Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

12/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexa ebazten duena.

2011 urtarrila 20

Justizia

Gaia: Detención improcedente por parte de la Policía Foral

Exp: 10/854/I

: 12

Barne arazoak

AURREKARIAK

  1. 2010eko azaroaren 19an, [?] jaunak kexa-idazki bat aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan, Foruzaingoko agente batek hura atxilotzerakoan izandako jokabidearengatik.

    Azaltzen du 2009ko martxoaren 23an atxilotu egin zutela berak lan egiten zuen “[?]” enpresako kamioi bat gidatzen ari zenean. Dokumentu-faltsutasunaren delitua egotzi zioten, baina 2010eko otsailaren 19an, Agoizko lehen auzialdiko eta instrukzioko 1. epaitegiak delitu haren salaketa largestea erabaki zuen.

    Azaltzen du bera atxilotu zuen agenteak, jakinda kamioian zeramatzan xafla gorriekin kamioiak ez zuela asegururik, kamioia eramanarazi ziola Ezkirotz-Noaingo errepidetik Mendillorriko tximiniaraino.

    Gehitzen du agenteak txosten judizialean azaldu duela kexa-egilea bere borondatez joan zela kuartelera eta bertan erabaki zutela bera atxilotzea. Gertatu zena izan zen, ordea, kamioia Mendillorriraino eramateko agindu inperatiboa eman ziola, eta bertan zegoela polizia-etxera joateko agindu ziola.

    Amaitzeko, jotzen du bere atxiloketak, hatz-markak hartzea, argazkiak eta ziegan sartzea abusu bat izan zirela, eta poliziaren jokabidean irregulartasun pila bat izan zela.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari azaldutako gaiei buruz.
  3. 2011ko urtarrilaren 12an, eskatutako informazioa sartu zen, zeinak, hitzez hitz honakoa baitio:

    “2010eko abenduaren 1ean, Nafarroako Arartekoaren idazki bat jaso genuen posta elektroniko bidez Foruzaingoan; haren bidez, informazioa eskatzen zigun [?] jaunak erakunde horretan aurkeztutako kexa eragin zuten gertakariei buruz, alegia, Foruzaingoaren agente batzuek 2009ko martxoaren 17an berarekin izandako jokabideari buruz; izan ere, jokabide horren ondorioz, [?] jauna atxilotu egin zuten ustezko dokumentu-faltsutasunaren delitua leporatuta.

    Aurrekoaren ondorioz, ukitutako agenteari –276 lanbide-identifikazioko zenbakia duen kaboari– eskatu zitzaion idatziz informa zezan [?] jaunaren kexa eragin zuten egitateei buruz.

    Egitateei dagokienez, eta Foruzaingoaren 276 lanbide-identifikazioko zenbakia duen kaboaren agerraldiaren aktan ageri den bezala –akta hori 02408/09 polizia-atestatuan jaso zen, hain zuzen ere hemen ikertzen ari garen egitateengatik zabaldu zenean–, egiazki 2009ko martxoaren 23an, arratsaldeko txandan, 276 lanbide-identifikazioko zenbakia duen agentea Trafikoko eta Bide Segurtasuneko bere espezialitateko zerbitzua ematen ari zen, praktikak egiten ari ziren polizia-funtzionario batzuekin. 16:35etatik dokumentazioen kontrol bat egiten ari ziren NA-6001 errepideko 6,600 kilometro puntuan (Ezkirotz-Noain), Noaingo udal barrutian. 17:40etan, DAF markako [?] modeloko ibilgailu horia gerarazi zen. [?] SL enpresaren aldi baterako [?] matrikula zeraman. Gidariari ikuskaritza teknikoaren txartela eskatu zitzaion, baina hark adierazi zuen halakorik ez dagoela ibilgailuaren dokumentazioan.

    Hori dela eta, ibilgailuaren identifikazioa bastidore zenbakiaren bitartez egiaztatu zuten. Foruzaingoaren Aginte eta Koordinazio Zentroari kontsulta egin eta erantzun zioten bastidore-zenbaki hori [?] matrikula-plakarekin lotuta zegoela eta indarrean zegoela, baina nahitaezko asegurua 2007ko irailaren 17tik falta zuela.

    Informazio hori jasota, eta jatorrizko matrikula-plaken ordez aldi baterako plaka batzuk jarriz eginiko dokumentu ofizialaren faltsutzeagatiko ustezko delitu baten lekukoa izaten ari zela pentsatuta, aipatutako ibilgailuko gidariari, [?] jaunari, gonbitea egin zitzaion bere borondatez Iruñeko Foruzaingoaren polizia-etxe zentralera joateko, behar diren egiaztapenak egitera. Gidariak bere borondatez onartu zuen polizia-etxera joatea. Susmo horren oinarria da ibilgailuen arloan aplikatzekoa den araudiak adierazten duela nahitaezkoa dela ibilgailu bat Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren ibilgailuen erregistro ofizialean baja emanda edukitzea jatorrizkoez besteko matrikula plaka batzuk esleitu ahal izateko, bigarren horiek aldi baterakoak izanda ere.

    276 lanbide-identifikazioko zenbakia duen kaboaren txostenean, 2010eko abenduaren 2koan, orain arte adierazitakoak eta polizia-atestatuan jasotako guztiak berresten dira. Egitateen puntu horretara iritsita, kaboak azaltzen du ezen, inplikatutako ibilgailu batekin eginiko ustezko arau-hauste penal baten susmoa zuenez, indarreko arauetan jasota dagoenarena arabera, ibilgailua gerarazi egin behar dela. Alabaina, agenteak dioenaren arabera, ez zen ibilgailua egitateak gertatu ziren tokian gerarazi hain zuzen ere lau arrazoiengatik:

    1. Kontrola egiten ari zen tokia ez zen egokiena gisa horretako ibilgailuan bertan gerarazteko.

    2. Ibilgailua beste toki batean gerarazteko, ibilgailua gondola-ibilgailu batekin edo garabi batekin eraman behar zen, eta ibilgailuko titularrak ordaindu behar zituen garraio horrek ekarritako gastuak.

    3. Ibilgailuaren jatorrizko plakarako asegururik ez zegoela jakinda ere, egia da une hartan ibilgailuak zeramatzan aldi baterako plaketarako asegurua egon bazegoela; hori dela eta, kaboak, araudiak aitortutako aginteaz baliatuta, eta agintaritzaren agentea izateari datxekion erantzukizunaren pean, erabaki zuen kamioia [?] jaunarekin adostutako aparkaleku batera eramatea.

    4. Ibilgailua Mendillorri auzoaren sarreran dagoen aparkalekura, Tximiniarena izenaz ezagutzen denera, eramateari dagokionez, eta [?] jauna agenteekin batera Foruzaingoaren polizia-etxe zentralera joateari dagokionez, 276 lanbide-identifikazioko zenbakia duen kaboak berresten du herritarrak haiek bere borondatez egin zituela, polizia-atestatuan adierazi bezala. Gidaria agenteekin batera joatearen arrazoia da egin beharreko kudeaketak azkarrago egin ahal izatea polizia-etxetik bertatik; gainera, [?] jauna atxilotzekotan, egitate hori, inongo zalantzarik gabe, neurri txikiagoan atentatuko luke [?] jaunaren intimitatearen eta irudiaren aurka, baldin eta poliziaren egoitzetan egiten bazen, egin zen bezala, bide publikoan eginez baino.

Bere kexan, [?] jaunak adierazi nahi izan zuen “agenteak txosten judizialean azaldu zuela kexa-egilea bere borondatez joan zela kuartelera eta bertan erabaki zutela bera atxilotzea. Gertatu zena izan zen, ordea, kamioia Mendillorriraino eramateko agindu inperatiboa eman ziola, eta bertan zegoela polizia-etxera joateko agindu ziola”. Horri erantzun egin dio lehenago ere interesdunak.

Baina funtsezko bi ohar gehitu behar dira: lehenengoa da ezen atxilotuari poliziaren egoitzan deklarazioa hartu zitzaionean, ez [?] jaunak, ez haren abokatuak, ez zituztela Nafarroako Arartekoan salatutako egitateak jasota utzi nahi izan. Bigarrena da ezen, Agoizko 1. Instrukzio-epaitegiko epaileak gaia ezagutu duenean, ez dela inongo lege-ekintzarik etorri gidaria eraman edo atxilotu zuten Foruzaingoko agenteen aurka. Hori dela eta, nabarmena denez, ulertu beharra dago ez zela [?] jaunaren inongo eskubiderik urratu.

Azkenik, [?] jaunaren kexan jasotako azken puntuari dagokionez –izan ere, jotzen du “bere atxiloketak, hatz-markak hartzea, argazkiak eta ziegan sartzea abusu bat izan zirela, eta poliziaren jokabidean irregulartasun pila bat izan zela”, adierazi beharra dago informatzen duen inspektoreordeak [?] jauna poliziaren egoitzetan egondako tarteari buruzko agiri guztiak berrikusi dituela eta elkarrizketak egin dituela harekin eginiko kudeaketetan inplikatutakoekin, eta ez duela inongo aztarnarika aurkitu Foruzaingoko agenteek inongo irregulartasunik egin izateari buruzkorik. [?] jaunarekin egindako urrats guztiak –eskubideak irakurtzea, legelaria bertan egotea, hatz-markak hartzea, argazki bidez identifikatzea, adierazitakoak jasotzea eta abar– Prozedura Kriminaleko Legeko IV. kapituluan jasotakoa hertsiki aplikatuz egin ziren –lege hori, izan ere, aplikatzekoa da defentsarako, abokatuaren laguntza izateko eta atxilotu eta espetxeratuen tratamendurako eskubidea dela eta–, bai eta Foruzaingoan dauden lan-prozedura normalizatuetan atxilotuen tratamendua eta zaintza direla-eta ezarritakoa aplikatuz ere. Agenteen eraginkortasunaren eta lan zuzenaren froga izan zen, [?] jaunaren atxiloketa 2009ko martxoaren 23an izan zela eta egun bereko 20:00etan askatu zutela eta, uneoro [?] jauna eta haren eskubideak zorrotz errespetatu zirela.

Hortaz, hori guztia ikusita, [?] jaunak aurkeztutako kexari dagokionez –2009ko martxoaren 23an atxilotzearekin lotutakoa–, uste dugu ez dela egon inolako jarduketa edo jokabide irregularrik izan, edo Foruzaingoko agenteek esleiturik dituzten eginkizunekiko arrotz edo irregulartzat har daitekeenik. Beraz, gure iritziz, agenteen jokabidea zilegia, egokia eta arrazoizkoa izan zen”.

AZTERKETA

  1. Foruzaingoaren jokabidea erakarri zuten egitateak eta esku hartu zuen agentearen jokabideari buruz eta polizia-egoitzan izan ziren gainerako jarduketei buruz txostenean eginiko kontaketa zorrotz aztertuta, jotzen dugu jokabide hori aplikatzekoa den legediaren araberakoa dela. Erakunde honen ustez, arrazoizkoa da ondorioztatzea Foruzaingoak bere funtzioak bete zituela bere jarduera erregulatzen duten arauen arabera, halako moduz non, kexa-egilea errugabetzeko epaia gertatuta ere –hartatik, izan ere, ondoriozta daiteke Foruzaingoak akats bat egin zuela gertatutakoa atzematerakoan–, ezin baita jo herritarraren konstituzio-eskubiderik urratu zenik.
  2. Aurrekoa ezarrita, gure arrazoibidean aurrera jarrai dezakegu nabarmenduz Agoizko lehen auzialdiko eta instrukzioko 1. epaitegiaren 2010eko otsailaren 19ko autoak erabaki zuela auzia largestea eta artxibatzea, zeren eta jo baitzuen ez dagoela behar bezala justifikatuta deliturik gertatu zenik.

    Auto horren oinarri juridikoaren harira, ondoriozta daiteke, eta horixe ulertu du kexa-egileak, atxiloketa egin, deklarazioa eta hartz-markak hartu eta ziegan sartu zuten Foruzaingoko agenteek akats bat izan zutela egitateak atzematerakoan eta dokumentu-faltsutasunaren delitua leporatzerakoan, eta, akats horren ondorioz atxilotu zutela eta ziegan sartu zutela kexa-egilea; horrenbestez, askatasun pertsonala kendu zioten, nahiz eta hori izan oinarrizko eskubide garrantzitsuenetako bat, Konstituzioan hobekien bermatuta ageri dena.

  3. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 35.i) artikuluak ezartzen du herritarrek eskubidea dutela agintariek eta funtzionarioek begirunez artatuak izateko. Eskubide horretatik eratortzen da, korolario logiko gisa, agintariek eta funtzionarioek betebehar bat izatea, bereziki atseginak eta adeitsuak izatekoa herritarrekiko beren hartu-emanetan. Horrenbestez, erakunde honek uste du ezen, oraingoa bezalako kasuetan, betebehar hori ongi zabal daitekeela ukituari barkamena eskatzeraino, hain zuzen ere funtzio publikoak betetzerakoan gertaturiko akatsarengatik; halere, berriz diogu, hori ez da oztopoa akatsa ulergarria eta barkagarria izateko.

    Halaber, herritarren eskubide hori jasota ageri da Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeko 4.h) artikuluan, non Nafarroako polizia kidegoetako kideen jardunaren oinarrizko printzipio gisa ezartzen baita uneoro zain dezatela herritarrekiko tratuan egoki eta adeitasunez jokatuko dutela. Bada, tratuko egokitasun eta adeitasun horien barruan sartzen da, erakunde honen iritziz, barkamena eskatzea gertatutako atzematerakoan akats bat egiten denean.

    Azkenik, Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokiaren Kodeko II.1.6 kapituluan –Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren urtarrilaren 25eko 46/2010 Foru Aginduaren bidez onetsi zen–, ezartzen da Administrazioko langileek arduraz, kortesiaz, errespetuz eta adeitasunez jokatu beharko dutela artatu behar dituzten pertsonekiko harremanetan.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari eta Foruzaingoari iradokitzea ezen, kasu honetan eta hau bezalako beste batzuetan, barkamena eska diezaiotela ukitutako pertsonari, funtzio publikoak betetzerakoan egindako akatsengatik, are gehiago pertsona horren oinarrizko eskubideak mugatu baldin badira.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari iradokizun hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Interesdunari eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia