Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

179/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak eta beste batzuek aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 urria 24

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Disconformidad con la autorización de construcción de edificio de viviendas.

Exp: 11/344/U

: 179

Hirigintza

AURREKARIAK

  1. 2011ko maiatzaren 10ean, [?] andreak –bere izenean eta Etxarri Aranazko [?] eta [?] kaleetako beste bizilagun batzuen ordezkari gisa– aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen herri horretako udalaren aurka, Tokiko Gobernu Batzarraren 2011ko urtarrilaren 28ko Ebazpenaren bitartez “[?]” obretarako lizentzia emateagatik Mundiño kalean 6 etxebizitza eraikitzeko.

    Beren idazkian honakoa azaltzen zuten:

    1. Orubea herriko alde zaharrean dago, 1. eremu homogeneoan.

       

    2. Proiektatutako erakinak ondoko eraikinen altuera gainditzen du, bai eta udalaren hirigintza arauetan alde zaharrerako (bertan baitago lurzatia) baimendutako gehieneko altuera ere, zenbat solairu dituen alde batera utzita. Era berean, teilatuek ingurunearen arabera duten kokapenean eta lurzatian dauden eraikinetan ere eragina du. Besteak beste, inpaktu estetiko eta ikusizko handia dauka bizilagun horien etxebizitzetan.

       

    3. Ez da baimendutako gehieneko altuera errespetatu. Hauxe da gehieneko altuera: beheko solairua gehi beste bi solairu, betiere 8,60 metroko altuera gainditu gabe, neurri hori fatxadaren erditik hartuta, espaloitik hasi eta teilatu-hegaleko beheko alderaraino.

       

    4. Fatxadako aldetik, beheko solairua gehi 3 altuera eraikitzea proiektatu zen, eta alde horrexetan dago etxebizitzen sarrerako ataria; beheko solairua gehi bi altuera gehi teilatupeko solairua izan behar zuen, ordea, teilatupeko solairua beste solairu bat bihurtu gabe, horixe baita egiaz egin zena.

       

    5. Teilatu berrietan pendizari eusteko araua ez da bete; izan ere, Mudiño kaleko 24an eta 22an mugakide dituen eraikin tradizionaletan eta inguruko kaleetako eraikietan dagoen pendiza bera eduki beharko luke. Ikus daiteke pendiza (teilatukoak) ondoko eraikinen pendizaren kontrako norabidean ageri dela, eta horren bidez lortzen dela hirugarren.

       

    6. Araua ez da bete teilatuaren zati batean estalki laua jartzea proiektatu delako, eta teilatu-hegala kalearen paraleloan ageri delako, arauan ezarritakoaren aurka.
    7. Eraikinaren eraikuntzak, emandako lizentziaren proiektuan islatzen den bezala, kalte handi bat eragiten die kexa-egileei, zeren eta sei metroko altuera (beheko solairua gehi bat) duten beren etxebizitzen aurrean, 12 metroko eraikin bat egin nahi baita, tartean 6 metroko zabalera besterik ez duen kale bat dagoela.

      Kexa-idazkiaren amaieran eskatzen dute Etxarri-Aranazko Udalak espediente horretan izan duen jarduketa ikuska dadila, eta udal horri eska dakiola Zuzenbidearen arabera bidezkoak diren neurri guztiak hartzeko, hautsitako hirigintza-arauak berrezartze aldera, horren barne dela lizentzia atzera botatzea.

  2. 2011ko maiatzaren 18an Etxarri-Aranazko udalari eskatu zitzaion planteatutako gaiari buruzko txostena eman zezan.

    2011ko urriaren 13an, Etxarri-Aranazko Udalaren txostena sartu zen gure erakundean. Hauxe da txostena: obretarako lizentzia emateko espedientea osatzen duten 23 dokumentuen eta aurkeztutako alegazioen fotokopia bana.

  3. Kexan salatutako irregulartasunei buruz udalak duen jarrera agerian geratzen da udalak, gai berari buruz kexa-egileetatik bik aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa dela-eta, Nafarroako Administrazio Auzitegiari igorritako txosteneko atal batzuen transkripzioan. Txosten hori erakunde honek igorritako txostenari erantsi zaio.

 

 

AZTERKETA

  1. Kexa-egileek aurkeztutako eta udalak igorritako dokumentuak aztertuta, ondorioztatzen da funtsezko desadostasun bat dagoela eraikineko fatxadetako bat fatxada nagusi gisa izendatzeko garaian. Hori dela eta, planteatutako arazoaren sakoneko gaiari konponbide bermeduna emateko, beharrezkoa da aldez aurretik zehaztea, ziurtasunez, fatxada nagusia zein den.

    Erakinak bi fatxada dauzka:

    1. Fatxada luzeena, mendebaldera jotzen duena eta 30 metro inguru luze dena. Hartan dago proiektatuta sei etxebizitzetarako sarrera edo sarbide bakarra, bai eta sei lokaletarako sarbideak ere.
    2. Luzera txikiagoa duen fatxada, iparraldera jotzen duena eta 7 metro inguru luze dena. Hartatik ezin da etxebizitzetara sartu, zeren eta haren beheko solairuan leiho bat baitago proiektatua, sei lokaletako bati argia emanen diona.

      Udalak igorritako txostenek diote iparraldera jotzen duen eta luzera txikiagoa duen fatxada (zeinak ez baitu etxebizitzetarako sarbiderik) Mundiño plazan dagoela, eta bestea, luzeagoa dena eta etxebizitzetarako ataria proiektatua duena, Mundiño kalean dagoela.

      Baieztapen horretatik ondorioztatzen du udalak fatxada nagusia iparraldera, Mundiño plazara, jotzen duena dela, zeren eta Etxarri-Aranazko Udal Planeko Hirigintza Araudiko 41.2 artikuluak ezartzen baitu eraikin batek bi edo kale gehiagotara jotzen duenean, fatxada nagusiak maila handieneko eremu publikora joko duela, hurrenkera honen arabera: plaza, ardatz nagusia, kale normala eta abar. Arreta berezia jarriko da etxebizitzarako sarbide nagusia formalki nabarmentzeko.

      Erakunde hau ezin da ados egon udalak azaldutako irizpidearekin, ondoren arrazoituko dugunarengatik:

      1. Bi fatxadak, iparraldera jotzen duena, zeina laburragoa baita, eta mendebalera jotzen duena, luzeagoa dena, Mundiño kalean daude, hain zuzen ere 26. zenbakian, zeren eta iparraldera jotzen duen fatxadaren aurrean dagoen oinezkoentzako eremu zuhaizdunari lagunartean plaza esaten bazaio ere, udalaren kale-izendegi ofizial eta publikoan Mundiño plazarik edo enparantzarik ez baita ageri (Mundiño enparantza edo Gudarien enparantza). Horixe ondorioztatzen da 2011ko uztaileko hauteskunde-erroldako kale-izendegitik, non 3108400139 zenbakiarekin Mundiño Kalea agertzen baita, eta ez “Mundiño Enparantza” edo Gudarien Enparantza. Eta horri dagokionez, komeni da gogora ekartzea Populazioari nahiz Lurralde Mugaketari buruzko Erregelamenduko 75. artikulua, udal erroldaren egiaztatzeari eta kontrolatzeari buruzko kapituluaren barruan dagoena. Honakoa xedatzen du artikulu horrek: Udalek gaurkoturik mantenduko dituzte bide publikoen izendapena eta errotulazioa bai eta eraikinen numerazioa ere, eta horren berri emanen diete administrazio publiko interesdun guztiei.
      2. Mundiño kalea, zuhaitzetara jotzen duen tartean, non iparraldera jotzen duen fatxada baitago, zabalagoa da, eta plaza baten antzeko oinezkoentzako eremu bat dauka, baina eremu horrek ez du plazaren kategoria ofizialik, eta kalea izaten jarraitzen du, hain zuzen ere Mundiño kalea.

        Horrenbestez, batetik, aztergai dugun eraikin proiektatuaren orube mugakidea (Mundiño kaleko zenbakirik gabeko 1249. lurzatia) eta, bestetik, sarbidea eraikin proiektatuaren (1016 lurzatia) iparraldeko kalearen tarte zabaletik (tarte zuhaizduna) duten eraikinak (1248. eta 1014. lurzatiak, Mundiño kaleko 30. eta 32. posta-zenbakiak dituztenak) ez daude inongo plazatan, baizik eta Mundiño kalean. Horrelaxe ageri da Nafarroako Hiri Lurralde Aberastasunaren Erregistroan eta Etxarri-Aranazko udal katastroan.

  2. Behin argitu ondoren bi fatxada horiek ez dutela batek kale batera eta besteak plaza batera jotzen, biek kale berera jotzen baitute, bidezkoa da argitzea bi horietatik zein den nagusia eta zein bigarrena.

    Erantzuna Etxarri-Aranazko Hirigintza Araudiko 23. artikulutik ondoriozta daiteke, zeren eta fatxada nagusi gisa definitzen baitu lurzatira sartzeko eremu publikora jotzen duen fatxada”. Bertan egonen da eraikinaren sarrera nagusia”. Lurzatirako sarbidea eta eraikinaren sarrera nagusia mendebaldeko fatxadan daude, kaleko tarte luzeagoan eta estuagoan. Horrenbestez, iparraldera jotzen duen fatxada bigarren fatxada da eta mendebaldera jotzen duen fatxada, berriz, fatxada nagusia.

  3. Ondoren, proiektatutako eraikinaren altuerari dagokionez, abiapuntutzat hartu beharra dago herriko hirigintza araudiaren 44.3.B) artikuluak, alde zaharreko 1. eremu homogeneoari buruzkoak, honakoa ezartzen duela: alde zaharraren ingurune guztian baimendutako gehieneko altuera beheko solairua gehi bi solairu da, betiere 8,60 metroko altuera gainditu gabe (salbu eta eraikin instituzional edo berezietan). Teilatupea erabiltzeko aukera ematen da.

    Udalaren txostenak defendatzen du arestian hirigintza araudiko aipatutako 44.3.B) artikuluaren hermeneutikaren arabera, ulertu beharra dagoela beheko solairuko gehi bi solairuko eraikinak ez duela gainditu behar 8,60 metroko altuera, baina altuera horretatik gora onartuko dela teilatupeko solairu bizigarri bat egotea; hau da, eraikineko teilatupea halako moduz eginen dela non bigarren solairuko goiko forjatua amaitzen denetik gora, hain zuzen ere, 8,60 m horietatik gora, espazio bizigarri bat sortuko baita, espazio hori bideratzen duten pendiza jakin batzuk dauzkan teilatu bat egitearen ondorioz.

    Erakunde hau ezin da egon, ezta ere, ados udalaren txostenean herriko hirigintza araudiko 44.3.B) artikuluari buruz egiten den interpretazioarekin, zeren eta hartan ezarritakoa argia eta erabatekoa baita: baimendutako altuera beti 8,60 metrotik beherakoa izanen da. Ezarritakoaz bestelako interpretazio bat egitea arauari esaten ez duen zerbait esanaraztea izanen litzateke.

    Erakunde honek hirigintza araudiko artikulu horren interpretazioa egiteko erabili duen irizpideak honako arrazoibideetan oinarritzen da:

    1. Udal Planeko Oroitidazkiko 4.3.1.1 idatz-zatian adierazitakoa. Izan ere, alde zaharrerako proposatutako antolamendua justifikatzerakoan, honakoa adierazten du: Baimena emanen da altuera 8,60 metrora arte handitzeko teilatu-hegalean, teilatuan % 30 eta % 35 bitarteko pendizarekin, teilatupeko solairua aprobetxa dadila errazteko, bai obra berrian, bai zaharberritzeetan. Hau da, hirigintza-planeamenduko araudiak aukera ematen du teilatu-hegalera arte 8,60 metroko altuera egoteko, eta ez 8,60 metroko altuera bigarren solairuko goiko forjatura arte, udalaren txostenean esaten den bezala.
    2. Hirigintza araudiko 30. artikuluak honela definitzen du teilatu-hegala: fatxadak eta teilatuak bat egiten duten tokian eraikitako elementua, fatxadaren gainetik hegalean dagoena.

       

    3. Eraikinaren lur-arrasetik gorako altuera Udal Planeko hirigintza araudiko 25. artikuluan mugatzen da, eta honela definitzen da: lur-arrasetik eraikineko teilatu-hegalera dagoen distantzia bertikala da, fatxadaren erdian neurtua. Fatxada jarraituetan, altuera hori fatxadako luzerako 12 metroko tarteetan neurtuko da.
  4. Aurrekoa suposatuta, nahitaez ondorioztatu beharra dago eraikin-proiektuak baimendutako gehieneko altuera gainditzen duela fatxada nagusiko hamabi metroko tarte guztietan. Bigarren fatxadak baizik ez du errespetatzen 8,60 metroko gehieneko altuera.

    Eraikinaren proiektu arkitektonikoan teilatupeko solairua esaten zaio egiazki hirugarren solairua denari, eta hura fatxada nagusian zehar ageri da, kanpoko aldetik begiratuta. Hirugarren solairua proiektatu da teilatuaren pendiza zein den kontuan izan gabe. Teilatupeko aprobetxamendua, teilatuaren pendizaren ondoriozkoa, soilik sortuko da iparraldera jotzen duen eraikineko fatxadako –edo bigarren fatxadako– tartean eta hegoaldean.

    Horrenbestez, erakunde honen ustez beharrezkoa da udalari gogoraraztea herriko alde zaharreko eraikin berrien altuerari eta solairu-kopuruari buruzko arau-aurreikuspenak betearazteko legezko betebeharra duela, eta obretarako lizentzia Udal Plan Orokorrean ezarritakoen arabera egokitu behar duela, eta horretarako lizentzia hori aldatu edo berraztertu behar duela.

  5. Planteatutako gainerako gaiek, garrantzitsuak izanik ere, ez dute eraginik jada azaldutakoetan, eta, horrenbestez, teilatuak ingurukoen arabera kokatzeari dagokionez, behin emandako obretarako lizentzia aldatzeko edo berraztertzeko eskatu ondoren, iradoki daiteke etorkizunean exiji dadila, Udal Planeko hirigintza araudiko 44.3.B) artikuluan ezarri bezala, teilatu berrietan pendizei eusteko, eraikin tradizional mugakideen berdinak izan daitezen.

    Kasu honetan, eraikin mugakiderik ez dagoenez, teilatuak homogeneiza litezke hurbilen dauden erakinen teilatuekin, hau da, kaleaz bestalde dauden teilatuekin.

Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Etxarri-Aranazko Udalari gogoraraztea Udal Planak herriko alde zaharrean eraiki beharreko eraikinen gehieneko altuerari buruz eta solairu-kopuruari buruz ezarritakoak betearazteko legezko betebeharra duela.

     

  2. Etxarri-Aranazko Udalari gomendatzea 2011ko urtarrilaren 28an “[?]” enpresari Mundiño kaleko 26. zenbakian sei etxebizitza egiteko emandako obretarako lizentzia aldatu edo berrazter dezala, Udal Plan Orokorreko hirigintza-araudia ez betetzeagatik.
  3. Etxarri-Aranazko Udalari iradokitzea etorkizunean exiji dezala, Udal Plan Orokorreko hirigintza-araudiko 44.3.B) artikuluak ezartzen duen bezala, teilatu berrietan pendizei eusteko, eraikin tradizional mugakideen berdinak izan daitezen.

     

  4. Bi hilabeteko epea ematea Etxarri-Aranazko Udalari aurreko zenbakietan aipatzen diren gogorarazpena, gomendioa eta iradokizuna onartu dituela jakinaraz dezan eta horien inguruan zer neurri hartuko dituen jakinaraz dezan, Nafarroako Arartekoaren erakundea arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritako moduan.

     

  5. Ebazpen hau jakinaraztea kexa-egileari eta Etxarri-Aranazko Udalari.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia