Partekatu edukia
Osasuna
Gaia: Denegación de la financiación de medicamentos dispensados con receta médica a pacientes que no residen en Navarra.
Exp: 11/406/S
Nº: 113
Osasuna
2011ko ekainaren 1ean, [?]-ko farmazia-bulegoko titular [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa aurkezten du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurka, Nafarroan bizi ez diren gaixoei errezetarekin emandako osasun-sendagaiak eta produktuak ez finantzatzeagatik.
Kexa-idazkian, neurri horren aurkako errefusa erakusten du; izan ere, baieztatzen du ezin duela lanean jarraitu farmazia horrek zerbitzatzen dituen bost herri horietatik heldu diren errezetak onartu gabe.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen urtarrilaren 14ko 52/2011 Ebazpenetik heldu da [?]-ko farmazia-bulegoko titularra den kexa-egileak adierazi dituen errezetei dagozkien sendagaiak ez finantzatzeko erabakia. Ebazpen horren bidez, ezartzen da ez dela bidezkoa beste autonomia erkidego batzuetan bizi diren pazienteen errezetak finantzatzea, salbu hona lekualdatutako pazienteen edo iragaitzazko bidaiarien kasuan (ebazpena 2011ko martxoaren 7ko 45. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen).
Erakunde hau ezin da ados egon arrazoibide horrekin, ondoren azaltzen duenarengatik.
Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorreko 1.2 artikuluak ezartzen du espainiar guztiak eta beren bizilekua nazioko lurraldean ezarrita daukaten atzerriko herritar guztiak direla osasuna babesteko eta osasun laguntzarako eskubidearen titularrak. Halaber, lege horretako 10.14 artikuluak ezartzen du guztiek eskubidea dutela beren osasuna sustatzeko, zaintzeko edo berrezartzeko beharrezkotzat jotzen dituzten sendagaiak eta osasun produktuak lortzeko, Estatuko Administrazioak erregelamendu bidez ezartzen duen moduan.
Farmazia-prestazioari dagokionez, erregulazio hori osatuz, Medikamentuen eta osasun produktuen bermeei eta erabilera arrazionalari buruzko uztailaren 26ko 29/2006 Legeak, 77. artikuluan, jasotzen du errezeta medikoa dela sendagile, odontologo edo podologo baten jarraibideen araberako sendagaien bitartezko tratamendu bat ezartzea ziurtatzen duen dokumentua, eta, ondoren, ezartzen du farmazialariak errezetaren bidez eskatzen zaizkion sendagaiak emateko betebeharra duela, eta berariaz adierazten du errezeta medikoa nazioko lurralde osoan izanen dela baliagarria.
Aurrekotik eratorrita eta haren osagarri, lege bereko 84.1 artikuluak ezartzen du farmazialariak direla herritarrei sendagaiak ematearen arduradunak, eta 84.3 artikuluak dio farmazia-bulegoak behartuta daudela partikularrek zein Osasun Sistema Nazionalak eskatzen dizkieten sendagaiak ematera. Betebehar horren ondorioz, 101.b) artikuluko 15. idatz-zatiak arau-hauste larritzat jotzen du farmazialariak sendagaiak justifikatutako arrazoirik gabe ez ematea.
Azkenik, berriki emandako Errezeta medikoei eta dispentsatze aginduei buruzko abenduaren 17ko 1718/2010 Errege Dekretuak, 2.3 artikuluan, ezartzen zu errezeta medikoa nazioko lurralde osoan dela baliagarria eta bermatzen duela agindutako tratamendua nazioko lurraldeko edozein farmazia-bulegotan eman ahalko dela.
Estatuko legedi hori Nafarroako Foru Komunitaterako osatu beharra dago Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legearekin. Lege horretako 10. artikuluak, izan ere, ezartzen du ezen farmazia-laguntzari dagokionez, herritarrek eskubidea dutela, besteak beste, farmazia-bulegoa libreki hautatzeko bai eta farmaziako profesionalerako laguntzarako eta aholkurako ere. Eta, nabarmena denez, herritarrak aipatzen dituenean, ez da soilik Nafarroako herritarrak aipatzen ari, baizik eta herritar guztiak.
Bestalde, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legeko 4. artikuluak ezartzen du herritarrek, Nazioko Sistema Nazional osoan, eskubidea dutela beren autonomia erkidegoan osasun laguntza jasotzeko, lege horretako 25. artikuluan aipatzen diren gehieneko epeetan, eta eskubidea dutela, halaber, lekualdatuta dauden autonomia erkidegoko osasun zerbitzuaren eskutik Osasun Sistema Nazionaleko prestazioen katalogotik behar duen osasun laguntza jasotzeko autonomia erkidego horretan bizitokia duten herritarren baldintza eta berme berdinekin. Aitzinsolasean esaten den bezala, ez da herritarrek osasun laguntzarako duten eskubidea erregulatzen eta mugatzen ari, eskubide hori jada Konstituzioko 43. artikuluan eta Osasunari buruzko Lege Orokorrean aitortuta baitago; izan ere, hauxe da egin nahi duena: autonomia erkidegoek arlo horretan dituzten eskumenei erreparatuta, administrazioen arteko koordinazio- eta lankidetza-ekintza batzuk ezarri, osasuna babesteko eskubidea bermatzeko bitarteko gisa. Azken batez, prozedurazko arau bat da, ez arau substantibo bat, herritarren eskubideak eta eskubide horiek gauzatzeko irizpideak ezartzen dituena.
Transkribatutako lege-arau hori ikusita, honakoa ondoriozta daiteke: a) errezeta medikoa nazioko lurralde osoan da baliozkoa; b) farmazia bulego guztiak behartuta daude errezetak jasotzera eta errezetatutako sendagaiak ematera, errezeta non eman den kontuan hartu gabe; c) eta herritarrek farmazia-bulegoa hautatzeko askatasuna daukate.
Horrenbestez, erakunde honek ez du inolako lege-oinarririk aurkitu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari gaikuntza ematen dionik farmazia-bulegoei ukatzeko modu baliagarrian emandako errezeten bidezko sendagaien finantziazioa, Foru Komunitatean bizi ez diren pazienteei emanda izate hutsarengatik –lekualdatutako pazienteak edo iragaitzazko bidaiariak izan ezik, Ebazpenak dioen bezala–.
Bestalde, komeni da ohartaraztea farmazia-bulegoetako titularrek urtarrilaren 14ko 52/2011 Ebazpena aplikatzeak berekin dakarrela pazientearen egoera zehatza ezagutzea; hau da, zehatz jakitea Nafarroan bizitokia duen ala ez edo lekualdatutako pazientea nahiz iragaitzazko bidaiaria den. Eta inguruabar horiek egiaztatzeko kasuko pazientearen egoera edo izatea aztertu beharra dago, errezeta aurkezteko garaian hari zuzeneko galderak eginez. Bada, farmazialariek horrela jokatzea ukitutakoen intimitaterako eskubidea urratzea ekar dezake, eta, horregatik, ukitutakoek informazio hori emateari ezezkoa eman ahal diote.
Gogoratu beharra dago Konstituzioak pertsonen intimitaterako eskubidea bermatzen duela (Espainiako Konstituzioko 18.1 artikulua). Bada, pertsona fisikoen helbidea izaera pertsonaleko datua da, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan araututakoaren ondorioetarako. Horrenbestez, farmazialari batek ez du inongo eskubiderik herritar bati bere helbideari edo une horretan Nafarroan egoteko moduari buruz galdetzeko eta, noski, herritarrak ez die zertan gisa horretako galderei erantzun, zeren eta intimitate pertsonalerako eta familiarrerako konstituzio-eskubidea bai baitauka.
Horrenbestez, Nafarroako farmazialariek urtarrilaren 14ko 52/2011 Ebazpena betetzeko, azterketa-jarduerak egin behar dituzte, eta jarduera horiek, gutxienez ere, desegokiak eta behar ez bezalakoak dira, eta haiek ez betetzekotan, uko egin beharko diote errezeten bidezko sendagaiak finantzatzeari, nahiz eta legez behartuta dauden sendagai horiek ematera, ebazpenean aurreikusten diren inguruabarrak gertatzen ez diren bitartean.
Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,
Osasun Departamentuari gomendatzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua premia dezala urtarrilaren 14ko 52/2011 Ebazpena atzera bota dezan eta eraginik gabe utz dezan.
Osasun Departamentuari gomendatzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua premia dezala kexa-egileari finantzatzeko bere farmazia-bulegoan errezeten bidez emandako sendagaiak, urtarrilaren 14ko 52/2011 Ebazpena aplikatzearen ondorioz finantzatu ez zaizkionak.
Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari ebazpen honen onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia