Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

139/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 abuztua 17

Energia eta ingurumena

Gaia: Molestias por olores y ruidos producidos por una carnicería

Exp: 06/415/M

: 139

Ingurumena

AURREKARIAK

  1. 2011ko ekainaren 13an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean, adierazitako espedientean aztertutako gaiari buruzkoa: interesdunaren etxebizitzan pairatutako eragozpenak –usain txarrak eta zaratak, bereziki–, haren azpiko aldean dagoen eta harakindegi jarduerarako erabiltzen den lokal batetik heldu direnak.

    Espediente horretan, 2007an, legezko betebeharren gogorarazpen bat igorri zitzaion Baztango Udalari, legezkotasuna berrezartzeko behar ziren neurriak har zitzan, zeren eta etxebizitzaren esparruan behar ez ziren zaratak zeudela egiaztatu baitzen.

    Gogorarazpen horren ondoren, zenbait neurri zuzentzaile hartu ziren, erakunde honek bere esku-hartzeari amaiera ematea ekarri zutenak.

    Ekainaren 13an jasotako idazkian, [?] jaunak adierazten du oraindik ere gehiegizko zaratak pairatzen dituela. Alderdi hori, izan ere, ongi egiaztatu zen 2010eko abuztuaren 12an eginiko sonometriaren bitartez. Hain zuzen ere, sonometria hori Baztango Udalaren eskuetan dago, baina udal horrek ez du bestelako jarduketarik egin gai horren inguruan.

    Kexa-egileak dio toleratzeko modukoa den zarata-maila gainditu egiten dela, baita makineria guztia funtzionatzen ez dagoenean ere, eta jada aurkeztu diren zenbait probetan egiaztatzen dela baimendutako maila horiek gainditu egin direla.

    Adierazten du lokalaren intsonorizazioa ez dela egokia eta, gainera, makineriaren zarata gehiegizkoa dela eta kaletik ere entzun daitekeela.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Baztango Udalari.
  3. 2011ko uztailaren 21ean, interesdunak helarazitako beste dokumentu bat iritsi zen gure erakundera (2011ko uztailaren 17an, 2:30ean, zarata dela-eta eginiko neurketaren akta), non agerian geratzen baita pairatutako zarataren maila.

    Dokumentu hori Baztango Udalari bidali zitzaion, eta berriz ere gaiari buruzko informazioa eskatu zitzaion.

  4. 2011ko abuztuaren 12an, Baztango alkateak izenpetutako txosten bat iritsi zen gure erakundera. Hartan adierazten zuen udalak bi aldeekin bilera bat egiteko asmoa duela, bidezko konponbide bat bilatze aldera.

AZTERKETA

  1. Konstituzio Auzitegiko jurisprudentziak mugaturik utzi du zer konstituzio-eskubide ukitzen dituen pertsonen bizitzaren garapena nahasten duen faktore horrek (zarata edo kutsadura akustikoa) . Ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 45. artikulua) edo osasuna babesteko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 43. artikulua) inplikatzeaz gainera, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideak ukitzen ditu edo uki ditzake: esate baterako, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 15. artikulua), intimitaterako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.1 artikulua) eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.2 artikulua).

    Besteak beste, Konstituzio Auzitegiaren 16/2004 epaiak eskubide horiek erasan direla aitortzen du. Bertan honakoa ezartzen da: “Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 119/2004 epaian ezarritako doktrinatik abiatuta, adierazi behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideak eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak dimentsio positibo bat ere hartu dutela, nortasunaren garapen askeari dagokionez. Kontuan hartuta gure Konstituzioaren testuak ez dituela eskubide teoriko edo irudimenezko eskubide hutsak bermatzen, baizik eskubide erreal eta eraginkorrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 17ko 12/1994 epaia), ezinbestekoa da haien babesa bermatzea injerentzia tradizionalen aurrean ez ezik, teknologikoki aurreratuta dagoen gizartetik sortzen diren arriskuen aurrean ere. Errealitate berri horrekiko sentiberatasuna erakutsi da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean."

    Ondoren, epaiak honakoa gogorarazten du: “Gaur egungo gizartean, zarata faktore psikopatogenoa eta herritarren bizi kalitatearen etengabeko asaldu iturria izan daiteke. Horixe adierazten dute, bederen, Osasunerako Mundu Erakundeak inguruneko zarataren gainean finkatutako zuzentarauek (nabarmendu beharrik ere ez dago OMEk erreferente zientifiko gisa duen balioa). Bertan, luzaroan zarata maila handiaren eraginpean izateak pertsonen osasunean dituen eraginak azaleratzen dira (entzumen urritasuna, ahozko hizkuntza ulertzeko zailtasunak, lo nahasmendua, neurosia, hipertentsioa eta iskemia), baita jokabide sozialean dituenak ere (batik bat, elkartasunezko jarrera murriztea eta joera oldarkorragoa).”

    Oinarri horien gainean, eta oinarrizko eskubideen interpretazioari eta zaintzari buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinara joaz, Konstituzio Auzitegiak honakoa baieztatzen du: “erabaki beharko dugu zarata maila handiak modu jarraituan pairatu behar izateak pertsonen osasuna arriskuan jartzen duenean, egoera horrek osotasun fisiko eta moralerako eskubidearen (Konstituzio Auzitegiaren 15. artikulua) urratzea inplikatu ahalko duela. Izan ere, egia izanik ere osasunerako arrisku edo kalte guztiek ez dutela beraiekin ekartzen Konstituzio Auzitegiaren 15. artikuluaren urratzea, botere publikoen ekintza edo omisio baten ondorioz pertsona batek jasan beharreko saturazio akustikoko mailak osasuna modu larrian eta berehalakoan arriskuan jartzeko atalasea gainditzen duenean, Espainiako Konstituzioko 15. artikuluan bermatutako eskubidea erasanda geratu ahalko da.”

    Auzitegiak honakoa esanez jarraitzen du: “Espainiako Konstituzioko 18. artikuluko eskubideei dagokienez, nabarmendu behar dugu Giza Eskubideen Europako Ituneko 8.1 artikuluak pertsona guztiek beren bizitza pribatua eta familiarra, bere bizilekua eta beren posta errespetatua izateko eskubidea aitortzen duen bitartean, Espainiako Konstituzioko 18. artikuluak berezko entitate berezitua aitortzen diela norberaren eta familiaren intimitaterako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubideei. Eskubide horietako lehenbizikoari dagokionez, nabarmendu behar dugu auzitegi honek zehaztu duela haren xedea pertsonen bizitzaren arlo bati dagokiola, hain zuzen ere besteren ezagutzatik nahiz hirugarrenen esku-sartzeetatik kanpo geratu behar dena, eta arlo horren mugapena nortasunaren garapen librearen arabera gauzatu behar dela. Irizpide horri jarraituz, ondorioztatu behar dugu arlo horietako bat bizilekuarena dela, horixe baita gizabanakoak, gizarteko usadio eta konbentzioetatik aske, bere askatasun intimoena gauzatzeko erabiltzen dutena (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: otsailaren 17ko 22/1984; urriaren 17ko 137/1985, eta maiatzaren 31ko 94/1999). Hori guztia gogoan edukita, honakoa ohartarazi behar dugu, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 119/2001 epaian adierazitakoari jarraituz: Inor objektiboki saihesgarritzat edo jasangaiztzat jo daitekeen zarata mailaren eraginpean badago luzaroan, norberak eta familiak etxebizitzan intimitatea izateko eskubideari ematen zaion babes berbera eskaini behar zaio, zaratak nortasuna askatasunez garatzea eragotzi edo larri oztopatzen badu, eta kaltea edo galera erakunde publikoen jardunaren edo utzikeriaren ondorioa bada eta, hortaz, gertatutako kaltea eurei egotz badakieke.”

    Orain arte azaldutakoak balio du baieztatzeko kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideak erasan eta urra ditzakeela, eta urraketa hori gertatuko dela behar den babesa emateko eskumena duten administrazio publikoek jarrera pasiboa, omisiozkoa edo are eraginkortasunik gabea ere erakusten dutenean.

  2. Administrazio publiko guztiek, beren eskumenen esparruari dagokien neurrian, herritarren konstituzio-eskubideak babestu beharko dituzte (Espainiako Konstituzioko 53 artikulua). Aztergai dugun esparruan, udalek funtsezko eginkizun bat daukate eskubide horiek babesteko, horixe ondorioztatzen baita Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak, Toki Araubideko Oinarriei buruzko Legeak eta Zaratari buruzko Legeak emandako eskumenetatik.

    Eskumen horiek gauzatzeko behar diren jarduketak administrazio publikoen jarduketa gidatu behar duten printzipioei egokitu behar zaizkie; horien artean dago, orain interesatzen zaigunari begira, eraginkortasunaren printzipioa (Espainiako Konstituzioko 103.1 artikulua). Printzipio horrek Administrazioari exijitzen dio bere eskumenez eta ahalmenez balia dadila behar den arintasunez, legegileak bilatutako emaitzak eraginkortasunez lortzeko, legea eta herritarren eskubideak errespetatzeari dagokionean, are gehiago eskubide horiek Konstituzioan daudenean.

    Eraginkortasunaren printzipioak erantzun puntual eta bizkorra ematea exijitzen du eragozpenak edo gehiegizko zaratak sortzen diren egoeretan, interes orokorra eta ukitutako herritarren eskubideak zaintzeari begira. Horri buruz, Auzitegi Konstituzionalak adierazia du berrezartzeko eskumen batez baliatzean berandu edo pasibotasunez jokatzea printzipio horren arau-hauste larria dela, eta herritarren eskubide eta interes legitimoetan eragina duela (Konstituzio Auzitegiaren irailaren 25eko 136/1995 epaia).

    Udalaren geroratzeak, pasibotasunak edo are eraginkortasun ezak ere, gainera, Administrazio Publikoaren beraren ondare-erantzukizunak sor ditzake, auzitegiek zenbait kasutan adierazi eta aitortu duten bezala.

  3. Espediente honen xedea den kasuan, hartan ageri den informazio ugariari erreparatuta, ikusten dugu kronikotzat jo daitekeen gatazka baten aurrean gaudela; izan ere, jasota dagoen arren udalak, legezkotasuna berrezartze aldera, zenbait jarduketa egin dituela, arazoa ez da guztiz konponbidean jarri. Horixe egiaztatzen dute interesdunak aurkeztutako sonometriek, 2010eko abuztuan eta 2011ko uztailean gauez egindakoak. Izan ere, haietan erregistraturiko zarata mailek hogeita hamar dezibelioko muga gainditzen dute, hain zuzen ere Zaratak edo bibrazioak eragiten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuan ezarritakoa.

    Testuinguru horretan –eta alde batera utzita, kasua bada, Udalak eta interesdunek egokitzat jotzen dituzten bilera guztiak egitea– bidezkoa da Baztango Udalari gogoraraztea legez herritarrek beren etxeetan gehiegizko zaratak eta modu jarraituan ez jasateko daukaten eskubidea babesteko betebeharra duela, arestian adierazitako intimitate familiarrerako eta pertsonalerako konstituzio-eskubidearen adierazpen gisa, eta horretarako egoki diren neurri guztiak hartu behar dituela, eta hori behar diren eraginkortasunaz eta arintasunaz egin behar duela, antolamendu juridikoak legezkotasuna berrezartzeko eta zehapenak ezartzeko esleitzen dizkion ahalmenez baliatuz.

    Zehazki, kasuko inguruabarrei eta zarataren jatorriari erreparatuta (sonometriei buruzko aktetan ageri da zarata lokaleko makineriaren funtzionamendutik heldu dela), erakunde honek Baztango Udalari gomendatzen dio neurriak har ditzala makineria horren egoera eta lokalaren intsonorizazio egokia egiaztatzeko, eta, kasua bada, legez toleratzekoa den maila gainditzen duen zarata-episodioak gertatzekotan, zarata eragiten duen iturria aldi baterako ixtea agindu dezala, egoera konpontzeko neurriak hartzen ez diren bitartean.

Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Baztango Udalari gogoraraztea herritarrek beren etxeetan gehiegizko zaratak eta modu jarraituan ez jasateko daukaten eskubidea babesteko legezko betebeharra duela, eta horretarako egoki diren neurri guztiak hartu behar dituela, eta hori behar diren eraginkortasunaz eta arintasunaz egin behar duela, antolamendu juridikoak legezkotasuna berrezartzeko eta zehapenak ezartzeko esleitzen dizkion ahalmenez baliatuz.

  2. Baztango Udalari gomendatzea behar diren neurriak har ditzala zarataren jatorria den lokaleko makineriaren egoera eta lokal horren intsonorizazioa egiaztatzeko, eta legezko toleratzekoak diren mailak gainditzen dituzten episodioak berriz gertatzekotan, zarata eragiten duen iturria aldi baterako ixtea agindu dezala, egoera konpontzeko neurriak hartzen ez diren bitartean.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Baztango Udalari legezko betebeharren gogorarazpen honen eta gomendio honen onarpenari buruz eta haiek direla-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

  4. Ebazpen hau interesdunari eta Baztango Udalari jakinaraztea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia