Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran eginiko agerraldia. 2008ko urteko txostena

2009 maiatza 28

Aurkezpena.

Lehendakari andrea, jaun-andreak, egun on. Eskerrik asko denoi zuen arretarengatik.

Nafarroako Arartekoaren erakundeak aurrera eraman duen jarduera laburbiltzeko Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran egiten dudan hirugarren agerraldia da hau. Oraingoan, 2008ko urteko txostena da arrazoia. Izan ere, haren berri zehatzagoa Foru Araubideko Batzordean eman nuen maiatzaren 13an.

Txostena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialaren maiatzaren 4ko zenbakian argitaratu zen, eta joan den urtean ordezkatzen dudan erakundeak herritarren alde egin zuen lana jasotzen du.

Aurreneko datu gisa, azpimarratu nahi dut 2008an erakundeak ematen duen zerbitzua hobetzeko zenbait proiektu eraman genituela aurrera. Horien artean dago kexen izapidetzea erraztea, beharrezkoak ez ziren urratsak kenduz, horrekin, betiere, berme juridikorik galdu gabe. Halaber, izapidetze-denborak ahal den guztian gutxitu dira, gugana hurbiltzen diren pertsonek aurkeztutako arazoei erantzun azkarragoa emateko. Aurrekoaz gainera, erakundeak kalitate-adierazle batzuk lantzen eta argitaratzen ditu hilero. Interesdunek Internet bidez azter ditzakete adierazle horiek. Egiaz, esan daiteke Nafarroakoa lehendabiziko arartekoa dela, nazio mailakoaren eta autonomia erkidegoetakoen artean, bere jarduerarako gardentasun osoko formula hori erabiltzen duena, hain zuzen ere edozeinek ikus dezakeena.

Erakundearen kalitatea hobetzeko ekintza horien barrenean, hitzarmen bat sinatu genuen Nafarroako Gobernuarekin, informazioaren trukea bide elektronikoen bitartez gauzatzeko; hitzarmen horren bidez, izan ere, erraztu eta azkartu da kexei buruzko eta egindako ikerketa eta ikuskapenei buruzko informazioen trukea. Gaur egun, Iruñeko Udalarekin lan egiten ari gara xede jakineko bikote-hitzarmen bat izenpetzeko.

Aurkezturiko kexen balorazioa.

Hobekuntza horiek guztiak ezarri ditugu hain zuzen ere kexek aurreko urtearekin alderatuta nabarmen hazi diren urte batean. Izan ere, 2007an 447 kexa aurkeztu ziren (2006an baino % 1,6 gehiago); 2008an, berriz, 667 kexa aurkeztu dira (horrenbestez, % 45eko igoera, 2007ko urtearekin alderatuta). Kontua ez da horrenbeste herritarrak gehiago kexatzen direla horretarako arrazoi gehiago daudelako, baizik eta erakundea hobeki ezagutzen dela, komunikabideetan haren xedea zabaltzeko egin den lanari esker.

Oro har, kexak banaka aurkeztu ziren; kexen % 13 baizik ez zen kolektiboa izan.

Lau kexetatik bi (% 54) erakundean bertaratuta aurkeztu ziren. % 21, berriz, posta elektronikoz edo erakundearen webgunearen bitartez aurkeztu ziren; azkenik, % 20 posta arruntaz eta % 4 faxez aurkeztu ziren.

Kexetan ageri diren gaiei dagokienez, 2008an aurkeztutako kexen lehenengo tokian, lehenbiziko aldiz, honakoari buruzko kexak daude: administrazio publikoek edo haien langileek informazioa emateko eta herritarren eskaerak eta errekurtsoak legezko epean ebazteko betebeharraren ez betetzeak eta herritarrari tratu txarra ematea edo harekin deskortesiaz jokatzea. Arlo horretakoak dira, hain zuzen ere, kexen % 11; aurreko urtean, berriz, % 4 baino gehixeago baizik ez ziren.

Hori dela eta, beste behin esan behar dut garrantzitsutzat jotzen dudala azpimarratzea zeinen beharrezkoa den gogoraraztea administrazio publikoek eta haien langileek dituzten legezko betebeharrak, alegia, herritarrei begirunez eta kortesiaz tratatzea eta aurkezten zaizkien eskabideei, idazkiei eta eskakizunei erantzun espresa ematea ahal den arinen, eta, nolanahi ere, legeak ezarritako gehienezko epean. Ehuneko hori jaiste soilak nabarmen hobetuko luke Administrazioaren jarduera eta hurbiltasun, gizatasun eta sentiberatasun irudi hobea emanen lioke, alderdi formal eta burokratiko hotzen gainetik.

Funtzio publikoaren eta enplegatu publikoen estatutuaren arloko kexek bigarren tokia hartzen dute, nahiz eta 2007. urtearekin alderatuta ehunekoan behera egiten duten (% 12 izatetik % 10 izatera). Atzeman dugu funtzionarioen kolektibo batzuek, batez ere lanbide-sektore jakin batzuetakoek, Arartekoarengan bilatzen dutela beren lan-aldarrikapenetarako babesa, sindikatuen bidearen osagarri.

Kexen hirugarren multzoa (% 9,27; aurreko urtean, berriz, % 11) gizarte ongizateko gaiek hartzen dute; zehazki, adineko pertsonei eta ezgaituei arreta eta babesa emateari buruzkoak. Azken gai horretan, Nafarroako Arartekoak arreta berezia eskaini dio egiaztatzeari noraino aplikatzen ari den Menpekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeari eta haiei laguntza emateari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legea, hain zuzen ere Menpekotasunari buruzko Legea izenaz ezagutzen dena. Gainera, Estatuko legeari buruzko kexen gaineko informazioa alderatu ahal izan dut beste autonomia erkidego batzuetako ordezkari homologoekin, eta egiaztatu dut Nafarroan, beste autonomia erkidego batzuetan ez bezala, Menpekotasunari buruzko Legearen aplikazioak oso kexa gutxi eragin dituela. Horrek erakusten du egoki aplikatzen ari dela.

Osasunari buruzko kexek lehenagoko kopuruari eusten diote, eta aurreko urteko ehuneko bera egiten dute (% 7,5). Honakoei buruzkoak dira kexak: zenbait osasun prestazio zerbitzu publikoen katalogoan (Estatukoan) ez sartzea; osasun garraioak sorturiko arazoak; larrialdietako laguntza medikoa; erabiltzaileek osasun sistemarako duten eskubidea, eta osasun administrazioak kasuren batean gastuak itzultzeari ezezkoa ematea. Praktikan, banakako kasuak dira, ez dutenak inolaz ere erakusten guztiongan horrenbesteko sentsibilitatea eragiten duen zerbitzu publiko horrek funtzionamendu okerra izan duenik. Alabaina, behar diren hobekuntzak egin beharko dira.

Antzeko mailari eusten diote, hirugarren tokitik bosgarrenera pasata, etxebizitzari buruzko kexek (2008an, % 7,5 izan dira; 2007an, aldiz, % 8,5 izan ziren). Gehien bat jabetza araubideko etxebizitza babestuen adjudikazioari buruzkoak dira, eta etxebizitzak erosteko, alokatzeko edo zaharberritzeko laguntza ekonomikoei buruzkoak, bai eta babes ofizialeko etxebizitzen adjudikaziorako baremoaren alderdi batzuei buruzkoak ere, legebiltzar honetan beste batzuetan adierazi izan dudan bezala.

Seigarren tokian, igoera nabarmenarekin, elebitasunari buruzko edo euskararekin lotutako kexak daude. 37 kexa aurkeztu dira, eta guztizkoen % 5,7 egiten dute. 2007an, aldiz, 3 kexa bizik ez ziren aurkeztu gai honi buruz. Hazkunde horren arrazoi nagusia da Behatokia Fundazioak, zeinak euskarari dagozkion hizkuntza eskubideen behatoki-lanak egiten baititu, Arartekoaren erakundeari igorri izana Nafarroako administrazio publikoen hizkuntza-eskubideen balizko urratzeei buruz herritarrek fundazio horri igorritako kexak. Aurkeztutako kexa gehienak eremu mistoko euskararen erabilerari buruzkoak dira; bereziki, herritarrek Administrazioari euskaraz zuzentzeko legezko eskubidea bermatzeko zailtasunari buruzkoak.

Ogasunaren eta hezkuntzaren arloetako kexek gora egin dute, bai kexa kopuruari dagokionez, bai ehunekoari dagokionez ere. Zehazki, % 3,5etik % 5,5era eta % 4tik % 5,25era pasa dira, hurrenez hurren. Ogasunaren arloko kexak foru ogasunaren eta toki ogasunen tributuen kudeaketaren eta bilketaren alderdi puntualei buruzkoak izan ziren. Hezkuntzaren arloan, kexak hezkuntza maila guztietakoak izan ziren, eta askotariko kasuistika bat izan da.

Gainerako arloak ez dira aurkeztutako kexa guztien % 5era iristen: trafikoa, gizarte segurantza, ingurumena, hirigintza, barne arloa, zerbitzu publikoak, nekazaritza, herri-lanak, justizia, merkataritza, atzerritartasuna, lana, industria, kultura, gazteria eta kirola eta turismoa. Ehunekoari dagokionez, berriz, behera egiteko halako joera bat dago arlo honetan.

Kexak hartzen dituzten Nafarroako administrazio publikoei dagokienez, kexa gehienak, tamainarengatik eta eskumenen esparru zabalarengatik logikoa den bezala, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta haren erakunde publikoei buruzkoak izan ziren. Ia bi kexetatik bat Foru Administrazioaren ekintzei buruzkoak izan ziren.

Osasun Departamentua eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentua izan dira kexa gehien jaso dituzten Nafarroako Gobernuko departamentuak. Horien ondotik, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua eta Hezkuntza Departamentua datoz. Nabarmen denez, zalantzarik gabeko lotura dago organoaren eta kexen artean; izan ere, osasunaren, gizarte gaien, etxebizitzaren, arlo pertsonalaren eta hezkuntzaren arloko kexak dira.

Toki entitateei erreparatuta, honakoak izan ziren kexa kopuru handienak hartu zituztenak: Iruñeko Udala, 64 kexa eta Etxarri Aranazko Udala, 17 kexa.

Mankomunitateen jarduerari eta kudeaketari buruzko kexak 15 izan ziren hain zuzen ere aurreko urtekoen bi halako. Halaber, gora egin zuten kontzejuen jarduerari buruzko kexek.

2008an aztertutako kexak.

Orain artekoak aurkeztutako kexen azterketa zen. Erakundeak kudeatu dituen kexei dagokienez, 779 izan dira. Izan ere, 2008an aurkeztutakoez gainera, aurreko urteetako 132 kexa izapidetu dira.

Halaber, 2008ko abenduaren 31rako ebatzitako espedienteak ia % 90 izan ziren (692 espediente).

Azpimarratu behar dudan lehenbiziko kontua da izapidetzeko batez besteko denbora erdira jaitsi dela (138 egunetik 67 egunera).

Onartutako kexak % 77 izan ziren. Horrek esan nahi du, gutxi gorabehera, hamar kexetatik 8 onartu egiten direla, erakundeak aztertu eta izapide ditzan. Kexak ez onartzeko arrazoiak erakundeari buruzko foru legean ezarritakoak dira. Azkenik, kexen % 10 Gorte Nagusietako Arartekoari (ia guztiak) edo antzeko eginkizunak dituen autonomia erkidegoren bateko ordezkariren baten eskumena ziren.

2008an, ia berdin mantendu zen kexen onarpenaren ehunekoa; hau da, bi kexetatik batean, arrazoiak ikusi ziren kasuko administrazioari zuzentzeko eta gomendio, iradokizun nahiz legezko eskubideen gogorarazpen bat egiteko, edo planteaturiko arazoari konponbidea emateko.

Administrazio publikoen lankidetza mailari dagokionez, poztasunez eta esker onez aitortu behar dut azkartasun handiagoz igorri zutela eskatutako informazioa eta, gainera, gora egin zuela erakunde honek eginiko gomendio eta bitartekaritza-lanen onarpenaren ehunekoak. Oro har, administrazioek onartu egin zituzten partikularrek eginiko kexen ondorioz igorritako erabakien % 85,5.

Foru Araubideko Batzordean azaldu nuen bezala, ezin da baieztatu, gutxienez ere erakunde honek erabili dituen ikerketatik abiatuta, Nafarroako Foru Komunitatean funtsezko sistema publikoetatik bakarrak ere huts egiten duenik. Horietan guztietan, sakontasun gehiagorekin edo gutxiagorekin hobetu beharreko alderdiak badaude, baina, kexetatik eta zerbitzu horiek duten legezko konfiguraziotik abiatuta, esan daiteke guztietan funtzionamenduak nahikotasunez bermatzen dituela, oro har, Nafarroan bizi diren edo bertatik igarotzen diren herritarren eskubide konstituzionalak. Ez gara mirarien herrialdean bizi, Alizia bezala, baina ezta ere atzeratutako herrialde batean, non funtsezko zerbitzuetako akatsak ezin diren atzeman eta konpondu.

2008an emaniko ebazpenak eta gomendioak.

Joan den urtean 446 izan ziren Nafarroako Foru Komunitateko ente eta erakunde desberdinei eginiko gomendioak, iradokizunak eta legezko betebeharren gogorarazpenak, kexen bitartez, erakundeak bere kasa eginiko jardueren bitartez, proposamenen bitartez eta txosten berezien bitartez.

Gomendioen eta iradokizunen kopuru handia ikusita, eta txosteneko VI. Kapituluan garrantzitsuenak jasota datozenez, denbora arrazoiengatik eta zuek gehiegi ez nekatzeko, haietako batzuen aipamen laburra baizik ez dut eginen.

Gizarte zerbitzuen arloan, proposatu genuen Gizarte Gaietako Departamentuan behar beste langile egotea, Nafarroa osorako gizarte zerbitzuen zorroa modu efizientean, eraginkorrean eta berehalakoan garatuko dela bermatzeko. Gainera, iradoki genuen legegintza ekimen bat izapidetzea, Nafarroako administrazio publikoek onesten dituzten deialdietan postu batzuk gorde ahal izan daitezen adimeneko ezgaitasun arina edo moderatua duten pertsonentzat eta gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasunak dituzten beste kolektibo batzuentzat, eta administrazio publikoek beren kontratazio-orrietan sar ditzaten ezgaituak kontratatzeko betebeharra eta antzeko beste betebehar batzuk.

Osasunaren arloan, proposatu zen azter dadin, eta kasua bada, Osasun Ministerioari helaraz dakion, Haurren eta Gazteen Psikiatria espezialitatea sortzeko eskaria. Bestalde, iradoki genuen legez arautzea nahaste psikikoak dituzten pertsonentzako borondatez kontrako tratamendu anbulatorioetarako berariazko baldintzak, bai eta ekintza plan bat egitea ere arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahastea duten haurrei laguntza emateko. Halaber, Fibromialgiarako eta neke kronikoaren sindromerako tratamendua emateko jarduerak hasteko iradokizuna egin genuen.

Ingurumenaren arloan, gomendatu genuen behar diren neurriak ezartzea abeltzaintza-ustiategiek giza jarduerak garatzen diren lekuetan (etxebizitzak, lantegiak edo era guztietako instalazioak) sortzen duten enbarazua ahal den guztian gutxitzeko. Elkarren hurbil bizitzeagatik abereek gizakiei transmititzen dizkieten gaixotasunak direla-eta noizean behin izaten diren gertakariak direla eta, beste behin azpimarratu behar dut ezin dela izan -eta legezkoa ere ez da- etxebizitzarik antzinako abeltzaintza-ustiategien ondoan; izan ere horiek jada desagerturik behar zuten, 1985ean eman ziren foru arauen arabera.

Ogasunaren arloan, jaso egin genuen parlamentari batek egindako proposamena, alegia, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga aldatzea tratu fiskal hobea emateko hildako pertsona baten ohiko etxebizitzaren jabetza osoa anai-arreba batek edo batzuek "mortis causa" eskuratzen dutenean.

Azkenik, funtzio publikoaren arloan, iradoki genuen behar diren legegintza-ekimenak bultzatzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen aurreko eskubide pasiboen araubideari atxikitako funtzionarioei aitortzen zaien ezgaitasun gradua berrikusi ahal izateko, gaixotasuna larritzen denean edo diagnosian oker bat egon denean.

Ohartarazi nahi dut erakunde honek kexa-espedienteetan, proposamenetan, bere kasa egindako jardueretan eta txosten berezietan egindako iradokizun eta gomendioetako batzuk egin ahal izan ditugula Nafarroako Gobernuak erakutsi duen sentiberatasunari esker, eta, azken batean, Nafarroako Parlamentuaren ekimenez. Bada, hori guztia eskertu beharrean nago.

Administrazio publikoen lankidetza.

Administrazio publikoen lankidetza mailari dagokionez, adierazi beharra daukat guztiek, oro har, parte-harze handia eta lankidetza positiboa izan dutela Nafarroako Arartekoarekin. Aurreko baieztapena berresteko datuetako bat da 2008an erakundearekin lankidetzan aritzeko betebeharra ez betetzearen bi kasu baizik ez direla gertatu, informazio eskaerei eta egindako gomendioei ez erantzuteagatik. Bestalde, zortzi baizik ez ziren izan kexa-espedienteren batean erakunde honen gomendioak, iradokizunak edo legezko betebeharren gogorarazpenak onartu ez zituzten administrazio publikoak. Nahiago dut haien izenaz ez gogoratzea, Cervantes gogoan.

Nolanahi ere, ebatzitako kexen kopuruarekin (692) alderatuta, lankidetza arazoak oso txikiak izan dira, eta erakusten dute Nafarroako Arartekoari arreta egokia eskaintzen zaiola, epe laburrean batzuetan irudi lezakeenaz harantzago. Hala eta guztiz ere, nire helburua da lan egiten jarraitzea lankidetza handiagoa, azkarragoa eta eraginkorragoa izan dadin, eta lankidetza hori gehiago izan dadin ente publiko guztien kontzientziaren ondorioa, batzuetan egin behar izaten ditugun mehatxuzko ohartarazpenen ondorioa baino.

Erakundeak bere kasa eginiko jarduerak, zerbitzu publikoak hobetzeko proposamenak eta txosten bereziak.

Erakundeak 27 aldiz jardun du bere kabuz 2008an, gehienetan gizarte ongizatearekin, hezkuntzarekin, osasunarekin eta zerbitzu publikoekin loturiko gaietan. Horien artean, nabarmentzekoa da hezkuntza zentroen izaera ez duten haurtzaindegiak behar adina arautu gabe egoteari buruzkoa da; izan ere, horren ondorioz, iradokizun bat egin zitzaion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari, ikastetxe horiek bete beharreko gutxieneko baldintzen araupetzea susta dezan.

Halaber, herritarrek zerbitzu publikoak hobetzeko proposamenak egin dituzte, 63 hain zuzen ere. Ekimen berria da hori, jada 2008an probatu zena. Bada, administrazio publikoek eta Nafarroako Parlamentuak ekimen hori oso ongi hartu dute, eta horren ondorioz arau-aldaketak egin dira, horietako batzuk lege mailakoak.

Horien artean dago nazioarteko adopzioaren aukera egiten duten familientzako laguntzei dagokiena; hori, izan ere, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren arauetan jaso da, eta aukera ematen du, zerga horren gutxieneko pertsonalen barrenean, nazioarteko adopzioaren kasuan berariazko murrizketa bat aplikatzeko.

Txosten bereziak, berriz, zazpi izan dira, eta guztira 118 gomendio eta iradokizun jaso dira haietan. Horietatik bi administrazio publikoek adingabeen babesaren arloan garaturiko jarduerei buruzkoak dira; beste bi administrazio-isiltasunak jarduera administratiboan dauzkan ondorioei buruzkoak; beste bat osasun administrazioaren arloko indarkeriari buruzkoa; beste bat Nafarroako tributu sistema foralari buruzkoa, eta azkena Nafarroako kontzejuen eskumenak berriz mugatzeari buruzkoa, betiere haien nortasun juridikoari eutsiz.

Kontsultak.

Zenbait aldiz jada adierazi izan dudan eta oraingoan berriz agertzera eman nahi dudan bezala, Nafarroako Arartekoaren Informazio Bulegoak berebiziko garrantzia duen eginkizuna du herritarrei laguntzeko eta aholku pertsonala eta hurbilekoa emateko beren eskubide subjektiboak hobeki ezagutzeko eta hobeki gauzatzeko.

Horixe bilakatu da, izan ere, erakunde honen eginkizun garrantzitsuenetako eta baliagarrienetako bat.

Informazio Bulegoa da, erakundeak eskaintzen dituen zerbitzuen artean, herritarrek gehien erabiltzen dutena. Joan den urtean, 1.529 kontsultari erantzun zitzaien (2007an baino % 54 gehiago).

Kontsultatik ateratzean inkestatutako herritar ia guztiek bulegoa baliagarritzat edo oso baliagarritzat jo izan dute (are gehiago, "oso baliagarria" kalifikazioa bi inkestatu bakoitzeko batek eman du), halako punturaino non asebetetze-mailari dagokion puntuazioaren batez bestekoa bederatzia gainditzen baitu.

Aurrekontuaren likidazioa.

Azkenik, aurrekontuaren likidazioari buruzko informazioari dagokionez, eta ikusita haren xehetasunak eskura daukazuen urteko txostenean ageri direla, besterik gabe azalduko dizuet aurrekontuaren % 78 bete zela, eta aurrekontuaren likidazio-egoeran superabita gertatu zela, kostuak gutxitu direlako. Bestela esanda, saiatu gara, eta nire ustez lortu ere egin dugu, funtzionamenduko kostu txikiagoekin erakundearen eraginkortasuna handitzen, eta bi helburu horiek uztartzea erdietsi dugu. Horretarako, guztiz beharrezkoa ez den guztia gutxitu dugu, eta horrek beti erakundearen funtzionamendua hobetzeko balio izan du, eta gastu publikoaren exekuzioa arrazionalagoa izateko.

Agurra.

Bukatuko dut, jaun-andreok. Hauxe izan da urteko txostenaren ahozko laburpena. Nire ustez, orokorrean aztertu ditut zuzentzeko ohorea dudan erakundeak joan den urtean izan dituen jarduera-lerro nagusiak.

Eskerrik asko zuen arretarengatik, eta egun ona izan dezazuela.

Partekatu edukia