Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

102/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 ekaina 08

Euskara

Gaia: No exigen el conocimiento del euskera para plazas con destino en localidades de la zona vascófona.

Exp: 11/261/C

: 102

Elebitasuna

AURREKARIAK

  1. 2011ko apirilaren 6an, [?] andrearen idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten du Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurka, eremu euskalduneko destinoa izan beharreko lanpostu batzuetan euskaraz jakitea baldintza gisa ez ezartzeagatik.

    Kexa-idazkian, honakoa azaltzen zuen:

    1. 2010eko abenduaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman zen Nafarroako Foru Administrazioaren zerbitzuko liburutegiko arduradun izateko hamalau lanpostu betetzeko deialdia; lanpostu horien destinoak, besteak beste, Bera eta Lesaka izanen dira. Bi herri horiek eremu euskaldunean daude eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen barruan daude. Mankomunitate horren xedea, izan ere, euskararen normalizazioa da, bai eta herritarrek euskaraz jakiteko eta euskara erabiltzeko daukaten eskubidea zaintzea ere.

    2. Deialdian ez da ezartzen euskaraz jakiteari buruz ezer ere, ez baldintza gisa, ez merezimendu gisa. Eta hori, diote, Bortzirietako herritarren hizkuntza eskubideen urraketa bat da, zeren eta ez baita bermatzen Berako eta Lesakako liburutegiko arduradun lanpostuetan jardunen duten langileek euskaraz jakinen dutenik, eta ez baita errespetatzen herritarrek Administrazioarekiko harremanetan euskara erabiltzeko daukaten eskubidea.
  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, idazki bat igorri nion Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, kexan planteaturiko gaiari buruz informa zezan.

    2011ko maiatzaren 25ean, aipatu departamentuaren txostena jaso genuen.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko II. tituluak, zeinak ezartzen baititu herritarrek Administrazioarekiko harremanetan dauzkaten eskubideak, arreta egokirako eskubidea arautzen du, eta 6.2 artikuluan honakoa dio: era berean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanetan herritar guztiek gaztelania edo euskara erabiltzeko eskubidea dute, euskararen erabilera arautzen duen Nafarroako foru legerian ezarritakoari jarraikiz.

    Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak honako helburu hauek eransten ditu funtsezko gisa (1. artikulua), eta, horrenbestez, Nafarroako botere eta administrazio publiko guztiek ziurtatu beharreko helburu gisa: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) Nafarroan euskara biziberritu eta gara dadin zaintzea, euskararen erabilera sustatzeko zer neurri hartu behar diren adierazita.

  2. Euskara Nafarroako hizkuntza berekietako bat da. Hala ezarrita dago 18/1986 Foru Legeko 2. artikuluan. Artikulu horretan, halaber, foru legearen beraren ezinbesteko helburutzat jotzen da (1.2.a artikulua) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestu eta eginkor bihurtzea, bai eta eskubide horretaz baliatu ahal izateko tresnak zehaztea ere.

    Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 10. artikuluak aitortzen du eremu euskaldunean herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako administrazio publikoekiko harremanetan, eta, orobat, hautatzen duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea dutela.

    Kasu zehatz honi dagokionez, abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 15. artikuluak, eremu euskaldunari aplikatzekoa zaiona, honakoa ezartzen du bere bigarren idatz-zatian: Administrazio bakoitzak, dagozkion eskumenen esparruan, zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta gainerakoentzat, kontutan hartzeko merezimendutzat hartuko da besteren artean.

    Ildo beretik, aipatu legea garatzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuak arautzen ditu lanpostuetan sartzeko eta lanpostuak betetzeko euskaraz aurretik jakitea eta hura nola baloratu behar den. Honakoa dio, hain zuzen: Nafarroako administrazio publikoek, ebazpen arrazoituaren bidez, beren plantilla organikoetan adieraziko dute euskaraz jakitea zer lanpostu eskuratzeko izanen den nahitaezkoa, zereginen, Foru Dekretu honetako zehaztapenen eta eskariaren arabera; lanpostu horien zereginei dagokien jakite maila adierazi beharko da. Gero, hizkuntza eskakizun hori kasuan kasuko lan eskaintza publikoetan eta lanpostuen deialdietan adieraziko da.

    Horrenbestez, Administrazioak nahitaez adierazi behar ditu bere plantilla organikoan, ebazpen arrazoitua eginez, eremu euskalduneko zein lanpostutan den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta zeinetan baloratuko den merezimendu gisa.

  3. Bestalde, Nafarroako Liburutegien Sistema arautzen duen azaroaren 19ko 32/2002 Foru Legeko 11.2 artikuluak ezartzen du liburutegi publikoak kontuan hartuko duela Nafarroako Foru Komunitateko errealitate soziolinguistikoa, eta zerbitzuak euskaraz eta gaztelaniaz emanen dituela Euskararen Legeak, abenduaren 15eko 18/1986 Legeak alegia, araututakoarekin bat.
  4. Kexaren xedea da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak abenduaren 15ean onetsitako 258/2010 Ebazpenaren bidez onetsitako oposizio bidezko deialdia, liburutegiko arduradun izateko hamalau lanpostu betetzeari buruzkoa. Hamalau lanpostu horietatik lau funtzionario araubidekoak dira, eta horietako batek Beran eta beste batek Lesakan izanen dute destinoa.

    Bi herri horiek eremu euskalduneko udalak direnez, aipatutako arauak aplikatuz, erakunde honek uste du beharrezko dela euskaraz jakitea lanpostu horietan lan egin ahal izateko, edo, subsidiarioki, hori merezimendu kualifikatu gisa baloratu beharko litzatekeela.

Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 15. artikulua, euskararen erabilerari buruzkoa, betetzeko legezko betebeharra duela, bai eta Nafarroako Liburutegien Sistema aratzen duen azaroaren 19ko 32/2002 Foru Legeko 11.2 artikulua ere.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hau onartzeari buruz informa dezan, eta jakinaraz dezan horri buruz zein neurri hartu behar dituen, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiei buruzko informa dezan, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  3. Ebazpen hau jakinaraztea interesdunari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia