Bilaketa aurreratua

Albisteak

Parlamentuko lehendakariak Patxi Vera hartu du, Foru Komunitateko ararteko berria

2022 martxoa 29

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur bere bulego ofizialean hartu du Foru Komunitateko ararteko berria, Patxi Vera Donazar, hilaren 23an karguaz jabetu dena Javier Enerizen lekua hartuz.

Izan duten solasaldian, Patxi Verak hurrengo hilabeteetarako egindako lan plana azaldu dio lehendakariari, eta duela gutxi Autonomia Erkidegoetako Parlamentuetako Lehendakarien Konferentzian jorratutako gaiez galdetu dio, bereziki ukrainarrenganako elkartasunaz eta Europar Batasuneko lurralderako migrazioaren eta asiloaren kudeaketaz.

“2021eko Urteko txostena aurkezteko data jarri gabe daukagu, baina dagoeneko hasi gara informazioa trukatzen, kasu honetan Coprepa bileraren inguruan. Han aztertu ziren gaien berri eman dit lehendakariak; besteak beste, Ukrainako gerratik ihesi etorritako errefuxiatuei harrera egiteko prozesua azaldu dit. Nafarroara mila inguru iritsi dira. Eginbeharrak azaldu ahala erantzuten joanen gara. Trantsizio honen helburuak ezer ez geldiaraztea izan behar du. Oraingoz, lortu dugu”.

Unai Hualdek, Parlamentuaren izenean, Patxi Verari eskertu egin dio “konpromisoa” hartu izana Foru Komunitateko ararteko gisa hasi duen lan “funtsezkoa” betetzeko. Arartekoaren figura Legebiltzarraren menpekoa da.

Hori dela eta, lehendakariak eta ararteko berriak bi erakundeen arteko harremanen nondik norakoak izan dituzte aztergai: laster Parlamentuan arartekoaren urteko txostena aurkeztuko dela, edo arartekoek landa inguruneko osasun zerbitzu publikoari buruz udazkenean Leonen eginen dituzten koordinazio jardunaldiak prestatzeko tailerra eginen dela Parlamentuan bertan.

Partekatu edukia