Partekatu edukia
Nafarroako ararteko Francisco Javier Eneriz Olaecheak Gorte Nagusietako ararteko Enrique Mugica Herzogi lehenbizikoak jaso duen proposamen bat igorri dio. Hain zuzen ere, proposamen horren bidez, merkataritza elkarteek kudeatutako zahartzaroko egoitzek ematen dituzten gizarte zerbitzuak eta laguntza ordaintzeko BEZa kentzea edo murriztea nahi du herritar batek.
Nafarroako Arartekoak txostena eskatu zion Foru Ogasunari, eta horrek adierazi zion, Nafarroaren eta Estatuaren artean dagoen itun ekonomikoak agintzen duenez, zeharkako zerga horretarako Estatuak ezartzen dituen oinarrizko printzipioak eta legeak bete behar dituela BEZaren gainean Foru Komunitateak duen araudiak. Estatuko legearen arabera, merkataritza elkarte baten bidez, hau da, irabazteko asmoa duen elkarte baten bidez ematen diren zerbitzu horien kasuan BEZa %7 da. Erakunde publikoek edo irabazteko asmorik ez duten pribatuek kudeatzen dituzten zahartzaroko egoitzak badira, ordea, ez da BEZa ordaindu behar.
Herritarrak egin zuen proposamena arrazoizkotzat jota eta Nafarroako Ogasunak emandako informazioa aintzat hartuta, Nafarroako arartekoak egoki jo zuen Gorte Nagusietakoari igortzea, hark aztertu eta balioztatzeko, eta egoki irudituz gero, Gorte Nagusiei proposatzeko BEZaren legea aldatzeko; hartara, BEZa ordaindu behar duten egoitzetan ematen dituzten gizarte zerbitzuak eta laguntza ordaintzeko tasa, gutxienez, %4 izan dadin.
Gorte Nagusietako arartekoak jakinarazi du proposamena onartu duela eta egokiak diren jarduketak abiatu dituela. Hain zuzen ere, gai hori dagokion erakundeari txostena bidaltzeko eskatu dio. Horren ondotik, ikerketaren emaitza jakinaraziko die, bai herritarrari eta bai Nafarroako Arartekoari ere.
Partekatu edukia