Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Denegación de tarjeta de estacionamiento para persona con discapacidad por no tener la padecida carácter físico
Exp: 10/860/B
Nº: 16
Gizarte ongizatea
2010eko azaroaren 15ean, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez kexa bat adierazten zuen Burlatako Udalaren aurka, bere arreba [?] andreari ezgaituentzako aparkatze-txartel bat ukatzeagatik. Azaltzen du bere arreba [?] andreak endekapenezko gaixotasun bat duela –Usher sindromea–, eta sindrome horrek entzumena eta ikusmena galtzea eragiten duela. Denborarekin okerrera egin dun egoera hori dela eta, jada 2006an, interesdunari % 79ko minusbaliotasuna aitortu zitzaion, bai eta garraio kolektiboa erabiltzeko zailtasuna ere.
Adierazten du ezen, berriki, Burlatako Udalari eskatu ziola baimena eman ziezaiotela ezgaituentzat gordetako tokietan aparkatzeko baimena, zeren eta interesdunak, bere gaixotasuna dela eta, kalean ibiltzeko zailtasun larri eta nabarmenak baitauzka. Hala eta guztiz ere, bi urte lehenago gertatu ziren bezala, ezezkoa eman diote txartela eskuratzeari. Interesdunak, ordea, uste du ezezko hori bidegabea dela. Zehazki, eskari horri erantzuteko eginiko idazkian, Udaltzaingoaren buruak izenpetutakoan, honakoa ageri zen: Ikusita aurkeztu duzun eskabidea, zeinean eskatzen baituzu ezgaituentzako aparkatze-txartela emateko, jakitera ematen dizut ezen, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, ez dituzula betetzen alkatetzaren 387/08 Ebazpenean ezarritako baldintzak, aipatutako txartelak emateko Iruñerrirako ezarri diren irizpideen arabera.Halaber, aditzera ematen dizut ezen txartelak mugikortasun-arazoak dauzkaten pertsonei ematen zaizkiela, eta zure minusbaliotasuna zentzumenetakoa dela eta ez dela iristen hura emateko ezartzen diren puntuetara
.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Burlatako Udalari.
Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren ziurtagiriaren arabera, ez du inongo minusbaliotasun fisikorik; daukan minusbaliotasuna zentzumenetakoa da.
Ez du ibilgailurik gidatzen edo, gutxienez ere, ez du bere izenean dagoen gidatzeko baimenik aurkeztu.
2006ko azaroaren 8an, [?] andreak eskabide bat aurkeztu zuen, berriz ere aparkatzeko txartela eskatzeko. Aldi berean, elkarrizketa pertsonal bat eskatu zion alkatetza honi.2006ko azaroaren 14an, 9:00etan, elkarrizketa hori gauzatu zen, bertan, Udaltzaingoko burua zegoela. Elkarrizketan zehar ahoz azaldu zitzaizkion ezezkoa emateko arrazoiak, nabarmenduz arrazoi nagusia zela minusbaliatuentzako aparkatze-txartelak direla mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat, eta ez bestelako minusbaliotasunak –zentzumenezkoak nahiz psikikoak– dituzten pertsonentzat.2006ko azaroaren 14an, ezezkoa idatziz berretsi zioten.
Martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretua, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna onesten duena. 7. artikuluan udalen eskumenak ezartzen ditu.
339/90 Legegintzako Errege Dekretuaren 7. artikuluko b) letrari beste testu bat ematen dion 19/2001 Legea.
Burlatako Trafikoari buruzko Udal Ordenantzako 39. artikulua.
Burlatak Udaleko alkatearen 387/2006 Ebazpena, azaroaren 3koa, ezgaitasuna duten pertsonek aparkatze-txartela lortzeko prozedurari eta baldintzei buruzkoa.
Ikusmira historikoa eginez, ezgaituentzako edo minusbaliatuentzako aparkatze-txartelak sortu ziren minusbaliotasun fisikoak izan eta ibilgailu egokitua duten pertsonen premia sozial eta errealaren ondorioz, hain zuzen ere mugitzeko eta xede-tokietatik hurbil aparkatzeko daukaten premiarengatik. Logikoa denez, eta 1971/1999 Errege Dekretuaren interpretazio arrazionala eginez, 2. eranskinean, baloratzen da beharrezkotzat jotzea hirugarren pertsona baten laguntza, gutxienez ere 15 puntutako baremoa baldin badu. Eskatzailea bezalako pertsona batek, zentzumenetako eta ikusmeneko minusbaliotasuna duenak, ezin izanen du sekula ibilgailu motordun bat gidatu; hori dela eta, beti hirugarren pertsona baten beharra edukiko du ibilgailu partikular batean bidaiatzeko; hori dela eta, kontuan izanda haren minusbaliotasuna ez dela mugimenduzkoa, garraio pribatuan bidaiatzen baldin badu beste pertsona baten laguntza eduki beharko du”.
Konstituzioak, 49. artikuluan, jasotzen du botere publikoek minusbaliatu fisiko, zentzumenezko eta psikikoak integratzeko politikak eginen dituela, hain zuzen ere minusbaliatu horiek gainerako herritarren eskubide berak izan ditzaten. Konstituzioaren agindu hori betez, oztopo fisiko eta zentzumenezkoak gainditzeko emandako legediak eta hura garatzeko arauek ezarri izan dute aparkatzeko tokiak erreserbatu egin behar direla mugikortasun murriztua duten pertsonak daramatzaten ibilgailuetarako
. Horrela, gure esparruan, aurreikuspen hori gaur arte Oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legeko 10. artikuluan zegoen jasota. Lege hori, berriz, Irisgarritasun Unibertsalari eta Ororentzako Diseinuari buruzko apirilaren 6ko 5/2010 Foru Legearekin ordeztu da (azken lege horrek, azken xedapenetako bigarrenean, aurreikusten du, erregelamenduzko xedapen baten bidez onestea ezgaitasuna duten pertsonak garraiatzeko ibilgailuak
aparkatzeko txartela lortzeko prozedura. Bestalde, kontuan hartu beharra dago Europar Batasuneko Kontseiluaren 376/98 Gomendioa, estatu kideek ezgaituentzako aparkatzeko txartel bat sor dezaten Europako eredu uniforme eta elkarri aitortutako baten bitartez, hain zuzen ere haren titularrek Europa osoan zehar txartelari datxezkion aparkatzeko erraztasunak izan ditzaten, betiere pertsona hori dagoen herrialdeko arau nazional indardunen arabera. Azkenik, martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko legeko testu artikuluduna onetsi zuenak, ahalmena ematen die udalei zirkulazioari buruzko udal ordenantzaren bitartez arautzeko hiri bideen erabilerak (...) arreta berezia eskainiz mugikortasuna murriztua duten eta ibilgailuak erabiltzen dituzten pertsonen premiei.
Legegintzako testuinguru horretan, Nafarroako toki administrazioek beren ordenamendu juridikoari ezgaitasuna duten pertsonek aparkatzeko txartela emateko betebeharrei, baldintzei eta prozedurari buruzko arauak gehitu dizkiote. Kexaren xedea den kasuan, txostenean Burlatako Trafikoari buruzko Udal Ordenantza aipatzen bada ere (zehazki, 39. artikulua), erakunde honek ez du atzeman ordenantza horrek kasuari buruzko arauak biltzen dituenik (ezgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela lortzeko betebehar zehatzak zehazte aldera). Aitzitik, alkatearen 2006ko ebazpen bat aipatzen da; izan ere, hartan txartela lortzeko betebeharrak eta prozedura
ezartzen dira; izan ere, alkatearen ebazpen horretan, hain zuzen ere, babesa ematen zaio ezezkoa emateko erabakiari, interesdunak igorritako idazkiaren testuan ageri den bezala. Erakunde honek jada beste batzuetan adierazi duen bezala, argi dago ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela emateko prozedura, betebeharrak eta irizpideak arautzeko xedapen orokor bat behar dela, zeina, argitara eman ondoren, ordenamendu juridikoan sartuko baita eta herritarrak eta Administrazioa bera lotuko baititu. Eta hori horrela da zeren eta, araupetze horren bitartez, mugatzen, baldintzatzen edo azpimarratzen baita herritarrek beren eskubideez baliatu ahal izatea. Eta, era berean, oso nabarmena da kasu honetan aipatutako tresnak (alkatetzaren ebazpen bat) ez duela betebehar hori betetzen, zeren eta, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 324. artikuluari eta haren ondorengoei jarraituz, toki esparruko erregelamenduzko ahalmen horretaz baliatzea Osoko Bilkurari baitagokio eta exijitzen baitu prozedura berezi bat betetzea, zeinaren buruan kasuko xedapena argitaratu eginen baita.
Aurreko kontsiderazioaren abstrakzioa eginez, erakunde honek atzeman du ezezkoa ematearen abiapuntuko ideia –informatutakoaren arabera eta interesdunari igorritako testuaren arabera– dela txartelak emateko mugikortasun murriztua duten pertsonak (horixe da legegileak erabili izan duen terminologia) minusbaliotasun fisikoa
duten pertsonak direla. Alabaina, erakunde honek ez du inongo oinarririk aurkitzen parekatze edo asimilazio horretarako. Aitzitik, zalantzagabea dirudi badaudela zentzumenetan jatorria duten patologia edo ezgaitasun batzuk mugikortasuna murriztea erakar dezaketenak. Eta horri dagokionez, Nafarroako udal gehienek exijitzen dituzten baldintzak aztertuta (esate baterako, hurbileko herri batzuk aipatzearren, Iruñeko trafikoari buruzko udal ordenantzako 37. artikulua, edo Barañaingo edo Berriozarko udaletan aplikatzen diren baldintzak, haien webguneetan ageri direnak), aurkitu dugu guztietan erabiltzen den erreferentziako elementua ez dela jada minusbaliotasunak jatorri bat edo bestea izatea (fisikoa edo zentzumenezkoa), baizik eta organo eskudunak (Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua edo, orain, Nafarroako Mendekotasun Agentzia) emandako ziurtagirian jasota egotea garraio kolektiboak erabiltzea eragozten duten mugikortasun zailtasunak badaudela. Hau da, interesdunak gutxienez ere zazpi puntu edukitzea abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuko ezgaitasun gradua aitortu, deklaratu eta kalifikatzeari buruzko III. eranskinean jasotako baremoaren arabera. Izan ere, baremo horrek neurtzen ditu mugikortasun arazoak eta, horrenbestez, erreferentzia-elementu gisa egokia izan daiteke erabakitzeko pertsona baten mugikortasuna murriztuta dagoen ala ez. Ez da exijitzen ezta ere, mugikortasun murriztua duen pertsona izatea ibilgailua gidatzen duena (nahiz eta, adierazitakoaren arabera, hori ez zen izan ezezkoa oinarritzeko arrazoia); izan ere, onartzen da txartela ematea baita laguntzaile batek gidatzen duenean ere, argi utzita, betiere, txartelaz baliatu ahal izanen dela soilik garraiatutako pertsona ezgaitua denean. Irizpide hori bat dator legeetan ezarritakoarekin; izan ere, hartan aipatzen dira mugikortasun murriztua duten pertsonak garraiatzen dituzten ibilgailuak (jada indarrik gabe dagoen 8/1988 Foru Legea) edo ezgaitasuna duten pertsonak garraiatzen dituzten ibilgailuak (egun indarra duen 5/2010 Foru Legea).
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Burlatako Udalari gomendatzea interesdunari ezgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze txartela eman diezaiola, eskatu duen bezala, eta horretarako erreferentzia gisa erabil dezala abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuko ezgaitasun gradua, aitortu, deklaratu eta kalifikatzeari buruzko III. eranskinean jasotako baremoa.
Bi hilabeteko epea ematea Burlatako Udalari gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia