Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Imposibilidad de matricular a los niños de Zubieta en Ituren, una vez admitidas las preinscripciones.
Exp: 11/379/E y 11/423/E
Nº: 125
Hezkuntza eta irakaskuntza
2011ko maiatzaren 20an, kexa bat aurkeztu zen erakunde honetan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ezezkoa eman diolako Zubietako hiru haur Iturengo ikastetxean hartzear, nahiz eta ikastetxe horretan izena emanda eta onartuta egon, hain zuzen ere 2011ko otsailaren 18an.
Idazkian, kexa-egileak azaltzen du bere herrian, Zubietan, eskola aspaldi itxi zela, eta, horrenbestez, zenbait familiak beren seme-alaben izen-ematea hurbilen dagoen herrian egiten dutela, hau da, Iturenen, “Ituren Pulunpa Ikastetxe Publikoan”.
Urtarrila amaitu baino lehen, eskutitz bat jaso zuten beren etxean, eta haren bidez jakinarazi zitzaien izena emateko epea otsailaren 7tik 14ra artekoa izanen zela. Otsailaren 18an, onartuen zerrendan Zubietako hiru haurrak agertu ziren, Iturengo hiru haurrekin batera. Zerrenda hori Eskolatze Batzorde Nagusiari igorri zitzaion, eta hark itzuli ere egin zuen, inongo gorabeherarik jakinarazi gabe.
Adierazten du apirilaren 15ean, ikuskatzaile batek, ahoz jakinarazi ziela Zubietako haurrek, hurrengo ikasturtean eskolatzen hasteko izen emandakoek, ezin izanen zutela Iturengo eskolan matrikulatu, zeren eta hurrengo ikasturtean ez baitziren mantenduko haur hezkuntzako bi irakasleak, orain arte eskola horretan izan direnak. Eskola mapan Zubieta Doneztebek xurgatu zuenez, Doneztebeko eskolara eraman behar omen dituzte beren seme-alabak.
2011ko apirilaren 20an, Iturengo eskolako zuzendariak eta udal zinegotzi batek hitzordu bat eskatu zuten ikuskatzaileen buruarekin, eta hark albistea berretsi zien, baina berriz ere ahoz; eta azaldu zien arazo ekonomikoak tarteko, hurrengo urtean irakasle bakarra egonen zela Iturenen, eta horrek berarekin zekarrela haur hezkuntzako eskola postuak gutxitzea. Horrenbestez, Zubietako haurrek Donezteben matrikulatu beharko ziren.
Egun hartan bertan, [?]k abokatu batekin egin zuen kontsulta, eta hark jakitera eman zion izen-emateari ezezkoa emateko epeak iraganak zirela, eta, bestetik, erabaki hori idatziz jakinarazi behar zitzaiela familiei. Gainera, azaltzen die bere iritziz ikastetxeak, dauzkan eskola-postuak baino izen-emate gehiago jaso zuenez, ikasleak barematzera jo behar zuela. Horrelako barematzerik ez da izan, interesdunaren esanetan.
Jotzen du izen-ematea onartuta egoteak eskubidea ematen diela matrikula egiteko, eta, gainera, eskubiderik ez zaiela aitortu inongo erreklamaziorik egiteko.
2011ko maiatzaren 12an, ikuskatzaileen buruak adierazi zien akatsa eskolarena izan zela, ez zituela hainbeste izen-emate onartu behar, zeren eta lehendik bai baitzekien irakasle bakarra izanen zuela; horrenbestez, 14 izen-emate onartu behar zituela, 14 haur bitarte alegia, eta Zubietako haurrei ez zegokiela Iturengo eskolara joatea. Hori zela eta, jakitera eman zien agindua eman behar zuela eskolak prozesua desegin eta barematze bat egin zezan, bi haur kanpo uzteko.
Kexa aurkezteko unean, ukitutako familiak inongo jakinarazpenik jaso gabe zeuden, ez eskolako zuzendaritzatik, ez Administraziotik.
Gainera, aipatzen du Iturengo eskolak, urtero-urtero, izen-emateak egin baino lehen, irakasle bakarra izan duela esleituta, eta haur hezkuntzarako 14 haur baino gehiago egon dela, eta, horrenbestez, Administrazioak beti beste irakasle bat esleitu izan duela. Aurten, berriz, halakorik ez omen dute egin nahi.
Egoera hori dela eta, gurasoak, kexa egin dutenak, durduzaturik daude, eta ezgai sentitzen dira, ikusita nola beren seme-alabak Iturengo eskolara eramateko zeukaten eskubidea desagertzen ari den.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari, gaiari buruzko informazioa eman zezan.
2011ko ekainaren 13an, eskatutako txostena jaso genuen erakundean.
2011ko ekainaren 16an, erakunde honek informazio gehiago eskatu zion Hezkuntza Departamentuari, barematze prozesua nola egin den zehatz zezan.
Hezkuntza Departamentuak Iturengo Ikastetxe Publikoari Haur Hezkuntzako talde bat esleitu zion 2011/2012 ikasturterako, jada izandako jaiotzen eta Iturenen aurreikusitako jaiotzen arabera. Horrenbestez, eskola horrek, gehienez, 14 haur har zezakeen, zeren eta haur hezkuntzako taldeak haur hezkuntzako bigarren zikloko 1. 2. eta 3. mailako ikasleak hartzen baititu.
Iturengo Ikastetxe Publikoko 3 urtekoen mailarako 6 ikaslek aurkeztu zuten eskaria: herri horretako 3 haur eta Zubietako beste 3 haur. Gainera, lehendik 4 eta 5 urteko 10 ikasle eskolatuta zeuden. Horrenbestez, guztira 16 ikasle zeuden eskolarako, eta Unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta itundutako ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko arauak ezarri zituen apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuko 15. artikuluaren arabera, aurkeztutako eskari guztiak barematu behar ziren, zeren eta eskari gehiago baitzeuden eskola-postuak baino.
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe sarea berrantolatzeko arauak eman zituen martxoaren 13ko 150/1996 Foru Dekretuaren bitartez, hau da, eskola maparen bitartez, Iturengo herria Iturengo Ikastetxe Publikoari atxiki zitzaion, eta Zubietako herria, berriz, Doneztebeko “San Migel Ikastetxe Publikoari”. Horrenbestez, Iturengo ikasleak zuzenean eskolatu behar dira Iturengo ikastetxe publikoan, eta Zubietako ikasleak, berriz, zuzenean eskolatu behar dira Doneztebeko ikastetxe publikoan.
Ikasleek, noski, beste edozein ikastetxetan eska dezakete eskola-postua, nahiz eta zuzeneko eskolatzearen bidez halakorik ez egokitu, eta horixe izan zen Zubietako hiru haurren kasua. Alabaina, haien onarpena eskola-postuak egotearen menpean zegoen.
Kasu horretan, 14 ziren erabil zitezkeen eskola-postuak, eta 16 eskari aurkeztu ziren. Hori dela eta, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuko 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, eskatutako eskabideak barematu behar ziren, eta barematze horretatik kanpo Iturengo haurrak geratu ziren, zuzenean eskolatzeko eskubidea izateagatik, bai eta aurreko urteetan jada onartu ziren haurrak.
Espedientea aztertuta, egiaztatzen da Zubietako hiru ikasle berrien barematzea zuzen egin zela, nahiz eta berandu egin zen, hain zuzen ere Unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta itundutako ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko arauak ezarri zituen apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuan ezarritako prozedura erabiliz.
Hartara, hautatutako konponbidea –hau da, Zubietako ikasleak barematzea eskola-postuak baino izen-emate gehiago egoteagatik– egokia bada ere eta inguruabarren arabera beharrezkoa bada ere, hezkuntza-ikuskatzaileek Iturengo ikastetxeko zuzendariari egoeraz berandu ohartarazi zioten eta ikastetxe horrek, 2011ko otsailaren 18an, kexa-egileen seme-alabak hartzerakoan, akatsa egin zuen (eskari gehiago baitzeuden eskola-postuak baino). Eta gertatutakoa maiatzaren 13a baino lehen atzeman beharrekoa zen.
Horrenbestez, barematzea haurrak onartu aurretik egin behar zen –hau da, otsailean–, zeren eta gurasoek uste baitzuten beren seme-alabak onartuta zeudela. Alabaina, ez zuten ekainera arte behin betiko jakin hiru haurretatik bik ezin izanen dutela Iturengo Ikastetxe Publikoan ikasi, horrek gurasoei dakarzkien kalte guztiekin, zeren eta sinistuta baitzeuden beren seme-alabak, jakinarazia zieten bezala, ikastetxe horretan onartuta zeudela, hain zuzen ere 2011ko otsailetik.
Nabarmena da eragindako kalte morala, balizko kalte ekonomikoaz gainera, azkenean Iturengo Ikastetxe Publikoan onartu ez dituzten haurren gurasoei eragindakoa, zeren eta beren seme-alaben onarpenari buruzko albistea otsailaren 18an jakin zutenetik, beren bizimodua eta familiako jarduerak aitortutako eskubide horren arabera eta beren seme-alabek ikastetxe horretan ikasten jarduteko nahiaren arabera antolatu baitzituzten. Hori dela eta, baremoa egiteko izandako hilabetetako atzerapena dela eta –barematze horren bidez, izan ere, Zubietako bi haurren onarpena deuseztatu zen–, erakunde honek komenigarri jotzen du Hezkuntza Departamentuari iradokitzea azter dezala barematzearen ondorioz kanpo geratu ziren Zubietako bi haurrak Iturengo Ikastetxe Publikoan onartzeko aukera.
Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea hezkuntza ikuskapenaren eginkizuna behar diren denboran eta moduan betetzeko legezko betebeharra duela, ikastetxeetako onarpen prozedurekin koordinatuta, eta hezkuntza sisteman eragina duten lege, erregelamendu eta gainerako xedapen indardunen betetzea zaindu behar duela, gurasoentzat gertatutakoa bezalako nahaste eta kalteak saiheste aldera. Izan ere, izena emandakoen barematzea ikasleak onartu eta ondoren egin zen, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Erdi eta Goi Mailako heziketa zikloetako ikasketak egin behar dituzten ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozeduraren oinarriak onesten dituen urtarrilaren 13ko 1/2011 Foru Aginduan ezarritako epeak kontuan hartu gabe.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari iradokitzea ezen, ikusita Administrazioa zenbat geroratu den eskola-postu baino ikasle gehiago izatearen egoerari konponbidea ematen, azter dezala azkenean Iturengo Ikastetxe Publikoan onartu ez dituzten Zubietako bi haurrak berriz ere onartuak izateko aukera.
Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia