Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

112/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 ekaina 21

Función Pública

Gaia: Denegación del reconocimiento del nivel de carrera profesional

Exp: 11/405/F)

: 112

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

 

  1. Aurtengo maiatzaren 31n, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurka lanbide-karreraren maila ez aitortzeari buruz [?] jaunak aurkeztutako kexa-idazki bat iritsi zen gure erakundera.

    Azaltzen du 2009ko maiatzaren 18tik, Errioxako Osasun Zerbitzutik lekualdatze bidez etorri zenetik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan diharduen erizaina dela.

    Errioxako Osasun Zerbitzuan lanbide-karreraren 3. maila zuen aitortua. Hori dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun langile diplomadunen lanbide karrerako sistema ezartzeari eta hura finantzatzeko kreditu gehigarri bat onesteari buruzko maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legeko seigarren xedapen gehigarriari jarraituz, 2009ko abuztuaren 4an, lanbide-karrera aitortzeko eskatu zuen, Vianako Osasun Etxeko Erregistroaren bitartez. Kexa aurkezteko egunera arte, eskabidea ebatzi gabe zegoen.

    Hori dela eta, eskatzen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak lanbide-karreraren dagokion maila aitor diezaiola eta maila horri dagokion osagarri ekonomikoa eman diezaiola.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Osasun Departamentuari.

     

  3. 2011ko ekainaren 17an, departamentuari eskatutako txostena jaso genuen.

 

AZTERKETA

 

  1. Interesdunak kexa aurkeztu du lanbide-karreraren maila ez diotelako aitortu, nahiz eta 2009ko maiatzaren 18an Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan lanpostuaren jabetza hartu zuen eta 2009ko abuztuaren 4an lanbide-karreraren aitorpena berariaz eskatu zuen.

    Osasun Departamentuak jakitera eman du espedientearen ebazpena izapidetzen ari dela eta bere garaian ebatziko dela, zehaztapen gehiagorik gabe.

  2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun langile diplomadunen lanbide karrerako sistema ezartzeari eta hura finantzatzeko kreditu gehigarri bat onesteari buruzko maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legeak Osasun Sistema Nazionaletik heldu diren osasun langile diplomadunei aitortzen die lanbide-karreraren osagarria jasotzeko eskubidea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan lan egiten duten bitartean. Halaber, ebaluazio-sistemari eta –prozedurari dagokionez, apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legean ezarritakora jo beharra dagoela ezartzen du. Foru lege horren bidez, izan ere, arautu ziren Osasunbidea‑Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko langileen lanbide karreraren sistema eta hori erregelamendu bidez garatzeko araudia.

    Foru lege hori garatzeko, abenduaren 18ko 376/2000 Foru Dekretua onetsi zen –maiatzaren 5eko 98/2003 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen foru dekretu hori–, zeinak 9. artikuluan ezartzen baitu Ebaluazio Batzordeak hartzen dituen erabakiak lotzaileak izanen direla Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ofizioz edo interesatuak eskatuta balizko maila-igoerari buruz eman behar duen ebazpenari buruz.

    Bestalde, 10. artikuluak honakoa ezartzen du: Kapitulu honetan ezarritako prozedurak tramitatu ondoren bidezkotzat jotzen bada lanbide karreran mailaz igotzea, Ebaluazio Batzordeak proposamena eginen dio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza-kudeatzailetzari, horrek ofizioz ebazpena eman dezan mailaz igo behar duen profesional bakoitzarentzat. Nolanahi ere, profesional interesatuek lanbide karreran mailaz igotzeko eskaera aurkezten dutenean ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza-kudeatzailetzak hori onesteko edo ukatzeko ebazpena emanen du.

    Epeari dagokionez, lanbide-karreraren sistemaren araudiak ez du batere ezartzen. Hori dela eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 47. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritako hiru hilabeteko epe osagarria aplikatu beharra dago.

  3. Horrenbestez, arestian azaldutako araudia ikusita eta ikusita, halaber, interesdunaren eskaria 2009ko abuztuaren 4koa dela, erakunde honek uste du iragan den denbora dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ahal den bezain laster behar den ebazpena eman behar duela interesdunaren lanbide-karreraren maila aitortzeko.

     

  4. Azkenik, gogorarazi beharra dago Nafarroako administrazio publikoek legez laguntza eman behar diotela Nafarroako Arartekoari haien jarduera gainbegiratzen ari denean. Legezko betebehar hori gauzatzen da informaziorako daukaten betebeharra formalki betetzean ez ezik, betebehar horri materialki erantzutean ere, halako moduz non informazio zehatz, erabilgarri eta egiazkoa emanen baitute, beharrezkoa denean, herritarren eskubideak babesteko eginkizunak betetzerakoan. Ikuspegi horretatik, “espedientearen ebazpena izapidetzen ari da eta bere garaian ebatziko da” bezalako formula lauso baten bidez “informatzea” organo administratiboak laguntza emateko betebeharra ez betetzea da, eta horretaz ohartarazi behar diogu, etorkizunean jokabide hori zuzen dezan.

Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

 

  1. Osasun Departamentuari gogoraraztea Nafarroako Arartekoarekin lankidetzan jardun behar duela, eta informazio zehatz, egiazko eta erabilgarria eman behar diola esleituta dauzkan eginkizunak bete ahal ditzan.

     

  2. Osasun Departamentuari gogoraraztea hiru hilabeteko epe osagarria betetzeko legezko beharra duela lanbide-karrera aitortzeko espedienteak ebazteko garaian.

     

  3. Osasun Departamentuari gomendatzea Osasunbidea-Nafarroako premia dezan [?] jaunaren lanbide-karrera aitortzeko espedientea ebatz dezan ahal den bezain laster, eta dagokion lanbide-osagarria eman diezaion.

     

  4. Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpenen eta gomendio honen onarpenari buruz eta haiek direla-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, haiek ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

     

  5. Ebazpen hau interesdunari eta Osasun Departamentuari jakinaraztea.

 

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia