Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Discrepancias relativas a procedimiento de ejecución urbanística
Exp: 10/781/U
Nº: 1
Hirigintza
2010eko urriaren 13an, [?] jaunaren idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Iturmendiko Udalaren aurka, hirigintza-exekuzioko prozedura bat zela eta.
Azaltzen du 2007an, Iturmendiko Udalak herriko bizilagunei jakinarazi ziela ikastetxe bat edukiko zuen urbanizazio bat sustatzeko asmoa zuela. Kexa-egileak adierazten du lankidetzako exekuzio-prozedura erabaki zela, eta horren arabera interesdunari, gutxi gorabehera, 65.000 euroko gastua zegokiola.
Adierazten du udalari zenbait idazki aurkeztu zizkiola, eskatzeko aipatutako urbanizazioa ez zedila egin, zeren eta, bere ustez, ez baitago herrian ikastetxe bat eraikitzeko beharrik, populazioari erreparatuta. Eskari horien aurrean, dioenez, udalak erantzun zuen esanez ez zituela obrak geraraziko, eta horretarako argudiatu zuen ikastetxea eraiki egin behar zela.
Adierazten du gaur den egunean, gutxi gorabehera 50.000 euroko bi ordainketa egin dituenean eta oraindik ere beste 15.000 euro ordaindu behar dituenean, jakin dutela ikastetxea, zeina urbanizazioaren arrazoia baitzen, ez dela eraikiko.
Adierazten du, gainera, 2010eko apirilaren 30ean, 2010eko martxoaren 29an udaleko osoko bilkurak hartutako erabakiaren jakinarazpena jaso zuela, titularitateen ziurtagiriei eta finken egoera juridikoaren aldaketari buruzkoa. Jakinarazpen hori jaso ondoren, 2010eko ekainaren 15ean, idazki bat aurkeztu zuen, non eskatzen baitzuen ez zedila inongo titularitaterik alda. Dioenaren arabera, ez du horren inongo erantzunik jaso eta, aitzitik, aldaketa egina dago eta bere finketako batzuei zenbait zama ezarri zaizkio. Ez dago ados egoera horrekin.
Urbanizazio horri dagokionez, adierazten du eskatua duela agiri ofizial bat eman dakion, non adieraziko baita ikastetxea eginen dela. Eskari horri ez zaio erantzunik eman. Halaber, adierazten du obrak lizitatzeko eta adjudikatzeko prozedurari buruzko informazioa ere eskatu zuela, baita egin den gastua justifikatuko duten fakturak ere, gastu hori ordainarazi baitzaio. Kexa-egileak dioenaren arabera, udalak informazio horiek ukatu egin dizkio.
Eskatzen du ikastetxea eraikiko ez denez, jarri dituen zenbatekoak itzul dakizkiola eta, kasua bada, finken gaineko zama bat ezar dadila, ukitutako eremuan zerbait eraikitzen den unerako.
2010eko azaroaren 18an, Iturmendiko Udalak igorritako txostena sartu zen gure erakundean. Hartan, izan ere, honakoa ageri da jasota:
“Aipatutako errekerimenduaren aurrean, udal honek honako gogoetak AZALTZEN DITU:
Argitu nahi dugu urbanizazio horren arrazoia zela ingurunerako zerbitzu orokorrak eskaintzea, alde batera utzita herrian eskola berria eraikitzen zen ala ez.
Proiektu horren bitartez, lortu nahi zen zenbait unitate garatzea, planean ezarritakoan oinarrituta; unitate horietan, jada, zenbait eraikin egin dira.
Iturmendiko Udal Planak aurreikusten du unitate eta sektore batzuentzat komunak izanen diren zerbitzuak batera exekutatzea, kasuko kostuak banatzeko proiektuaren bitartez, betiere 35/2002 Foru Legeko 133. artikuluan ezarritakoaren babestea; izan ere, artikulu horretan, honakoa adierazten da:
“Planeamenduak hala ezartzen duenean, planak ezarritako esparru jakin bateko exekuzio unitate guztiek urbanizatze obrak eta zerbitzu komunak ordaindu beharko dizkie sistema orokorra ez diren unitate guztiei —ordainketa modu proportzionalean eginen da, unitate bakoitzak duen aprobetxamenduari begiratuta—, alde batera utzita unitate bakoitzak egin beharreko obra berekiak.
Hori horrela gertatzen denean, administrazio jarduleak kostuen banaketaren proiektua tramitatuko du, zeina unitate horientzat eta obra eta zerbitzu komun horientzat besterik ez baita izanen. Proiektua jendaurrean jarriko da hamabost egunez, eta ematen zaion hasierako onespena ukitutako jabe bakoitzari jakinaraziko zaio.
Kostuen banaketaren proiektua behin betikoz onesten denean, administrazio jarduleak ahalmena izanen du zuzenean okupatzeko urbanizatzea eta zerbitzu komunak egiteko beharrezkoak diren terrenoak, zeinak nahitaez eta dohainik laga beharrekoak baitira.”
Lege aurreikuspen horri jarraituz, planeamenduak izan behar du obretako eta zerbitzu komunetako zenbait unitateren parte-hartzea finkatzen duena, kostuak aprobetxamenduaren proportzioan banatuz. Horrenbestez, planeamenduak esparrua finkatu beharra dauka (parte hartzen duten unitateak, obren definizioa eta banaketa).
Iturmendiko udal planak banaketa-proiektu bat izapidetzeko aurreikuspen hori eskualdatzen zuen, baina esparrua zehaztu gabe.
Hori dela eta, Osoko Bilkuraren 2007ko otsailaren 8ko erabakiaren bitartez eta 35/2002 Foru Legeko 49. artikuluari jarraituz, Iturmendiko udal planaren aldaketa puntual xehakatu bat izapidetu zen, eta hartan jaso zen kostuak banatzeko proiektu baten onespena, hark ukituko zuen esparrua ere finkatuz; hau da, exekuzio unitateak, parte hartu beharreko obrak eta haiek aprobetxamenduaren arabera izanen duten banaketa.
Estafeta kaleko kostuen banaketari buruzko proiektuak unitateak eta sektoreak biltzen ditu: SR3A, SR3B, SR3D, UE32, UE33, UE8, UE9, SR-1, SR-2 eta UE-7.
Iturmendiko udal planean esparru horretarako aurreikusitako jarduketa sistema lankidetzarena da; izan ere, sistema horren arabera, jabeek nahitaez laga beharreko lurzorua jartzen dute eta administrazioak urbanizazio obrak exekutatzen ditu haien kontura.
Udal honetan dauzkagun datuen arabera, proiektu hori hirigintza-arau indardunen arabera izapidetu zen, epeak eta ukitutako jabe guztiei jakinarazpenak bidaltzeko izapideak betez, besteak beste [?] jaunari dagokionez.
Prozeduraren inongo unetan ez da inongo alegazio edo errekurtsorik aurkeztu, desadostasuna azaltzeko; horrenbestez, egintza egiaztatua eta sendoa da.
2007ko otsailaren 8an Osoko Bilkurak hartutako erabakiaz, hasiera batez onetsi zen Estafeta kaleko kostuak banatzeko proiektua.
2007ko martxoaren 16ko 33. NAOn argitaratu zen.
Erabakia interesdun guztiei jakinarazi zitzaien. [?] jaunari eginiko jakinarazpenaren ziurtagiria eta jaso izanaren agiria erantsi ditugu.
Interesdunak ez zuen inongo alegaziorik aurkeztu Osoko Bilkuraren erabaki horren aurka.
Kostuak banatzeko proiektuaren behin betiko onespen hori 2007ko maiatzaren 17ko Osoko Bilkuraren erabakiaz gauzatu zen, eta 2008ko uztailaren 2ko 81. NAOn argitaratu zen, eta interesdunari jakinarazi zitzaion. Jakinarazpena jaso izanaren ziurtagiria erantsi dugu.
Interesdunak ez du inongo alegaziorik aurkeztu.
2008ko uztailaren 4an, erabaki zen urbanizazioaren lehen kuotaren kobrantza igortzea, eta interesdunei jakinaraztea zein modu eta epetan kobratuko zitzaizkien ondoz ondoko kuotak. Jakinarazpena jaso izanaren ziurtagiria erantsi dugu.
Interesdunak ez du inongo alegaziorik aurkeztu.
2009ko irailean, [?] jaunaren idazki bat sartu zen Iturmendiko Udalean. Hartan, bi proposamen iradokitzen zizkion udalari, urbanizazioko azken kuotari aurre egiteko, behin betiko likidazioari jarraituz. Kuota hori gaur den egunean oraindik ere ordaindu gabe dago.
2010eko abuztuan, beste idazki bat aurkeztu zuen udalean, eta haren bidez adierazi zuen hilabete hartuko zuela udalarekin zeukan zorra ordaintzeko.
Eskari horren aurrean, udalak baimena eman zuen eskatzaileak adierazitako epea emateko, eta berriz ere faktura bat igorri zion ordaintzeko zeukan zenbatekoarekin.
2010eko azaroan, beste idazki bat sartu zen, udalak 2010eko azaroaren 5ean eginiko osoko bilkuran aztertu zuena.
Osoko bilkura hasi baino lehenago, udaleko zinegotzi guztiek bilera bat egin zuten ukitutakoarekin, egoerari buruzko azalpenak emateko eta espedientearen izapidetzearen berri emateko.
2010eko azaroaren 5ean osoko bilkurak hartutako erabakiaren bidez, beste epe bat eman zitzaion [?] jaunari Estafeta kaleko urbanizazioa dela-eta ordaintzeko dauzkan kuotei dagokien zorraren ordainketari aurre egin ahal izateko.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren zenbait agiri erantsi ditugu; haietan izan ere, islatzen da nolako jarrera eta interesa daukan Nafarroako Gobernuak herrian eskola berria eraikitzeko.
2010eko otsailaren 1ean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Iturmendiko Udalari eskola berria kokatuko zen lursailen lagapenari buruzko agiria eskatu zion (2008ko azaroaren 7ko osoko bilkuraren erabakia), bai eta urbanizazio proiektua ere.
2010eko martxoaren 15ean, Nafarroako Gobernuak 630.000 euroko gehieneko gastu bat baimendu zuen Iturmendiko haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publiko berria eraikitzeko.
Osoko bilkuraren 2010eko martxoaren 29ko erabakiaz, hasiera eman zitzaion SR3A unitatearen exekuzioari, lankidetza sistemaren bitartez. Osoko bilkuraren erabakia erantsi dugu.
Osoko bilkuraren erabaki hori ukitutako guztiei jakinarazi zitzaien, eta kasuko epean ez zen inongo alegaziorik aurkeztu.
2010eko apirilaren 30ean, Iturmendiko Udalak bilera batera deitu zituen ukitutako jabe guztiak eta [?] hirigintza-abokatua, SR3A-ren birzatitzeari hasiera emateko beharra azaltzeko eta espedientearen izapidetzea zein izanen azaltzeko.
Jabe guztiek azaldu zuten ados zeudela, eta beren jabetzak justifikatzeko tituluak aurkeztu zituzten.
Lurzoruaren Araubideari eta Hirigintza Antolamenduari buruzko Legea garatzeko eta aplikatzeko Hirigintza Kudeaketako Erregelamendua onetsi zuen abuztuaren 25eko 3288/1978 Errege Dekretuari jarraituz, birzatitze-unitatean sartutako finka guztien titulartasunaren eta zamen gaineko ziurtagiriak eskatu ziren.
Gaur den egunean, Iturmendiko Udalak oraindik ere ez du [?] arkitektoak eta [?] legelariak idatzitako SR3A-ren birzatitze proiektua onetsi.
Azaldutako guztiaren aurrean, udal honek jasota utzi nahi du bi espediente horien izapidetzean hainbat aldiz bilerak egin direla alegazioen egilearekin, haren eskariei erantzuteko; eta bilera horietan azalpenak eman zitzaizkion espedienteen izapidetzeari buruz eta erraztasunak ere eman zitzaizkion zorraren ordainketari aurre egin ahal izan ziezaion”.
Kexa Iturmendiko Udalak jarraitutako hirigintza-exekuzioko prozedura bati buruzkoa da. Hartan, izan ere, interesdunak, jabea den aldetik, zenbait kostu hartu behar ditu bere gain, eta eskatzen du ordaindu dituen zenbatekoak itzul dakizkiola, adierazitakoaren arabera urbanizazioaren arrazoia zen ikastetxea eraikitzen ez den bitartean.
Udalaren txostenaren arabera, ordea, urbanizazioaren arrazoia ez zegoen adierazitako xedeari mugatua. Izan ere, eremuari zerbitzu orokorrak ematea zuen helburua, eskola berriaren eraikuntza alde batera utzita. Horri dagokionez, azaltzen da Estafeta kaleko kostuak banatzeko proiektuaren bitartez –hartatik heldu baita interesdunari egotzitako kostua–, zenbait unitate garatu nahi zirela, planean jasotakoan oinarrituta. Horietan jada zenbait eraikuntza egin dira.
Erakunde honek, hirigintza-ahalmenari buruzko kritikak egitea zilegi dela ulertuta ere, ezin du babestu interesdunak adierazitakoaren bidetik jokatzeko eskubidea dagoenik, ezin baitugu aldeztu interesdunak urbanizazioko kostuak ez ordaintzea adierazitako azpiegitura eraikitzen ez den bitartean, zeren eta, eraikuntza hori egin nahiz ez egin, eremua urbanizatzeko udalak duen ahalmena ez baitago modu horretan baldintzatua.
Kostua exijitzea dakarren jarduera urbanizazio-kostuak banatzeko proiektu bat da 2007ko maiatzaren 17an onetsi zena, zeina jakinarazi baitzen eta zeinaren aurka ez baitzen errekurtsorik aurkeztu. Proiektu hori abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 133. artikuluaren araberakoa da. Beraz, irmoa da eta exijitu egin daiteke.
Ezin da aitortu, ezta ere, ikastetxea etorkizunean eraikitzeari buruzko dokumentu bat eskatzeko eskubiderik, horixe nahi baitu interesdunak, zeren eta, tokiko araubideko legeetatik ondorioztatzen den bezala, ziurtagiri horren beharrak buruturiko ekintzei eta erabakiei buruzkoa izan behar baitu, eta ezin baita etorkizuneko ekintzetara zabaldu.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Iturmendiko Udalari gomendatzea [?] jaunari bidea eman diezaiola exekuzio espedientea, zabaltasun handiagoz, eskuratzeko duen eskubidea gauzatzeko, eta bidea eman diezaiola, halaber, egozten zaion betebehar ekonomikoaren gainean eragina duen dokumentazio guztia kontsultatzeko eskubidea gauzatzeko, interesdunak eskatzen duenean.
Bi hilabeteko epea ematea Iturmendiko Udalari gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia