Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

100/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 ekaina 01

Ogasuna

Gaia: No se le aplica exención en Impuesto de Matriculación para personas con discapacidad, por exceso de potencia fiscal.

Exp: 11/53/H

: 100

Ogasuna

AURREKARIAK

  1. 2011ko urtarrilaren 31n, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan; haren bidez, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren aplikazioari buruzko kexa bat aurkeztu zuen.

    Azaltzen zuenez, desgaitasuna du eta haren premia bereziei egokitutako [?] ibilgailu bat erosi zuen.

    Zioenez, ibilgailuaren dokumentazioa izapidetzean, Lesakako Udalak adierazi zion, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 160.1.d) artikuluan ezarritakoaren arabera, ezin zuela baliatu Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari dagokionez legez ezarritako salbuespena, ibilgailuak hamabi zaldi fiskaletik goitiko potentzia daukalako –zehazki, 13,30–.

    Azaltzen zuenez, automobil-merkatuaren bilakaeraren kariaz, erositako ibilgailua, haren mugikortasun murriztuari egokitua eta inguru iristen zailetara heltzeko aukera ematen diona, ez da adierazitakoa baino potentzia txikiagoarekin merkaturatzen.

    Haren ustez, egoera bidegabea da, eta ezarritako muga hori zaharkituta gelditu da. Hain zuzen ere, hark dioenez, muga hori ez da beste probintzia batzuetan aplikatzen, eta berariaz aipatzen zuen Gipuzkoaren kasua, non muga hamalau zaldi fiskalekoa baita.

    Interesdunak zioenez, egintza horrek Konstituzioaren 14. artikuluan ezartzen den tratu-berdintasunerako eskubidea urra lezake.

  2. Kexa aztertuta, Nafarroako arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean ezarritakoarekin bat, Lesakako Udalari eta Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuari eskatu genien auzi horri buruz informa zezaten.

  3. 2011ko otsailaren 14an, Lesakako Udalak egindako txostena jaso genuen, egindako jarduketen kopiarekin batera. Laburbilduz, aipatu udalak dio Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeak gisa horretako kasuak salbuestea aurreikusten, du baldin eta ibilgailuen potentzia ez bada hamabi zaldi fiskaletik goitikoa; hortaz, toki entitateak legez ezarritakoa bete behar du ezinbestean.

  4. 2011ko apirilaren 20an, Toki Administrazioko Departamentuak egindako txostena jaso genuen.

AZTERKETA

  1. Erakunde honek, Nafarroako Administrazio Publikoen jarduna gainbegiratzeari dagokionez legeak esleitzen dion eginkizuna betez, ez du uste, aztergai dugun auzi honetan, Lesakako Udalaren jokabidea legez kanpokoa izan denik edo antolamendu juridikoan aitortutako eskubideak urratu dituenik.

    Izan ere, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 160. artikuluak zenbait salbuespen aurreikusten ditu Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari dagokionez, eta horien artean daude “baliourrituen edo bereziki egokituriko autoak, baldin behar den baimenaren jabe diren baliourrituenak badira eta haiek bakarrik erabiltzekoak, 12 zaldi fiskaletik beheitikoak badira.”

    Legeak salbuespena horrela egin beharra ezartzen duenez, Lesakako Udalak, legezkotasun-printzipioak hala eskatuta, arau horrek ezarritakoa bete behar du ezinbestean, eta, hartara, Zuzenbidearen araberakoa da ezarritako potentzia gainditzen duen ibilgailua zerga ordaintzetik ez salbuestea.

  2. Auzi horretako legedia Estatuko beste lurralde batzuetakoarekin bat ez etortzeak Konstituzioko berdintasun-printzipioa urratzen duenik ere ezin da ondorioztatu. Halatan, Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak aldiro adierazi du Autonomien Estatuaren izaerak berezkoa duela autonomia erkidegoetako legedien artean ezberdintasunak egotea, halako moduan non Konstituzioak ziurtatzen duena ez baita uniformetasuna, baizik eta “funtsezko jarrera juridikoen” berdintasuna. Aipagarria da, adibidez, Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 28ko 46/1991 Epaia, zeinetan ezartzen baita berdintasun-printzipioa “ezin dela inolaz ere ulertu antolamenduaren uniformetasun zorrotz eta monolitiko baten ikuspegitik, zeinen ondorio izanen baita lurraldearen edozein lekutan eskubide eta betebehar berberak edukiko diren; izan ere, eskubideak eta askatasunak baliatzearen gaineko oinarrizko baldintzen berdintasunari zor zaion erreserbarekin (...), autonomia erkidegoek duten legegintza-ahalmenak halako moduan egituratzen du antolamendua non herritarren jarrera juridikoa ezberdina izan baitaiteke lurralde nazionaleko leku batean eta bestean.”
  3. Hausnarketa horiek guztiak eginik, erakunde honek bai uste du Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 160. artikulua murriztaileagoa dela, aztergai dugun auziaren ondorioetarako, Espainiako lurraldeko beste leku batzuetan salbuespen hori arautzen duten beste arau berriago batzuk baino.

    Halatan, Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen Testu Bategina onesten duen martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuko 93.e) artikuluak ondoko salbuespena ezartzen du:

    Ibilgailuen Erregelamendu Orokorreko II. eranskineko A letran aipatzen den mugikortasun murriztua daukaten pertsonentzako ibilgailuak. Erregelamendua abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen.

    Halaber, salbuetsirik daude minusbaliatuen izenean matrikulaturiko ibilgailuak, haiek ez beste inork erabiltzekoak badira. Salbuespen hau aplikatuko zaie, inguruabar hauek irauten duten bitartean, bai ezgaituek gidatutako ibilgailuei bai haiek garraiatzeko ibilgailuei ere.

    Alegia, Estatuko legeak, azken paragrafo horretan ezarritakoaren arabera, ez du mugarik ezartzen ibilgailuaren potentzia dela eta.

    Abenduaren 20ko 3/2010 Foru Arauaren bidez aldarazitako Gipuzkoako arauak, berriz –kexa-egileak hori ekarri baitu gogora–, ondokoa ezartzen du Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 14/1989 Foru Arauko 2.1.e) artikuluan:

    Ibilgailuen Erregelamendu Orokorreko II. eranskineko A letran aipatzen den mugikortasun murriztua daukaten pertsonentzako ibilgailuak, desgaitasuna duten pertsonen izenean matrikulatuak. Erregelamendua abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen.

    Halaber, salbuetsirik daude minusbaliatuen izenean matrikulaturiko ibilgailuak, baldin eta hamalau zaldi fiskal baino gutxiago badituzte eta haiek ez beste inork erabiltzekoak badira. Salbuespen hau aplikatuko zaie, inguruabar hauek irauten duten bitartean, bai ezgaituek gidatutako ibilgailuei bai haiek garraiatzeko ibilgailuei ere.

    Azken arau horren bilakaerari erreparatuz gero ikus daiteke –behin eta berriro aldatu baita– hamabi zaldi fiskaleko muga hori ezartzen zuela horrek ere Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea onetsi zen garaian. Halere, 1997tik aitzina araubide “eskuzabalago” bat ezarri zen, salbuespena aplikatzearen ondorioetarako, potentzia fiskalari dagokionez.

    Horren guztiaren ondorioz modu arrazional batean ondoriozta daiteke hamabi zaldi fiskaleko muga, agian, ez dela egokiena automobil-merkatuaren errealitateari erreparatuz gero eta desgaitasuna duten pertsonen beharrizanei erreparatuz gero; izan ere, zenbaitetan, gurpil-aulkiak garraiatzeko premiaren edo, are, haien zaletasunen arabera, ibilgailu handi samarrak eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean zerga-salbuespena aplikatzeko ezartzen den muga baino potentzia handiagokoak behar ohi dituzte.

  4. Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak antolamendu juridikoaren aldaketak iradokitzeko ahalmena ematen dio erakunde honi –arauak lege nahiz erregelamendu mailakoak izan–, baldin eta haren ustez horietan gabeziak badaude edo horien aplikazio zorrotzak herritarrentzat egoera bidegabeak edo kaltegarriak eragin baditzakete.

    Hartara, nahiz eta berriz ere adierazi behar dugun aztertutako kasuan ezin dela ondorioztatu Konstituzioak ezartzen duen berdintasun-printzipioa urratu denik, bai adierazi behar dugu komeni dela, auzi honen ondorioetarako, Toki Ogasunei buruzko Foru Legea aztertzea eta aldatzea, Estatuko beste lurralde batzuetan indarrean den legediaren argitan hain zuzen ere, halako moduan non Nafarroan bizi diren ezgaituek ez duten lege-tratamendu okerragoa jaso zerga-salbuespen horri dagokionez.

Horregatik guztiagatik, erakundea arautzen duen foru legeko 34 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuari iradokitzea azter dezan eta, kasua bada, susta dezan, beste organo batzuekin lankidetzan beharrezkoa bada, Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 160.1.d) artikuluan Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari buruz ezarritako salbuespenaren aldaketa, zertarako eta Nafarroan bizi diren ezgaituek ez dezaten Estatuko beste lurralde batzuetan emandakoa baino tratu okerragoa jaso, bai ezarritako ibilgailu-potentziaren muga kenduta, bai muga hori, gutxienez ere, hamalau zaldi fiskaleko mugara igota.

  2. Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuari bi hilabeteko epea ematea iradokizun hau onartzen duen informa dezan eta horri dagokionez hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, iradokizuna ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian xedatutakoarekin bat.

  3. Ebazpen hau interesdunari, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuari eta Lesakako Udalari jakinaraztea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia