Partekatu edukia
Nafarroako Arartekoak ezetsi du Nafarroako UGTko Zerbitzuen Federazioaren eskari bat, ekainaren 11ko 12/2010 Foru Legearen aurkako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa aurkezteari buruzkoa, hain zuzen ere Nafarroako Foru Komunitateko sozietate eta fundazio publikoetako langileen ordainsariak murrizten dituen artikuluari dagokionez. Halaber, bazter utzi du Nafarroako Parlamentuari murrizketa hori alda edo deusezta dezan eskatzeko aukera.
Eskaria ekainaren 15ean aurkeztu zen, eta haren bidez Nafarroako Arartekoari eskatzen zitzaion konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa aurkez zezan Defizit publikoa murrizteko neurri bereziak Nafarroako Foru Komunitaterako moldatzen dituen ekainaren 11ko 12/2010 Foru Legeko 6. artikuluaren aurka, langileen eta enpresarien ordezkarien arteko lan negoziazio kolektiborako eskubidea –Espainiako Konstituzioko 37. artikuluan jasotako eskubidea– urratzeagatik.
Kexaren xedea den artikuluak ezartzen du Foru Komunitateko sozietate eta fundazio publikoetako langileen ordainsariak murriztuko direla funtzionario publikoentzako erabaki diren irizpide berekin. Erantzunean, Nafarroako Arartekoak gogorarazten du Konstituzioko 162. artikuluak ez diola zilegitasunik aitortzen konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoak aurkezteko. Hori dela eta, eskaria ezetsi egin beharra dauka.
Bestalde, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 39. artikuluak ahalmena ematen dio Gorte Nagusiek izendatutako Arartekoari arrazoiak emanez zuzentzeko, azken horrek, egokitzat jotzen badu, konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa aurkez dezan.
Oro har, foru legeko 5. artikuluak baieztatzen du Nafarroako Arartekoak “eginkizunak autonomiaz beteko dituela eta bere irizpide propioei jarraituz”. Irizpide hori ez da hertsiki legezkotasunarena edo konstituzio-kontrakotasunarena, erakundea justizia auzitegi bat balitz bezala. Izan ere, Arartekoak aukeraren eta ekitatearen irizpideak erabili ahal ditu Nafarroako administrazio publikoen jarduera ikuskatzeko eginkizunetan, egiaztatze aldera administrazioek, herritarrekiko harremanetan, herritarren eskubideak eta askatasun publikoak errespetatzen dituztela eta ez dutela justifikaziorik gabeko axolagabekeriaz edo gehiegikeriaz jokatzen.
Estatuko Arartekoarengana jotzeko ahalmena –azken horrek Konstituzio Auzitegian Nafarroako Parlamentuaren foru lege baten aurkako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa aurkez dezan– ez du Nafarroako Arartekoak sekula erabili erakundearen hamar urteko ibilbidean, eta erabiltzekotan hau izanen litzateke lehenengo aldia.
Nafarroako Arartekoak gogorarazten du Nafarroako Parlamentuak zuzenean ordezkatzen duela Nafarroako herria eta foru legeak herriaren borondatearen adierazpen handiena direla. Hori dela eta, foru lege baten balioaren eta eraginkortasunaren aurkako edozein jarduera oso kasu berezi eta aparteko batean egin beharko da, hain zuzen ere egitate egiazki larri batzuek herritarrek, oro har, dauzkaten konstituzio-eskubideen guztiz aurkakoak direnean, modu ezin argiagoan. Eta eskari hori justifikatzeko arrazoi sendoak beharko dira, eta zuhurtasun handienaz jokatu beharko da.
Hori dela eta, erakunde honek jotzen baldin badu foru lege baten betetze zorrotza administratuentzako egoera zuzengabeak eragin ditzakeela, ahalmena izanen du, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 33.2 artikuluaren bitartez, Nafarroako Parlamentuari iradokitzeko lege hori alda dezan eta are deusezta dezan ere. Bide horrek hobeki errespetatzen du –gogorarazten du Javier Enérizek– Nafarroako Parlamentuak adierazitako borondatea, Estatuko Arartekoarengana jo eta konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa aurkeztea bultzatzen duena baino, eta hobeki ezkontzen da Nafarroaren eta Estatuaren artean dagoen eskumenen banaketarekin.
Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 6. artikuluaren kasu zehatz horretan, egiaztatu beharra dago Nafarroako Parlamentuak berriki erabakia duela enpresa eta fundazio publikoetako langileen ordainsariak modu orokorrean murrizteari buruz aplikatu beharreko neurria.
Erabaki hori lege baten bidez gauzatu du –hau da, lege-erreserbaren printzipioa errespetatuz–, halako moduz non eragindako eskubideak lege mailako arau batez ukitzen baitira. Izan ere, hori bateragarria da Konstituzioko 53.1 artikuluan ezarritako eskubide arrunten araupetzearekin –besteak beste, Konstituzioko 37. artikuluan jasotako negoziazio kolektiborako eskubidea–. “Legez soilik arautu daiteke, betiere funtsezko edukia errespetatuz, eskubide horiek nola erabili...”.
Nafarroako Arartekoak justifikatuta ikusten du, interes publikoaren ikuspuntutik, 6. artikulua, zeren eta aurreikusten duen lansarien murrizketaren arrazoia defizit publikoa gutxitzea baita, Espainia murgilduta dagoen krisialdi ekonomikoaren ondorioz; izan ere, botere publiko guztiek hura gainditzeko betebeharra daukate. Hori dela eta, justifikazio objektibo eta ulergarri bat badago defizit publikoa gutxitzeko, erabaki horrekin ados egon nahiz ez egon. Neurri hori hartu bada, legearen aurreko berdintasunaren printzipioa errespetatuz hartu da, zeren eta eragin berdina izanen baitu sozietate eta fundazio publiko guztietan eta langile guztiengan.
Halaber, justifikatuta ikusten dugu 6. artikulua, sozietate publikoak eta fundazio publikoak Nafarroako sektore publikoaren osagai baten gisara hartzen baititu. Hori, hain zuzen ere, ederki lotuta dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko xedapenekin (121. artikulutik 126. artikulura); Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeko xedapenekin (106. artikulutik 115. artikulura), eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko xedapenekin (192., 197. eta 198. artikuluak). Horrenbestez, sozietate eta fundazio horiek legegilearen borondatez daude defizit publikoa murrizteko aparteko neurriek ukituta, zeren eta sektore publikoaren zati bat baitira, eta horixe direnez, defizit hori gutxitzeko laguntzeko beharra baitute.
Gainera, lansarien murrizketak, 6. artikuluan jasotakoak, Foru Legeko 2. artikuluko irizpide orokorrak betetzen ditu; izan ere, artikulu horrek murrizketa mailakatua eta proportzionatua ezartzen du, lansari bakoitzaren mailaren araberakoa, lanpostura sartzeko eskatutako titulazioa abiapuntu hartuta: unibertsitateko tituludunentzat ezarritako % 6,70etik eta behe mailakoentzat ezarritako % 0,24a bitarte. Murrizketa hori egiten da “betiere aplikatzekoak diren hitzarmen kolektiboetan itundutakoa errespetatuz”.
Azkenik, 6. artikuluak agindu orokor bat jasotzen du enpresa publikoentzat eta fundazio publikoentzat, beren langileen urteko guztizko ordainsarien batez besteko murrizketa bat egin dezaten 2010eko ekainaren 1etik aurrerako eraginekin, 2010eko maiatzaren 31n indarra zutenekin alderatuta. Horrek ez du esan nahi enpresa eta fundazio publiko bakoitzak berehala eta zuzenean nahitaez murrizketa egin behar duenik, baizik eta horiek, foru legeko hartzaileak diren aldetik, legegilearen borondatea jasota, arduratu beharko direla borondate hori betetzeko bide egokia aurkitzeko eta murrizketa egiteko egun horretarako atzerako eraginez, lan arloko legeetan ezarritako terminoetan, betiere aplikatzekoak diren hitzarmen kolektiboetan ezarritakoa errespetatuz eta legean lan murrizketa horretarako jasotako bideak jarraituz. Hau da, murrizketa lan arloko xedapenei eta aplikatzekoak diren hitzarmen kolektiboetan ezarritakoei doituta, ezin da 6. artikulu hori zuzengabetzat jo, zeren eta hartan Nafarroako Parlamentuaren borondatea adierazten baita, hain zuzen ere sektore publikoa osatzen duten enpresa eta fundazioetako arduradunek ere, Zuzenbideak aurreikusten dituen bitartekoak erabiliz eta hitzarmen kolektiboekin bateragarria den bitartean, adierazitako lansarien murrizketa egin dezaten, legean ezarritako denborazko eraginekin, Nafarroako administrazio publiko guztietako eta sektore publikoko langile guztiekin egin den bezala.
Aurreko guztia dela eta, Estatuko Arartekoari konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa aurkezteko eskaria bazter utzita, Nafarroako Arartekoak ez du behar adinako arrazoirik ikusi Nafarroako Parlamentura jo eta eskatzeko alda edo deusezta dezan Defizit publikoa murrizteko neurri bereziak Nafarroako Foru Komunitaterako moldatzen dituen ekainaren 11ko 12/2010 Foru Legeko 6. artikulua, zeren eta Nafarroako Arartekoaren irizpidearen arabera arau hori ez baita zuzengabea, betiere alde batera utzita eta guztiz errespetatuta, kasua bada, erakunde honenaz beste ikuspegi batzuetatik justizia auzitegiek eta Konstituzio Auzitegiak berak ere erabaki dezaketena.
Partekatu edukia