Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Falta de reparación de deficiencias constructivas en una vivienda protegida
Exp: 11/227/U
Nº: 109
Etxebizitza
2011ko martxoaren 24an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen bere etxebizitza babestuko akatsak konpondu ez dizkiotelako.
Azaltzen du prezio tasatuko etxebizitza baten titularra dela. Etxebizitza hori Sarrigurengo ... kalean dago. Bost urte daramatza VINSAri eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Etxebizitza Zerbitzuari eskatzen hartan dauden akatsei konponbidea eman diezaien.
Adierazten du konponketa-lan ugariren ondoren eta kalte-ordain partzial bat jaso ondoren, oraindik ere bere etxebizitzan eragina duten zenbait akats badaudela. Kexa-idazkian aipatzen direnak dira: hezetasunak, terrazaren egoera, ura sartzea eta ateen egoera.
Azaltzen du VINSAk ezezkoa eman diola geratzen diren arazoak bere gain hartzeari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ez diola inolako erantzunik eman orain dela ia urtebete aurkeztutako idazkiari (idazki hartan, izan ere, akats horiek konpontzeko eskatzen zuen).
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zein aukera zituen jakiteko, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari planteatutako gaiari buruz informa zezan eskatu zitzaion.
2011ko maiatzaren 19an, eskatutako txostena jaso genuen.
Azken gai horretatik abiatuta, erakunde honek behin eta berriz adierazi du Administrazio Publikora hari zerbait egin dezan eskatzeko idatziz jotzen duen herritar orok eskubidea duela, gutxienez ere, bide beretik erantzun bat jasotzeko, alde batera utzita erantzun hori baiezko edo ezezkoa den.
Horixe ondorioztatzen da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako daukaten eskubidetik eta, zehazkiago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokionez, horixe ondorioztatzen da, era berean, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legetik –aurkeztutako eskabide guztien ebazpen espresa emateko betebeharra ezartzen du–, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legetik –7. artikuluan arestian aipatutako eskubidea berariaz aitortzen du– eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren urtarrilaren 25eko 46/2010 Foru Agindutik –Nafarroako Foru Komunitateko Administraziorako Administrazio Jardunbide Egokiaren Kodea onesten du–.
Azken batean, kexa-egileari eman beharreko erantzuna zein den alde batera utzita, egoki da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gogoraraztea erantzun hori emateko legezko betebeharra duela, eta horixe dela administrazio publiko batera jotzen duen herritar orok dauzkan eskubideetatik funtsezkoenetako bat.
Sakoneko gaiari dagokionez, erakunde honek antzeman du 2010eko martxoan kexa-egileak eta VINSAk agiri transakzional bat izenpetu zutela. Hala eta guztiz ere, agiri horren norainokoa mugaturik geratu zen izenpetutako agirian akatsen zerrenda bat ageri delako (zehazki, agiri horren eranskin batean), nahiz eta, agirian bertan adierazten den bezala, zerrenda horrek ez duen suposatzen “kalte-ordainean sartzen ez diren etorkizuneko erreklamazioei, nahiz une honetan ezagutu ez eta etorkizunean gerta litezkeenei, uko egitea, erreklamazio horiek legez ezarritako epeetan babestuta egonez gero”.
Testuinguru horretan, eginiko jarduketak gorabehera, interesdunak erreklamazio bat egin du, non salatzen baitu bere etxebizitzan hezetasun-arazoak, itoginak eta behar ez diren aire-filtrazioak daudela, eta terraza egoera txarrean geratu dela aurreko konponketa batzuen ondorioz. Erreklamazio horien aurrean, VINSAk, erreklamatutako akatsak badaudela zalantzan jarri gabe, jarduketa berriak egitearen aurka dagoela dio, Administrazioak igorritako txostenean aipatutako arrazoiengatik. Arrazoi horiek, halere, gure iritziz, gehiago zor zaizkie aukerako irizpideei legezkotasun-irizpideei baino.
Sustatzaileak etxebizitzen jabeen eta erosleen aurrean akatsak konpontzeko daukan legezko betebeharra sortzen da salatutako eta pairatutako akatsak egon badaudelako. VINSAk, etxebizitza horien sustatzailea den aldetik, erreklamazio horiek aztertu behar ditu, eta erreklamazio horiek oinarririk baldin badute, haiek artatu eta behar diren konponketa-lanak egin behar ditu. Konponketak egiteko betebehar hori ez dago juridikoki Jabeen Elkargoak akats guztiak batu eta demanda bat egitearen menpe, ez eta prozesu judizial baten eta konponketa horiek egiteko beharra ezartzen duen –eta eraikuntzan parte hartzen duten eragile batzuen eta besteen erantzukizunen norainokoa zehaztuko duen– ebazpen baten menpe ere.
Eragile horien esku-hartzea gertatu beharko da sozietate publiko horren enkarguz eta haren balizko erantzukizunaren ondorioz, halakorik badago, eta ezin da hori ukituta dauden eta akats horiek pairatzen dituzten herritarren aurka erabili, hain zuzen ere haien erreklamazioak ez artatzeko xedez. Herritar horiek eskubidea dute sustatzaileari erreklamazioa aurkezteko –harexekin egin baitzuten etxebizitzak salerosteko kontratua– etxebizitza horietan antzemandako eta pairatutako akatsengatik (filtrazioak, behar gabeko aire sarbideak, hezetasunak eta abar), alde batera utzita arazo horien jatorria eraikineko elementu komunetan dagoen ala ez dagoen. Eta herritarren jarrera juridikoan ez du eraginik VINSAk eraikuntzan parte hartzen duten beste eragile batzuekin daukan barne-harremanak.
Azken batean, salatu duen bezala, kexa-egileak bere etxebizitzan eragina duten eraikuntza-akatsak pairatzen baldin baditu eta haiengatik kalte-ordainik jaso ez bazuen, eta akats horien jatorria eraikineko elementu komunetan egonda ere, VINSAk interesdunaren erreklamazioari erantzun behar dio, eta hura aztertu ondoren, arazoari konponbidea emateko behar diren konponketak egin beharko ditu.
Bide batez, esan dezagun, emandako txostenean alegatutakoa kontuan izanda, ezerk ez duela determinatzen jarduketa perituen esku-hartzerik gabe egin behar denik, “alde bakarreko” izaeraz, baina alderdi hori VINSAren eta esku hartzen duten gainerako eragileen barneko harremanaren berezko alderdi bat da, herritar interesdunen jarrera juridikoan eraginik izen beharko ez lukeena.
Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,
Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gogoraraztea herritarrek aurkeztutako eskabideak berariaz ebazteko legezko betebeharra duela, eta, zehazki, kexa-egileak aurkeztutakoari erantzuteko legezko betebeharra duela.
Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gomendatzea ezen VINSAri agindu diezaiola interesdunaren erreklamazioari erantzuteko, hura aztertzeko eta, kasua bada, eraikuntza-akatsei bidezkoak diren konponbideak emateko.
Bi hilabeteko epea ematea Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen honen eta gomendio honen onarpenari buruz eta haiek direla-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, haiek ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia