Bilaketa aurreratua

Albisteak

Parlamentuko lehendakariak Arartekoaren 2021eko ekitaldiari dagokion urteko txostena jaso du

2022 apirila 27

Nabarmentzekoak dira Covid-19ren pandemiarekin lotutako kexak eta kontsultak, baita haur, lehen eta bigarren hezkuntzako zentroetarako sarbideari buruzkoak ere.

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Patxi Vera Foru Komunitateko Arartekoari harrera egin dio gaur bere bulegoan. Patxi Verak 2021eko ekitaldiari dagokion urteko txostena aurkeztu dio lehendakariari. Txosten horretan 3.547 jarduketa jaso dira, 2020an baino 154 gehiago, hau da, % 4,54 gehiago.

2021ean egin den lanaren bitartez, 128 iradokizun (beste 20 arauen inguruan), 287 gomendio eta legezko betebeharren 55 oroigarri helarazi zaizkie Nafarroako administrazio publikoei (490 erabaki, guztira). Hori guztia erakundearengana jo duten 6.034 herritarren ekimenaren emaitza izan da; 1.923 kontsulta egiteaz gain, 1.408 kexa aurkeztu dituzte, besteak beste (1.540 espediente sorrarazi dituzte); kexa horietatik % 82 izapidetzeko onartu dira. Bestalde, 1000 ikerketa egin dira; horietatik 965 jasotako kexen ondoriozkoak izan dira, beste 21 ofizioz egin dira eta 14 herritarren proposamenei lotuta.

Kexa gehien eragin dituzten hamar arloak honako hauek dira, kexa kopuruaren araberako ordenan: covid-19 (200), hezkuntza (128), gizarte ongizatea (118), enplegu publikorako sarbidea (86), etxebizitza (83), trafikoa eta bide-segurtasuna (79), ogasuna (74), funtzio publikoa (73), osasuna (73) eta ingurumena (63.)

Unai Hualde Legebiltzarreko presidenteak adierazi duenez, Ararteko berriak Legegileari helarazi dion memoria zabalak “berretsi baino ez du egiten Ganberak 2021ean izan duen jarduera oparoa, bai eta herritarren eta Administrazioaren arteko bitartekaritza-lanaren garrantzia ere. Hori guztia Arartekoaren bulegoaren jarraikortasuna zalantzan jarri duten sektore batzuen mezuen aurrean”.

Lehendakariari aurkeztu ondoren, Patxi Verak 2021eko urteko txostena Foru Araubideko Batzordean aurkeztuko du eta, ondoren, Osoko Bilkuran.

Partekatu edukia