Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

10eko 226/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 azaroa 17

Trafikoa eta bide-segurtasuna

Gaia: Disconformidad con procedimiento sancionador de trafico

Exp: 09/504

: 226

Trafikoa

AURREKARIAK

  1. 2009ko uztailaren 22an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen trafikoaren arloko espediente baten izapidetzea dela eta. Azaltzen zuen 2009ko urtarrilaren 8an, 16:15ean, Guardia Zibilak salatu egin zuela, modu arduragabean gidatzeagatik, bideko gainerako erabiltzaileentzat arriskua sortuz (bost bat metrotan kontrako norabidean zirkulatzea. PGC-3466-A ibilgailu ofizialak balaztatu behar izan zuen talka ez egiteko). Urtarrilaren 11n, alegazioak aurkezteko eta frogak proposatzeko idazkia aurkeztu zuen Trafikoko Probintziako Buruzagitzan.

    Egitateak gertatu ziren unean, alkoholemia proba bat egin zioten, eta emaitzen arabera ezarritako mugak gainditzen zituzten. Horrenbestez, 2009ko urtarrilaren 13an, bide judizialean zigorra ezarri zitzaion (3/09 epaia), bide segurtasunaren aurkako delitu baten egile eta arduraduna izateagatik. Delitu hori Zigor Kodeko 379. artikuluan dago jasota.

    2009ko martxoaren 4an, Berriozarko Udaltzaingoak eginiko salaketaren jakinarazpena jaso zuen –00208/2009 espediente zenbakia–, hain zuzen ere urtarrilaren 8an, 16:15ean, gertaturiko egitate berarengatik.

    [?] jaunak idazki bat igorri zion Berriozarko Udaleko kontu-hartzaileari, martxoaren 11n, jakinarazteko salaketa Guardia Zibilak egina zela eta ez Udaltzaingoak egina. Bere idazkiari, Nafarroako Trafikoko Probintziako Buruzagitzan aurkeztutako deskargu-orria gehitu zion.

    Azkenean, ekainaren 30ean, ezarritako zehapena jakinarazi zitzaion. Salaketak izapidetzeaz arduratzen den Geserlocal enpresarekin harremanetan jarri zen, eta bertatik jakinarazi zioten espediente horretan ez zela ageri eta ez zutela jaso inongo deskargu-orririk, nahiz eta jasotze-agirian 2009ko martxoaren 12an aurkeztu zela ageri zen.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat igortzeko eskatu zitzaion Berriozarko Udalari. Halaber, udala premiatu genuen izapidetutako espediente administratiboaren kopia bat igortzeko.

  3. Berriozarko Udalak eskatutako espediente administratiboa igorri zigun. Hartatik honako egitate eta agiriak ondorioztatzen dira:
    1. Guardia Zibilaren salaketa, 2009ko urtarrilaren 8ko 16:15ean egina, modu arduragabean gidatzeagatik, bideko gainerako erabiltzaileentzat arriskua sortuz (bost bat metrotan kontrako norabidean zirkulatzea. PGC-3466-A ibilgailu ofizialak balaztatu behar izan zuen talka ez egiteko).

    2. Kexa-egileak Trafikoko Probintziako Buruzagitzan 2009ko urtarrilaren 21ean aurkeztutako alegazioen orria.

    3. Berriozarko Udalaren salaketaren jakinarazpenaren eta ebazpen proposamenaren jasotze-agiria, 2009ko martxoaren 10eko data duena.

    4. Berriozarko Udalean 2009ko martxoaren 11n aurkeztutako alegazioen orria.

    5. Zehapenaren jakinarazpena, 2009ko ekainaren 30ean jasoa.

AZTERKETA

  1. Hiru dira kexa-egileak planteaturiko gaiak. Lehenengoa da interesdunari zehapen administratibo ezarri ahal zaion, jada zigor arloko epai judizial bat egon baldin bada. Bigarrena, zergatik Guardia Zibilak hasitako espediente bat Berriozarko Udalari eskualdatu zitzaion, Nafarroako Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren erantzunik jaso gabe. Hirugarrena, zergatik ez den aipatutako udalak izapidetutako espedientean deskarguen orria ageri, hura jaso eta izenpetu ere egin zenean, eta zergatik ez zitzaion deskarguen orri horri erantzunik eman.
  2. Lehendabiziko gaiari dagokionez, José Antonio [?] jaunari zigorra ezarri zitzaion trafikoaren segurtasunaren aurkako delitu baten erantzulea izateagatik. Delitu hori Zigor Kodeko 379. artikuluan tipifikatuta dago. Behin zigor prozedura amaiturik, Berriozarko Udalak kexa-egileari 300 euroko zigorra ezarri zion eta gida-baimeneko lau puntu kendu zizkion, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko testu artikuluduna onetsi zuen martxoaren 2ko 339/1990 Errege Dekretu Legegileko 9.2 artikuluan eta Zirkulaziorako Erregelamendu Orokorra onetsi zuen azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuko 3.1 artikuluan tipifikatutako arau-hauste larri bat egiteagatik.

    Herritar guztientzat, “Non bis in idem” printzipioa berme handienetako bat da; berme substantiboa eta prozesala da. Printzipio horri jarraituz, Estatuak ezin du zigor bikoitzik ezarri, arlo penalean; ezta arlo administratiboan ere. Eta galarazita dago zigorrak eta zehapen administratiboak aldi berean ezartzea, baldin eta egiaztatzen bada subjektua, egitateak eta oinarria berak direla. Izan ere horixe eskatzen du Konstituzio Auzitegiak behin eta berriz printzipio hori aintzat hartu ahal dadin.

    Aztertutako kasuan, ez da “Non bis in idem” printzipioa urratu. Ezarritako zehapen administratiboa beste egitate batengatik izan zen, hain zuzen ere modu arduragabean gidatzeagatik, bideko gainerako erabiltzaileentzat arriskua sortuz (bost bat metrotan kontrako norabidean zirkulatzea eta horren ondorioz ibilgailu ofizial batek balaztatu behar izatea talka ez egiteko)”. Horrek ez du zerikusirik delituaren egitatearekin, hain zuzen edari alkoholdunen eraginaren pean gidatzearekin.

    Interesdunak azaltzen duen bigarren gaia da ea zergatik Guardia Zibilaren salaketa Berriozarko Udalak izapidetu zuen gero.

    Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legeko testu artikuluduna onetsi zuen martxoaren 2ko 339/1990 Errege Dekretu Legegilearen 75.2 artikuluak eta Trafikoaren arloko zehapen prozedurari buruzko Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuko 4. artikuluak honakoa ezarri zuten: “Agintaritzaren izenean trafikoa zaintzen duten agenteek bideetako zirkulazioa zaintzen eta kontrolatzen dihardutenean ikusitako arau-hausteak salatu egin behar dituzte”.

    “Agintaritzaren izenean trafikoa zaintzen duten agenteen” artean, honakoak daude: Guardia Zibilaren Trafikoko Atala, bide publikoetan lurralde nazional osoan zaintza zerbitzuak egiten diharduten Guardia Zibilaren beste indar batzuk, Euskadiko, Nafarroako eta Kataluniako polizia autonomikoak eta tokiko polizietako agenteak.

    Hala eta guztiz ere, kasua bada, zehapena ezartzeko eskumena batzuetan alkatearena da eta beste batzuetan Espainiako Gobernuaren ordezkariarena edo ordezkariordearena, arau-haustearen arabera eta arau-hauste hori gertatu den tokiaren arabera.

    Udalek “hiri bideetako ibilgailuen eta pertsonen trafikoa antolatzeko” eskumenak betetzen dituzte (Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 25. artikulua). Udalen eskumen horren norainokoa Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legeko 7.a) artikuluan ezarri zen. Izan ere, honakoa ezarri zuen. “Beren titulartasunpeko herri barruko bideetako trafikoa antolatu eta kontrolatu behar dute, baita beren agenteen bidez trafikoa zaindu, eta bide horietan egindako arau-hausteak salatu eta zigortu ere, beste administrazioren bati eskumen hori berariaz eman ez bazaio.

  3. Aztertu beharreko hirugarren auzia da zergatik ez zien Berriozarko Udalak erantzun kexa-egileak aurkeztutako alegazioei.

    Zehapenak ezartzeko ahalmenak, administratuen eskubideak eta ondasunak murriztu eta mugatzen dituen neurrian, oinarrizko bi printzipio bete behar ditu: legezkotasun materialaren printzipioa eta prozedura legezkoa izatearen printzipioa. Prozedura legezkoa izateko printzipioa oinarri hartuta, Administrazioak, arau-haustea den egitate bati zehapen bat ezartzeko, legez ezarritako prozedura bete beharko du, organo eskudunaren aurrean.

    Hemen interesatzen zaigunari dagokionez, aipatu beharra dago Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 134. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa. Izan ere, artikulu horietan zehapen prozeduraren oinarrizko printzipioak ezartzen dira. Zehazki, 138.1 artikuluak honakoa dio:

    Sektoreko arauek, logikoa denez, printzipio berak ezartzen dituzte. Esate baterako, Trafikoaren, ibilgailu montordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren arloko zehapen-prozedurari buruzko Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuko 15. artikuluak ezartzen du ebazpenak interesdunak planteatutako gai guztiak erabakiko dituela.

    Horrela, bada, Berriozarko Udalak igorri digun espediente administratiboa ikusita, egiaztatu dugu kexa-egileak aurkeztutako bi alegazio-idazki ageri direla bertan. Bata, Nafarroako Trafikoko Probintziako Buruzagitzan lehenengo unean aurkeztutakoa, 2009ko urtarrilaren 21ean; eta bestea Berriozarko Udalean 2009ko martxoaren 11n aurkeztutakoa. Horrenbestez, udalari aurkeztutako alegazioak behar ziren epean aurkeztu ziren, Trafikoaren arloko zehapen prozedurari buruzko Erregelamenduko 12. artikuluan ezarri bezala.

    Alegazio horiei ez zaie erantzunik eman, eta idazki horren ondotik heldu diren egintza administratiboetatik bakarrean ere ez da behar adinako motibaziorik atzeman Administrazioak bere erabakiak oinarritzeko eta interesdunak planteaturiko gai guztiak ebazteko duen legezko betebeharra betetzeko.

    Ez du ezertarako ere balio espedientatuak bere burua defendatzeko alegazioetako izapidea edukitzea, ez badu korrelatiboki alegazio horien erantzunik jasotzen.

    Motibazioak oinarri batzuk eduki behar ditu, eta oinarri horiek behar beste adierazi behar dute erabaki administratiboaren prozesu logikoa eta juridikoa. Oinarri horiek, gainera, administratuari helarazi behar zaizkio, ezagut ditzan eta bere eskubideak zuzen defenda ditzan.

    Horrenbestez, aztertutako kasuan, zehapena ezartzeko eskumena Berriozarko Udalarena da, zeren eta trafikoko arau-haustea Berriozarko Gipuzkoako etorbidean gertatu baitzen.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Berriozarko Udalari gogoratzea beti bete behar dituela Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26eko 30/1992 Legeko 138.1 artikulua eta otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuko 15. artikulua, eta ezartzen dituen zehapenak behar adina arrazoitu behar dituela, eta berariaz erabaki behar duela interesdunek espedientean alegatutako gai guztiei buruzko ebazpenetan.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Berriozarko Udalari erabaki hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Berriozarko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia