak, erlijio irakasleek emandako zerbitzuak kreditatze aldera.

Eskaera horri erantzuteko, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendari nagusiaren otsailaren 15eko 289/2010 Ebazpena eman zen. Ebazpen horren aurka ez zen errekurtsorik aurkeztu behar zen denboran eta moduan, eta, horrenbestez, irmo bilakatu zen. Honakoa zen ebazpenaren testua:

“Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 15eko 289/2010 Ebazpena, erlijio irakasle gisa emandako zerbitzuak ikastetxeetako zuzendariek emandako ziurtagirien bitartez aitortzeko eskaria ezesten duena. Eskaria [?] andreak aurkeztu zuen [?] sindikatuaren ordezkari.

[?] andreak, [?] sindikatuko ordezkari gisa, idazki bat aurkeztu zuen eskatzeko ontzat jo zitezela ikastetxeetako zuzendariek emandako ziurtagiriak erlijio irakasleek emandako zerbitzuak kreditatzeko.

Nafarroako Gobernuaren 2007ko urtarrilaren 15eko Erabakiko 59. artikuluan ezarritakoaren arabera –haren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko lan-kontratupeko langileen hitzarmen kolektiboa–, antzinatasuna interesduna administrazio bakoitzean sartu zen unetik emandako zerbitzuen arabera kontatuko da, zerbitzu horiek kasuko agintariak emaniko ziurtagiri baten bidez kreditatzen baldin badira.

1980ko uztailaren 16ko Ministerio Aginduak, Erlijio eta Moral Katolikoa eskola aurreko hezkuntzako eta oinarrizko hezkuntza orokorreko ikastetxetan irakasteari buruzkoak, ezartzen zuen erlijio ikasgaia, ahal dela, irakaskuntza hori emateko gai jotzen diren ikastetxeko irakasleek emanen dutela.

Halere, horrelako irakasleen faltaren aurrean, sistema bat ezarri zen. Izan ere, haren bitartez, Elizaren hierarkiak proposatuta, Hezkuntza Ministerioko delegatu probintzialak pertsona egokiak izendatzen zituen, baina haiekin inongo zerbitzu-harremanik ezarri gabe.

Bereziki 2000ko irailaren 1a baino lehen erabili zen izendapenen araubideak, jada adierazi dugunak, berekin dakar ez Hezkuntza Ministerioa, ez Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak daturik ez izatea erlijio irakasleek 2000ko irailaren 1 baino lehen ikastetxe publikoetan, haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan, emandako zerbitzuei buruz.

Sortutako egoeraren berezitasuna dela eta, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak egokitzat jo du erlijio irakasleek 2000ko irailaren 1a baino lehen ikastetxe publikoetan, eskola aurreko hezkuntzan eta oinarrizko hezkuntza orokorrean (haur eta lehen hezkuntzan) emandako zerbitzuak aitortzea, baldin eta zerbitzu horiek egiaztatzen badira lan-bizitzaren ziurtagiriarekin edo Hezkuntza Ministerioko zuzendari probintzialak nahiz Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak eginiko izendapenen bitartez.

Alabaina, zehaztu beharra dago ezen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuan ezarritakoaren babesean, Idazkaritza Tekniko Orokorra baita eskuduna dena departamentuak dauzkan datuen fedea emateko eta haiei buruzko ziurtagiriak emateko. Halaber, eskumen hori beste unitate administratibo batzuei eskuorde diezaieke.

Bestalde, ikastetxeetako zuzendariek emandako eskumenen artean, ez dago zerbitzuei buruzko ziurtagiriak ematearena.

Horrenbestez, bidezkoa da [?] andreak, [?] sindikatua ordezkatuz, aurkeztutako eskabidea ezestea.

Hezkuntza Departamentuko Ikuskapen eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren irailaren 19ko 155/2007 Ebazpenaren bidez esleitutako atribuzioez baliatuta,

EBATZI DUT:

  1. Ezestea erlijio irakasleen zerbitzuak ikastetxeetako zuzendarien ziurtagirien bitartez aitortzeko [?] andreak, [?] sindikatua ordezkatuz, eginiko eskaera.

     

  2. Ebazpen hau helaraztea Idazkaritza Tekniko Orokorrari, Langileen Kudeaketako Atalari, Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileen Araubide Juridikoaren Atalari eta interesdunari, eta azken horri jakitera ematea ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal duela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariari zuzenduta, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.”

AZTERKETA

  1. Bi dira kexa-egileak planteaturiko gaiak. Lehengoa, idazki bati ez erantzutea. Bigarrena, departamentuak justifikaziorik gabe ezezkoa ematea baliozkotzat hartzeari, antzinatasuna aitortzearen eraginetarako, ikastetxeetako zuzendarien edo Artzapezpikutzaren ziurtagiriak, 2000ko iraila baino lehen emandako zerbitzuak kreditatze aldera.
  2. Emandako txostenean ezer ere ez da aipatzen lehenengo gaiari dagokionez, hau da, Hezkuntza Departamentuak 2010eko martxoaren 11n aurkeztu eta Idazkaritza Tekniko Orokorrari zuzendutako idazki bati ez erantzuteari dagokionez.

    Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.

    Horri dagokionez, adierazi beharra dago Administrazio Publikora hari zerbait egin dezan eskatzeko idatziz jotzen duen herritar orok eskubidea duela, gutxienez ere, bide beretik erantzun bat jasotzeko, alde batera erantzun hori baiezko edo ezezkoa den. Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso zen eta barneko antolamendu juridikoan sartu zen eskubidea baita. Eta hala ondorioztatzen da, zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ere; izan ere, lege horrek aurkeztutako eskabide guztiak berariaz ebazteko betebeharra jasotzen du; eta halaxe jasotzen da orobat Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 25eko 46/2010 Foru Aginduan, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek herritarrekiko harremanetan jarraitu beharreko Administrazioaren jardunbide egokiaren kodea.

    Azken finean, Administrazioa legez behartuta dago eskabide guztiei erantzutera, idatziz normalean, eta epearen barruan betiere.

  3. Kexaren bigarren xedea da Hezkuntza Departamentuak ezezkoa ematea erlijio irakasleek 2000. urtea baino lehen emandako zerbitzuak kreditatzeko interesdunek proposaturiko proba-bideak erabiltzeari, antzinatasuna aitortzearen eraginetarako. Proposatutako bideak ikastetxeetako zuzendarien edo Artzapezpikutzaren ziurtagiriak dira.

    Hezkuntza Departamentuak eskatutakoari ezezkoa emateko argudio gisa erabiltzen du 2000. urtea baino lehen ez Hezkuntza Ministerioak, ez Hezkuntza Departamentuak ez zutela daturik erlijio irakasleek ikastetxe publikoetan emandako zerbitzuei buruz, eta ikastetxeetako zuzendariei emandako eskumenen artean ez dagoela zerbitzuen ziurtagiriak ematearena.

    Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 80.1 artikuluak ezartzen du prozedura bat erabakitzeko egitate erabakigarriak Zuzenbidean onar daitekeen edozein modutatik kreditatu ahalko direla.

    Arau hori, esparru judizialerako bezalaxe, esparru administratiborako ere ezartzen du frogatzearen teknika dela erabaki bat hartzeko egitate erabakigarri bat kreditatzeko bidea. Arau hori aztertu duenean doktrina zientifikoak adierazi izan duen bezala, frogatzea da prozeduraren erabakiaren oinarri gisa balioko duten egitateen zehaztasuna edo zehaztasun eza demostratzeko xedea duen jarduera, eta interesdunak eskubidea dauka Zuzenbidean onartutako froga guztiak egin daitezen, amaierako erabakia hartzeko garrantzitsuak izan daitezkeenak.

    Jurisprudentziak –prozesu judizialean aplikatzeko, baina prozesu administratiboan ere ederki aplika liteke– esan izan du aldeek eskubidea dutela beren asmoari eusteko beren ustez beharrezkoak diren frogabide guztiak erabiltzeko (Auzitegi Gorenaren 1998ko otsailaren 6ko epaia), eta frogabide guztiak erabiltzeko oinarrizko eskubidea urratzen dela baldin eta froga bat ukatzearekin, baldin eta froga hori onartzeak aukera eman ba zezakeen prozesuaren emaitza aldekoa izateko (Auzitegi Gorenaren 1997ko uztailaren 7ko epaia). Bestalde, Auzitegi Konstituzionalaren doktrina izan da behin eta berriz frogak arrazoirik gabe ukatzea prozesuaren amaierako ebazpena a quo aldekoa izan zitekeenean auzitan dagoen froga egin onartu eta egin izan balitz, babesgabetasuna eragiten duela, hain zuzen ere Konstituzioak debekatzen duena (guztiarengatik, Auzitegi Gorenaren apirilaren 9ko 71/2003 epaia).

    Aztergai dugun kasuan, interesdunek Administrazioari proposatu zizkioten Zuzenbidean baliozkoak diren bide batzuk, alegia, ikastetxeetan 2000 baino lehen emandako zerbitzuak kreditatzea ikastetxeetako zuzendariek edo Artzapezpikutzak emandako dokumentuak erabiltzea (kexa-egileak ziurtagiri deitzen die dokumentu horiei). Kasuko erregistro eta artxiboetan dauden datuetan oinarrituta emandako dokumentu bidezko deklarazio edo lekukotasunak froga balioduna dira Zuzenbidean, eta hala dira nahiz eta emandako dokumentua, formalki, “ziurtagiri” bat ez izan, ziurtagiria zerbaiten fedea ematen duen dokumentua den aldetik.

    Azken batean, bilatzen diren eraginetarako, ikastetxeetako zuzendariek dokumentuak eman ahal dituzte, non erlijio-irakasleek 2000 baino lehen emandako zerbitzuak, ikastetxeko artxibo eta erregistroetan ageri direnak, jasoko baitituzte, eta deklarazio horiek Zuzenbidean baliodunak dira eta, horrenbestez, guztiz baliagarriak dira egitate batzuk frogatutzat emateko; aztertzen ari garen kasuan, erlijio irakasle gisa emandako zerbitzuak, kasuko antzinatasuna aitortzearen eraginetarako. Gauza bera esan daiteke Artzapezpikutzak emandako dokumentuei buruz.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea legez behartua dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei –besteak beste, kexa-egilearen 2010eko martxoaren 11ko kexa-idazkiari– erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan.

     

  2. Hezkuntza Departamentuari gomendatzea frogabide gisa onar ditzala, antzinatasuna aitortzearen eraginetarako, ikastetxeetako zuzendariek eta Artzapezpikutzak emandako dokumentuak, ikastetxeetan 2000 baino lehen erlijio irakasle gisa egiazki emandako zerbitzuak kreditatze aldera.

     

  3. Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen eta iradokizun hau onartu dituela jakinaraz dezan eta horien inguruan zer neurri hartuko dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, haiek zergatik ez duen onartu adieraz dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen dituen moldeetan.

     

  4. Interesdunari eta Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia