Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

101/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 ekaina 03

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Daños y perjuicios por falta de contestación e información sobre notificación de venta de VPO.

Exp: 11/208/U

: 101

Etxebizitza

AURREKARIAK

  1. 2011ko martxoaren 16an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean, titularra zen etxebizitza babestu baten salmentaren jakinarazpen-idazkiari ez erantzuteari buruzkoa, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak emandako informazio eskasari buruzkoa eta horrek guztiak eragin zizkion kalte-galerei buruzkoa.

    Idazkian, azaltzen du 2010eko martxoaren hasieran, VINSAra joan zela, babes ofizialeko bere etxebizitzaren salmenta-prozedurari buruzko informazioa eskatzera, zailtasun ekonomiko handiak baitzituen. Bertan, jakinarazi zioten etxebizitza eskaini behar zion lehenengo eroslea Nafarroako Gobernua zela. Hori dela eta, babestutako etxebizitza baten salmenta-jakinarazpen bat aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan.

    Adierazten du bertatik jakinarazi ziotela hiru hilabeteren buruan haren eskabideari erantzunen ziotela eta, gainera, behin ebatzi ondoren, ezin izanen zuela salmentan atzera egin.

    Epea iragan zen inongo erantzunik jaso gabe, eta kasuko banku-entitateari hipoteka ez ordaintzearen ondorioz, higiezina bahitzeari ekin zioten, eta agindu judizialaz enkantean jarri zen, Nafarroako Gobernuko baremoan ezarritako baliotik behera. Etxebizitzarengatik lortutako diru-kopurua ez da nahikoa hipotekaren balioa estaltzeko; hori dela eta, interesduna 8.000 euro baino gehiagoko zorra ordaindu beharrean dago.

    Salatzen du Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan lehenengo unean eman zioten informazioa kontraesanean dagoela berriki jaso duenarekin; izan ere, orain dela gutxi aditzera eman diote zuzenean jo zezakeela etxebizitza partikular bati saltzera. Hori dela eta, uste du Nafarroako Gobernuak erantzukizunik baduela etxebizitza babestua saltzeko jakinarazpenari ez erantzuteagatik pairatu dituen kalte-galera ekonomikoetan.

    Azkenean, interesdunak adierazten du 2011ko maiatzaren 9an, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren komunikazio bat jaso duela, non adierazten baitiote ezezkoa eman diola etxebizitza erosteko eginiko eskaintzari eta, etxebizitza babestua denez, salmentaren berri eman behar diola saltzen baldin badu, eroslearen oinarrizko datuekin, Nafarroako Gobernuak eskualdatze hori baimen dezan.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, txosten bat eskatu genion Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari.

  3. 2011ko apirilaren 20an, eskatutako txostena jaso genuen.

AZTERKETA

  1. Herritarren informaziorako eskubidea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 14. artikuluan araututa dago. Izan ere, artikulu horrek ezartzen du eskubidea dutela beren eskubideetan, legezko interesetan eta eginbeharretan eragina izan dezaketen jarduera administratiboei buruzko informazioa eskatu eta lortzeko, baita ondasun eta zerbitzu publikoen erabilerari buruzkoa ere.

    Kexa-egileak VINSAra jo zuen, babes ofizialeko bere etxebizitza saltzeko moduari buruzko informazioa eskatzera, zeren eta arazo ekonomiko larriak pairatzen ari baitzen. Egiazki, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak bere txostenean azaldu bezala, ezin da egiaztatu instantzia publikoek (Nafarroako Gobernuak edo Vinsak) [?] jaunari eman zioten informazioa. Hala eta guztiz ere, argi dago ez zela komunikazio egokirik gertatu, zeren eta gertatutakoa izan baitzen interesdunak etxebizitza babestu baten salmenta-jakinarazpenerako inprimaki bat bete zuela, eta sinistuta zegoela hiru hilabeteren buruan erantzunen bat jasoko zuela.

    Alabaina, epe hori iraganik –Administrazioaren txostenaren arabera halako eperik ez dago, ez baita etxebizitzari buruzko berariazko legedian araututako kasu bat–, kexa-egileari –zeina sinistuta baitzegoen ezin ziola bere etxebizitza inongo partikularri saldu Administrazioaren erabakiaren berri izan arte– etxebizitza bahitu zioten, eta gainera, 8.000 euroko zorra geratu zitzaion.

  2. Alde batera utzita Administrazioak [?] jaunari informazio egokia eman zion ala ez, edo interesdunak eman zioten informazioa ongi ulertu zuen ala ez, argi dagoena da kexa-egileak nahi zuena zela bere babes ofizialeko etxebizitza saldu, eta horretarako erakunde egokira jo zuela informazioa jasotzeko, gaiari buruz zeukan ezagutza faltaren ondorioz, eta interes berezia zuela etxebizitza saltzeko, pairatzen zuen egoera ekonomikoarengatik.

    Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostenean argi esaten da ezen 2010eko martxoaren 31n, [?] jaunak eskaintza-idazki bat aurkeztu ziola Nafarroako Gobernuari bere etxebizitza babestuari buruz”. Eta jarraitzen du esanez ezen “eskaintza hori ez dela nahastu behar etxebizitza babestu bateko jabe orok, bere etxebizitza saldu nahi duenean, Nafarroako Gobernuari egin beharreko salmenta-jakinarazpenarekin. [?] jaunak 2010eko martxoaren 31n bete zuen inprimakia, etxebizitza babestua saltzeko jakinarazpen-inprimaki bat zen, eta erosleen datuei buruzko atalean honakoa bete zuen: “Nafarroako Gobernua”. Izan ere, uste zuen horixe jarri behar zuela Nafarroako Gobernuak partikular bati salmenta baimentzeko edo lehenik eskuratzeko eskubideaz baliatzeko. Akats horren berri inork ez zion eman.

    Inprimaki hori 2010eko martxoaren 31n aurkeztu zen, eta 2011ko maiatzaren 9ra arte, hau da, urtebete baino gehiago iragan arte, [?] jaunak ez zuen Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren inongo jakinarazpenik, babestutako etxebizitzaren salmenta-eskaintzari ezezkoa ematen ziola edo etxebizitza hori ez zuela erosi behar adierazteko. Kasu honetan, bai jakinarazi zioten balizko eroslearen datuak adierazi behar zituela, baldin eta etxebizitza babestua eskualdatzen bazuen, Nafarroako Gobernuak eragiketa hori baimen zezan.

  3. Izan ere, 2010eko martxoaren 31n, kexa-egileak uste zuenean etxebizitzaren eskaintza egiten ari zitzaiola Administrazioari eta haren erantzuna jasoko zuela, egiazki etxebizitza babestu baten salmentari buruzko jakinarazpena egiten ari zen, baina formazko akats handi batekin: Nafarroako Gobernua erosle gisa jartzea, hain zuzen ere. Hala eta guztiz ere, Administrazioak ez zion akats horretaz ohartarazi, nahiz eta jakin [?] jaunaren asmoa zela etxebizitza babestua hari eskaintzea, Nafarroako Gobernuaren baimena jasotze aldera etxebizitza hori partikular bati saldu ahal izateko.

    Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71. artikuluak ezartzen du ezen prozedura hasteko eskabidean betetzen ez badira aurreko artikuluko baldintzak edo aplikagarri den berariazko legedian eskatutakoak, interesdunari eskakizuna eginen zaiola hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Kasu honetan, argi dago [?] jaunaren eskariak formazko akats bat zeukala; alegia, etxebizitza babestuaren eroslea Nafarroako Gobernua zela adieraztea. Alabaina, Administrazioak akats horretaz ohartarazi ez –ohartaraztea baitzen haren betebeharra– eta, gainera, maiatzaren 9an, adierazi den bezala, urtebete baino gehiago iragan denean (Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostenean ageri da legezko eperik ez dagoela etxebizitza-eskaintzei erantzuteko; halere, idazkia ez zen eskaintza bat, zeren eta inprimakian ageri baitzen etxebizitza babestu baten salmentaren jakinarazpena zela), erantzun egiten dio esanez ezezkoa ematen diola eskaintzari, eta jakinaraziz etxebizitza babestua saldu nahi badu (beranduegi da, zeren eta une horretarako jada bahituta baitzegoen), Nafarroako Gobernuari salmentaren berri eman behar diola, eroslearen oinarriko datuak eta guzti.

    Horrenbestez, Administrazioak [?] jaunari informazio egokia ez emateaz gainera, ez zuen bete inprimakian eginiko akatsa zuzentzeko beharraz ohartarazteko daukan legezko betebeharra. Are gehiago, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak bazekien zein zen kexa-egileak inprimaki akastun horrekin zer egin nahi zuen, baina urtebete iragan arte ez zion erantzun.

  4. Azkenik, adierazi beharra dago ezen litekeena dela azaldutako jarduketa horiek [?] kalte ekonomikoak eragin izatea, egoera ekonomiko txarrean baitago. Pairatutako kaltearen eta Administrazioaren jardunaren arteko kausazko erlazioa izatekotan, bidezkoa izanen litzateke pairatutako eta egiaztatutako kalteengatiko ordainketa egitea. Alderdi hori prozedura administratiboaren bidetik aztertu beharko litzateke, zehazteko zein litzatekeen Administrazio publikoaren ondare-erantzukizuna. Bada, erakunde honen ustez gomendatzekoa da azterlan hori egitea, enkargatutako ikerketaren emaitza zein den ere.

Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gogoraraztea argiki eta zehaztasunez informatu behar diela herritarrei etxebizitza babestuarekin lotutako baldintzei eta gainerako gaiei buruz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 14. artikuluan ezarri bezala.

  2. Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gogoraraztea legez Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71. artikulua betetzeko betebeharra duela.

  3. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gomendatzea ezen, ofizioz, ondare-erantzukizuneko espediente bat abiaraz dezala, aztertzeko eta baloratzeko ea Etxebizitza Zerbitzuko eta VINSAko organo edo unitateen eta kexa-egileak titularra zeneko etxebizitzaren bahituraren eta enkante bidezko salmentaren ondorioz nozitu dituen kalte ekonomikoen artean beharrezkoa den kausazko lotura badagoen ala ez dagoen, kalte horiengatiko kalte-ordainak bidezkoak diren ala ez zehazte aldera.

  4. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari ebazpen honen onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

  5. Ebazpen hau jakinaraztea interesdunari eta Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia