Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Parlamentuko lehendakaria Nafarroako Arartekoarekin bildu da

2011 ekaina 28

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Alberto Catalán Higueras jauna Nafarroako Ararteko Francisco Javier Enérizekin bildu da gaur goizean. Catalán joan den ekainaren 15ean Nafarroako Parlamentuko lehendakari izendatu zutenetik biek daukaten lehengo bilera izan da.

Kontuan hartu beharra dago, bestalde, Nafarroako Parlamentuko lehendakari berria, joan den legegintzaldian, exekutiboak foru erakundeekiko harremanez –besteak beste, Nafarroako Arartekoarekiko harremanez– arduratu den Nafarroako Gobernuko kontseilaria izan dela.

Catalánek Parlamentuaren babesa eskaini du Arartekoak esleituta dauzkan eginkizunak garatzeko, eta defendatu ditu bai kontrol mekanismoak egoteko beharra, bai administrazio publikoek Arartekoari laguntza emateko beharra ere, herritarrentzako zerbitzuak hobetzen jarraitzeko eta zerbitzu horiek eman behar dituzten erakundeek funtzionamendu “arin, garden, eraginkor eta modernizatua” izan dezaten.

Nafarroako Arartekoa Nafarroako Parlamentuaren goi mandataria da, eta Konstituzioak eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak babesturiko eskubide eta libertateak defenditzeko eta hobeki babesteko hautatzen du Nafarroako Parlamentuak.

Bere eginkizun nagusia administrazio publikoen funtzionamendua eta jarduera gainbegiratzea da. Halaber, Nafarroako Parlamentuari egindako kudeaketaren berri ematen dio, txosten baten bitartez.

Partekatu edukia